Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Hamazortzi urtez beherakoak babestu ez ezik, horien betebeharrekoak ere zorrozki xedatuak dituzte legeek
UNICEF-en Innocenti Ikerkuntza Zentroak arestiko txosten batean dioenez, Herrialde Aberatsetan Haurraren Ongizatea hobetzeko modukoa da. Kontzeptu hori neurtzeko erabilitako sei parametroek -ongizate materiala, osasun eta segurtasuna, hezkuntza, senideen arteko eta adiskideen arteko harremanak, jokabide eta arriskuak eta ongizate subjektiboa- agertzen duten haurren bizitzaren argazkiak Espainia Elkarlan eta Garapen Ekonomikoaren Erakundeko bazkide diren 21 herrialdeen zerrendako bosgarren tokian ezarri du. Familia, erakunde eta gobernuek haur eta nerabeei bizi-baldintzarik hoberenak eskaintzeko ahalegina funtsezkotzat jotzen badute ere, horien eskubideen eta legezko betebeharrekoen berri ez du erabat burutu gizarteak oraino.
Espainian bizi diren 18 urte arteko haur eta gazteei bertako Konstituzioan eta Nazio Batuen Haurraren Eskubideen Konbentzioan jasoak dauden eskubideak betetzea zor zaie, hara:
Seme-alabek gurasoak berauen agintepean dauden bitartean errespetatu eta obeditu behar dituzte eta, beren ahalmenen arabera eta aita-amekin bizi diren bitartean, familiaren zamak altxatzen lagundu behar dute. Guraso edo tutoreek, berriz, adingabeko seme-alabak zaindu behar dituzte eta hauek eraginiko kalteen, delitu eta falta penalen ondoriozkoen eta, 2005 urteaz geroztik, trafikoko isunen erantzule zibilak dira.
Hamazortzi urtez beherakoei, gainerako hiritarrei ez bezalako arau penalak aplikatzen zaizkie, berariazko Epaitegi eta Auzitegien bitartez. Adingabekoen epaileak dira 14 eta 18 urte arteko pertsonek eginikoen ondoriozko ardura penalaz eta erantzukizun zibilaz erabakitzen dutenak eta epaitutakoa bete dadin begiratzen dutenak. Adingabekoari, hamalau urte bete aurretik ez zaio erantzukizunik eskatuko.
Kode Zibilak kontratatzeko onespena ematerik ez dutela badio ere, adingabeko batek eginiko kontratua ez da baliogabea, baliogabetu egin daiteken arren. Jurisprudentzia uniformea da adiera horretan: kontratua izan bada baina, zenbaitetan, baliogabetu egin daiteke. Eta adingabeko batek sinatu duen telefonia mugikorreko kontratu bat epaitegiek baliogabetu dute, batetik, baina tatuaje iraunkor bat (ongi burutua, behar bezalako baldintza higienikoetan, baina gurasoen baimenik gabe) egitea zen zerbitzuaren kontrako hitzik ez dute epairik eman
Adingabekoari, horrelako herritarrentzat berariaz sorturiko barneratze-zentroetan sartzeko zigorrezko neurriak aplika dakizkioke, dela erregimen itxi, erdi ireki, ireki edo terapeutikoan. Hona ezar dakizkiokeen beste hainbat neurri: tratamendu anbulatorioa, eguneko zentro batera joanaraztea, asteburuan bere bizitetxean edo zentro jakin batean egonaraztea, epaileak ezarritako jokabide-arauak (ikastegira maiztasunez joatea eta absentziak epailearen aurrean zuritzea; hezkuntza, kultura, heziketa eta antzeko programetan parte hartzea; toki, establezimendu edo ikuskizun jakin batzuetara ez joatea; biktimarengana hurreratzeko debekapena betetzea; beste pertsonekin, familiarekin edo heziketa-taldearekin bizitzea, adingabekoaren gizarteratze prozesua birgidatzeko; komunitatearen aldeko lanean jardutea irabazirik atera gabe, berak onartzen badu) bete ditzan, zainpeko askatasuna ematea eta ohartarazpena egitea.
Adingabekoei aplika dakizkiekeen neurriek gehienez ere bi urte iraun dezakete. Gaztetxoek 14 edo 15 urte badituzte, neurriak hiru urteraino luzatu ahal izango dira baina 16 edo 17 urtekoak badira, sei urtera ere luza daitezke. Gertakaria ezin larriagoa denean epaileak adingabekoa erregimen itxian barneratu beharko du urtebetetik sei urtera arte; zigor hori zainpeko askatasunezko neurri batez osatuko da, gehienez ere bost urte bete arte.
Espainian dauden hamazortzi urtetik beherako pertsonei hezkuntza hartzeko eskubidea zor zaie. Arriskuan edo Administrazio eskudunaren tutoretzapean edo babespean dauden adingabekoek ere, osasun-artapena hartu eta gainerako zerbitzu publikoei onura ateratzeko eskubidea dute, Espainian legearen arabera bizi ez badira ere. Babes edo tutoretza sorturik, eskudun den herri administrazioak adingabeko atzerritarrari beronen egoera egiaztatzen duen agiria entregatuko dio.
Hamasei urte betetakoan, gurasoek edo tutoreek horretarako baimena emanik, lanean has daiteke. Adin horretatik aurrera, adingabekoak eskatzen badu eta gurasoek onesten badute, emantzipazioa eskuratu ahal izango du, egoera eta eskakizuna epailearen aurrean agertuz gero.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa