Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Teknologia Berriak

Λ

Mundu digitalak: Unibertso birtualetako bide-sariak

Interneten dautzan metabertsoek erabiltzaileari bizitza paraleloa bizi dueneko sentsazioa ezagutzeko aukera ematen diote baina doakotasun itxura hori engainagarria da

 Duela pare bat urtetik hona Sarean barrena nabigatzea ez da zertan izan bi dimentsiodun eskarmentu hutsa, ordenagailuko pantailara murriztua; are gutxiago testu, irudi edota bideo orrietara mugatua. Unibertso birtual edo metabertso izenekoak sortutakoan, kanpoko bizitzaren parekoa Interneten esperimentatzeko aukera egia bihurtu da.

Bideojokoen oinordekoak

Unibertso birtualak enpresa edo organismo jakin baten zerbitzarietan lojatzen diren errealitatearen birsortze informatikoak dira; bertara erabiltzailea nabigatzaile batetik irits daiteke, zeinahi web orritan sar litekeen modu berean.

Aldea nabarmena da: letra eta argazkiak ikusi ordez, era guztietako irudi eta objektuak ikusten dira eta itxura tridimentsionaleko espazioa dago horretan erabiltzaileak oinez ibili, jauzika aritu edo hegan egiteko sentsazioa izan dezake. Metabertso horien aitzindari bat hegaldiaren simulagailua da: bertan, hegazkinak aurrera egin ahala, erabiltzaileak paisaia berriak ikus ditzake.

Metabertsoak eta bideo-kontsolentzako jokoetan aurki daitezkeen birsortze digitalak ia-ia berdinak dira. Izan ere, jokalari anitza (MMOG) dute alde bakarra: horri esker, jokalariari Interneteko beste gune batzuetan dauden lehiakideekin aritzeko aukera ematen dio.

Arrakasta handia bildu du aldaera horrek aspaldi honetan eta tituluren bat ospetsu bilakatu da, hala nola World of Wallcraft, Bigarren Mundu-Gerran inspiratutako jokoa. MMOG pleguko beste titulu bat, akziozkoa baita ere ("estrategiakoak" derizte horiei), Final Fantasy da: mundu mitologiko eta magikoan gertatzen da eta milioika zale ditu mundu zabalean.

MMOG horiek gerra-jokoak dira, batik bat, eta, halaz ere, horietatik eratorritako metabertso batzuk arras ezagunak bihurtu dira: hauetan kontua etxeak eta paisaiak sortzea da, gainerako erabiltzaileekin komunikatzea eta, areago, negozioak egitea, hala nola Second Life, Haboo edo The Sims online.

Second Life, arrakasta mediatikoa

Jokalari anitzeko bideo-jokoek mundu osoan milioika euro sortarazten dituzte eta ehunka mila lagun dakartzate bertara; jokoen garapenak teknologia eta diru askoren inbertsioa eragin du eta daukan konplexutasun-mailagatik, jokalariak hainbat hilabetetan ikasten jardun beharko luke. Dena den, agian mundu itxiak eta ordainekoak direlako, horien oihartzun mediatikoa ez da Second Life aitzindari duten metabertsoena bezain bizia.

Hori da, duda-izpirik gabe, publiko zabalari irekitako unibertso behinena eta albiste gehien sortarazi dituena: unibertso konplexu paradisutar horretara, ordenagailura deskargatzen den berariazko nabigatzailearen bidez iritsiko da erabiltzailea. Galdetegi labur bat bete ondoren inongo arazorik gabe sar daiteke Second Life horretan.

Erabiltzailea mundu birtual horretan barrena dabil bera ordezten duen panpina (abatar) baten bitartez; abatar horren sexua eta funtsezko arropa (galtza, zapatak eta kamiseta) aukeratu ahal izango du. Abatarra jantzitakoan, ordenagailuko tekla jakin batzuk sakatuz mugituko du aurre-atzerantz edo mundu birtual horretako espazio ugarietara iritsiko da hegan.

Egunkari batzuek edizio bat daukate Second Life-n: BBCk bertan erabiltzaileentzat kontzertuak eskaintzen ditu eta enpresa ugarik publizitatedun hesiak ezartzen dituzte gune birtual horietan. Areago, tarteka, hedabideetako kate nazionalek jaso dituzten joera politiko bat baino gehiagotako manifestaldiak ikus daitezke bertan. Second Life modan dago.

Habbo eta The Sims Online, nerabeen unibertsoak

Habbo Finlandiako enpresa batek sortu eta nerabeentzat berariaz taxuturiko metabertso berria da. Hamaika gela eta areto dituen hotel birtual horretan gazteek beren abatarra mugiarazten dute eta beste erabiltzaile batzuen abatarrekin komunikatzen dira. Estetika hau eta Second Life-rena desberdinak dira: ez da hura bezain perfektua, panpinak ez dira hangoak bezain helduak, nerabeak beren buruaz duen imajina ordezkatzen baitu.

Habbo hotelean nerabea makina bat aretotan sar daiteke eta bertan kontzertuak entzun, lagun birtualekin komunikatu edo gela bat hartu eta apaindu egin dezake, adibidez. The Sims Online, berriz, neska gazteek osaturiko publikoan arrakasta handiagoa izan duen metabertso familiarra da. Hemen, helburua norberaren famili espazioa pitinka osatzea da, etxetik hasita, ondoren lorategia, auzategia, eta gainerakoak moldatuz. Second Life eta Habbo ez bezala, The Sims Online itxia da, ordainduz bakarrik sar daiteke bertan.

Ez dira dirudien bezain doakoak

  Egiari zor, nornahik erabil dezakeen zerbitzua badirudi ere, metabertsoek ezkutatzen duten unibertsoan ia-ia denagatik ordaindu behar izaten da. Zerbitzu horiek negozioa dira eta, horrenbestez, mozkinak sortarazi behar dituzte. Areago, beren moneta birtuala dute, transakzioak egiteko. Second Life-n "linden dolarrak" dira eta Habbo-n "kredituak", adibidez.

Bi moneta horiek legezko diruarekiko baliokidetza dute: 300 "linden dolarrek" egiazko dolar bat osatzen dute eta "kredituak" 17 eta 23 euro-zentimo kostatzen dira. Moneta horiek, biek, denetik erosteko balio dute: arropa berria, etxeak, motorrak, etxeko altzariak, etab.

Habbo-n erabiltzaileak erosten dituen gauzei "furni" derizte eta zeinahi elementu sar daiteke kategoria horretan: gela bat, soinekoa, mahai-aulkiak, kontzertu birtualetarako sarrerak. Bitxia bada ere, altzari birtualen lapurreta kasu batek epaitegian izan du amaiera.

Second Life -n erabiltzaileak eros ditzakeen gauzak kobratzen dituena ez da enpresa, negozio-aukerak aurreikusirik, unibertso horretan finkatu diren garatzaile eta diseinatzaile konpainiak baizik. Badira, esate baterako, zoru digitalekin ere espekulatzen duten etxegintza-enpresak; beraz, kokatzeko tokia eduki ahal izateko ordaindu beharra dagoela ondorioztatzen da horretatik.

Horren emaitza gisa, erabiltzailea horrelako unibertsoetan sartu eta ederki mugitu ahal izango da baina, luze gabe, bertako paisaietatik paseatzeaz aspertzen hasiko da... ez badu hartu premium kontu bat; horrela, bai: horrela gauzak erosteko edo ordaindu behar diren ikuskizun ugarietara joateko diru birtuala eskura edukiko du.

Unibertso horiek, maiz, diseinuko merkataritza-guneak dirudite: dena perfektua eta ederra da, baina deus ez dago ordaintzeko prest ez dagoen erabiltzailearentzat eskuragarri. Amets ala lokamuts?



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto