Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Arrozesnea: Gauza bat, arrozesnea; bestea, ontzia

Lau garestienak (bi lagin 7 euro baino gehiago kostatzen dira, kiloko) kristalezko flasko edo buztinezko txarroan merkaturatzen diren arren, ez dira plastikozko ontzian saltzen direnak baino goxoago edo osasuntsuagoak

 Ontziratuta datorren arrozesnea postre gozoa da eta, paradoxa badirudi ere, arroza baino askoz ere zazpi esne gehiago du ( 7 - 10 aldiz) baita, maiz, arroz baino azukre gehiago ere. Osagai nagusi horiek ez ezik, arrozesneak limoi azala, kanela edo bestelako aromak ere edukitzen ditu. Esnegaina, banilla, esne-hautsa, esne kontzentratua, almidoia, aromak eta egonkortzaileek ere osatzen dituzte formula industrial hauek.

Esnekia bada ere, arrozesnearen osagai edo osaketa erregulatzen duen eta kalitate-parametroak finkatzen dituen arauteriarik ez dago. Arrozesnea egiteko aski da esnetan arroza azukrearekin mantso egostea. Kanela eta limoia lurrinaz janzteko eransten zaizkio. Oinarrizkoan, bederen, elikagaien industriak formula tradizionala egiten du. Esneari osagai guztiak gehitutakoan, nahasteari tratamendu termiko arina aplikatzen dio, produktuaren elaborazioa burutzeko; elikagai hori hotzetan kontserbatu beharko da iraungo duen aste (gutxi) horietan. Prozesu termikoa zorrotzagoa bada, mikroorganismoak suntsituko dituen esterilizazioa erdietsi da; horrela dagoen produktua ez da zertan hozkailuan gorde eta, gainera, hainbat hilabetetan iraungo du jangarri.

CONSUMER EROSKI-k laborategian aztertu eta dastarazi ditu zortzi arrozesne-lagin; produktuok pisu desberdinetako ontzietan merkaturatzen dira eta prezioetan ere alde biziak daude: 2,82 euro kiloko kostatzen da hotzik gabe kontserba daitekeen bakarra (Pascual), merkeena, eta 7,64 (Kaiku) ed 7,38 euro (Goshua) garestienak.

Emaitzak, hitz gutxitan

Arrozesne horien profil nutrizionala analisiak erakutsi zuen: karbohidrato ugari (produktuaren %22, batez beste) eta proteina (%3) eta gantz urrikoak (%3) izaki, ez dira espero bezain energetikoak, ehun gramo arrozesnek, batez beste 125 kaloria baizik ez dituelako. Azukre eta kaloria gehien daukana Casería La Madera izan da eta gutxien daukana, Danone. Esne gehien daukana Goshua da; Pascual eta Central Lechera Asturiana laginak, berriz, arroz gehien daukatenak dira.

Irregulartasun bakarra atzeman da, laginen erdiek etiketa-araua urratzen baitute: haietako bik ez dute adierazten zenbat arroz daukaten eta, gainera, informazioaren parte bat letra txikiegian agertzen da; beste bik bere burua "elikagai natural" modura agertzen dute baina horixe debekatua dute, legez, arrozesne denak baitira naturalak. Analisiak erakutsi zuenez, lagin bakar batek ez zeukan genetikoki eraldatutako organismorik eta azterketa mikrobiologikoak, berriz, lagin denen egoera higieniko-sanitarioa zuzena dela. Dastatze-proban, "proba batetik bestera alde nabarmenak hauteman ziren azterturiko parametro denetan", hots, itxura, zaporea, sentsazioa murtxikatzean, eta bukaera. Casería La Madeira (7 puntu) nabarmendu zen eta denetan txarrenak Dhul, Kaiku, Pascual eta Central Lechera Asturiana izan ziren (5,5 puntu lortu zuten gehienez).

Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena Danone laginak ematen du: dastatze-proban gustatu zitzaien mahaikideei, azukre eta kalori gutxien daukan lagina da eta merkeenetako bat, gainera. Alderdi organoleptikoa (zaporea, usaina, ukitua...) lehenetsiz gero, aukera politena Casería La Madera da (5,33 euro kiloko). Lau garestienak kristalezko flaskoan edo buztinezko ontzietan merkaturatzen dira (beharbada kontsumitzaileari eskulangintzazko edo kalitate handiagoko produktuaren irudia helarazteko) baina ez dira gainerakoak (jogurt eta natillak komertzializatzen diren plastikozko ontzietakoak) baino goxoagoak eta ez dute horiek baino osaketa nutrizional hoberik.

Arroz baino esne gehiago

Osagai nagusia esnea da (osoa edo gaingabetua, eta esnegaina). Arroza, izan ere, bigarren tokian agertzen da Kaiku, Pascual eta Central Lechera Asturiana laginetan bakarrik; gainerakoetan hirugarren mailan dago, azukrearen ostean. Zazpik kanela eta limoia dauzkate (lurrungarri gisa ager daitezke) eta Danonek kanela soilik baliatu du. Oinarrizko bost osagai horiek dira Kaiku, La Madera eta La Ermita arrozesneek dauzkaten bakarrak. Goshua, Danone eta Dhul laginek esnegaina erantsi dute; Danonek esne gaingabetu berhidratatua gaineratu du eta Dhul laginak esne-hautsa eta banilla; Central Lechera Asturiana da gatza gaineratu duen bakarra. Arroza, almidoi asko daukanez, jeleak osatzeko gaitasun handia du; beraz, arrozesne industrial hauek moldatzeko ez da zertan lodigarriak edo egonkortzaileak erabili produktuak berez daukan ukitu krematsua erdiesteko. Pascual da gehigarri horietako bat (egonkortzailea) ipini duen marka bakarra.

Hezetasuna (ura) edukiaren %67 (La Madera) %74raino doa (Danone eta Kaiku). Anoa bat arrozesnek dauka %70 - %80 esne; arrozaren presentzia produktuaren %6 - %11 inguru dabil; azukrea, berriz, %7 - %15. Arrozesneak, batez beste 123 kaloria ditu 100 gramoko, baina kontuan izan dezagun anoa bat 135-140 gramo baizik ez dela. Arrozesne ontzi batek 175 kaloria diru, hots, krema, natilla, mousse eta antzeko esnedun postreek baino gutxiago baina jogurtak baino gehiago. Kaloria gutxi izateak postre interesgarri bihurtzen du kaloria-dosi handiagoa behar dutenentzat (haur, nerabe, kirolari...) eta, gainera, goxo, murtxikatze errazeko denez eta funtsezko nutrienteez hornitzen gaituenez, apetitu gutxikoek edo eriondoan daudenek orduz kanpoko jakia izan dezakete.

Arrozesnearen batez beste %22 karbohidratoek osatzen dute eta arrozean, azukrean (sakarosa) eta laktosan (esneak, 100 gramoko, 5 gramo azukre dauzka) dautza. Sakarosa eta laktosa karbohidrato soil edo asimilazio azkarrekoak dira; arrozaren almidoia, aitzitik, asimilazio mantsoko karbohidratoa, egokiagoa. Sakarosa (azukre erantsia) produktuaren %7tik (Danone, Kaiku) %15era (La Madera) doa. Zorro bat azukre 10 gramo da; La Madera arrozesneak -210 gramo-, hiru zorro. Laktosa (esneak bakarrik daukan azukrea) edukiak esne kopurua adieraziko digu: esne gehien daukana, inondik ere, Goshua da (%6 laktosa); gainerako laginetan presentzia hori %2,7tik (Central Lechera Asturiana) %3,9raino (La Ermita) doa. Karbohidrato konplexuen edukia (almidoiak arrozaren edukia, besteak beste, adierazten digu) %7 (Goshua) eta %11 (Pascual eta Central Lechera Asturiana) dabil. Ondorioz esan dezakegu, Central Lechera Asturiana laginean izan ezik, azukre soilak konplexuak baino ugariagoak direla.

Proteinen edukiak ez du alde handirik erakusten: beheko muturrean %2,5 agertzen da (La Madera) eta goikoan %4 (Goshua). Gantz gutxien daukana Pascual markakoa da (edukiaren %1,5) eta gantzatsuenak, aldiz, La Ermita eta Central Lechera Asturiana (%3,5). Ez da gantz gehiegi, postrea dela jakinik. Arrozesneak ugarien dituen mineralak kaltzioa eta fosforoa direnez, esneki hau ordezko izan daiteke esne hutsa gustukoa ez duen jendearentzat baina, hori bai, kontuan izan behar da esnezko postre azukreduna dela eta horrela hartzen den esne-kopurua baso bat esne edo jogurt bat hartzen denean baino txikiagoa dela.

Arrozesnea eta osasuna

Esnea, alergiak eta intolerantziak

Esnekia den aldetik, kaseinaren (esneak ugarien daukan proteina) aurkako alergia duen jendeari ez zaio komeni hartzea. Laktosaren (esnearen azukrea) aurkako intolerantzia nozitzen dutenek ere, jakina, hobe dute arrozesnerik ez kontsumitzea.

Azukrea, diabetesa eta gehiegizko pisua

Arrozesnea esnezko postre azukreduna denez, neurriz kontsumitu behar dute diabetes, obesitate edota hipertriglizeridemia (triglizerido asko odoletan) nozitzen dutenek.

Arrozesnea eta zeliakia

Glutenaren aurkako intolerantzia nozitzen dutenentzat egoki den zereal urrietako bat da arroza baina, halaz ere, esnea, arroza eta azukrea glutenik gabeko dietan sar daitekeen arren, fabrikatzaile batzuek eransten dituzten aromen jatorria ez dute zehazten. Kontu-neurri gisa, zeliakoek orokorki, hobe lukete osagai guzti-guztiak adierazten ez dituzten elikagaiak eta glutenik gabekotzat agertzen ez diren produktu prozesatuak kontsumituko ez balituzte, arriskua larria baita. Arrozesnea gustukoa badute, zeliakoentzat ordezko bide segurua etxean egitea da: errezeta soil-soila da-eta.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto