Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Psikologia

Λ

Itxarotearen zama astuna

Psikologoaren figura laguntzaile izatea funtsezkoa da erraz sendatzen ez diren gaixotasunak diagnostikatu, tratatu eta kontrolatzeko prozesuan suertatzen diren zailtasun eta gorabehera latzei aurre egiteko

 Itxarotea ez baita samurra. Are eta gutxiago oraino aditu nahi ez den notizia jasotzeko beldurra tartean dabilenean. Nekez osa daitezkeen gaitzak -eta, bitartean endekapen fisiko nabarmena edo gaitasun sentsorial eta kognitiboen galera egokitzen direlarik- agertzen direnean horrelako egoerei pertsona eta familia askok egin behar izaten diete buru. Tentsio hori, jokabide-aldaketa nabarmenak dakartzan emozionaltasunaren balizko aldarazketarekin batera, denboren bestelako kudeaketa gisara ere azaltzen da, gaixotasunaren etapen -tratamenduaren, kontrol-tarteen eta itxaronaldien- arabera. Fase horietan denetan psikologo klinikoaren figura laguntza biziki baliagarria da zailtasun eta larrialdi emozionalak gainditu ahal izateko: hauek, behar bezalako neurriekin hartzen ez badira, depresio bilaka daitezke-eta.

Trantsituak egiteko etapa

Hasierako diagnostikoa egin denetik lehen proba klinikoek gaixotasunaren izaria egiaztatu arte erraz luza daitekeen prozesu honen hastapenean, "gaixo bat naiz" izango da pentsaera nagusia, baina besteen aurrean ezkutatu egin ohi da. . Horrela gertatzen da onkologian eta beste hainbat espezialitatetan: "ni pertsona" izatetik "ni minbizi" izaterako eta, ondoren, "ni minbiziak nago" estadiorako trantsizioak gertatzen dira.

Batetik besterako trantsizio horren ondotik bigarren zikloa dator: honetan optimista (are euforikoa ere) eta lur jota egotea tartekatzen dira. Aurrenekoetan, pazientea laguntzaile agertzen da, gaitzari borroka egiteko prest. Sendatzeko edo, gutxienez, luzaro bizi-kalitate duina izateko itxaropena ohi du gaixoak. Aldi berean, etsipen arin edo larriagoa ere erakusten dute, norberak albiste txarrak jasotzeko izan dezakeen gaitasunaren arabera. Tratamenduaren latza, onkologian bereziki, edo aurreikusiriko eboluzioaren segurantziarik eza izaten da etsipen horren kausa

Senitartekoek eta adiskideek ez dute beldurtu behar gorabehera horiek ikusita. Adituek logiko ikusten dituzte bi zikloak, gaixotasunaren baitan. Pazienteak ikuspegi horixe partekatzearen arabera motel edo biziago kolaboratuko du proposatuko zaizkion tratamendu terapeutikoetan. Eta hori funtsezkoa da, eskuarki terapia horiek luze eta estresagarriak izaten direlako eta oso litekeena da albiste onik ez izatea tarte luze batean. Psikologo klinikoa orduantxe gerta daiteke lagungarri gaixoaren aldartea suspertzeko eta sendagilearen eta pazientearen arteko harremana errazteko.

Itxaronaldiak

Adituak, dena den, bat datoz, pazientea -bere egoera zeinahi dela ere- beti zain dagoela adieraztean: osasun zentroan sartzen denetik diagnostikoa ematen zaion arte; ordutik tratamendua hasi arte; honakoa bukaturik, hurrengo kontrola eta honi dagozkion miatze-probak egin arte. Ez da harritzekoa, hortaz, fase horietan antsietate koadroak edo, areago, depresio sintomak agertzea. Horregatik prestaturik egon behar da, laguntza psikologikoa bideragarria, eskuragarria eta baliagarria dela jakin beharra dago.

Damoklesen sindromea

Horrelako gaixoek eta, orokorki, zalantzazko etorkizuneko gaitza osatzeko tratamendu kronikoa hartzen ari diren guztiek bereizgarri bat dute: denboren gestio eskasa. Psikologo kliniko zenbaitek arazoaren muinean Damoklesen sindromea ikusten dute: gaixoaren gogoan eskegita dago, Damoklesen ezpata bezala, albiste txarra hartzeko beldurra, hala nola terapiak arrakastarik ez izatea, gaixotasuna berpiztea edo gutxiagotze fisiko edo kognitiboengatiko bizi-kalitaterik galtzea, etab. Inpaktu emozionala behar bezala gestionatzen ikastea lagungarri gerta daiteke gaixoaren jokabidea nolabait normaltasunezko norabiderantz berriro zuzentzeko eta, noski, sendagilearen informazioa eta honen ondorioak hobeki interpretatzen laguntzeko. Profesionalaren laguntza beti da mesedegarri.

Diagnostikoari aurre egitea

 Gaixotasun larri bati buruzko diagnostikoaren zain egotea ahulezia emozionalak markatzen du beti. Hona hemen itxaronaldi horri buru egiteko hainbat jarraibide.

Diagnostikoa jasotzeak ez du inolako loturarik balizko gaitzaren eboluzioarekin. Gaixotasuna hor bada, hor ibiliko da, bere erritmoan bilakatuz.

Proba egiteko data geroratzean baliteke aukera terapeutikoen eraginkortasuna ahultzea; interesatuak, bere aldetik ez du lortuko kezka burutik kentzea.

Beldurra eta ziurgabetasuna bidaide ezin txarragoak dira: pertsona zapuztu, tristatu, goibeldu egiten dute. Horrek, azkenean, interesatuaren eta bere ingurukoen bizi kalitatea hondatu egiten du.

Kinka larriei aurre egiteak (lasai, bare edo ahal den moduan) eta arazoak heldutasun eta arduraz jasotzeak pertsona sendotu, irmotu egiten du, bere buruarekin konfiantza handiagoa izateko kemena ematen dio, auto-estimazioa suspertu egiten dio.

Itxarongela

Itxarongelak, iritziak iritzi, adiera positiboa har lezake gaixoarentzat. Minutu gutxiren buruan egin daitekeen kontsultaren zain orduak eta orduak itxarotea biziki latza bada ere, baliteke pazienteak tarte hori "bere tartetzat" hautematea. Ordu luze gogaikarri eta esker txarrekoak diren arren, bila dabilen erantzunaren osagai dira. Kontsulta osasun-zentrora iristean hasten da eta bertatik irtetean amaitzen da. Tarte horretan daude paper-mordoak eskatu, bete eta entregatzea, probak programatzea, emaitzak jasotzea eta espezialistarenganako bisita bera. Antzeko egokiera bizi duten beste pertsonekin denbora-tarte bat partekatzearen pareko da, hitz batez.

Tarteak eta tarteak

Itxaronaldi batzuk ez dira bat ere atseginak. Espezialistaren kontsulta egun batzuetarako geroratzen bada, adibidez. Sendagilearengandik diagnostikoa berrestea edo, bestela, denak berdin-berdin segitzen duela aditzea espero dugu. Adierazi zaigun kontsulta-data horrek oraingo etapa itxi eta hurrengorako ateak zabalduko dizkigu. Egutegian data hori mugitzeak, beraz, egonezin eta urduritasuna sortarazten dizkigu. Egoera jakin batzuetan antsietate edo depresio egoera areagotu egin dezake; beste batzuetan, aldiz, askapenaren pareko da: kontsultako emaitza zeinahi dela ere, badago berehalako etorkizuna aurreikustea.

Etorkizunaren beldur

Paziente onkologiko asko etorkizunaren beldur dira, sendatzetik gertuko etapetan, bereziki, agertzen denez, kontrol batetik besterako tarteak luzeagoak direnean. Bisiten arteko tarte horiek luzatzean (hiru hilabetetik sei hilabetera, seitik urtebetera eta, horrela, bost urtera arte) kontrola galdu izanaren sentsazioa agertzen da. Sentsazio hori bera -behin-behinekoa, oro har- azaltzen da tratamendu luze bat amaitzean edo ospitalean tarte bat eman ondoren. Pertzepzio negatiboa denbora pasatu ahala ezabatuz doan arren, sendagilearen laguntza eskatzeari ez zaizkio ateak itxi behar.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto