Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Osasuna

Λ

Bizitza iktusaren ostean

Ezbehar zerebrobaskularraren ondorioak minimizatzeko estrategia hauetan oinarritzen da: arreta goiztiarrean, errehabilitazioan eta, bigarren iktusik gerta ez dadin, prebentzio sekundarioan

 Ezbehar zerebrobaskular edo iktusa nozitu ondorengo bizitza erabat berria izango da horrelakorik bizi izan duten pertsona gehien-gehienentzat. Hirutik bat bakarrik sendatzen da erabat; beste bat hil egiten da eta, hirugarrenaren kasuan, ondorioek (trastorno fisikoek edo kognitiboek, alegia) eguneroko bizimoduari berriro heltzea biziki baldintzatzen dute, pazientea ez baita gauza mugimendu edo jarduera jakin batzuk egiteko. Endekapen hori arindu egin daiteke baina horretarako ezinbestekoa da errehabilitazio-zerbitzuetara jotzea; fisioterapeuta, psikologo edota terapeuta okupazionalen eginkizuna iktusa nozitu duen pazientea eguneroko bizitzara itzultzea.

Iktus edo ezbehar zerebrobaskularra (herri-hizkeran, enbolia deitzen zaio) garunera odola eramaten duten hodiei erasotzen dieten gaixotasun-multzo bat da. Hemorragia izan daiteke, hodi horietako bat hausten denean, edo garun-infartua, arteria bat buxatzearren, odola banatzerik ez dagoenean. Iktusaren prebentzioa, jakina, bera sortarazten duten arrisku-faktoreak kontrolatzean datza, hein handi batean, horietako batzuk -adina, adibidez- ezin saihestuzkoak diren arren. Trastorno hori 65 urtetik gora maizago gertatzen da eta geroz eta ohikoago bihurtzen ari da, populazioa zahartu ahala. Nolanahi ere, 55 urtetik beherako jendeak ere geroz eta maizago nozitzen du iktusa hainbat arrisku-faktore ugaltzen ari direlako: hipertentsioa, tabakismoa, diabetesa, bizimodu sedentarioa, odoletan kolesterol gehiegi izatea, gatz edota gantz gehiegi izatea dietan eta hainbat gaitz kardiobaskular nozitzea edo nozitu izana, Espainiako Neurologiaren Elkarteak (ENE) gogoratu duen legez.

Urtero Espainian 120.000 - 130.000 iktus gertatzen dira: horietatik 80.000 - 85.0000 pertsona hil egiten dira edo ez dira gauza bizimodu normala egiteko. Kontuan izan dezagun iktusa dela helduek jasaten duten ezgaitasunen kausa behinena; ezgaitasun hori hainbat artapen-eremutan (dela ospitalean, dela pazientearen etxean) gainditzeko balioko duen programa egokia diseinatzeko arduraduna errehabilitazioa daraman sendagilea da.

Ondorioak

Iktusa nozitu duen pertsonarengan ondorioak minimizatzeko osasun alorreko profesionalek baliatzen duten estrategia hiru hankaren gainean sostengatzen da: pazientearen arreta goiztiarra (ahalik eta azkarrena); errehabilitazioa, ahalik eta hobekien sendatu eta, ahal den heinean, bizimodu normala egin dezan; eta prebentzio sekundarioa, bigarren iktusik nozi ez dezan.

Iktusa nozitu duen pazientea fase akutuan garaiz artatzea funtsezkoa da, ezbehar zerebrobaskularra gertatzen ari den edo gertatu berri den une horretantxe. Pazienteak iktusa jasan ondorengo hiru orduetan ospitalera joan behar duela diote neurologoek, sendatzeko hiru aldiz aukera gehiago izango dituelako horrela.

Errehabilitazio motak

Iktusaren ondorioak era askotakoak direnez, aplikatu beharreko errehabilitazio motak ere desberdinak izaten dira baina, dena den, sendagile komunitatea bat dator fisioterapia lehen mailako estrategiatzat jotzean. Paralisiak jota dagoen edo indarrik galdu duen pertsonaren autonomia hobetzen laguntzen du fisioterapiak: pazienteari berriro oinez ibiltzen, esertzen, besoa eta zangoa artikulatzen eta, hitz batez, mugitzen eta mina saihesten irakatsi behar zaio.

Fisiko hutsak diren arazo horiei funtzionalak erantsi behar zaizkie. Inondik espero ez bazuen ere, bizitzako eskola antzeko batean ikusten du pazienteak bere burua, ostera "kokatzen" ikasteko. Eginkizun hori betetzen laguntzen duena terapia okupazionala da, ondorioak pairatzen dituen pertsonari eguneroko bizimoduko jardueretara itzultzea irakatsi behar baitzaio: indarrik gutxien duen unean jan-edatea, janztea, garbiketa pertsonala egitea, idaztea...

Mintzamenean ondorioak nozitzen dituzten pertsonek, zehazki, logopedia dute errehabilitazio egokia. Logopedak mintzatzen, esaten zaiena ulertzen edota, areago, idazten ere irakatsiko die berriro. Oroimen-galera eta arazo psikologikoak nozitzen dituzten pertsonak artatzeko eta berorien gabezia kognitiboei tratamendua ezartzeko arduradun profesionala neuropsikologoa da.

Gizarte laguntzailearen papera ere erabatekoa da pazienteak beharrezkoak dituen laguntza sozial guzti-guztiak balioztatzen dituelako: zaintzaile bat beharko duen edo, bestela, egoera berrira egokitzeko, etxean obra-lanak egin beharko zaizkion, adibidez.

Hutsuneak

Aspaldi honetan, iktusa nozitu dutenenganako arreta dezente hobetu den arren, eskaintzen zaien artapena ez da kasu guztietan berdina.

Kontuan izanik egun Espainiak 43 milioi biztanle dituela, iktus unitateen (gaixotasun honen tratamenduan espezializaturik dauden sendagile profesionalek osaturiko diziplinarteko ekipoen) kopuru egokia, Espainian, 90 inguru litzateke. Egun, ordea, ekipo horiek premien herena nekez estaltzen dute, unitateak 27 baizik ez direlako oraino. Errealitate horren ifrentzua unitate koronarioak dira (iktus unitateen hiru halako), kardiopatia iskemikoaren maiztasuna txikiagoa bada ere.

Egun hauteman den beste arazo bat: zentro batzuetan pazienteen errehabilitazioari mugak ezartzen zaizkio, adinean oinarriturik. Adinak, dena den, berez,, ez luke faktore baztertzailerik izan beharko: gehien inporta duena ez da pertsonaren edadea, nozitzen duen komorbilitatea (zenbat gaixotasun pairatzen dituen, batera: artrosia, diabetesa, etab.) baizik. Edade handiko pertsona askok, baita 85 urteko batzuek ere, errehabilitazio programa eginez gero ederki sendatu dira.

Terapeuta zenbaitek alerta piztu dute: iktusa geroz eta paziente gazte (berrogei urte inguruko) gehiagok nozitzen dute eta, fase akutuan (episodioa gertatu denetik gutxira) errehabilitaziorako tratamendua amaitu ostean, senda-agiria jaso eta beste toki batera joaten dira: eguneko zentrora (bertan diren gehien-gehientsuenak zaharrak dira, horrelako zentroak oraino geriatrikoak baitira, gehienbat) edo, bestela, etxera. Salaketa, beraz, argi dago: paziente gazteen kolektiboarentzat ez dago baliabiderik: ez errehabilitazioa egiteko, ezta harreman sozialak gorpuzteko espazioa izateko ere.

Bigarren iktusa saihestea

Erronka handietako bat pazienteak bigarren iktusik ez nozitzea da: prebentzio sekundarioa esaten zaio horri. Eraginiko pertsonen %18 edo %20k, hirugarren hilean beste iktus bat jasaten dute eta, orokorki, bost pertsonatik batek, kasik, beste ezbehar zerebrobaskular bat ere nozitzen du. Bigarren iktus horren pronostikoa aurrenekoarena baino okerragoa da: hilkortasuna %20 - %35eraino iristen da eta ondorio latzak dituzten pertsonak %15 - %20ra heltzen da, gutxienez.

Prebentzio sekundariotzat hartzen da pazienteak, bizimodu berrian aritzeko, ohitura osasuntsu batzuk ikastea, hala nola erretzeari eta alkohola edateari uztea, oinez ibiltzea eta sabeleko gizentasuna suntsitzea. Sendagileak preskribatzen duenean, halaber, beste iktus bat nozitzeko arriskua arinduko duten botikak hartu beharko ditu: plaketen antiagregatzaileak (aspirinaren antzekoak, garuneko hodiren bat buxa dezaketen odolbilduak osatzea eragozten dutenak) edota estatinak (tentsio altuegia saihesten duten botikak), esate baterako.

Iktus unitatea, formula egokiena

  Neurologoek, tradizioz, errehabilitazioa "iktus unitate" izenekoetan egin behar dela berretsi izan dute; unitate horiek hainbat alorretako espezialistek osaturiko sendagile ekipoak dira: neurologoa (edo, horrelakorik ez bada, internista) izango da iktusa tratatzeko eta, beharrezkoa denean, bigarren iktusik gerta ez dadin botikak preskribatzeko arduraduna; errehabilitazioaren ardura daukan sendagilea, pazientearen ondorioak tratatzeko errehabilitazio programa taxutuko duena; eta beste hainbat profesional, hala nola fisioterapeuta, logopeda, terapeuta okupazionala eta neuropsikologoa. Osasun alorreko pertsonal horrez gainera, gizarte laguntzailea ere bertan izan dadin eskatzen dute aditu askok.

Errehabilitazioari lehenbailehen ekin behar zaio, pazientea egonkor dagoenean bertan, hots, iktusa nozitu eta handik 24 edo 48 orduetara. Horregatik hasten da ospitalean errehabilitazioa. Ahal bezain laster hasiko da fisioterapeuta lanean, lehen 24 ordu horietan. Lan goiztiar horiek biziki eraginkorrak dira: pazienteak irensten ikasiko du ostera eta, horri esker, konplikazio larririk ez da gertatuko, alderdi horretatik. Oraino ere iktus unitaterik ez duten ospitaletan, plantan sartzen den pazienteak ere fisioterapeutaren arreta hartzen du ahalik eta lasterren.

Pazienteak ospitaleko senda-agiria hartutakoan ere, errehabilitazioa egin beharko du era desberdinetako osasun zentroetan, etxean bertan, besterik ezinezkoa bada, edo anbulatorioan, oinez ibiltzeko gauza bada. Eguneroko bizitzan, ordea, prozesua ez da paperean agertzen den bezain arin eta erraza. Pazientea ospitaletik irten denetik errehabilitazio tratamendua aplikatzen hasi arte nolabaiteko koordinazio gabezia hautematen da: tratamenduaren etenaldi horrek pazientearentzat kaltegarri izan daiteke.

Noiz agertuko da iktusa?

 Iktusa bat-batean agertu ohi den arren, sintoma batzuek alarma-argiak pizten dituzte: krisia identifikatzen lagun gaitzakete eta, horrenbestez, horren ondorioak lehenago eta eraginkortasun handiagoz tratatzeko aukera ematen dute (artapenean berehalakotasuna funtsezkoa baita). Sintoma ohikoenak hauek dira:

  • Aurpegiko, besoko, zangoko muskuluak inurritzea edo gorputzaren erdia lotan bezala gelditzea
  • Bat-bateko nahasmendua
  • Oinez ibiltzeko bat-batean arazoak izatea, zorabioa, oreka edo koordinatzeko sena galtzea
  • Begi batean edo bietan ikusmena galtzea
  • Bat-bateko burukomina
  • Mintzatzeko edo ahoskatzeko arazoak
  • Bat-batean sekulako jakin-mina edo berebiziko zuhurtziazko jokabidea agertzea
  • Oroimena bat-batean galtzea

Ondoriak

  • Paralisia edo indarra galtzea:
    Hauxe da ezagunetan ohikoena. Gorputzaren erdiari, aurpegiari, besoari edo zangoari dagokio. Eguneroko bizimoduan ohikoak diren jarduerak (dutxa hartzea, elikagaiak irenstea) egitea galarazten du.
  • Mintzamenaren trastornoak:
    Hitzak osatzeko, ahoskatzeko edota esaten zaiona ulertzeko zailtasunak ditu gaixoak (disartria).
  • Orekaren trastornoak:
    Erortzeko eta zerbait apurtzeko arrisku larria, beraz.
  • Trastorno kognitiboak:
    Garuneko goi-funtzioak (arreta, kontzentrazioa, pentsamendua, oroimena...) ondorioak jasaten dituztenez, dementzia nozitzeko arriskua zortzi edo bederatzi aldiz handiagoa dute pertsona hauek.
  • Trastorno emozionalak:
    Iktusa nozitu duten pertsonek, maiz, depresio edo antsietate-koadroak agertzen dituzte, emozioak adierazteko zailtasunak dituzte, edo neurrigabe adierazten dituzte (labilitate emozionala).
  • Minak:
    Hainbat kausa direla medio (lesio neurologikoengatik, adibidez) mina izan dezake pazienteak.
  • Mugimendu-gabeziak edo mugikortasunik eza:
    Hori ere izan daiteke minaren kausetako bat, junturaren bat (belauna, adibidez) mugitu gabe edukitzearren.

    Iturria: Espainiako Neurologia Elkartearen Gaixotasun Zerebrobaskularretako Ikertaldea



  • Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

    Beste zerbitzu batzuk


    Bilatu

    Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

    Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

     EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

    EROSKI Fundazioa

    Validaciones de esta página

    • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
    • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
    • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
    • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto