Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Osasuna

Λ

Osasunari buruzko beste informazio batzuk: ORTOREXIA / Behar adina lo ez egiteak bihotzeko gaixotasunagatik hiltzeko arriskua bikoiztu egiten du / Gaueko dialisiak pazientearen bizi kalitatea hobetzen du / Txip genetiko / Alkohola hartzeak bularreko minbiziaren arriskua areagotzen du / Elkarrizketa: Giuseppe Mancia

Bi hitzetan

ORTOREXIA
Termino hau grezierazko ortho (zuzen) eta orexis (apetitua) hitzetatik dator. Janari osasuntsuaren alderako jokabide obsesibo-konpultsiboa da eta Steve Bratman estatubatuar sendagileak estreinakoz definitu zuen. Gaitz hori nozitzen duten pazienteek uste dute, biologikoki puruak diren elikagaiak bakarrik hartuz, era guztietako mesede fisiko, psikiko eta moralak jasoko dituztela. Obsesio horrek drogamenpekotasuna nozitzen duen gaixoaren pareko menpekotasuna eragiten die.

Gaztigatzean kalterik ez

Behar adina lo ez egiteak bihotzeko gaixotasunagatik hiltzeko arriskua bikoiztu egiten du

Estresak eta lan gehiegi egin ohi izateak loaldiari dagokion denbora murrizten dute. Behar bezala atseden hartzen ez duen jendeak, nekea eta sumindura nozitzeaz gainera, atseden hartzen duenak baino bihotzeko gaitzen baten ondorioz hiltzeko arrisku handiagoa dute, Warwick-eko (Britainia Handia) Unibertsitateak eginiko txosten baten arabera. Behar bezainbeste lorik ez egitea odol-presioa igotzearekin lotzen da eta hori, era berean, bihotzekoa eta ezbehar kardiobaskularrak nozitzeko arriskua larritzearekin. Ikerlan horren arabera, gaueko loaldia zazpi ordutatik bost edo gutxiagotara murrizten dutenek zazpi ordu lo egiten dutenek baino 1,7 aldiz aukera gehiago dituzte zeinahi arrazoirengatik hiltzeko eta, jatorri kardiobaskularreko gaitzengatik hiltzeko bi aldiz aukera gehiago. Ikerketak, beste aldetik, behar baino gehiago lo egitea ere ez dela komeni argitu zuen: ohean bederatzi ordu baino gehiago ematea hainbat arazorekin lotua dago, hala nola depresioarekin eta era askotako patologiengatiko akidurarekin.

Albisteak

Gaueko dialisiak pazientearen bizi kalitatea hobetzen du

Dialisia maiz gauez egiteak sintoma kliniko batzuk arindu egiten ditu eta giltzurrunetako gaitzak nozitzen dituzten pazienteen bizi kalitatea hobetzen du, Journal of the American Medical Association. aldizkarian plazaratutako ikerlan batek dioenez. Dialisia egiten duten gaixoek pairatzen duten bihotzaren ohiko handitze hori txikiagoa izateaz gainera, mineralen oreka eta arterietako presioaren jaitsiera erakusten dituzte gauezko dialisian ibilitako pazienteek. Gaueko dialisiak, gainera, giltzurrun-funtzioaren menpeko hainbat parametro ere hobetu egin zituen. Yaleko Unibertsitateak argitaratutako txosten baten arabera, horrelako pazienteek gaitz horrekin loturiko gaixotasunak nozitzeko duten arrisku gorria arin dezake gauezko hemodialisiak.

Txip genetiko batek kimioterapi tratamendu pertsonalizatuak hautatzeko aukera ematen du

Txip genetikoak silikonazko dispositiboak dira eta, ehun-lagin batean zein gene dagoen aktiboen erakusteko, piztu egiten dira. Hauxe da kimioterapia tratamenduetan baliatzeko asmatu den azken arma. Baliagarri diren aukera denetatik kasu bakoitzean zeinek funtzionatuko lukeen hobekien erakusteko tresna eraginkorrenak dira txip horiek. Aztertze pertsonalizatu hori minbizia tratatzeko modurik "adimentsuena da" Michigan-eko (AEB) Oncology Care Associates zentrokoek diotenez. Adituak bat datoz horretan: txip genetikoak dira jarraitu beharreko joera, terapia pertsonalizatuek kimioterapia konbentzionalak baino albo-ondorio gutxiago eragiten baitituzte, nahiz eta tumore guztietan ongi funtzionatzen ez duten.

Alkohola hartzeak bularreko minbiziaren arriskua areagotzen du

  Egunean hiru kopa edo garagardo, ardo zein bestelako edari alkoholdun gehiago hartzeak zigarro pakete bat erretzeak bezain larriki areagotzen du bularreko minbizia nozitzeko arriskua, Minbiziari buruzko azken Konferentzia Europarrean adituek adierazi zutenez. Ikerkuntzak frogatu du: minbizia garatzeko arriskuaz ari garela, alkohola hartzen zuten pazienteetatik, egunean edari alkoholiko bat edo bi hartzen zutenek kopa bakarra edaten zutenek baino %10 arrisku txikiagoa zuten; arrisku-aukera hori, aldiz, %30eraino igotzen zen egunean hiru kopatik gora edaten zuten emakumeen artean.

Elkarrizketa

 Giuseppe Mancia,Medikuntzako katedraduna. Milango (Italia) Unibertsitatea

"Zaharren hipertentsioa adinaren kontua dela mitoa da eta, halakotzat, baztertu beharra dago"

Hipertentsio arterialari dagokionean, mundu zabaleko liderretako bat da Giuseppe Mancia. Hipertentsioaren Europako Elkarteko (ESH) eta Hipertentsioaren Nazioarteko Elkarteko presidente izan da eta arrisku kardiobaskularrei buruzko gida terapeutiko nagusien idazketan parte hartu du.

Aspaldi-aspalditik esan izan duzu presio arteriala denok neurtzeko ohitura denok hartu behar dugula; egun, pediatretatik hasi geriatretaraino, denek betetzen dute zuk emaniko aholkua. Zorionak.

Hipertentsio arterialaz zenbat eta gauza gehiago ikasi, orduan eta konplexuago bihurtzen zaigu fenomeno hori ulertzea. Esku hartze klinikoa presoaren kontrol estandar soilera mugatu behar ez dugula ikasi dugu: arrisku kardiobaskularraren prebentzio markoan, pazientearen araberako helburuak ezarri behar ditugu, adierarik zabalenean... Lehenago uste genuen hori zaharren kontua zela baina, geroz eta maizago, gazte-gazteen kasu kezkagarriak ere ikusten ari gara.

Halaz ere, hipertentsioa nozitzeko arrisku-faktore nagusietako bat omen da adina, ezta?

Estatistikoki hala interpretatu da, hots, zahar askok odol presio altua dutenez, horiek "adin kontuak dira". Dena dela, zaharren hipertentsioa eta adina loturik daudela ez da egia, dagola mitoa da eta, halakotzat, baztertu beharra dago. Haren eboluzio fisiopatologikoa xehakapenez aztertzen badugu, argi ikusiko dugu hainbat trastorno bilakatuz doazela: alterazio metabolikoak, diana-organoen lesioa? Horien hipertentsioa ez da zahartzaroaren emaitza, aspaldidanik baitator, luzaroegi iraun duen kontrol gabeziaren ondorioz.

Hipertentsioaren alderdi okerrena: ez gara konturatzen.

Hipertentsio arteriala "hiltzaile isila" dela esan izan da. Sintomarik ez agertzeak (hipertentsio nabarmenenak izan ezik) aukera ematen digu kontrolari saihets diezaiogun eta, gainera, bihotzekoa mundu osoan hiltze-kausa behinena dela, eta bihotzekoaren kausa nagusia hipertentsio arteriala dela ahantz dezagun. Urte luzetan begiak itxita bizi izan gara errealitate horren aurrean eta, noski, ondorioak ordaintzen ari gara orain. Etengabe hobetuz doazen tratamenduei esker bizi asko salba daitezke egun, ñabardurak ñabardura.

Nolako ñabardurak?

Bizia salbatu baino areago, askotan heriotza geroratu egiten dugu. Ikuspegi politikotik okerreko pertzepzioa gerta daitekeen arren, egia horixe da. Tratamendu eraginkor baten bitartez prebenitu genituen krisien ondorioz, paziente horiek atzenean giltzurrunetako gutxiegitasuna garatuko dutenez, transplantea premia larriz egin beharko zaie edo betirako dialisiaren menpe egongo dira; hitz batez, heriotza giltzurrunetako kolapsoak ekarriko dien beldur eta arriskuarekin, orokorki. Horregatik errebindikatzen dugu, garuna eta bihotzaz gainera, giltzurrunak ere babestuko dituen ikuspegi terapeutikoa.

Horren unibertsala ote da hipertentsio arteriala? Ba al du inork esaterik "neu ez naiz behin ere hipertentsoa izango"?

Epidemiologoen ikerkuntzetako datuen arabera, Andeetako, Pazifikoko uharteren bateko eta Japonia iparraldeko populazio bakan batzuk bakarrik omen lirateke immune hipertentsio arterialaren aurrean, "etnien zoko" diren heinean. Halaz ere, tribu horien kulturak gure egungo dinamika sozialetik baino gertuago daude historiaurretik.

Hipertentsioa, beraz, "gaitz kultural" antzekoa dela esan liteke?

Teknikoki mintzatuz, ohartarazi behar dut: badira hipertentsoen genotipoak (gizakiaren gene-multzoa) eta fenotipoak (genotipoaren garapena giro jakin batean) baina, ikuspegi orokor batetik, onartu egiten dut ideia horren taxuera. Gure egungo bizimoduak aukerak ugaltzen ditu hipertentsio arteriala ager dadin hainbat faktore kontuan izaki: nola estresatzen garen, zenbat eta zenbat jaten dugun, zein ariketa gutxi egiten dugun, zenbat toxiko sartzen ditugun organismoan... Horixe dugu eguneroko ogia, hipertentsioa elikatzen duen ogia, alegia.

Hipertentsioaren aurkako borroka bizitzeko modua desberdina Atlantikoko kostalde batean eta bestean. Deigarria bada ere, Erroman aurkezturiko azterlanetako bat bitan banatua dago: bata, AEB-ko populazioarekin eginikoa; bestea, Europako populazioarekin.

Bai hipertentsioa ulertzeko forma, baita tratamenduari ekiteko modua, biak ere desberdinak dira. Horregatik, betidanik eredutzat harturiko Estatu Batuetako gidetatik irten eta arrisku kardiobaskularraren "europar erarako" tratamendu-gida osatzearen aldeko agertu zen Europako Hipertentsioaren Elkartea 2003 urteaz geroztik.

Ikuspegi zientifikotik horrek ez du hanka, ez buru. Amerikako Estatu Batuetako populazio gehientsuena europar genotipoetatik dator...

Baliteke Britainiar Uharteetan edo Eskandinavian amerikar ereduak aplikatu ahal izatea baina horrek proiekzioak ez du funtzionatzen Europa hegoaldean, beste parametro batzuk hartu behar dira horretarako. Hemen ere adiera hartzen du hipertentsioa gaitz kulturaltzat jotzeak. Jatorri primitiboan hipertentsioa nozitzeko arriskurik ez zuten afrikar, amerikar edo asiar etnia batzuek hipertentsioa nozitzeko bizimodua hartu dute Estatu Batuetara emigratu dutenean eta, atzenean, odol presio-indizeak zeruetaraino doazkie.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto