Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Ingurugiroa

Λ

Baliabide hidrikoak: Uraren kudeaketa arduratsua

Baserri eta kalean kontsumo iraunkorra funtsezkoa dugu, geroz eta urriago den ondasun hori xahutuko ez badugu

 2100 urterako ur-eskasiak 1.000 edo 1.300 milioi pertsonengan izan lezake eragina, Klima Aldaketaren Gobernu Arteko Panelaren azken txostenetako baten arabera. Baliabide hidrikoen murrizketa hori muturreko meteorologiak determinatuko du: euri gutxiago egingo omen du (%20 eta %60 artean) eta lehorteak eta euri-erauntsiak tartekatuko dira. Ura nola kudea ote liteke hobeto egokiera horretan? Urtegi edo araztegi gehiago eraikitzea baino uraren erabilera kontrolatzea nahiago du zientzialarien komunitateak; batez ere, ura orain arte bezala xahutzen ez segitzea funtsezkoa da.

Nekazaritza iraunkorra

Arazori aurre egiteko funtsezko taktiketako bat, hazkuntza ekologikoen eta iraunkorrenak diruz laguntzea da. Espainian nekazaritza da ur gehien kontsumitzen duen sektorea (guztirako kontsumoaren %75 - % 90 inguru) eta horren parte handi bat alferrik gastatzen ari da. Halaz ere, helburuetako bat ez da nekazaria "zigortzea", hazkuntza iraunkorrak garatzeko lanabesak eskuratzen laguntzea baizik.

Kontzeptu honen barruan ez dira sartzen urarentzako diru-laguntzak (lehorreko labore batzuk laborantza ureztatu bihurtu dituztenak, hala nola mahastiak eta olibadiak). Formula horri esker gehixeago ateratzea lortzen da, ura diruz lagunduta dagoelako soil-soilik. Sekulako ur piloa behar duten laboreak ere diruz laguntzen dira (kotoiak, adibidez, 10.000 metro kubiko behar ditu hektarea bakoitzeko eta arrozak 14.000 metro kubiko). Hazkuntza askok, gainera, ez dute ureztatze-sistema eraginkorra. Urpetze bidezko ureztatzeak, ur gehiago gastatu ez ezik, kutsadura gehiago ere hedatzen du, akuiferoetara ongarrietako nitrato gehiago eroaten dituelako: horrek, uraren kalitatea endekatzeaz gainera, osasun arazoak ekar ditzake. Ekologistak horregatik daude ura xahutzea bultzatzen duten laborantza horiei diru-laguntzak kentzearen alde eta proposatzen dute ura aurreztean oinarriturikoa bultza dadin.

Hirian, berriz, ahulguneetako bat banakuntza-sarea da. Adena-k eginiko txosten baten arabera, sareak modernizatuko balira, Espainia osoan 1.500 hektometro kubiko ur aurreztuko lirateke urtero, hau da, 1.500.000 milioi litro. Txosten horretan agertzen da Bartzelonak, banakuntza-sarea hobetzeari esker, ur gastuaren %8 aurreztea lortu zuen. Urrunagoko adibide bat, ikusgarriagoa inondik ere, Hegoafrikako Durban hirian dugu: kanalizazio zaharretatik eroaten zen uraren %42 galtzen zen. Egun. hoditeria berriztaturik, ur kontsumoa erdira doi-doi jaitsi da.

Prezioa, eztabaidagai

Ur gastua murrizten lagun dezake taktika bat prezioa garestitzea da, baina honakoa polemika-iturri da, era guztietako iritziak hona biltzen baitira, alde eta aurka. Herritar askoren aburuz, ura premia-premiazkoa da eta prezioa altxatzeak diru-sarrera txikieneko familiei oztopoak ezarriko lizkieke; eragozpen ekonomikorik ez duten familiek, berriz, ordaintzeko dirua badaukatenez, sekulako ur kontsumoa egin lezakete prezioa garestituta ere. Europar Batasuna, bere aldetik, ura etxeraino eramatea egiaz kostatzen denaren arabera kobratzearen alde agertzen da: neurri hori hartuko balitz, dirutza kostatu diren aldatze erraldoiei esker erdiesten den ura kontsumitzea biziki garestiago bihurtuko litzateke eta uraren erabilera iraunkorra egiten den tokietan, berriz, merke antzean kontsumi liteke.

Oraingoz, behintzat, Espainiako hiri askotan, etxean kontsumitzen den urari dagokionez, aplikatzen ari dena "blokekako prezioak" dira: derrigorrezkotzat jotzen den oinarrizko kontsumoak prezio jakina du eta, hortik aurrerakoa erabiltzearren, tarifa igo egiten da

Euriaz baliatzea

  Hirigune askok euriengatiko uholdeak jasan eta jasango dituzte. Urak ez du irtenbide naturalik bilatzen baina ezin du lur-azpia zeharkatu, akuiferoak ostera betetzeko; beraz, uholde latzak eragiteaz gainera, azkar-azkar alde egiten du. Ura errekan barrena doanean edo paduretan geratzen denean mantsoago doa, akuiferoak betetzen ditu eta inguruneko biodibertsitate osoarentzat mesedegarri gertatzen da. Azken aukera hori dagoeneko ezinezkoa duten tokietan bestelako konponbideak bilatu behar dira. Bat-batean agertzen den gehiegizko ur hori baliatzeko modu bat euri urentzako andel edo gordailuak dira.

Etxe partikularretan ere balia daiteke euri ura, gutxieneko ekipoa antolatzeko espazioa edukiz gero. Lorategian bidoi bat instalatu eta teilatuko ura bilduko duen kanaloi bat ipin daiteke, ur hori lorategia bera ureztatzeko egokia izaki. Areago, etxekoen kontsumorako balio dezake ur horrek, osmosia eta izpi ultramoreak konbinatuz ura prozesatuko duen aparatua instalatuz gero. Egunean 100 litroko edukiera duen ekipoa 1.200 euro inguru kostatzen da, depositua aparte.

Etxean aurreztea

  Ura aurrezteko praktika eta teknikak zeinahi herritarrek aplika ditzake: dutxako iturria irekitzean, adibidez, ur beroa azaldu aurretik ur hotz asko alferrik galtzen da. Ur hori gal ez dadin, ontzi batean jaso daiteke bestelako erabileretan baliatzeko. Txorrota behar ez denean irekita ez edukitzea eta arropa edo plater garbigailuak ondo bete arte martxan ez jartzea dira aholkaturiko praktika egokiak.

Uraren kontsumoaren erdiraino murrizteko, txorrotak aldatzeak, emaria urritzeko sistemak instalatzeak, komuneko depositu zaharraren ordez, deskarga bikoitzeko berria instalatzeak inbertsio handiagoak egitea agintzen dute. Ura berrerabiltzeko sistemak ere balia daitezke. Kontsultatu ditugun enpresa espezializatu batzuen arabera, hondakin urak prozesatzeko (eta, horrela, landareak ureztatu ahal izateko) iragazki biologiko batez hornituriko sistema bat 3.000 euro inguru kostatzen da; sukalde eta bainuko urak (baina ez komunekoak) prozesatu eta komunean, arropa-garbigailuan berrerabiltzeko edo ureztatzen aprobetxatzeko sistema, 6.000 euro. Instalazioaren kostua etxearen arabera aldatzen da, berria den edo urte asko dituen, errazagoa eta merkeagoa baita berrian instalatzea.

Edonola ere, inbertsioak epe luzera bere burua ordaintzen du eta horrelako instalazioak egiteko administrazio autonomikoek ematen dituzten diru-laguntzak eskatu ahal izango ditu herritarrak. Dena den, ekimen horiek guztiak alferrikakoak izango dira baliatzeko praktika onekin osatzen ez badira.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto