Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Plantxa ile-lisatzaileak: Merkeenetako bat da gehien gustatu dena

Prestazioetan alde handiak dira batetik bestera; kalitatea ez du beti prezioak determinatzen

 Zeramikazko plantxa ile-lisatzaileekin, bestelako materialez eginiko tradizionalekin bezalako ile-orrazketak (baita hobeak ere) lortzen dira baina oraingo hauek erabiliz, ilea ez da kaltetzen, zigortzen. Antzinako plantxa elektrikoak baliatuz ilea kiskaltzea edo muturrak irekitzea ohiko kontua zen; egungo plantxa zeramikoek (edo zeramikaz estalitakoek), aldiz, ilea modu goxoago batean leuntzen edo orrazten dute.

Laborategian aztertu ondoren, zeramikazkoak diren edo zeramikaz estaliak dauden eta 26 eurotik hasita (Taurus JDL-50E) 65 euro arte (Babyliss C-51B) kostatzen diren zortzi plantxa ile-lisatzaileri erabilera-proba ezarri zaie. Kalitatearen eta prezioaren arteko erlazio egokiena Solac plantxak ematen du: merkeenetako bat izaki (35 euro), berari eman zaio kalifikaziorik hoberena erabilera-proban (10 puntutik, 8,1) eta bera da, probatu ondoren, kontsumitzaile gehienek (%86k) erosiko luketena; beste aldetik, ordea, ez dauka tenperatura-hautagailurik eta erabiltzeko tenperaturara iritsi arte denbora asko behar du. Philips HP4667 ere aukera polita da: kalitate hoberenekoa (azkar berotzen eta iristen da tenperaturarik handienera) izaki, erabiltzaileentzat Solac bezain gustagarria gertatu zen baina, hori bai, Philips garestiagoa da: 50 euro.

Ezaugarri teknikoak

Zortzi aparatuek dituzte argibide-liburu ulerkorrak eta plantxak zaintzeko, mantentzeko eta erabiltzeko informazio egokia. Berme-agiriek legezko gutxienekoa betetzen dute: kontsumitzaileak bi urtez ez du jatorriko akatsik ordaindu beharko. Braun da artapen teknikoko zerbitzuaren telefonorik edota bestelako daturik ematen ez duen bakarra, baina legez hori ez da betebeharrekoa.

Etxetresna txiki hauek bainugelan erabili ohi dira: ingurune hori, berez, aparatu elektrikoentzat oso segurua ez denez, funtsezkoa da plantxak sendoak izan eta ongi isolatuak egotea. Izan ere, tresna horiek gainditu behar dituzten segurtasun-probetan egiaztatzen da ekipoen ekoizpen orokorra eta zurruntasun dielektrikoa (hots, aparatuen isolamenduak jasan dezakeen gehieneko tentsioa, propietateak galdu gabe) eta ihes-korrontea ere (ohiko baldintzetan, aparatutik "irteten" den korrontea: honakoa zenbat eta txikiagoa izan, aparatuaren kalitatea orduan eta hobea) neurtzen da. Lagin guztiak mugetatik urrun ibili zirenez, proba hauek aise gainditu zituzten denek. Remington, Babyliss eta Philips laginek daukaten itzaltzeko tenporizadoreak, ordubetea igarotakoan, aparatua deskonektatu egiten du. Segurtasun mekanismo hori ederki baloratu dute plantxak probatu dituzten erabiltzailek. Babyliss, Taurus eta Braun dira segurtasuneko itxigailua ez daukatenak; baliatzen ari ez direnean plantxak irekitzea galarazten duen mekanismo hau interesgarria da, noski.

Solac, Babyliss, Taurus eta Palson marketako plantxak zeramikaz eginik daude, oso-osorik; Philips, Remington, Braun eta Rowenta laginak, berriz, zeramikaz estaliak daude; horrek ez du esan nahi txarragoak direnik, laborategiko probek frogatu duten bezala. Philips laginaren etiketan erabat zeramikaz eginikoa dela badio ere, egiaz estaldura baizik ez du zeramikazkoa; beraz, kontsumitzaileari emaniko informazioa ez da zuzena. Braun laginak ere, arrazoi beragatik, ez du proba gainditu baina, gutxienez, egiazko osaketa argibide-liburuan (ez, ordea, enbalajean) jakinarazten du.

Pisua: zenbat eta arinagoak izan, hainbat eta maneiagarriagoak. Pisu txikienekoak Braun (335 gramo) eta Taurus (372 gramo) dira eta astunenek, aldiz, bi aldiz gehiago pisatu dute: Palson (685 g) eta Rowenta (663 g) dira. Rowenta laginak du leuntzeko azalera zabalena (59,6 cm2) eta Taurus-ek aitzitik, txikiena (25,3 cm2), baina azalera hori plantxa luzeago eta estuagoekin edo, bestela, laburrago baino zabalagoekin lortu daiteke. Plantxa luzeek eskualdi gutxiago egiteko aukera ematen dute (eskualdi bakoitzean ile gehiago lisa dezaketelako) eta estuenek, berriz, orrazketa zehatzagoak egiteko balio dute. Plaka luzeenak Solac (106 mm) eta Rowenta (100 mm) laginek dituzte; denetan laburrenak, Braun (81 mm) eta Babyliss (85 mm) plantxek. Zabalerari dagokionez, estuenak Taurus (28 mm) laginenak dira eta zabalenak, Rowenta-renak (60 mm).

Kontua kalitatea denean

Kable luze batek ekipoa baliatzea erraztuko du: luzeenak Solac eta Remington laginenak dira (biak ere, hiru metrokoak), ondotik Palson (2,60 metro) datorrela; gainerakoenak ez dira bi metrora iristen. Kableen kalitateaz ari garela, Taurus eta Palson laginenak sare-polimerozkoak direnez, tenperaturaren aurrean PVCzkoak (gainerakoek material hauxe baliatu dute) baino erresistentzia handiagokoak dira (eta garestiagoak). Palson eta Rowenta laginetan, kablearen konexioa birakaria ez denez, aparatua erabiltzea deserosoagoa da.

Solac, Taurus eta Palson laginek ez dute plantxaren tenperatura kontrolatzeko aukerarik ematen. Braun-ek tenperatura-hautagailu analogikoa dauka (erruleta bat, tenperatura jaitsi edo altxatzeko aukera ematen duena) eta Rowenta-k bi posizioko hautagailua du. Remington, Babyliss eta Philips (hiru ekipo garestienak) laginen tenperatura-kontrolagailuak digitalak dira.

Pieza osagarriei dagokiela Remington da hobekien osaturiko lagina, plantxa gordetzeko funda eta kutxatxoaz gainera, aparatuari zuku guztiak nola atera azaltzen duen DVD bat daukalako. Babyliss eta Solac laginek funda soil bat dute eta Palson-ek, eskuila bat. Gainerako lau laginek plantxa bakarrik daukate. Erabiltzeko tenperaturara iritsi arte elektrizitate gutxien kontsumitzen duen plantxa Braun da (2,9Wh) eta ondotik Philips (3,6 Wh), Taurus (4,4 Wh) eta Remington (4,6 Wh) agertzen dira. Tenperatura horretara iristeko Palson laginak askoz ere elektrizitate gehiago behar du: 20,3Wh. Dena den, erabiltzeko tenperatura lagin batetik bestera aldatzen denez, energia gutxien gastatzen duen ekipoa zein den kalkulatu beharra zegoen. Eraginkorrenak, hortaz, Braun (61 ºC/Wh) eta Philips (54 ºC/Wh) dira eta elektrizitate gehien gastatu behar dutenak, aldiz, Palson (11 ºC/Wh), Rowenta (14 ºC/Wh) eta Solac (21 ºC/Wh).

Plantxa elektriko bat arriskutsua ez gertatzeraino noiz epeldu den xedatzen duen araurik ez dagoen arren, 60ºC-ko tenperaturatik behera etxetresna elektriko baten atal metalikoak une labur batez ukitu omen daitezke erredurarik nozitu gabe. Horrela bada, plantxak gehieneko tenperatutara iritsi arte berotu eta berehala itzali egin ziren, 60ºC-tara iristeko zenbat denbora behar zuten neurtzeko. Denetan azkarrenak Braun (16 minutu behar izan zituen) eta Taurus (18 minutu) dira. Palson eta Rowenta laginek ordu erdia baino gehiago behar izan zuten, erretzeko beldurrik gabe ukitu ahal izan arte.

Azterketa praktikoa

Ilea leundu edo lisatzeko plantxa elektrikoa erabili ohi duten hogeita hamar emakumek zortzi ekipoak probatu eta hogeita hamar bat elementu balioztatu zituzten, 1etik 10era arte. Aurreiritzirik izan ez zedin, proba "itsua" ezarri zitzaien, hots, marka ezabatua zuten denek.

Erabiltzaileei ekipo bakoitzari osoko kalifikazioa eman ziezaion eskatu zitzaien eta hobekien baloratua Solac izan zen: 10puntutik, 8,1; ondoren Philips (7,9 puntuz) eta Remington (7,8 puntuz) zetozen. Gutxien gustatu zitzaiena Palson izan zen (5,6 puntu). Ilean eginiko probetan Solac eta Philips bereziki nabarmendu ziren. Hogeita hamar erabiltzaile haiei plantxa bakoitza erosiko ote zuketen galdetu zitzaien: haien %86k Solac, eta %85ek Philips erosiko zuketela ihardetsi zuten. Palson (erabiltzaileen %14k baizik ez zuken erosiko), Taurus (%23k) eta Rowenta (%29k) izan ziren balizko erostun gutxien erakarri zituztenak.

Atal askotan zortzi laginek emaitza onak eta, gainera, antzekoak lortu zituzten arren, Remington markako plantxaren aurkezpena (8,9 puntu) eta berotzeko azkartasuna (8,5 puntu) nabarmendu ziren Philips lagietik, berriz, tenperatura kontrolatzeko sistema digitala (8,9 puntu) eta ematen zuen beroa gustatu ziren gehien. Palson laginaren ergonomiak ez zuen proba gainditu, aginte-panelaren kokapena ez delako bat ere erosoa. Taurus, Palson eta Solac plantxek tenperatura kontrolatzeko mekanismorik ez izatea ez zitzaien gustatu erabiltzaileei. Rowenta, Philips, Taurus eta Palson laginen enbalajeetan irakur daiteke, ilea lisatzeaz gainera, kizkur eta ondulazioak egiteko ere balio dutela aparatuek baina erabiltzaileen iritziz, eginkizun hauek ez dituzte ongi betetzen.

Laborategian

Ekipook hartzen duten gehieneko tenperatura hartzean eta horretara iristeko behar duten denboran, aparatu batetik besterako aldeak biziak dira. Bero gehien hartzen duen plantxa Philips da (251ºC); gainera, muga horretara iristeko hiru minutu baizik ez du behar. Remington laginak ere gaitasun handia erakutsi du: lau minututan 233ºC hartzen ditu. Taurus markakoak, aitzitik, 46 minutu behar izan zituen 155ºCko tenperatura hartzeko baina badira, ordea, denbora gehiago hartu behar dutenak gehieneko mugara heltzeko: Rowenta (110 minutu, 198ºC-tara iristeko) eta Palson (107 minutu, 239ºC-tara ailegatzeko). Dena den, erabiltzaileak gehieneko tenperatura horren premia gutxi-gutxitan izango duenez, ekipoa ordubetez pizturik edukita, batez besteko tenperatura ere neurtu zen: honen %95era iritsitakoan, ekipoak erabiltzen has daitezkeela jo zuten erabiltzaileek. Erabiltzeko tenperaturarik handienak Palson (227 ºC) eta Solac (221 ºC) laginenak dira. Taurus (147ºC) markakoak erakutsi zuen erabiltzeko tenperaturarik makalena. Horrelaxe egiaztatu zuten erabiltzaileek: horixe da ilea leun dadin lortzeko eskualdi gehien eskatzen dituen lagina.

Honelako ekipoak darabiltzaten kontsumitzaileek gehien agertzen duten kexuetako bat, aparatua konektatu denetik erabiltzeko bezainbeste berotu arte igarotzen den tartea denez, plantxa guztiak konektatu eta erabiltzeko tenperaturaraino iristeko zenbat denbora behar zuten neurtu zen: Philips laginak minutu bat eta Remington-ek minutu eta erdia behar izan zuten. Palson (15 minutu), Solac (13,8 minutu) eta Rowenta (13,5 minutu) aparatuek dezente gehiago behar izan zuten.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto