Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Ingurugiroa

Λ

Korala hiltzen ari da

Aldaketa Klimatikorako Gobernuen arteko erakundeak ohartarazi du: egoera hobetzen ez bada, koralezko arrezifeak 40 urtean desagertu egingo dira

  Suntsitzeko arriskuan dago koralezko arrezifea, planeta honetako ezezagunenetako bat. Hiritar gehienentzat korala lepokoak eta belarritakoak egiteko lehengaia ez ezik, Pazifikoko kostaldeetako turismoaren erakargarria baizik ez da. Aspaldi honetan, ordea, itsas biodibertsitatearekin eta ingurunearekin loturiko beste zenbait alderdi onuragarriren berri ezagutzen hasi gara, eta, jakina, ezagutza hori areagotu ahala, koralaren galera ere aurrera doa.

Ingurugiroaz NBE-ren Programako (INBEP) azterlan batek erakutsi duenez, koralen ia herena desagertu da eta 2030 urterako %60raino desagertzea aurreikusia dago. Bestetik, Ipar Carolina-ko (AEB) Unibertsitateak aresti eginiko ikerketa batean (EE.UU), planeta osoko koralen hiru laurdenak dauzkan Indo-Pazifiko eskualdean koralezko arrezifeen endekapen-abiadura aztertu da. Emaitzak aurtengo abuztuan PLoS aldizkari zientifikoan plazaratu ziren eta espero zitezkeenak baino okerragoak dira. Ikertzailek diotenez, 1997z geroztik urtero-urtero eskualde horretan 3.168 kilometro karratu galtzen ari dira. Beste iturri batzuen arabera, planetako koralen erdia kolapsoa nozitzear dago.

Biodibertsitate itzela

Zifra horiek itsas paisaia paregabe baten galera baino askoz ere gehiago adierazten dute. Itsaspeko baso antzekoak diren arrezife horietan itsas organismo askok, arrainkumeek batik bat, harraparien aurkako babeslekua dauzkate. Horregatik arrezifea itsas biodibertsitatea eta arrantza-baliabideak iraunarazteko funtsezko osagaia da. Eginkizun horrek berebiziko garrantzia dauka garatzen ari diren herrialde askotan: hauetako ur aratz urdinek nutriente gutxi dagoela argi eta garbi adierazten baitute. Horrelako kostaldeetan biztanleria elikatzen duen arrantzak arrezife horiexek ditu euskarri.

Koralezko arrezifea planetako ekosistemarik oparoenetako bat da: NBE-ren Atlas Ozeanikoaren arabera, egundaino horietan 4.000 arrain espezie eta 800 koral mota aurkitu dira. Adibide paradigmatikoa Australiaren aurrean dagoen Koralezko Hesi Handia dugu, munduko koralezko arreziferik handiena: bertan 1.500 arrain espezie, 4.000 molusku, 700 koral espezie eta 272 itsas hegazti katalogatu dira; horiek ez ezik, dortoka, izurde eta bale espezie ugari ere bizi dira inguruetan.

Zenbaki horiek adierazten dutena ulertzeko, kalkuluak egin dira: Mediterraneoak, bere dibertsitate osoan, ez du Koralezko Hesi Handiaren arrain espezieen oparotasunaren laurdena ere. Itsasertza babesten du arrezifeak, uhin eta ekaitzen efektuetatik. Adituek aresti idoro dutenez, medikuntzan baliatzen diren elementuen ?birusen aurkako konposatuak edota minbizia tratatzeko molekulak, adibidez? iturri paregabea da.

Arrezifeak, arriskutan

Koralezko arrezifeak oraintxe nozitzen duen mehatxu bat gehiegizko harrapaketa da. Korala aspaldi-aspalditik bitxigintzan arras preziatua izan denez sekulako sarraskiak egin zaizkio eskualde askotan. Arrezife horietan bizitokia duten eta algez elikatzen diren arrainen gehiegizko arrantzak alga horien ikaragarrizko ugaltzea ekarri du, desoreka hori koralentzat biziki kaltegarria izaki. Galera areagotzen duen beste faktore bat, arrantzan lehergaiak baliatzea da: zeharo debekatua dagoen arren, Afrika eta Indonesiako uretan oraindik baliatzen denez, hori bertako korala galtzen ari da. Uretako kutsadura eta itsasertzeko kontrol gabeko urbanizazioa ere lagungarri gertatzen dira koralezko arrezifearen suntsipenean.

Dena den, koralezko arrezifearen endekapenean bada erabateko eragina duen faktore bat: klima aldaketa, hain zuzen, Ingurugiroaz NBE-ren Programako (INBEP) eledunen arabera. Klima aldaketaren ondorioetako bat korala zuritzea da. Ura berotzean, bera koloratzen eta elikatzen duten alga mikroskopikoak kanporatu egiten ditu koralak. Korala, izan ere, polipo baten eta alga-komunitate baten arteko sinbiosia da. Polipo hori (marmoka itxura duen milimetro gutxiko organismoa), uretako kaltzioa baliatuz, kare-egitura zuriak osatzeko gauza da. Koralak agertzen dituen koloreak, izan ere, berak estaltzen dituzten alga mikroskopikoenak dira: hauek egitura osatzen laguntzen diete eta, fotosintesi bitartez, nutrienteak ematen dizkiete. Ura berotzearen ondorioz algak desagertzeak, beraz, korala zuritu eta hiltzea dakar, arrezife asko-askotan hautematen ari den bezala. Koralezko Hesi Handiaren egoera zaintzen duten Australian Koral Reef Society elkarteko kideek azaldu dutenez, 2001 urtetik hona Hesi Handiko koralen ia %95 zuritu egin da.

Ur azidoak

Klima aldaketarekin loturiko beste mehatxu larri bat uren azidotzea da, itsasoan dagoen karbono-dioxidoaren (CO2) kontzentrazioak eraginik. CO2 itsasoan disolbatzen denean sortzen den karbono-azidoa, maila jakin batetik gora, koralen kaltziozko estrukturari ez ezik, kaltziozko babes-oskolak dauzkaten gainerako organismoei korrosibo gertatzen zaie.

Itxaropenak ez dira onak. Aldaketa Klimatikorako Gobernuen arteko erakundeak ohartarazi du: egoerak hobera egiten ez badu koralezko arrezifeak hogei urtean desagertu egingo dira. Adituen arabera, geratzen dena babestu egin daiteke oraino baina bizi-bizi jardun beharra dago: baldintza hobezinetan ere, koral mantso hazten da (urtean milimetroren bat baino ez). Geratzen dena suntsitzen bada, oso litekeena da korala berreskuratzea ezinezko bilakatzea.

Babes jarduerak

Koralezko arrezifeak babesteko neurrietako bat hartu dute Mehatxupean dauden Flora eta Fauna Espezieen Nazioarteko Merkataritzari buruzko Konbentzioa sinatu duten 171 herrialdeek: bitxigintzan preziatuenak diren gorri eta arrosa koloretako koralen salmenta arautuko dute, hain zuzen. Hemendik urtebetera indarrean sartuko den hitzarmen horren arabera, koral hori merkaturatzea baimenduko da baldin eta horrek espeziearen ugalpena arriskutan ipintzen ez badu. Kontsumitzaileak ere korala zaintzen lagun dezake, hitzarmen betetzen ari ote den galdetuz (erositako korala Konbentzioa sinatu ez duen herrialdeetako batetik baldin badator oso litekeena da hitzarmena ez betetzea).

Babespen horretan laguntzeko beste modu bat turismo arduratsua egitea da: korala oroitzapen turistiko gisa ez erostea edo, urpekaritza jardueretan aritzen bada, itsasotik erauzteko tentazioari buru egitea. Zeharka ere lagun daiteke, jakina, klima aldaketan eragin larria izatearren, koralezko arrezifeentzat biziki kaltegarriak diren CO2 gasaren emisioak murrizten lagunduko duten ekimenetan esku hartuz.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto