Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Erakunde batek aplikatzen dituen komisio guztiek, produktua kontratatzeko unean bezeroak izenpetu zuen kontratuan agertu behar dute
Neoizko argirik gabe bada ere, banketxe askotako "Zero komisio" iragartzen duten letreroek aspaldi honetan berebiziko interesa harrotu dutenez, oinarrizko zerbitzuengatik -transferentziak egin, txekeak kobratu, kontu korrontea edukitzea, etab.- ez ordaintzeak erakarrita sentitzen diren aurreztaile askok arreta horietara zuzendu dute. Hau ote da, ordea, bankuen komisioen amaieraren hastapena? Inondik ere ez, noski. Estimazioek diotenez, Espainiako bankuetako bezeroen %15 inguru horrelako kanpainaren baten onuradun dira; kanpainek, jakina, hainbat betebehar ere ezartzen dituzte, hala nola nomina eta hainbat errezibo helbideratzea eta bankuan gutxienez urte eta erdiko epean edukitzeko konpromisoa hartzea, adibidez. Halaz ere, sustapen hauetatik kanpo beste hamaika komisio dabiltza: horietantxe dute banketxeek mahuka eta pagotxa. Pentsio plan bat mantentzeagatiko, inbertsio fondoak kudeatzeagatiko, gordailu bat baliogabetzeagatiko, hipoteka kapital bat amortizatzeagatiko, kontuan zorpekoak izateagatiko, nomina helbideratzegatiko... tarifak: sustapenezko kanpainetan sartzen ez diren komisioen zerrenda amaigabea da, geroz eta luzeagoa, eta ederki esplikatzen du horrek banketxeak kontzeptu honen bitartez sartzen ari diren dirutza ikaragarrien zergatia.
Urteko lehen sei hilabetetan, Espainiako bost banku handienek 4.001 milioi euroraino sartu zituzten komisioengatik, hots, aurreko urtean eskuratutako 3.558 milioi haiek baino %12,4 gehiago. Erakunderen batek 206 baino %20 gehiago irabazi du kontzeptu horrengatik.
Komisioak ordaintzea, askotan, saihestezina bihurtzen da; halaz ere, horretan ere erabiltzaileak baditu hainbat eskubide: hauek ezagutu eta egikaritu egin behar ditu, gehiegikeriarik gerta ez dakion.
Horrela derizte banku eta aurrezki kutxa batzuek oinarri-oinarrizko zerbitzuengatik (erabiltzaile guztiek baliatu ohi dituztenak) aplikatzen dituzten komisioei. Kontua edukitzearren, txekeak kobratzearren, transferentziak egitearren... kobratzen diren komisioak dira horiek. Sustapen kanpainak gorabehera, erakundeak geroz eta garestiago ipintzen ari dira zerbitzu horiengatiko prezioak. Zer egin liteke oinarrizko zerbitzuengatiko ordainketa horiek saihesteko?
Nola murriztu honelako komisioen kostua inbertsio produktuetan?
Inbertsio produktuengatiko komisioen kobrantza, ordaintze baliabideekin batera, finantza erakundeentzako segmenturik errentagarrienetako bat da. Negozio-atal honetan ere lehia bizi-bizia den arren, komisioa jaisteari buru egiten diote erakundeek. Halaz ere, produktuen aukera zabala denez, oso posible da komisio arras desberdinak dituzten inbertsio edo pentsio plan berdin-berdintsuak (inbertsio politikaz, errentagarritasun-itxaropenez, etab.) topatzea. Erakunde handienek, orokorki, askoz ere tarifa garestiagoak aplikatzen dituzte (legeak baimendutakoen mugan, gehienetan) eta aurrezki kutxa edo elkarte espezializatu txikiek (gestorak, aseguru-agentziak, etab), aldiz, antzeko produktuak dezente merkeago kudeatzen dituzte. Zure fondoak komisio garestiak aplikatzen baditu, araka ezazu merkatua. Antzeko zerbait aurkituko duzu, seguru, prezio merkeagoan. Pentsio planetan komisioen eragina izugarria da azken errentagarritasunean.
Esate baterako, urtean 150 euro inbertitzen ari diren bi partaidek 30 urtetan antzeko ezaugarriak (errenta finkokoak, urteko errentagarritasun-itxaropenak %3koak izaki, etc) dituzten bi pentsio planetan, azken kapitalean alde handia (ia 1.000 eurokoa) topatuko dute, plan batetik bestera %1eko komisio-aldea baldin badago. Esate baterako, lehen inbertitzaileak (%1eko komisioa ordaintzen duelarik), 30 urteen buruan 6.176 euroko kapitala metatuko luke; bigarren inbertitzaileak (%2ko kudeatze-komisioa ordaintzen duenak) 5.219 euro baizik ez luke izango.
Burtsan arituz gero, komisioen kobrantza murrizteko forma egokietako bat Internet bidezko bankuren baten bitartez jardutea da. "On-line" balioen salerosketengatiko komisioak erakunde tradizionaletan baino %20 merkeagoak izan daitezke bertan.
Erakundeen diru-emari oparoenetako bat hipotekak direnez, maiz banketxeak bezeroekin baldintzen hobekuntzak negoziatzeko prest egoten dira hauek beste erakunde batera joan ez daitezen. Une hauetan, azterketa egitearren (bezeroari erakundeak mailegua eman diezaiokeen ala ez kalkulatzearren, alegia) komisiorik ez kobratzea da joera orokorra. Irekierako, epea bete aurretik baliogabetzeko eta amaierako komisioak, aldiz, arras desberdinak dira. Hipoteka irekitzearren, tarifa %0 eta %1,5 artean dabil, interes aldagarriko hipoteken kasuan eta %3raino doaz interes finkoko hipoteketan. Hipoteka partzialki edo osorik indargabetzearren, ordaintzeko dagoen diru kopuruaren %0 eta %2 artean dabil komisioa. Subrogazioagatiko komisioak, berriz, %2,5era irits daitezke aise.
Nola murriztu maileguengatiko komisioak?
Tarifa egokiak lortzeko modurik hoberena, banketxearekin negoziatzea da. Negozio-adar honetan dagoen lehia bizia dela medio, erakundeak dira bezeroa kontserbatzeko eta baldintza interesgarriak eskaintzeko interes handiena dutenak, bere dirua hartu eta beste batera joan ez dadin. Negoziatu beharrekoa, gainera, ez da komisioa bakarrik. Interes tasa ere negoziatzeko modukoa da. Egun, erakundeek badute euribor gehi %0,3ko diferentzial batez erreferentziatuiko hipotekak eskaintzeko margena.
| Batez besteko komisioa (euro) | Gehienez (euro) | Gutxienez (euro) | ||
|---|---|---|---|---|
| Kontu korronteak mantentzea | 18,84 | 36 | 9,02 | |
| Aurrezki kontuak mantentzea | 18 | 36 | 9,02 | |
| Apuntearen zenbatekoa | 0,31 | 0,6 | 0 | |
| Zorpekoak | 8,15 | 15,03 | 3 | |
| Zorpekoen erreklamazioa | 26,81 | 30,05 | 9 | |
| Transferentzia nazionalak | ||||
| Norbere hirian | 3,01 | 4,5 | 1,5 | |
| Beste hiri batean | 3,24 | 6,01 | 2,4 | |
| Txekeak | ||||
| Sarrerak norbere hirian | 2,08 | 4,51 | 0 | |
| Sarrerak beste hiri batean | 2,52 | 4,51 | 0,9 | |
| Txekeak itzultzea norbere hirian | 9,2 | 15 | 3,01 | |
| Txekeak itzultzea beste hiri batean | 9,29 | 15 | 3,01 | |
| Txartelak | ||||
| Diru kutxazainean ateratzea (zenbatekoaren arabera). Zor txartelak | ||||
| Norbere entitatean | 0 | 0 | 0 | |
| Norbere sarean | 0,6 | 1 | 0 | |
| Beste sare batzuetan | 2,59 | 3,01 | 1,65 | |
| Atzerrian | 2,76 | 3,5 | 1,65 | |
| Txartelak | ||||
| Dirua kutxazainean ateratzea (zenbatekoaren arabera). Kreditu txartelak | ||||
| Norbere entitatean | 2,18 | 3 | 1,2 | |
| Norbere sarean | 2,91 | 4 | 1,2 | |
| Beste sare batzuetan | 3,13 | 4 | 2,4 | |
| Atzerrian | 3,43 | 6 | 2,4 | |
| Hipoteka kredituak eta maileguak | ||||
| Azterketa | %0,57, 85,20 eurora | %2, 210,35 | 0 | |
| Irekitzea | %2,57, 551,94 eurora | %4, 901,52 eurora | %1, 120 eurora | |
| Lehenago baliogabetzeaa | %3,88 | %5,00% | %2,50 | |
| Subrogazioa | %1,45, 381,88 eurora | %4, 601,01 eurora | 60,10 eurora | |
Iturria: Espainiako Bankua. Datuak 2007ko itxierakoak dira
Kobratzen den zeinahi komisio, erakundeak emaniko zerbitzuen gainekoa izango da. "Kontua ez baliatzearren" eta antzeko kontzeptuengatik ezin daiteke inongo komisiorik kobratu eta, era berean, erakundeak hertsaturiko zerbitzuengatik zigorrik edo tarifarik ezin da aplikatu. Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa