Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elkarrizketa

Λ

Miriam Ocariz, moda diseinatzailea: "Behin ere ez dut ene desfilerik ikusi, ezta ikusiko ere"

 Txikia, argala eta sekulako karakterrekoa (irribarrean ere antzematen zaio) Miriam Ocariz diseinatzaileak (Bilbo, 1968) Cibeles ibiltokian aurkezten duen bildumaren zehaztasunei azken ukituak ematen dizkie, artega, adi-adi (elkarrizketa hau, Madrilgo desfilean arrakasta bildu baino egunen bat lehentxeago egin zen). Geroz eta osasuntsuago dagoen Nerbioiren aldameneko pabilioi moderno batean dihardu lanean. Inguruneko gris, industrial eta pittin bat etsigarriaren kontrastez agertzen da hemen ehunka pertxatatik eskegita dauden kolore, marrazki eta oihalen konbinazioa. Bertan datza hilabete luzetako lan eta sormena, ikusia, txalotua eta, batez ere, jantzia noiz izango, zain.

Modaren inguruan hamaika topiko sortu izan dira: edertasuna, aberastasuna, azalkeria, nabarmenkeria, espektakulua. Zu horretatik bizi eta bertan ari zara lanean: nola deskribatuko zenuke mundu hori?

 Ene iritziz, moda adierazteko eta komunikatzeko bide bat da. Ene kasuan, diseinatzaile naizen aldetik, sentitzen dudana transmititzeko era bat da eta janztea den premia hori zerbait "politago" bihurtzeko modu bat. Modaren inguruan dabilena, berriz, beste mundu askotan dabilenaren parekoa da, bere elementu negatibo, bekaizkeria eta guzti. Azalkeria eta glamourra ez dira modaren baitako bizipenak, so dagoen begiaren arabera aldatzen dira horiek.

Moda munduaren eskutik maiz agertzen den topikoa bihozgabekeria da. Egur asko hartua al zaude?

Bihozgabekeria edo errukirik ez izate hori, ene ustez, bilduma bakoitzean dena jokoan jartzeari dagokio. Urtean bi aldiz aldatu egin behar duzu baina, hori bai, zeure muinari eutsiz: horri aurre egitea zail-zaila da, benetan. Desfilean zure onenak, denak eta bi eman dituzula sentitzen duzu baina hortxe hasten da hurrengo etapa. Ene ikuspegitik errukigabea horixe da. Gainerakoari ez diot arreta handiegirik ematen.

Agian horregatik ipini duzu egoitza Bilbon, Madrilen edo Bartzelonan kokatu ordez.

Alde batetik, halaxe da: moda-lanak xurgatu egiten zaitu, behin ere ez duzu burutik kentzen. Horregatik aukeratu dut Bilbon bizitzea: beran, lanetik irtenik, dei bat egin eta lagunekin baxoerdi bat hartzeko aukera daukazu... Horri berebiziko garrantzia aitortzen diot; baita beti-beti modak inguraturik ez bizitzeari, horrek estresa sortzen duelako. Egurastea ezinbestekoa da, bai zure bizipenak bizitzeko, baita bestelako zerbait kontatu ahal izateko.

Zein mailataraino baldintzatzen du modako kritikarien iritziak diseinatzailearen porrot edo arrakasta?

Ene ustez, kritika lagungarri edo eragozpen gerta dakizuke baina, atzenean, garrantzizkoena jardun eta jardun aritzea da, lortu nahi duzuna argi edukitzea, hori nola mugitu behar duzun jakitea.

Nola "mugitu" behar da, bada?

Mugitzea... saltzea, alegia; hemendik irten eta zure lana erakusten arriskatzea... Maiz, kritika on-onak bultzada izugarria emango dizu eta kritika txarra agian ez zaizu kalterako jazoko, lanean tinko badiharduzu eta gauzak behar den bezala mugitzen badituzu.

Egurtua al zauden galdegin dizut lehentxeago. Nola deskribatuko zenituzke diseinatzaileen arteko harremanak?

Ene iritziz, bakoitzak berea, beti bezala; baina nik, behintzat, ez dauzkat harreman txar-txarrak. Bilbon bizitzeak ere horretan laguntzen du. Jendea ikusi gabe tarte luzeak pasatzen direnez, haiekin topatzean giro polita izaten da: beraiekin hitz egin, partekatu behar izaten duzu...

Arte Ederretan lizentziatua zara zu. Nolako inpresioa eragin zizun Guggenheim Museoan Armanik eginiko erakusketak?

Zoragarria iruditu zitzaidan. Sormen lan orok arte-oinarria eta arte-erreferentziak ditu. Ene lana interesatzen zait beraren bitartez adierazten dudalako ene burua. Moda huts eta soila egiteari ez deritzot interesgarri, eboluzionatzeari, adierazpenak helarazteari, horrek betetzen eta harritzen nauela sentitzeari baizik. Hori da ero-bide honetan aurrera bultzatzen zituen formuletako bat. Diseinatzaile batzuek jendearen janzteko formaren erritmoa aldarazi dutela gizarteak ulertzeari eta horrek bere baitan daukanari funtsezkoa deritzet: Chanel-ek emakumea muga batzuetatik askatzea, emakumea libreago bizi zela sentiaraztea... horri aitortzen diot sekulako garrantzia ikuspegi kulturaletik, bai emakume bai gizasemearen bizitzarako. Horregatik uste dut hori museo batean arrazoi osoz erakuts daitekeela.

Hortik, soineko bat artelantzat katalogatzera...

Baliteke soineko batzuk artelantzat plantatuak izatea. Lacroix eta Balenciagaren arropa batzuek, ene ikuspuntutik, berebiziko sentikortasuna adierazten dute, arte eta sormenaren agerkari handiak dira. Horrek ez du esan nahi Balenciagak eginiko dena artea denik. Kontu pertsonal-pertsonala da hori. Ene kasuan, gauza askotan denak eta bi ematen ditut ene burutik eta horixe da artetik gertuenekoa; baina horrek ez du esan nahi emaitza artistikoa dela. Ene aburuz, arropa arropa da; bada, gero, artearen edo zure ikuspegiaren, zure zintzotasunaren dosi bat...

Hori, ordea, beste hainbat kontsumo-objektutara (auto, lorontzi... ) heda daiteke; izan ere, Guggenheim Museoak motorren erakusketa bat, oso polemikoa, antolatu zuen.

Badira arte nagusiak, arte aplikatuak... Tira, joera edo eragin artistikoak dituen arroparen erakusketaz ari gara eta horrela defini dezakegu gure hori.

Nor jantziko zenuke gustura?

Ni ez naiz oso amets eta idolozalea. Orain egiten ari naizen soineko batzuekin loturik Lauren Bacall bat datorkit burura, baina beste gauza batzuk janzteko ez nuke hori bera aukeratuko. Beste kontu bat da hark jantziko lukeen, noski.

Maiz ikusten da ekitaldi publikoetan pertsonaia ospetsuek diseinatzaile jakin baten soinekoa daramatela. Inoiz ordaindu al diozu pertsona ezagunen bati zure soinekoak jantz ditzan?

Modan denetik ikusten da, egia da, hori publizitatea egiteko forma bat baizik ez da, beste zeinahiren antzekoa, batzuek horrela eta besteek bestela egiten dute. Batzuetan neurrigabe edo gezurtzat jotzen da baina, benetan, publizitate mundu hori mundua bera da. Nik ez dut sekula ordaindu baina ez diot behin ere egingo ez nukeela.

¿Miriam Ocariz Miriam Ocarizen bezero al da?

Bai, batez ere oso nabarmenak ez diren gauzetan; geroz eta gehiago naiz, bilduma geroz eta ugariago bilakatzen ari baita.

Miriam Ocariz Miriam Ocarizen bezero ez denean, norena da?

Bartzelonako lagun batzuek eginiko gauza batzuk dauzkat, diseinatzaile frantses bat ere biziki atsegin zait... asko gustatzen zaidana hartzen dut orokorki, alegia.

Beti markako edo diseinuko arropa daramazu?

Markakoa baino areago, lankideena; horiei begira nago eta gustatu egiten zaizkit.

Zalantza bat: zer egiten ote da desfilean erabilitako arroparekin?

Saldu egiten da. Desfile baten kontzeptua pertsonala da. Ene kasuan, antzezpenetatik eta barrokismoetatik urrun dabil, kutunagoa da eta ene kontzeptuaren arabera, arropa "eramangarriagoa" da baina horrek ez du eragozten desfilean soineko nabarmen bat erakutsi eta ondoren bertsio apalago, errealago bat egitea; bestela, hainbat modelotako praka edo jaka bakarrik atera dezakezu... egokipenak egiten dira. Erakusten ditugun arropa batzuk ezin ditugu saldu, ez nahi ez dugulako, ezin dugulako baizik, baliabiderik ez dugulako eta, horrela, izugarri garestia gertatuko litzateke... kontuan izan behar da desfilean nork bere ametsa, bere ideala aurkezten duela.

Desfile batek nolako antolamendua du?

Jende askok beharrean emaniko sei hilabeteko lanaren ginda da desfilea. Bilduma zerotik hasten duzu: patroi guztiak eratu behar dituzu, oihalak ebaki... bilduma eta, batera, saldu beharreko erakusgaiak sortzen dituzu. Ideiak ene buruari planteatu eta gauzak osatuz noa, nahasketak egin eta argazkiak ateratzen ditut, desfilean agertuko diren 45 diseinuak osatu arte: 45 irudi osaturik, erakusgaiak askoz ere ugariagoak badira ere, bertan gutxienez 90 arropa daude-eta. Hilabete lehenago modeloak aukeratzeko proba egiten da eta hortik aurrera dena azkar-azkar doa. Neskak pantailan ikusten dituzu eta bezperan iristen dira. Lau irtenaldi dituzu, 45 arropa eta 18 neska, horietako hamar hirutan irtengo direnak; 45 irtenaldiko desfileak 13 minutu inguru irauten du eta denbora horretan neskak hirutan aldatzen dira arropaz: eromena, hitz batez. Hamahiru minutuan lan handiko sei hilabeteko emaitza erakutsi behar duzu eta horrek estres handia sortarazten dizu. Ni barruan nago beti, behin ere ez dut desfilerik ikusi, ezta ikusiko ere. Tentsio handia dago hor.

Hamahiru minutu hori amaitutakoan zer egiten duzu zuk?

Paralizaturik geratzen zara, ez dakizu barre edo negar egin... atsegin eta beherakada latzaren arteko sentsazioa da. Esate baterako, Cibeles-en desfilea asteazken 12:30etan daukat eta ostegun goizeko zortzietan Pariserako hegazkina hartuko dut, hurrengo edizioko oihalak erostera joateko. Oihalak erosteko, jakina, buruan ba omen daukazu zerbait.

Moda mundu horretatik kanpo bizi diren pertsona askok, desfiletan agertzen diren modeloak ikusirik, ez dakite horrek ohiko kontsumoan nolako isla duen.

Geroz eta azkarrago doa prozesu hori, lehen askoz mantsoago zihoan: Balenciagaren eta lehen mailako sortzaileen desfileetan ikusten zenera oso jende gutxi irits zitekeen baina horrek pixkanaka moda-prozesua sortu du. Jendeak ikusten duen horixe eskuratu nahi izaten du eta, hasieran, modistek sortzaileen patroiak kopiatzen zituzten... gizarte osoarentzat eskuragarriago ziren merkatuetara iritsi arte. Orduan, prozesu hori guztia bilakatzen zihoalarik, siluetak sortuz zihoazen, estiloak luzeagoak izaten ziren...Oraingo eromenean dena azkar-azkar doa.

Zein da zure gustuko arropa?

Jaka.

Zergatik?

Gauza asko esaten dituelako; hori da Saint-Laurent-ek smokingez jantzi zuen aurreneko emakumearen irudia, bere alkandora zuria eta guzti. Hori da gehien gustatzen zaidan irudietako bat; emakumea liberatzeko Chanel-ek aukeratu zuen ikurra da, era berean. Enetzat, arropa ultrafemeninoa da.

Gehien atsegin zaizun ehuna?

Artile hotza, udako artile eta zetaz osatutakoa, alegia.

Kolorea.

Txikle-arrosa

Fetitxista al zara?

Zapatekin bai, erotu egiten naute

Fetitxez ari garela, nondik datorkizu lazoekin duzun liluramendu hori?

Alde batetik, zure bizitzan: argi baino argiago daukat hori. Oihal pusketa horrek adiera asko ditu, haurtzaroaz, konbentzioez, dotoreziaz... mintzo da eta niri era askotan lantzea gustatzen zait.

Ikusten dudanez, arropen zama sinbolikoari garrantzi handia ematen diozu.

Hala da, adiera duten ñabardura guztiekin jolasean aritu nahi izaten dut.

Zer behar da ongi janzteko?

Ezagutza, nortasuna eta sentikortasuna, alderdi denetan.

Dirurik ez, ala?

Zerbait.. Segun-eta. Diru gutxirekin ere baduzu ondo janztea. Jende askok azokako arropak, amarenak, etc. jartzen ditu eta zoragarri doa. Dirua gastatuz gero, jakina, errazagoa da.

Miriam Ocarizen arropa eramateko dirua erabili beharra dago.

Bai, noski. Baina pertsona batzuek marka janzten dute eta ez dute estilorik.

Zure arropak gizarte osora iristea, prezioa merkatzea gustatuko litzaizuke?

Horretan diharduzu etengabe baina abiagunean dituzun ehunek, kontzeptuek eta premisek arropa merke gertatzea galarazten dute. Kontua da beste linea bat lantzea, bestelakoa, horri ongi deritzot nik. Interesatzen zaidana eboluzionatzea, ikertzea da...baina hori dirutan ordaindu behar izaten da eta hori da, atzenean, jendeak ordaintzen duena: zuk lau patroi, lau proba egin eta emaitza lardaska bat ez izatea, zeharo alderantziz.

Barra-barra saltzen dituzten horiek (Inditex, H&M...) moda demokratizatu dute, zure aburuz?

Horixe, noski...

Mesedegarria deritzozu horri?

Moda demokratikoak izatea mesedegarria iruditzen zait. Horren mesedegarri ez dena, ordea, horretara iristeko enpresa batzuek darabilten bidea.

Zertaz ari zara?

Enpresa batzuek, zenbaitetan sortzaileak berak baino lehenago edo honekin batera, ideia berrietara doi-doi egokituriko bertsioak kaleratzen dituzte. Ene ikuspuntutik nahasmen handia sortzen da horrela zu ez baitzara zeure ideien bitartez moda ona egiten ari, besteak "fusilatzen" baizik. Norbaitek diseinatzaile bati erosten dionean berariazkotasuna erosten du eta hori beste zernahira heda daiteke, baita elikaduraraino ere: denda txiki batean dena garestiago ordaintzen da. Hori da monopolioetatik irteteko duzun premiaren isla: gizartean izan bai, baina zeure burua desberdin sentitzea, garatzea, berrestea.

Modaren inguruko polemika markatu duten bi kontu: modeloen pisua eta, arropen tailez, Espainiako Administrazioak harturiko neurriak. Zer deritzezu?

Tailak batzea zoragarria iruditu zait. Bilduma bat probatzen dudanean, lehendabizi batez besteko neska batekin saiatzen naiz eta, ondoren, arropa hori desfilerako prestatzen dut, bai baitakit ibiltokiko modeloak batez bestekoak baino dezente altuagoak direla. Horrelaxe dihardute denek. Nolanahi ere, gogoan izan, neurriak berdinak izanik ere, era askotako gorputzak daudela.

Tailen arteko alde zentzugabeak salatu dira, hots, marka jakin bateko 38 taila daukan pertsonak beste marka batekin 44 izatea.

Tailarekin batera, arropa nola jantzi eta nola eraman behar den ere adierazi beharko litzatekeela ere esaten dute: puntuzko arropa batzuk zuzenagoak edo lasaiagoak izan litezke. Eta beste neurri asko ere eman beharko lirateke, gainera: besoa...

Zein gradutaraino egotz diezaiokegu argaltasunarengatiko obsesioa eta hainbat gaitzen (bulimia, anorexia) hedatzeko ardura modari eta horrelako desfileekin transmititzen den irudiari?

Modeloak betidanik argalak izan dira, baina ez hezur hutsak. Profesional horiek bataren, bestearen eta beste baten arropa interpretatu behar dute... eta horixe da diseinatzaileok lehenesten duguna: haien estetika, irudia, ibilera... Oso litekeena da modelo batek zure irudia izugarri potentziatzea, duintasun eta ospe handiz eramatea, baina birrindu egin dezake, hein berean. Horregatik interesatzen zaizu bizi-printzipioan dagoen pertsona bat hartzea, aktore-ñabardurak dauzkana: gorpuzkera jakin bat edukitzeaz gainera interpretatzen jakin behar du. Osotasun horri modeloa deritzo.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto