Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Etxe-garbigarriak: Garestienetako batek ia-ia ez du garbitzen

Hobe da arreta jarri eta ondo aukeratzea: alda handiak daude batetik batera, prezio, osoko kalitate eta garbitzeko gaitasunean

 Jele zein likido gisa merkaturatzen diren etxe-garbigarri likidoek berdin-berdin balio dute komuna, sukaldea edo baldosadun zoruak ikuzteko. Etxeko garbiketa-lanetan zernahitarakoak dira. Oraingoan, erabilera generikoko zazpi etxe-garbigarri likido eta jele laborategian aztertu eta praktikan probatu dira. Horien prezioak, litroko, 1,28 eurotik (Vim) 2,64 eurora arte (Cillit Bang) doaz. Litro eta erdiko ontzietan merkaturatzen dira, Estrella (1,1 litro) eta Brillax (1 litro) izan ezik. Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena Ajax laginak ematen du: merkeenen artekoa, gehien eta hobekien garbitzen duenetako bat eta kalitate on-ona erakutsi zuenetako bat, gaitasun detergente eta koipegabetzailearengatik.

Lehen-lehenik, segurtasuna

Produktu hauek ez dute beren burua desinfektatzailetzat agertzen, Brillax laginak izan ezik (bakterizida dela dio, baina ez du zehazten eginkizun hori betetzeko behar duen denbora, ezta produktu kopurua ere). Estrella laginak, etiketako letra txikian, desinfektatzaileen gaineko arau bati buruzko aipamen nahasgarri eta osatugabea ematen du, kontsumitzailearen kaltetarako izan daitekeena. Zazpiek beren ontzietan segurtasunari buruzko ezinbesteko argibideak ematen dituzte. Brillax eta Vim laginek ez dute aipatzen ontzian kontserbatzaileen izen kimikorik.

Estrella eta Brillax laginen botiletako estalkiak erosoenak diren arren, ez dute balio produktua neurtu eta dosifikatzeko, gainerakoek ez bezala. Horien etiketa nahasgarriek, gainera, ez dute bat ere errazten produktu disolbatua dosifikatzeko prozesua: Estrella laginaren arabera, edalontzi bat erabili behar da; Brillax-en esanetan, "kopuru txiki bat". Tenn laginaren ontzia nabarmendu da, produktua tantaka erortzea galarazten baitu.

Zazpi etxe-garbigarriak likido garbi, perfumatu eta pikorrik gabeak dira. Cillit Bang, Ajax eta Tenn berde kolorekoak dira; Don Limpio, Estrella eta Vim, urdinak; Brillax, margul edo kolorgea. Denek antzeko dentsitatea dute: 0,987 gramo mililitroko (g/ml) (Brillax) eta 1,014 g/ml (Estrella) artean dabil. Azidotasun gradu edo pH faktorea, berriz, desberdinagoa dute: Cillit Bang, Don Limpio eta Tenn aski basikoak dira (pH altua, 9,7 eta 11 artekoa); Estrella eta Vim azidoak (pH apala, 4,5 eta 4,9 artekoa); Ajax eta Brillax, neutroak (6,4 eta 7,3 arteko pH). Koipearen kontrako egintzan pH basikoa eraginkorragoa izanik, zerbatik marka batzuek aukeratu dute formula azidoko produktua sortzea? Horrela bakarrik kontserba daiteke produktu hauek daukaten hidrogeno-peroxido (edo ur oxigenatu) izeneko substantzia ikuzgarri eraginkorra.

Garbitzen duten substantziak

  Estraktu lehorrak produktuak zenbat ur daukan adierazten du. Estraktu lehor gehiagok ez du derrigorrez esan nahi produktua eraginkorragoa dela, oso litekeena baita substantzia horiek mineral gatzak edo koloratzaileak izatea. Tenn da estraktu lehor gehien daukan lagina (%5,7), ondotik Ajax (%5,4) eta Don Limpio (%5 datozkiola). Ur gehienekoa, berriz, Vim (%1,6). Produktuen kalitatea baloratzeko unean materia aktiboaren (hots, ikuzten duten agenteen) proportzioak datu zehatzagoak emango dizkigu. Horregatik produktu-kopuru berbera duten etxe-garbigarri batzuk eraginkorragoak dira, gehiago irauten dute edo apar gehiago egiten dute. Denetan hoberenak Tenn (edukiaren %5,1 materia aktibo) eta Ajax (%5) dira; txarrena, askoz ere, Vim (%0,6).

Produktu hauen oinarria partikula tentsioaktiboak dira, berorietan baitatza ikuzteko ahalmena. Tentsioaktibo anionikoek orbanak erauzteko ahalmen-aukera zabala dute eta apar asko eragiten dute, gainera. Horrelakoak daude Tenn (%3), Ajax (%1,9) eta Don Limpio eta Vim (%0,3) laginetan. Xaboia ere tentsioaktibo da baina geroz eta gutxiago baliatzen da (Don Limpio eta Tenn laginek bakarrik daukate). Tentsioaktibo ez-ionikoek anionikoen egintza indartu egiten dute eta koipearen aurrean eraginkortasun handia erakusten dute. Ohikoenak dira eta Don Limpio, Cillit Bang eta Ajax laginek honelakoak edukiaren %3tik gora dauzkate; Brillax, Ten eta Estrella laginek %2 daukate eta Vim da osagai horretatik gutxien daukana (%0,3). Desinfekzioa tentsioaktibo kationikoei esker lortu daiteke (Estrella eta Brillax) baina anionikoekin elkartezinak dira, elkar indargabetzen dutelako.

Karearen aurka

Ura "gogorra" dela esaten da bertan mineral gatz asko -kaltzioa, magnesioa, burdina, manganesoa, etab.- disolbaturik dabiltzanean. Ur hori lurruntzen denean karea geratzen da bertan, hots, kanila, manpara eta aparatu sanitarioetan geratu ohi den lorratz zurixka mineral ezagun hori, suntsitzen zail-zaila. Don Limpio, Ajax, Vim eta Tenn laginek gatz horiek "bahituz" karerik sor ez dadin berariazko formulak dauzkate.

Disolbagarriek bi funtzio dituzte: etxe-garbigarriaren osagaiak disolbatzea, eraginkorrak izan daitezen, eta gantzezko orbanak disolbatzea, ondoren eraz erauz daitezen. Disolbagarriak dauzkate Brillax eta Tenn laginek, baita Cillit Bang-ek ere (baina azken honetan disolbagarrien presentzia hutsaren hurrena denez, eraginkortasuna auzitan jarri beharra dago). Agente zuritzaileek orban gogor batzuk -kafea, fruta...- kentzen laguntzen dute. Horretarako ur oxigenatua (hidrogeno-peroxidoa) baliatu ohi da, aldi berean desinfektatzaile ere baita. Zazpietatik Estrella eta Vim laginetan soilik aurkitu da.

Erabilera proba

Produktu horien osaketa nolakoa den jakitea alferrikakoa da, orbanen aurrean produktu horien eraginkortasuna balioztatu ezean. Hori frogatzeko, altzairu herdoilezinezko plaka batean koipea ipini eta plaka labean berotu zen, harik eta orbana lehortu zen arte. Zikindutako plaka horiek produktu hutsez (hots, uretan disolbatu gabe) beterik zegoen eta etengabe mugitzen ari zen ontzi batean sartu ziren. Ondoren, plakak labean lehortu ziren ostera. Era horretan, plakak lehenago eta ondoren pisatuz zehazten da zenbat koipe desagertu duten (igurtzi gabe, likidoa inguruan mugitzen ari dela bakarrik). Proba hori produktu bakoitzari hirutan aplikatu zitzaion. Cillit Bang (orbanaren %66 garbitu zuen) izan zen hoberena eta "oso egokia" kalifikazioa irabazi zuena. Don Limpio (%59), eta Ajax eta Tenn (biek %57) "egokiak" izan ziren. Estrella eta Vim (biek ere, orbanaren %36 kenduta) laginek eraginkortasun dezente apalagoa erakutsi zutenez, "zuzen" kalifikazioa soilik eraman zuten. Hona, erdipurdiko emaitza horren balizko zurigarri bat: horien testura jele batenaren antzekoa denez, espartzu edo belaki batekin igurztea eskatzen dute, eginkizuna zuzen beteko badute. Brillax laginak orbanaren %8 baizik kendu ez zuenez, ez zuen proba gainditu.

Detergentzia ahalmena (koipez bezalako orbanak ikuzteko gaitasuna) hautemateko ere aurreko proba egin zen (hirutan, era berean) lurrezko orban bat ipiniz eta etxe-garbigarria disolbaturik, fabrikatzailearen argibideak beteaz. Tenn da "oso egokia" kalifikazioa jaso zuen bakarra: honelako orbanen %73 kendu zituen. Don Limpio (%60) "egokia" da; Ajax (%55), Cillit Bang (%44) eta Vim (%42) "zuzen" baino ez dira eta Estrella (%35) eta Brillax (%30) laginek eraginkortasun ahulena agertu dute.

Lorratzak eta erasokortasuna

Emaitza horiek, garbigarriek ukitzen dituzten materialak azkenean hondatzen dituen formula erasokor baten bidez erdiesten dituztela egia ote den jakiteko, produktu bakoitzaren dosi handi bana aplikatu eta bertan utzi zen 24 orduz, erreakziona zezan zeramika sanitarioan, silikonazko, kautxuzko, binilozko lotunetan, estratifikatuan eta akriliko sanitarioan. Urez garbitutakoan, epe horretan azalera bakar bat ere hondatu ez zela egiaztatu zen. Garbitutako ispilu batean arrastorik utziko ote zuten egiaztatu nahi zen, era berean: Don Limpio eta Ajax izan ziren hoberenak, inolako arrastorik utzi ez zutelako. Denetan txarrena Cillit Bang izan zen, lorratz nabarmenak laga zituelako ispiluan.

Orbanen aurkako eraginkortasunez haratago ere, kontsumitzailek oso kontuan hartzen duten alderdietako bat usaina da. Honen intentsitatea (ez gara kalitateaz ari, honakoa subjektiboa baita) "neurtzeko", ur berotan disolbaturik detergente bakoitzak zuen usaina aditu eta puntuatu zuten hogei adituk. "Oso perfumatua" bakarra izan zen: Ajax; adituei gutxien gustatu zitzaiena, aldiz, Estrella. lagina

Osoko kalitatea

Osoko kalitatea finkatzeko, analisi bakoitzari emaniko garrantziaren arabera sailkatu ziren. Kalifikazioaren %30 koipea kentzeko gaitasunak eta ahalmen detergenteak dute; %15 usainak; aparrak eta lorratz-kopuruak %10na; materialen aurkako erasokortasunak %5. Harrigarria bada ere, lagin bakar bat ere ez zen "oso egokia" kalifikazioa erdietsi. Tenn, Ajax eta Don Limpio izan ziren hiru hoberenak (?egokia"). Vim, Cillit Bang eta Estrella, "zuzen" baino ez. Proba gainditu gabe utzi du Brillax laginak, orbanak eta koipea kentzeko eraginkortasun ahula agertu duelako, batez ere.

Aparrak garbitzen al du?

Aparrak ez du garbitzen. Frogatu ere, ez du frogatzen detergenteak elementu garbitzaileak dituela. Baina kontsumitzaile gehien-gehienek bitsa etxe-garbigarri on baten ezinbesteko osagaitzat jotzen dute. Badirudi, arrapo hori harrotzen ez bada, garbitzeko garaian indarrik ez duela izango, baina errealitatea ez da horrela. Datu ona ez dena, berriz, aparrari suntsitzen kostatzea, luze irautea, alegia, horrek urez garbitzea eragotzi egiten duelako.

Bitsa garbitasunaren seinaletzat hartzeko pertzepzio hori arras zabaldua dagoenez etxe garbigarriek zenbat arrapo sor dezaketen eta apar horrek zenbat denbora behar zuen suntsitzeko balioztatu behar izan zuen laborategiak. Apar gehien sortzen zuten produktuak eta azkarren ezabatzen ziren aparrak hobetsi egin ziren. Baina proba honetan laginek ez zuten nota ona lortu. Bera gainditu zuten bostetatik ("zuzen" izan zen kalifikazio altuena), Don Limpio laginak ia ez zuen bitsik eragin; Tenn, Estrella, Brillax eta Vim produktuek arrapo gehiegi zuten, eragiten hasi zenetik bost minutu igarota ere. Ajax eta Cillit Bang laginek ez zuten proba gainditu: apar gehiegi sortu eta hortxe iraun zuen, desagertu gabe.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto