Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Azaleko gaia

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Segurtasuna ikastetxeetan: Espainia osoko 208 ikastegi aztertu dira: Lau ikastetxetik batek ez du segurtasun proba gainditu

Suteak atzematea eta larrialdi planak, ahulgune. Azterturiko ikastetxeen erdiek segurtasun azterketako probaren bat gainditu gabe utzi dute baina, dena den, bost urteotan egoera hobetu egin da

 Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako (DBH) sei milioi eskolaume doaz ikasturte honetan Espainiako 17.000 ikastegietara; horien %70ek irakaskuntza publikoak dihardu, %25ek hitzarturiko ikastegietan eta %5 inguruk, berriz, hitzartu gabeko pribatuetan. Arriskuen prebentzioa eta segurtasun-neurri eraginkorrak hartzea ezinbestekoak dira haur eta nerabeek beren ikastetxeetan nozi ditzaketen ezbehar txikien (erorikoak, kolpeak, talkak) eta larrien eragina arintzeko. Zenbaitetan, ezbeharrak gaztetxoen bihurrikeria saihestezinen eta horiek arriskuaz duten pertzepzio urriaren ondorio dira, baina bestetan erantzukizun osoa ikastetxeena da, bertan istripurik gerta ez dadin beharrezko neurriak hartzen ez dituztelako. Errealitatea horrela izaki, hona galdera behinena: gure seme-alaben ikastetxeetako segurtasuna egokia da edo, besterik ez bada, arauteriak agintzen duena betetzen al du?

  CONSUMER EROSKI-k eginiko txosten honetan, haur-, lehen eta bigarren hezkuntzako 208 ikastetxetako (159 publiko, 13 pribatu eta 36 pribatu itundu) segurtasuna aztertzen da, Espainiako 18 hiritan: 15 ikastegi Madril eta Bartzelonan, 12 Alacant, Bilbo, Kordoba, Malaga, Murtzia, Sevilla, Valentzia, Valladolid eta Zaragozan, eta 10 A Coruña, Almeria, Granada, Oviedo, Iruñea, Donostia eta Gasteizen. Aldizkari honetako teknikariek ikastegi bakoitzera bisita bat egin zuten joan den urtarrilean, ikastegiak izendaturiko arduradun banarekin; honek zona guztietarako sarbidea erraztu zuen: patio, ikasgela, komun, gimnasio, jantoki, sukalde eta gainerakoetara. Azterketa bi zatitan banatu zen: alde batetik, esparruko barne aldeko eta kanpo aldeko instalazioen egoera; bestetik, prebentzio neurriak, hots, larrialdietan jarduteko protokolo eta prozedurak, ikasle-irakasleak eta irakaskuntzan ez diharduten langileak prestatzeko planak, sute edo katastrofe kasuetarako larrialdien simulakroak egitea eta prebentzio sistemak. Zentro bakoitzera eginiko bisitaldian CONSUMER EROSKI-ko teknikariek arreta bideratu zuten ikastetxearen balizko ebakuazio baten kasuko segurtasunera eta, bestetik, eskolaumeen osotasun fisikoaren arriskuen prebentzioa higiezinaren edo higiezinen barrualdean eta ikastegiaren ardurapeko ingurunean.

Erdietsitako datuetatik bi ondorio nagusi atera dira: batetik, ikastegi asko-askotan segurtasuna hobetzeko modukoa da oraino: ikastegien %27k ez dute gainditu azterketa hau. Bestetik, ordea, azken bost urteotan izaniko hobekuntza ezin ukatuzkoa da: metodologia honekintxe 2003 urtean CONSUMER EROSKI-k eginiko ikerlan batean suspentsoen proportzioa %68 kezkagarriraino zihoan.

  Aurrerapausorik latzenak segurtasunean egin dira, bai aire zabaleko tokienean (patioa, saskiak, langak), baita toki itxienekoan ere (ikasgela, komunak, jantokia, gimnasioa) eta, horregatik, "oso ongi" kalifikazio orokorra eraman dute (2003 urteko nota "hainbestean" edo suspentso altua baizik ez zen izan). Halaz ere, hamar ikastegitik batek ez du gainditu azterketa atal hauetan. Langa, saski eta gainerako kirol-elementuak gaizki kateaturik egotea da maiz ikastetxeetako istripu larrienen kausa baina oraingoan alderdi hori dezente hobetu da: 2003 urtean ikastetxeen %14etan gaizki kateaturiko elementuak zeuden eta aurten, aldiz, %1eraino jaitsi da proportzioa.

Ikastetxeko segurtasunean bertako langileen inplikazioa ere dezente hobetu da; duela bost urte "oso gaizki" zegoen eta aurtengoan, "ongi"; alderdi hau gainditu gabe utzi duten ikastegien proportzioa %14 da. Emaitzarik txarrenak sute eta larrialdien aurreko segurtasunak erakutsi ditu: batez besteko balorazioa "hainbestean" tristea baizik ez da eta, gainera, hiru zentrotik batek, suspentsoa atera du. Dena den, orain bost urteko egoeratik hobera egin da, 2003 urtean suteen eta bestelako larrialdien aurreko segurtasunari dagokion atal honek "oso gaizki" kalifikazioa eraman baitzuen.

Bisitaturiko hamazortzi hirietako bakoitzean jasotako batez besteko noten arteko aldeak esanguratsuak badira ere, kontuan izan dezagun ikerlanean parte hartzea onartu duten zentroak bakarrik aztertu direla. Zentro askok -pribatuek eta itunduek, bereziki- ikuskatuak izateari uko egin diote eta horrek, jakina, laginaren adierazgarritasuna moteldu egiten du eta egiazko egoera txosten honek agertzen duena bezain ona izango ez dela pentsatzeko bide ematen digu. Begi bistakoa ematen du gauzak ongi egin dituenak ikuskatua izateari eragozpenik ezarriko ez diola; areago, seguruenik, ikerlanarekin kolaboratzeko jarrera agertuko du, gabeziak identifikatzen dituen metodologia bat aplikatzeak hobetu beharreko parametroetan esku hartzeko aukera emango diolako eta, horrela, ikastetxeak ikasle-irakasle, irakaskuntzan ez diharduten langile eta gurasoei eskaintzen dien segurtasuna areagotu egingo da. Aldizkari honek, txostenean parte hartzeko aukera ematen dienean zentroei bermatzen die bisitatu dituen ikastegien zerrenda argitara emango ez duela eta eskola edo zentro bakoitzeko kudeatzaileei bertan jasoriko datuak entregatuko dizkiola. Honakoa argiturik, azpimarra dezagun segurtasun aldetik A Coruña, Bilbo, Oviedo, Iruñea, Donostia eta Gasteizen bisitatu diren ikastegiak nabarmendu direla eta batez beste "oso ongi" kalifikazioa irabazi dutela.

Zerrendaz beste aldera, ordea, Alacant, Almeria, Granada, Malaga, Sevilla eta Valencian aztertu diren ikastegiak ikusten ditugu; hauen azken balorazioa "hainbestean" urria baino ez da. Tarteko posizioetan agertzen dira Bartzelona, Madril, Valladolid eta Zaragozan bisitatutakoak ("ongi", batez beste); Granada eta Murtziako ikastegiek "egoki" soila atera dute.

Konparazioa zentroen titulartasunaren arabera ezartzen bada emaitzak ez dira oso desberdinak, baina bada alderik batetik bestera. Zentroko segurtasunean langileen inplikazioaz ari garela, eskola publikoen jarrera pittin bat hobea da ("hainbestean - ongi" batzuek eta "hainbestean" besteek); aire zabaleko tokietako eta toki itxietako segurtasunean, berriz, pribatuak pixka bat goitik dabiltza: batez beste "oso ongi" eta publikoek "ongi - oso ongi". Suteen kontrako segurtasun-proba ez dute gainditu ez publikoek, ezta pribatuek ere ("hainbestean").

Hobekuntzak hobekuntza, bisitatu diren zentroen erdiek (%53) baizik ez dituzte segurtasunari dagozkion lau atalak gainditu. Oviedo eta Donostian bakarrik gainditu dituzte lau atalak ikastegi denek; Bilbo eta Iruñean ere emaitza onak erdietsi dituzte (zentroen %80 inguruk gainditu dituzte la atalak) eta beste horrenbeste esan dezakegu A Coruña, Madril, Valladolid eta Gasteizko zentroez ere: %70 inguruk ez dute atal bakar bat gainditu gabe utzi, hau da, segurtasun kontuetako eskakizunak ongi samar betetzen dira, oro har. Egoera, aitzitik, ez da bat ere gogobetegarria Sevillan (azterturiko hamabi zentroetatik bakar batek gainditu zituen lau atalak), Valencia eta Granadan (zentroen %20k bakarrik gainditu zuen dena), Malaga edota Almerian (%30).

CONSUMER EROSKI-ko teknikariek, eginiko bisitan lagun izan zituzten ikastetxeetako arduradunengandik, ordea, Administrazioari (eskola eta ikastegietako segurtasun-arazoak konpontzeko baliabideak eman ziezazkien) eginiko eskariei bideratutako arreta urria edo arretarik ezaz hamaikatxo kexu jaso zituzten. Ikastegi zenbaitetako arduradunek, era berean, tokian tokiko segurtasun-maila hobetzeko premiazkoak diren erreformak egiteko aurrekontu-zuzkidurarik ez zutela argudiatu zuten. Ikastetxeetako kudeatzaileen beste eskakizun bat, Administrazioak dituen eskola-segurtasuneko teknikari espezialisten kolaborazioa erdiestea da, segurtasun-parametroak ikuska ditzaten eta hobekuntzaz orientazioak eman ditzaten.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto