Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Ingurugiroa

Λ

Arrain-haztegi iraunkorrak

Gehiegizko arrantzaren aurka borrokatzeko eta, aldi berean, arrain-kontsumoa sustatzeko lanabesik egokiena akuikultura da. Hobetu egin behar da, halaz ere, iraunkor izan dadin

 Azken urteotan arrain kontsumoa biderkatu egin da planeta osoan, bai ontziak arraina harrapatzen geroz eta eraginkorragoak direlako, baita eskuarki arraina hartzearen osasungarriaz jabetzen ari delako kontsumitzailea. Nazio Batuen Elikadurarako Erakundeak (FAO) aresti eginiko txosten batek dioenez, munduko populazioaren hazkuntza nolakoa den kontuan harturik, egungo kontsumo-mailei eusteko besterik ez bada ere, beste 40 milioi tona arrain ekoitzi beharko dira urtero-urtero datozen hogei urteetan. Eta hori akuikulturari esker baizik ez da lortuko.

Txosten horrek sektoreari egin behar zaizkion hobekuntzen gaineko ohartarazpena da. Merkatuan salgai dagoen arrainaren bolumena biderkatu eta prezioak murrizten lagundu dute arrain-haztegiek baina ez dute gehiegizko arrantza urritzea lortu eta, gainera, ingurugiroan beste arazo batzuk sortarazi dituzte. Dena den, eragozpen horiek guztiak konpontzeko modukoak dira; kontua ez da akuikultura bertan behera uztea, iraunkor izan dadin lortzea baizik.

Arrain erdi-begetarianoak

Arrain-haztegiek planteatzen duten arazo nagusia bertako arrainak jango duen irin eta (itsasoan harrapatu behar diren) arrain edo krustazeo txikien gantzez osaturiko pentsua da. Kilo bat izokin erdiesteko gutxienez bi eta gehienez bost kilo arrain urdin (antxoa, sardinzarra, berdel, etab.) behar dira. Beste horrenbeste gertatzen da lupiaren, urraburuaren edota erreboiloaren (Espainian eta beste hainbat herrialde garatutan gehien hazten diren espezieak, alegia: horietan, jendeak nahien dituzten arrainak harrapariak baitira) akuikulturarekin ere.

Irtenbideak iradokitzeko unean, adituek diotenez, herbiboro edo erdi-herbiboro diren arrainen (hala nola garapen bidean dabiltzan herrialdeetan biziki hedatuak dauden karpa edo tilapia) edota moluskuen (muskuiluak, adibidez) akuikulturan aurrerapausoak egitea da. Baina harrapariak hazten segitzeko asmoak horren biziak izaki, iraunkorra izango litzatekeen akuikultura batek arrainen dietaren parte bat aldatu eta, arrain edo krustazeoez elikatu ordez, landarezko elikagaiak (soja, ekilore haziak, artoa, etab.) eman beharko lizkieke. Areago, erabat dieta begetarianoa emateko aukera ere iradoki izan da baina, horrela izatekotan, arrainen garapena lortzeko funtsezkoak diren elementuen hornikuntza bermatuko luketen osagarriak gehitu beharko lirateke: horietako bat, adibidez, metionina da, arrain-gantz edo irinen bitartez bakar-bakarrik erdiets daitekeen funtsezko aminoazido bat. Konponbide berriak izateaz gainera, arrainei omega3 gantzen hornikuntza bermatzen diete honako hauek: hazkurritzat makro-algez baliatzea edo, bestela, lehorreko hondakinak hartziaraztea, omega3 gantz-azidoak ekoizten dituzten mikroorganismoak eskuratzeko. Batean zein bestean helburua bera da: arrain-haztegietako produkzioa bermatzea, itsasoa agortzen segitu ordez.

Ahalik eta hondakin gutxien sortzea

 Hondakinak arrain-haztegiek ere sortzen dituzte: pentsuak izan, gorozkiak edo botikak izan, inguruetako ur eta ekosistemak endekatu egin ditzakete. Ura arazteko sistemez hornituriko zirkuitu itxiak ezartzea eta, aldi berean, espezie bat baino gehiago haztea da praktikan ipintzeko konponbide errazenetako bat. Esate baterako, lupietarako kaiolak edukiz gero, horien inguruan muskuiludun sokak edo alga-haztokiak ipin daitezke, hondakin organikoak aprobetxatu eta ura arazteko. Horien azpian, berriz, hondakin organikoez ere elikatzen diren arrain motak ezar daitezke. Irudimenak ateak zabaldu dizkie metodo berri-berriei, hala nola arrainei beita jantokietan ematea: horri esker, besteak beste, pentsu gutxiago eman beharko litzateke (egun elikagai auretan barreiatzen denez, gehien-gehiena alferrik galtzen da).

Hondakinak sortzeari saihets egiteko beste modu bat, aplikatzen diren parasitoen aurkako botiken eta antibiotikoen erabilera minimizatzea bada ere, jokabide hau praktikan jartzeko bestelako neurriak ere hartu behar dira, haztegietan diren arrain dentsitate izugarriak direla medio, izaki horiek infekzioak nozitzeko joera handia baitute. Horregatik, aukera iraunkorrena osasuntsu dauden arrainak mantentzeko beste modu bat bilatzea da, hala nola arrainak txertatzea edo aldamenean beren parasitoez elikatzen diren animaliak haztea.

Arrain-haztegietatik ihes egiten duten animaliak eskualde horretako uretako organismoentzat egiazko mehatxuak dira, dela elikagaiengatiko borrokan etsai dituztelako, dela harrapari direlako, dela kutsadura genetikoaren arriskua dagoelako, tokiko espezieekin gurutzatzen badira. Horrelakorik gerta ez dadin, egun ohikoak diren sareen ordez andela itxiak antolatzea aholkatzen dute adituek. Ildo beretik, itsasertzeko akuikultura berdingabeko ekosistemak -mangladia, adibidez-kaltetzen ari da eta, gainera, lurraldea eta ur gezen erreserbak konkistatzeko lehiakide agertu berria da. Arazoa konpontzeko, ur gezatako akuikulturaren partez, ur gazitakoa baliatu eta instalazioak itsasoan sartzeko aukera aztertzen ari dira.

Kontsumitzailearen aukera

Hamaika akats eta eragozpen baditu ere, garapen bidean datozen herrialdeen pobreziaren, gehiegizko arrantzaren eta ur gabezien kontra borrokatzeko gizarteak daukan lanabesik aproposena akuikultura da, arraina proteina-iturri askoz eskuragarriagoa baita. Eginiko kalkuluek frogatu dutenez, kilo bat okela ekoizteko 8.000 litro ur geza behar dira eta kilo bat itsas arrain produzitzeko, berriz, urik ez da behar, kasik.

Orain adituen ahotan puri-purian dabilen gaia bestelakoa da: espezie bakarreko arrain-haztegi intentsiboetan jardun ordez, inguruneari mesede egingo dioten arrain-haztegietan hastea, hala nola hainbat espezieren haztegi direnak edo nekazaritza eta akuikultura konbinatzen dituztenak. Arroztegien ondoko arrain-haztegiek nekazaritzaren eragin kaltegarriak arindu egiten dituzte eta itsasertzean moluskuak eta algak hazteak uraren kalitatea hobetzen du. Nolanahi ere, arrantza eta akuikultura iraunkorrak sustatzea kontsumitzailearen esku dago, Worldwatch Institutek eginiko "Catch of the Day" (eguneko arrantza) lanak adierazten duenez. Kontsumitzaileak, esate baterako, muskuiluak edo arrain txikiak maizago eta harrapariak (atuna, izokina, etab.) nekezago erostea aukera dezake, aurrenekoen hazkuntza iraunkorragoa baita. Aholku orokorra, dena den, ezaguna da: elikadura-katean arrain jakin bat zenbat eta beherago agertu, orduan eta kostu txikiagokoa izango da horren hazkuntza eta hainbat eta arrisku arinagoa nozituko du espezie horrek.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto