Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Osasuna

Λ

Lunbalgiari bizkar ez emateko klabeak: Bizkarreko Mina

Molestia dortsala dira afekzio ohikoenetako bat. Postura-higienea, prebentzioa eta sendagilearen aholkua, sendabide behinenak

 Zutik ibiltzeak ere badu bere kostua: ederki dakigu hori gizakiok, den-denok izan dugulako inoiz bizkarreko minik. Maiz bizitza modernoak bere-bereak dituen estresaren, tentsioen, sedentarismoaren eta okerreko posturen ondorio da. Pertsona denetan minik ohikoenetako bat izan arren, jende gutxik aitortzen dio behar duen garrantzia; horrenbestez, gaitza tratatzeko, suntsitzeko eta, ahal den neurrian, berriro agertzea saihesteko konponketak geroratu egiten dira.

Bizkarreko mina ornoek eta muskuluek osaturiko aparatuan eragina duen min mekanikoa da eta, segun-eta non kokatzen den, zerbialgia (orno zerbikaletakoa), dortsalgia (orno dortsaletakoa) edo lunbalgia (orno lunbarretakoa, bizkarrezurraren behealdean) deritzo. Min horren jatorria, bestetik, bizkarrezurraren arazo estrukturalen bat izan daiteke, hala nola desbideratzea (eskoliosia), hezurren higadura (artrosia) edo diskoetako herniak (ornoen arteko tarteetan dautzan kuxin modukoak).

Kasurik gehienetan jatorria arazo mekaniko muskulu-eskeletikoa den arren, sintoma hori ez dagokio gaixotasun jakin bati, hainbaten adierazle baizik. Baliteke izatea, era berean, giltzurrun-koliko baten isla, digestio-arazo bat, sistema endokrinokoa edo ginekologikoa, besteak beste.

Bizkarreko minaren diagnostikoa egitean kontuan izan behar da erradiografiak ez duela beti-beti erakutsiko hondamen estruktural "eskoliosi, artrosi edo hernia" baten presentzia. Areago, paziente askori hondamen horiek ikusi zaizkien arren, ez zuten minik sentitzen bizkarrean. Horregatik, erradiografietan minaren kausa estrukturala bilatzen ahalegintzea aspaldiko jokaeratzat hartzen dute klinikoek. Zalantzarik izatekotan, egun plakek erakusten duten informazioari baino pazienteak adierazten dituen sintomei arreta handiagoa ematen zaie.

Artapenerako baliabideak

 Espainian eragindakoak hainbat zerbitzutara joan daitezke: artapen primarioko zentroetara, bizkarraren unitateetara, minaren unitateetara edota lan-ezbeharretarako mutuetara, hain zuzen. Nora jo, ordea, lehenik eta behin? Deitu beharreko lehendabiziko atea artapen primarioaren zentroko familiako sendagilearena da: bertan, pazienteak nozitzen duen mina baloratu eta lehendabiziko neurri terapeutikoak "kasu gehienetan, aski dira hauek" aplikatuko dituzte.

Minak bere horretan segitzekotan eta artapen primarioko sendagileak beharrezkotzat jotzen badu, pazientea espezialistarengana igorriko du. Bizkarreko mina ez da medikuntzako diziplina bakar bateko aztergaia; aitzitik, maiz hainbat diziplinatako profesional-talde batek landu beharreko kontua da: traumatologoak, erreumatologoak, errehabilitatzaileak eta. muturreko kasuetan, zirujau ortopedikoak edo neurozirujauak: espezialista hauek, ospitale eta osasun zentro publikoetan oraino ohikoak ez diren Bizkarraren Unitate izenekoetan biltzen dira.

Batzuetan tratamendu farmakologiko hutsa aplikatuz bizkarreko mina konpontzen ez denez, pazienteari ebakuntza egin behar izaten zaio. Kasuren batean minaren jatorria (hernia bat, adibidez) erauzi egiten da baina bertan sor daitezkeen konplikazioek (fibrosi bat, esaterako) beste min bat eragin dezakete. Minaren Unitateen eginkizuna kroniko bilakatu den min arindu ezina artatzea da. Bertan batez ere anestesistek diharduten arren, badira beste hainbat profesional ere, amore ematen ez duen min hori arintzeko ahaleginetan.

Lan ezbeharrez arduratzen diren mutuetan ere artatzen dituzte bizkarreko mina nozitzen duten pazienteak; hauei bisita egiten dien traumatologoak erabakitzen du gaixoak errehabilitazioa egin behar duen edo ez. Gaitzak jotako herritarren artean ugari dira bulego lanetan dihardutenak, okerreko posturen biktima, eta etxegintzako beharginak, ahalegin bortitzak egin eta karga galantak jasotzearren.

Badira beste hainbat arazo, gehigarri: froga diagnostikoak egitea luze geroratzea, kirurgia preskribatzen denetik praktikatu arteko itxaronaldi luzea, Minaren Unitatetan pazienteak tratamendua jaso arteko epeak luzatzea, etab. Geroratze eta itxarote epeak metatzeak azkenean eragin kaltegarria izaten du pazientearen bizi kalitatean, noski.

Tratamenduak

Ugari dira bizkarreko minari aplika dizkiokeen tratamenduak, ebidentzia zientifikoaren gradu hainbati dagozkionak. Bizkarreko minari aurka egiteko lehen urrats terapeutikoa dira botika analgesiko eta antiinflamatorioak (parazetamola eta ibuprofenoa, pazienteak eskatzen duenean eman ordez, tarte erregularretan administratuz) eta lasaigarri muskularrak (diazepama dosi txikitan, astebetez, pertsona horrengan menpekotasunik sortzen ez duen kasuetan bakar-bakarrik).

Farmako horiei eta postura-higiene alorreko neurriei esker, kasurik gehienetan mina arindu edo desagertu egiten da. Lunbalgietan, adibidez, (noiz edo noiz pertsona guztien %60 - %90engan eragina izan dezakeena) pazienteen %90 osatu egiten dira 3 - 6 hilabetetan eta laneko bajen %90etik gora ez dira bi hilabete baino luzeagoak.

Fisioterapeutek eskuartean darabilten min akutuaren tratamendu estandarra elektroterapia da, hots, korronte elektriko antiinflamatorio edo analgesikoak aplikatzea. Eskuarki, bizkarreko mina nozitzen duenari gutxienez 45 minutuko 15 saio eman behar zaizkio oinazea arintzeko. Halaz ere, esku-terapia ere praktikatzen da: masajeak, luzamendu pasiboak eta trakzioak, alegia.

Aspaldi honetan ozonoterapia (ozonoa aplikatzea) disko-herniak tratatzeko teknika eraginkorra dela zabaldu bada ere, horren inguruan kontraesan asko dabil eta, egun, eraginkortasun hori egiazta dezakeen ebidentzia zientifikorik ez du bildu oraino.

Neuroreflexoterapia edo esku-hartze neurorreflejoterapikoa (NRT) teknika ez-farmakologikoaren funtsa aldi batez tratamendua aplikatu behar den ataleko (zerbikal, dortsal edo lunbarreko) larruazalean grapak ezartzea da, pazientea ospitaleratu gabe eta anestesiarik ezarri gabe. Inoiz infekzio txikiren bat eragin badu ere, terapia honek ez dakar arrisku larririk eta, bestetik, ez ditu botiken eragin kaltegarriak (digestio arazoak, adibidez).

Botikek osatzen ez eta ebakuntza egitea bidezko ez denean, bizkarreko mina arindu edo sendatzeko metodo egokia. Teknika hori Espainian 140.000 paziente baino gehiagori aplikatu zaie eta horien %80 - %90 inguruk diotenez, mina arindu edo desagertu die.

Neuroreflexoterapia orain sistema publikoan sartu da Madril, Asturias, Katalunia eta Balear Uharteetan.

Ohean etzatea ez da sendagailu

 Prebentzio neurriei dagokiela, aspaldi honetan dabilen alderdi berrietako bat, bizkarreko mina agertzean lanean jardute eta pausatzearen inguruko aholkuei dagokiena da: ohean erabat pausatzea "orain urte batzuk aldarrikatzen zen dogma, alegia" da, egun, egin behar ez dena, kontrako ondorioak eragiten dituela ikusi baita. Oraingo joera bestelakoa da: atalen bat edo gorputz osoa mugimendurik gabe utz dezakeen mina agertu eta handik egun gutxitara pazienteak ez du ohean gelditu behar, aktibitate-gradu bati heldu behar dio, ahal duen intentsitatearekin jardunez.

Postura-higienea: aholkuak

CONSUMER EROSKI-k eginiko "Bizkarra Zaintzea" eskolak adierazten duen bezala, postura-higienea oinarrizkoa da bizkar osasuntsua izateko, etorkizunean minik ez izateko eta, orain nozitzekotan, horiek sendatzeko. Klabea prebentzioa da. Hona hemen eskola horretan emaniko aholku batzuk:

  1. Kargak bizkarra zuzen altxatu behar dira, belaunak tolestuz. Indarra hankek egin behar dute, bizkarra bildu ordez.
  2. Lo ahoz gora edo albotik egitea (posizio fetalean), ahal dela, ahuspez egotea saihestuta.
  3. Eserita 45 minutu baino gehiago ez ematea. Hiru ordu laurdenak igarota, bizkarreko mina duenak, zutituta, zangoak luzatu behar ditu (aski du segundo batzuk).
  4. Ariketa muskularrak egitea beharrezkoa da, muskulu dortsalak, abdominalak, kuadrizepsak eta iskiotibialak eraginez, hauek indartuta, bizkarra babestuko duen "gerriko" antzekoa moldatzeko. Bizkarra sendotzeko eraginkorrak dira luzamenduen programa klasikoak, yoga edota Pilates metodoa, adibidez.

Material eta laguntza ergonomikoak

  1. Komeni da burkoa ez izatea oso lodia (zerbikalek atsedena ondo har dezaten, tolestuegi egon gabe) ez oso mehea (burua atzeregi joan ez dadin).
  2. Irmotasun ertaineko lastaira erabili behar da.
  3. Ordenagailua aurrean (eta ez albo batean) ipini behar da, pertsonak aurrez aurre begira dezan, bizkarra okertu gabe.
  4. Igo eta jaits daitekeen aulkiak, ordenagailuak agindutako altuera egokian kokatzeko aukera ematen dio erabiltzaileari.
  5. Telefonoz maiz ari diren langileei komeniko litzaieke aurikularra belarrian izatea; bestela, (idatzi edo bestelako zerbait egin ahal izateko) eskuak libre hitz egin ahal izateko, besaburua altxaturik aritzean kontrakturak gertatzne dira.


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto