Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elikadura

Λ

Sendagai diren elikagaiak

Nutrizioaren eta genomaren arteko lotura ezagutzeak gizaki bakoitzaren nolakotasun genetikoei egokitutako osaketa kimikoa duten elikagaiak baliatzeko ateak zabaldu dituzte

 Nutrizeutikoa, elikamentua edo funtzionala deritzo kontzeptu berbera adierazten duen horri. Termino finkatu horiekin, organismoan oraintsu arte botikek ia-ia bakarrik eragiten zituzten efektu eta propietateak dituzten elikagai-multzoa edo elikagai horien osagaietako bat izendatzen dira. Dendetan salgai dauden arren, norbaiten aburuz horien saltokia farmazia da. Kolesterola murrizten laguntzen dutenak, endekapen-trastornoak prebenitzen dituzten antioxidatzaileez osaturikoak, hezurrak sendotzeko (eta, horri esker, deskaltzifikazioa saihesteko) kaltzio erantsia daukatenak dira, besteak beste. Botikak ez bezalakoak dira, teorian behintzat, alboko ondoriorik eragiten ez dutelako eta prospekturik gabe saltzen dituztelako. Erabiltzeko argibideak, ordea, ezinbestekoak dituzte: adierazitako eragin osasungarria egiazkoa izan dadin zenbat hartu behar den argitu beharra dago, nolanahi ere.

Egiari zor, "balio erantsia" daukaten elikagai guztiek ez dituzte aldarrikaturiko onurak sortarazten. Nolako osagaia erantsi zaion, bere forma kimikoa nolakoa den, organismoan xurgatze eta metabolismoaren aurrean nola erreakzionatzen duten eta elikagaia berez osatzen duten gainerako nutrienteak nolakoak diren (printzipio horren xurgatzea eragin edo galaraz dezakete-eta). Hori industriak daki, ez kontsumitzaileak.

Nutrizioan aditu direnak eta zientzialariak ere ez datoz bat elikagai horiek bataiatzeko unean eta, bestetik, ez dago ñabardurarik gabe onartutako definiziorik ere. "Elikagai funtzional" zaku horretan sar daitezke hainbat osagai -azido folikoa, omega3, isoflabonak, kaltzioa, zuntza, e.a.- erantsiak dauzkatenak (nutrizeutiko deritze horiei); horiek kopuru jakin batean hartzeak, elikagaiak berez daukan nutrizio-balio tradizionalak baino mesede handiagoa egiten dio organismoari.

Produktu horiek merkaturatzean eransten zaizkien mezuek erostea bultzatzen dute: "halako propietateak ditu", "zera erantsia", "zerarekin aberastua". Gehien-gehienetan kontsumitzaileak ez du kontuan hartzen elikagai hori kontsumitu behar duen, ezaugarri nutritiboak ezagutu ere, ezagutzen ez dituelako. Baina osasuntsu elikatu eta bizitzeko kezkak, produktuei gehitzen zaizkien mezuek uzten duten sentsazio onak eta egunero-egunero jasotzen duen publizitate itogarriak horrelakoak erosi eta kontsumitzera bultzatzen dute bezeroa.

Espainiako Nekazaritza, Arrantza eta Elikaduraren Ministerioko Elikagaien Kontsumo eta Banaketaren Behatokiaren arabera, merkatuan produktu berriak agertzen direnean kontsumitzaileen erdiak aitortzen duenez, hastapenean erosten ez dituen arren, handik tarte batera probatu egingo ditu; jendearen %17k dioenez, merkatuan agertu bezain pronto dastatzen ditu. Kontsumitzaile handienak 30 - 40 urte eta erosmen handiko gizon eta emakumeak dira.

Elikagai horietako gehienek kontsumitzaileari aldez edo moldezko bermeak eskaintzen dizkioten arren, osagaiak zein diren eta hitz emaniko eraginak nolakoak izan litezkeen ez jakitearen ondoriozko mesfidantzak irauten du oraino haren baitan.

Denak ez dira eraginkorrak

  Elikagai funtzionalek, izaeraz, hainbat gaixotasun prebenitzen eta sendatzen laguntzen dute, hala nola kolesterola jaisten laguntzen gaituztenak. Nutrizio-euskarria ematen dute eta, botiketara jo beharrik izan gabe, gaitz batzuen arrisku-faktoreak arintzen dituzte. Aldea nabarmena da, hala ere: elikagai funtzionalaren onura, gehienetan, txikia da eta epe luzerakoa, eraginkortasunez eta epe laburrera diharduen botikaren aldean.

Bata eta bestearen arteko aldea argi ikusten ez duenari, bederen, elikagai hauek kontsumitzea etsipengarria gerta dakioke. Horrelaxe gertatzen da jangai horietan gaitza hobetzeko itxaropen guztiak ezartzen dituztenen kasua. Pazienteak, garaiz jardunez gero, erabateko konponbidea ekar liezaiokeen sendagilearenganako bisita edo tratamendua atzeratu ere egiten du batzuetan. Elikagai aberastuak kontsumitzen ditu, bere egoerak eskatzen duen horretatik gehiago daukatela uste duelako.

Dena den, elikagaiei aitortzen zaizkien eragin mesedegarri guztiak ez dira erraz neurtzeko modukoak. Kolesterola apaltzeko balio duen elikagaiak hori lortzen duen aise egiazta daiteke, adibidez: aski da, hartu aurretik eta ondoren, odol analisia egitea. Baina kaltzioz aberastutako esneak hezur-masan duen eragina neurtzea ez da erraza. Areago, elikagai horiek ez dute espero daitekeen mesedea egiten hartzen duen pertsonak (emakumeak, eskuarki) osteoporosia edo deskaltzifikazioa nozitzen duenean, deus ere ezin egin baitezakete elikagai onuragarri horiek gaitzaren aurrerakada galarazteko. Trastornoa geldo liteke, ordea, sendagileak preskribatuko lituzkeen kaltzio eta D bitaminaren dosi handiagoak hartuz.

Elikagai funtzionaletan berrikuntzak

Elikagai funtzionalen erabileraren inguruko posizio zientifiko eta teknologiko berritzaileenak produktu horiek osasunari eragin diezaioketen onuraren alde agertzetik haratago doaz, ordea. Giza genoma deszifraturik eta nutrizioaren eta geneen arteko lotura batzuk ezaguturik, pixkanaka jakingo dugu zein gizakik duten gaitz jakin batzuk nozitzeko joera eta nolako baldintza nutrizionalak bete behar dituzten. Nekazaritzako elikagaien sektoreari bioteknologia aplikatuz, produktu eta osagai berriak diseinatu nahi dituzte adituek. Dagoeneko gaixo dagoen edo gaixotu daitekeen gizaki horren berezitasun genetikoei erantzungo dien osaketa kimikoa duten elikagaiak erdiestea da helburua.

Orain arte, bederen, elikagai funtzional izeneko horiei ez zaie agindu botikei bezainbeste osasun-kontrol igarotzea. Hainbat elikagairen oraingo etiketan, produktu horrek berariazko ezaugarriak dauzkala iradokitzen dituzten adierazpen batzuk (mezuak, irudi grafiko eta sinbolikoak, etab.) agertzen dira baina, egiari zor, hainbat kasutan ez da frogatu oraino mesedegarriak direla edo, bestela esateko, behar bezain adostasun handia ez dute bildu oraindik.

2007ko uztailean onetsi den Europako arauteria berriaren xedeetako bat nahaste-borraste hori saihestea da. Horretarako, adostutako nutrizio-adierazpen eta propietate osasungarrien zerrenda osatuko du eta fabrikatzaileek horiexek egokitu beharko dizkiete beren mezuei 201eko urtarrilerako, gehienez ere.

Erantsitako osagaiak

  Fabrikatzaileak elikagaiari erantsi dion osagaia, organismoak asimila ditzaken horren forma kimikoak eta, espero den eragina izan dezan, zenbat hartzea den aski iragarri beharko lituzke. Kontsumitzaileak, bere aldetik, jakin beharko lituzkeenak: erantsitako osagaia zein den, horrek organismoan nolako eragina duen eta zenbat elikagai hartu behar duen, adierazitako efektu nutrizional edo fisiologikoa eragin diezaion.

KONPARAKETAKO TAULA

Kaltzioa Lortu nahi den efektua Estra ekarpen horrek nolakoa izan behar duen, eraginkorra izango bada
Hortz eta hezurren mineralizazioa sendotzea. Gure organismoa eraginkorrago dabil kaltzio organikoa (kaltzio-kelatoa, kaltzio-azetatoa) xurgatzen duenean inorganikoa (kaltzio-fosfatoa, kaltzio-karbonatoa) hartzen duenean baino. Bigarren hauek azken produktuan kontzentrazio handiagoa metatzea bideratzen dute baina hauen xurgatzea txarragoa da. Organikoetan ere, baten asimilaziotik bestearenera aldeak hautematen dira (%60koa kaltzio-kelatoarena eta %32 baizik ez kaltzio-azetatoarena).
Zein elikagairi eransten zaion
Esnea, zukuak, gailetak...
Burdina Lortu nahi den efektua Burdinaren forma kimikoak biobaliagarritasuna baldintzatzen du. Naturan bi eratan agertzen da: ez-hemo (landarezkoek dute hau berezkoa) eta hemo (haragi, arrain eta, neurri txikiago batean, esnekiak); hemo forma da biobaliagarritasun hoberenekoa. Ez-hemo burdinaren xurgatzea eta disolbagarritasuna errazago bihurtzen dute hainbat nutrientek, hala nola azidoek (laktikoa, zitrikoa, askorbikoa), azukreak eta hainbat aminoazidok (proteinen osagaiak). Mineral honen xurgatzea kaltzioak eragozten du. Beraz, gosaritako laboreak edo burdina erantsia duten gailetak esnearekin (kaltzio asko dauka) hartzeak organismoan nolako eragina duen jakitea interesgarria litzateke.
Premia handieneko bizi-egoeretan ekarpena areagotzea: haurtzaroan, nerabezaroan, haurdunaldian
Zein elikagairi eransten zaion
Gosaritarako laboreak, gailetak, edariak...
Omega 3 Lortu nahi den efektua Omega3 gantz-azidoak dira, besteak beste, arrainurdinak ugari dauzkan EPA (azido eikosapentanoikoa) eta DHA (azido dokosahexanoikoa). Baita EPA eta DHA horiek sortarazten dituen eta, xurgatutakoan horrela bihurtzen den gantz-azido alfa-linolenikoa ere. Hartzen dugun gantz-azido alfa-linolenikoaren %5 baizik ez da bihurtzen EPA eta DHA. Horrenbestez, elikagaiei konposatu hori eransten bazaie espero dugun efektua ez da berehala atzemango. Adituek aholkatzen dutenez, osasun oneko helduak egunean 650 mg EPA eta DHA hartu behar du. Kopuru hori aise hartzen da astean bizpahirutan arrain urdina kontsumituz gero.
Gaitz kardiobaskularrak nozitzeko arriskua arintzen dute (kolesterol on edo HDL-c gehitu, txarra edo LDL-c eta triglizeridoak urritzen dituzte). Gaitz inflamatorioen (artritisa, erreuma...) eta larruazalekoen sintomak apaltzen dituzte. Haurdunaldian, haurtxoaren ikusmenean eta nerbio-garapenean esku hartzen du.
Zein elikagairi eransten zaion
Esnea, gailetak,arrautzak, margarina.
Fitosterolak (estanol eta esterolak) Lortu nahi den efektua Fitoesterolak gizakiaren kolesterolaren antzeko substantzi begetalak dira. Aurrerapen zientifiko eta teknologikoen bidez landarezko estanol eta estenolen berezko egitura aldatzea posible izan da eta, horri esker, odoleko kolesterola murrizten duten "estanol eta esterol begetalen estereak" sortu ahal izan dira. Egunean 1 - 3 gramo esterol eta estanol kontsumitzeak gaitz kardiobaskularretatik babesten gaitu.
Elikagaien kolesterolaren eta kolesterol endogenoaren (gibeletik datorrenaren) heste-xurgatzea eragozten dute.
Zein elikagairi eransten zaion
Esnea, gailetak, margarina
Soja-proteina Lortu nahi den efektua 1999an AEBko Food and Drug Administration izenekoak, baldintzak betetzen zituzten elikagaien etiketan aholku hau ezartzeko baimena eman zuen: "Egunean 25 gramo soja-proteina hartzeak, gantz saturatu eta kolesterol urriko dieta baten barnean, gaitz koronarioa nozitzeko arriskua arindu egin dezake ". Espainian, produktu batzuei erantsi egiten zaie baina oso-oso kopuru txikian eta, batez ere, baina teknologia alorreko helburuak erdiesteko (ukitua hobetzeko, bolumena handitzeko, gantz eta ur-emultsioari eustea ...) batez ere.
Aminoazido sufredun gutxiko proteinak (sojarena, adibidez), kolesterolaren sintesia urritzen dute eta kolesterolemia apaltzen dute.
Zein elikagairi eransten zaion
Gehigarri gisa, landutako produktuetan; haragizkoei (hesteki, pate etab.) eta arrainezkoei (surimia).


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto