Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Besodun irabiagailuak: Antzeko prestazioak, prezioetan alde handiak

Irabiatzeko denak egokiak dira; birrintzen duen aparatua nahi duenak, garestien artean bilatu beharko

 Irabiagailua ere egungo sukaldean ohiko aparatu bilakatu da. Hori gabe ezin uler genezake gaur hainbat saltsa eta pure egitea eta, areago, irabiatzeaz gainera, aspaldiko partez tresna horiei birrintzea, txikitzea, papurtzea edota irintzea ere eskatzen diogu, baldintza batekin: erabilera eta garbitze errazekoa izatea.

Laborategian azterketa egin eta erabilera-proba ezarri zaie 600 watteko zazpi irabiagailu elektrikori; horien prezioak 33,45 eurotik (Philips HR1363) 65 euroraino doaz (Braun Multiquick). Kontsumitzaileek nahiena dutena, berriz, merkeenetako bat izan da (Moulinex Optipro, 37,40 euro): proba guztiak gainditu ditu eta, gainera, bere eginkizuna (elikagaiak irabiatzea) aise betetzen duenez, kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena eskaintzen du. Irabiagailuaz gainera, birrintzen edo txikitzen duen aparatua eskuratu nahi duten erabiltzaileek Ufesa BP4515 aukera dezakete: garestia da (53 euro) baina osagarri askoz hornitua.

Taurus, Braun, Krups eta Moulinex marketako laginek errezeta liburu baliagarria ematen dute, aparatuari zukuak eraginkortasun handiagoz ateratzeko. Zazpi laginek zuzen daukate etiketa eta derrigorrezko adierazpen guztiak dauzkate. Gida-liburuak ulergarriak eta ongi osatuak izaki, hein batean arriskutsu izan daitekeen aparatua baliatzeko kontuan hartu behar diren segurtasun neurriez informazioa egokiro ematen dute. Legeak derrigortzen duen bi urteko bermea zazpiek emateak eta agiriak espainieraz egoteak (arauak xedatua duen bezala) ez lukete albiste izan beharko baina bermeei buruzko lege berria duela lau urte indarrean sartu zenetik hauxe da CONSUMER EROSKI-k azterturiko lagin guztiek funtsezko atal honetan huts egin ez duten aldi bakarra. Taurus markakoak, legezko bi urtez gainera, beste bat ere eskaintzen du pieza akastunei dagokiela (eskulana kanpo geratu da).

Segurtasun aldetik, ongi

Aparatuen segurtasunaz ari garela, behar bezain isolatuak daude, ezinezkoa da karga elektrikoa daukaten zokoetaraino hatzekin iristea. Berotze-proban, berriz, aparatuek normal funtzionatzen dutenean beren atal sentikorrenek ez dute hartzen tenperatura beroegia. Emaitzak onak izan dira aparatuak okerreko baldintzetan edo muturreko egoeretan martxan jartzean: segurtasuna behar bezainbestekoa da, aparatuak suteen kontra edo hondamen mekanikoen aurka babestuak daudelako. Denetan garrantzizkoena: atalik arriskutsuena (ahoa) ondo babestua dago.

Bateragarritasun elektromagnetikoko probek, tresna hauek beste aparatu elektrikoen funtzionamendu egokia galaraz dezaketen adierazten dute. Irabiagailuak behar bezain ongi isolatuak ez badaude irrati edo telebistetan interferentzia gogaikarriak sortaraz ditzakete. Hori ez da arazo larria (amaitu egiten baita ekipoa itzaltzean) baina tresna hauek ez dituzte gainditu behar Arautegiak xedaturiko gehieneko mugak. Taurus Bapi 600 laginak ez du proba gainditu, baimendutako emisio-mugak hautsi dituelako.

Esku bakarrarekin heltzekoak direnez, irabiagailuok arinak izan behar dute, maneiagarriak izan daitezen. Pisu batetik bestera ez da alde nabarmenik hauteman: Braun eta Krups (800 gramo) laginek denetan arinenak (Ufesa) baino 150 gramo gehiago baizik ez dute. Luzeran ere ez dira arras desberdinak: Philips 37,5 zentimetro da eta Braun eta Krups, bi zentimetro gehiago. Kable luzeak erabilera erraztu egiten du, tresna entxufetik urruti baliatzeko aukera ematen duelako. Kable motzenak Taurus (116 zentimetro) eta Braun (122 cm) laginenak dira; luzeena, berrez, Moulinex-ena (154 cm).

Potentzia bai, baina ez horrenbesterako

Zazpiek adierazi dute 600 watteko potentzia dutela baina, halaz ere, benetakoa egiaztatu nahi izan zen, aldi berean azenarioak eta ura abiadura berean birrinduz, Arautegiak dioen legez. Potentzia horretatik urrun daude denak: Krups eta Moulinex 185 wattekoak dira eta, beste muturrean, balio nominalera Taurus bakarrik gerturatu zen: 406 watt. Adierazitako 600 watt horietara iritsi ziren aparatuak elikagai gogorragoak irabiatuz baina proba normalizatuan ez zuten inondik ere lortu.

Errezeta batzuk prestatzeko osagaiak abiadura jakin batean irabiatu behar dira. Philips eta Moulinex laginek bi abiadura baizik ez dituzte: normala eta "turbo" izenekoa; honakoa baliagarria da elikagai gogorrak (ogia, haragia, etab.) lantzeko. Braun markakoak 16 abiadura ditu, Taurus-ek 10 eta Krups-ek, 6. Ufesa eta Bosch laginek daukaten erregulatzaile aldagarriari esker, erabiltzaileak nahi duen abiadura lortuko du, zehatz-mehatz.

Irabiagailua baliatzeko ontzia ematen dute zazpi laginek ere. Bosch, Philips eta Ufesa laginetako ontziek estalkia daukate, irabiatutakoa bertan gorde ahal izateko. Bosch eta Philips laginak dira horman eskegitzeko euskailurik ez daukaten bakarrak. Philips irabiagailuak elikagaiak birrintzeko osagarria dauka eta Braun eta Ufesa, birrintzeko osagarriez gainera, hainbat eginkizunetan (esnegaina harrotzeko, adibidez) baliagarri diren ziriez osatuak daude.

Esfortzu proba

Esfortzu proba ere ezarri zitzaien irabiagailuei: abiadura ertain-altuan ura irabiatu behar zuten minutu batez eta, ondoren, bost minutuz itzali egiten ziren. Prozesu hau 2.230 ziklotan errepikatu zen, hots, bederatzi egun pasatxotan. Proba zorrotz honen ostean, irabiagailu denek martxan segitu zuten gorabeherarik gabe.

Sukaldean lurrera etor daitezkeenez, aparatuen erresistentzia frogatzeko besoa (berau baita erortzeko aukera gehien dituen atala)bota zen haritzezko azal baten gainean. Beso bakar bat ere ez zen hondatu.

Kontsumitzailearen iritzia

Irabiagailuak sei erabiltzailek probatu ondoren, hainbat alderdi puntuatu zituzten 1etik 10era. Irabiagailuak baloratu aurretik, hainbat elikagai (ogia, fruta, tomateak, piperrak, patata egosia) irabiatu, birrindu eta txikitze lanetan baliatu zituzten. Beste aldetik, errezeta soil batzuk ere prestatu zituzten, hala nola purea eta gazpatxoa, eta azkenean aparatuak garbitu behar izan zituzten. Lagin denek nota onarekin gainditu dute proba: hoberenak Moulinex (10 puntutik, 8,5), Bosch eta Braun (8,4 puntu), erabiltzeko errazak direlako, potentzia politekoak eta prestazio ugari dituztelako. Gertu-gertu geratu zen Taurus (8,2 puntu). Dena den, kalifikazio txarrenak ere on-onak izan ziren: Philips, Ufesa eta Krups laginek 7,8 puntu erdietsi dituzte.

Gida-libururik ulergarriena Bosch laginena da baina Philips tresnarena ez da eroso eta praktikoa. Diseinuari dagokiola, Moulinex da kontsumitzaileei gehien gustatu zaiena eta Ufesa gutxien atsegin zaiena. Bolumen eta pisu handienekoa aukeratzean, Krups aipatu dute erabiltzaileek baina proba objektiboek ez dute nabarmendu pisu edo luzeran alde handirik. Moulinex laginaren kable luzea ondo balioztatu dute. Isilena Braun da eta zaratatsuenak, aldiz, Ufesa eta Krups (honakoak, gainera, bibrazio bortitzak ditu). Ergonomia eta prestazioetan Braun eta Moulinex hobetsi dira besteen gainetik. Atal bi horietan Krups laginak kalifikazio txarrena eraman du baina nahasketak egiteko ontzirik onena dauka. Irabiagailuekin hainbat errezeta prestatu ondoren, Krups eta Ufesa laginek puntuazio apalagoa eraman dute (6,3 eta 6,5 puntu). Lana hobekien egin duena Braun da (8,3 puntu). Beste hainbat alderditan (garbitzeko edo muntatzeko erraztasuna, aginteen ulergarritasun eta baliagarritasuna, etab.) zazpi irabiagailuek erdietsi dituzte antzeko notak.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto