Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Aire-gozagarri elektriko eta piladunak: Aire-gozagarriak, perfume prezioan

Etxean aire-gozagarri elektrikoa gau eta egun funtzionatzen edukitzea egiazko luxua izan daiteke: laginen erdien urteko kostua 70 eurotik gora dabil

 Gela batean usain polita lortzeko sistemak era askotakoak dira: kandela aromadunak, intsentsua, sprayak... Berrien eta, soil-soila izatearren, gehien hedatuen dabilenetako bat aire-gozagarri elektrikoa da: aparatu horrek, berotzen den erresistentzia elektriko txiki baten bitartez, likido bat lurrunarazten du. Aire-gozagarri piladunek ez daukate erresistentziarik baina sistema mekaniko batek likidodun botilan eragiten du, hatzak spraya kalkatuko lukeen bezala.

Aparatu horien eraginkortasuna egiaztatzeko, laborategian lau aire-gozagarri elektriko eta hiru piladun aztertu dira; laginen prezioak 4,30 eurotik (Brise Soplo) 8,54 euroraino (Air Wick Fresh Matic Lavanda) doaz baina aparatua eta lehen karga kostatzen denak ez du adierazten etxebizitzako airea gozatzea zenbat kostatuko den. Horregatik, iraupena eta ordezko kargen prezioa ere aintzat hartu dira, potentzia osoan baliatuz gero egiaz zenbat kostatzen diren kalkulatzeko unean (argindarraren eta pilen prezioak ez dira sartu, kontsumitzaileak hamaikatxo aukera baititu: salinoak, alkalinoak, berriro kargatzekoak...). Denetan garestienak Oust Frescor Verde (urtebete pizturik mantentzea 86,30 euro kostatzen da) da eta ondotik datozkio Brise Vainilla eta Magnolia (85,90 euro urteko), Ambi Pur Puréese (84 euro urteko) eta Air Wick Fresh Matic Lavanda (73,70 euro urteko). Garestiak dira, jakina, haietako bakar batek ere ez baitu irauten hiru aste baino gehiago. Denetan merkeena, inondik ere, Brise Soplo Pétalos Exóticos da, 10,60 euro urteko kostatzen delako (batez ere, izugarri irauten du pizturik: 141 egun); horren atzetik dator Ambi Pur Elegance (41,20 euro urteko) eta Air Wick Air Bouquet (64 euro urteko).

Azterturiko zazpi aire-gozagarriak seguruak eta kalitate onekoak direnez eta, kalitatearen eta prezioaren arteko erlazio egokiena (zaletasun pertsonalak eta antzeko irizpide subjektiboak bazterrean utzirik), Brise Soplo Pétalos Exóticos da, denetan merkeena, alegia.

Zazpiek dauzkate arauak derrigortzen dituen markak eta etiketa; areago, pilaz funtzionatzen dutenek ere pila kargagarrien erabileraren gaineko informazioa ere ematen dute. Beste aldetik, laborategiak atzeman zituen substantzia alergeniko guztiak aire-gozagarri denek adierazi dituzte beren etiketetan. Espero zen horrelako alergenoak topatzea, substantzia lurringarri batzuek alergiak sortaraz ditzakeela kontu jakina baitzen.

Aparatu horien kontsumo elektrikoa hutsa bada ere, ia etengabe konektaturik egongo direnez, ahalik eta txikiena izatea komeni da. Ordu erdiz ordu erdi egun oso batean neurtu zen kontsumoa: Ambi Pur Puresse piladunak 0,1 watt baizik ez du behar funtzionatzeko; ondotik Airwick rosas blancas elektrikoa datorkio (0,5 watt). Oust frescor verde, elektrikoa (2,4 watt) eta Airwick fresh matic lavanda piladuna (3,2 watt), piladun, gehien gastatzen dutenak dira.

Arnasten dugun airea

  Behin baino gehiagotan jarri izan da auzitan etxebizitzan aire-gozagarrien eta bestelako produktu lurringarrien erabilera, oso litekeena baita substantzia toxiko lurrunkorrak barreiatzea. Gaia aztertzen ari dira eta, giro itxietan (gela batean, adibidez) toxiko diren konposatu lurrunkor organiko horiei dagokienez, baimentzen diren gehieneko kopuruak arautuko lituzkeen legerik ez du ez Espainiak, ezta Europak ere. Dena dela, Europar Batzordeak eta Osasunaren Mundu-Erakundeak substantzia horietako gehientsuenei dagokiela, orientabide gisa, balio osasungarriak ezarri dituzte. Horregatik laborategiak bereziki azpimarratu du aparatu horiek emititzen dituzten (eta kontsumitzaileak, orain edo geroago, arnastuko dituen) substantzia lurrunkorrak atzeman eta kuantifikatzen dituen proba analitikoa.

Hezetasun eta tenperatura kontrolatzeko modukoak dituen eta aire-sarrera eta irteera kontrolatzen dituen aire egokitze-sistema autonomoa daukan 25,5 m³-ko gela itxi baten erdialdean aire-gozagarri horiek ezarriz simulatu zen ohiko erabilera. Gela barnean, konposatu organiko lurrunkorrak xurgatu eta hiru atzemate-punpetara (bata, formaldehidoa berariaz atzematen duena; beste bat, ftalatoak batzeko eta hirugarrena, konposatu organiko orokorrak biltzeko) eramango zituzten hiru hodi ezarri ziren. Proba bakoitza hasi aurretik airea egokitzeko sistema geldiarazi zen, gela kanpoaldetik isolaturik egon zedin. Oraino lurrundurik ez zegoen aire hori xurgatu eta aztertu zen, aurretiaz nolako konposatuak zeutzan airean eta aire-gozagarriek zein ekarri zituzten zehazteko. Horren ostean, aire-gozagarri bakoitza bi ordu eta erdiz funtzionatu zuen potentzia ertainean. Azken ordu erdian, gelan izango zen pertsona batek arnastuko zituzkeen konposatu kimikoak zeuzkan aire lurrundua jaso zuten xurgagailuek. Proba bakoitza amaitu ondoren gelako airea berriztatu egin zen, beste saiakera bat egin ahal izateko.

Analisiek detektatu zituzten konposatu organiko lurrunkor ugariak aromeni zegozkienak ziren eta, hein txikiago batean, substantzia disolbagarriei, jelifikatzaileei eta, aerosolen kasuan, propultsio-gasen osagaiei. Substantzia toxikoak ere -toluenoa, bentzenoa, formaldehidoa, xilenoa edota ftalatoak, besteak beste- bilatu ziren azterketan baina bakar bat ere ez zen atzeman. Horrenbestez, zazpi aire-gozagarriak seguruak direla eta osasunarentzat arriskutsu izan litekeen osagairik emititzen ez dutela esan daiteke.

Su hartzeko arriskurik ez

Kontsumitzaile askok nahiago dute aire-gozagarri elektrikoak etengabe pizturik ez uztea: baliteke zirkuitulaburren bat gertatu eta, ondorioz, suterik izatea. Horregatik, laborategian laginei ezarri zitzaien segurtasun probak luze-sakonak izan ziren. Sugar-puntuak aire-gozagarrien likidoak sutan hasten diren tenperatura adierazten duenez, neurri horrek aire-gozagarri elektrikoetan baizik ez da bidezkoa, pilaz funtzionatzen dutenek arrisku hori ez dutelako (ez baldin badute funtzionatzen likido batekin ere, eta ez aerosol gisa, hala nola Brise Soplo-k). Puntu hori kalkulatzeko, aire-gozagarrien likidoa hermetikoki itxitako saiakuntza-ontzi batean sartu behar da: pixkanaka beratuko da ontzi hori, likidoa astintzen den bitartean, berotasuna uniformeki banatzen ari dela bermatzeko. Likido barnean dagoen erresistentzia erretze-gunea izango da eta ontzi barnean metaturiko konposatu lurrunkorrak sugarra sortarazteko aski baldin badira, garrak zein tenperaturatan hasi diren adieraziko digu zunda batek. Sua oso-oso tenperatura handietan sortu zenez -77,5ºC (Oust) eta 105,5ºC artean (Ambi Pur Elegance)- aire-gozagarriek seguruak direla frogatu zuten.

Erresistentzia probak

250 gramo baino pisu arinagoko aire-gozagarriei (denak, Air Wick Fresh Matic eta Ambi Pur Puresse izan ezik) metro erdiko altueratik 50 aldiz erorarazi zitzaien altzairuzko azalera lau zurrun baten gainera, iraultze-kupelean. Beste biei 100 bider erorarazi zitzaien. Lagin bakar batek ez zuen segurtasuna arriskutan ipintzeko moduko kalterik nozitu. Inpaktuaren kontrako erresistentzia-proba ere egin zitzaien; horretarako, aparatuaren alderik ahulenetan 0,5 jouleko hiruna kolpe eman ziren. Honetan ere ez zuten kalte nabarmenik nozitu.

Aire-gozagarri elektrikoei beste proba bat ezarri zitzaien, ekipoa berotzen duen okerreko funtzionamenduan zehar (zirkuitulaburra gertatu delako, adibidez), kanpo-presio batek (aire-gozagarriaren gainean eror daitekeen aulki batek eragin dezakeenak, esaterako) honda dezakeen jakiteko. Aire-gozagarrian 2 kiloko presioa eragiten duen 5 milimetroko diametrodun altzairuzko bolarekin egin zen proba, aparatua 75ºC eta 125ºC-ko tenperaturan zegoela. Bolak utziriko seinalearen sakonera 2 milimetro baino handiagoa bada, aparatuak ez du gainditu proba. Denek gainditu zuten, ordea. Hari goriaren testa ere egin zitzaien laginei: horrek adierazten du aire-gozagarriaren atalek (korrontea daroatenek, bereziki) gutxienez 550ºC-ko tenperatura jasan behar dute suak hartu gabe edo, sutan hasten badira, garrak berez itzali behar dira hogeita hamar segundotan. Berez itzaltzen diren egiaztatzeko aukerarik ez zen izan, tenperatura altua gorabehera, bakar bat ere ez baitzuen suak hartu.

Zenbat irauten dute?

Azterturiko zazpi aire-gozagarrien iraupenak oso-oso desberdinak dira. Era homogeneo batean konparatu ahal izateko, bi astez jarraian probatu ziren potentzia handienean; bakoitzak gastatu zuen perfume kopurua ezagututa, eduki osoa agortu arte zenbat denbora egon litezkeen kalkulatu zen. Brise Soplo da, inondik inora, iraupen luzeenekoa: 141 egun egiten ditu, iraupena luzatzen duen lurruntze mantsoko likidoa darabilelako. Ambi Pur Elegance elektrikoa (32 egun) bigarren hoberena da. Air Wick markako bi laginek hiru aste irauten dute eta gutxien irauten dutenak Brise elektrikoa (16 egun), Oust elektrikoa (17 egun) eta Ambi Pur Puresse piladuna (18 egun) dira. Gutxien irauten dutenak dira etiketan horri buruzko informazio laburrena ematen dutenak ere: iraupenaz deus jakinarazten ez duen bakarra Oust elektrikoa da (horretara beharturik ere ez dago, egiari zor) eta Brise laginaren etiketak "astetako freskotasuna" baizik ez dio; proba praktikoak, dena den, egiaztatu du bi aste irauten duela, potentzia handienean. Gainerako etiketek zehaztasun handiagoak agertzen dituzte baina informazioa bakoitzak bere modura ematen duenez (aroma-posizioak edo egunean zenbat ordu pizturik egotea den egokia aipatzen dute) gehien irauten duen aparatua zein den jakitea eragozten diote kontsumitzaileari.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto