Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Futboleko bota takodunak: Erresistentzia eta prezioa, klabeak

Prezio eta prestazioetan alde handiak daude lagin batetik bestera baina botarik merkeenak funtsezko kalitate-irizpide bat betetzen du: izerdiaren kudeaketa egokia

 Telebistan gehien ikusten den eta solasaldi batzuetan tarterik luzeenak betetzen dituen kirola izateaz gainera, gehien praktikatzen direnetako bat ere futbola da. Lur edo belar gainean futbolean aritzeko erresistentzia handiko bota takodun sendo, eroso eta arinak ipini behar dira. Oin-bularra (oinetakoaren kanpoaldea, zolarekin bat eginik dagoena), forrua (oinetakoaren barrualdeko janzkera), barne-zola eta zola (oskien behealdea, higadura nozitzen duena, oin-bularrari lotua) dira bota baten funtsezko lau parteak. Azterketa honetan, laborategiko frogetan balioztatu dira erabileraren aurreko erresistentzia eta hondatzea, kolorearen irmotasuna eta oin-bular, forru, barne-zola eta zolako izerdiaren kudeaketa zortzi futboleko bota-modelotan; hauen prezioak, biziki desberdinak izaki, 35,28 euroetatik (Joma Gol II) ia-ia 95 euroetara (Diadora Brasil Pro Md Pu) zihoazen.

Kalitatearen eta prezioaren arteko erlazio egokiena Joma Goll II laginak ematen du: bera da azterturiko denetan merkeena (35,28 euro), erresistentzia handikoa eta, gainera, belarretan trakzio handia agertzen du (labainketak saihesten ditu); dena den bota hauen kolorea da argiaren aurrean erresistentzia gutxien agertu duena eta, gainera, bere izerdiaren kudeaketa hobetzeko modukoa da, inondik ere. Aukera polita ere Diadora Brasil Pro dugu: denetan garestienak (94,95 euro) baina, proba guztien multzoan, emaitzarik hoberenak bildu dituztenak eta, gainera, oinak sortarazitako izerdia kanporatzeari dagokion berariazko proba bota hauek bakarrik gainditu dute.

Erresistentzi kontua

  Baloiarekin kontaktua maizen egiten duen alderdia oin-bularraldea (oinetakoaren goialdea) da. Horren iraunkortasuna bi flexio-probetan frogatu zen. Lehenean, oinetakoa lehor zegoela, 200.000 flexio egin zituen; bigarrenean, oskia heze egonik (proba egin aurretik oinetakoak ur destilatuan murgildu ziren eta hutsa aplikatu zitzaien, are eta likido gehiago xurga zezaten), 50.000 flexio eginarazi zitzaizkion. Hoberenak Diadora, Nike, Lotto eta Joma izan ziren, milioi laurden flexio eginikoan kalterik izan ez baitzuten. Kappa laginaren azalean pitzadurak agertu ziren lehorreko proba egin ondoren eta Puma laginean ere arrakala txikiak hauteman ziren, bi probetan. Saio honetan txarrenak izan ziren Umbro (zerrenda apaingarriak arraildu egin ziren) eta Adidas markakoak (hauek, 10.000 ziklo bakarrik eginikoan, xingola zuri-gorrien estaldura galdu egin zuten). Botaren azalerako materialaren higadura hautemateko, baloia kolpatzea simulatuz, 150 ziklo betearazi zitzaizkien (100 lehorrean eta 50 hezean). Puma, Kappa, Nike eta Lotto laginek, denetan hoberenak, ez zuten inolako kalterik nozitu; Joma (zerrenda apaingarrien estaldura galdu zuten) eta Umbro markakoak (hezean eginiko saioan materialaren bukaeraren parte bat galdu zuen eta lehorreko proban igurtziak nozitu zituen) berriz, ahulago agertu ziren.

Galtzerdiak eragiten duen higadura

Oinetakoaren barnealdea -orpo aldean, batik bat- janzten duen forruaren erresistentzia, ehun lehor batean urratze-higidura eraginez neurtu zen: 51.200 ziklo lehorrean eta 25.600 ziklo hezean. Horrela galtzerdiaren igurtziak eragiten duen etengabeko higadura simulatzen da. Kappa, Diadora, Umbro eta Adidas markakoek ez zuten kalterik jasan; Lotto laginak oinetakoaren estaldura galdu eta urragarritzat baliaturiko ehuna nabarmen zikindu zen. Dena den, forru bakar bat ere hautsi egin ez zenez, proba denek gainditu zuten.

Oskietako zola zail, sendo eta iraunkorra ez bada, oinetakoa behar baino lehenago zahartuko da. Horien erresistentzia kalkulatzeko, azalera urragarri batetik ibilarazi zitzaien eta, ondoren, zolak zenbat material galdua zuen neurtu zen. Horrez gainera, urratzearen aurreko erresistentzia ere neurtu zen, zola ebakitzeko nolako indarra aplikatu behar den kalkulatuz. Proba hau zortzi botetako zolek gainditu zuten, Puma, Nike eta Adidas markakoak nabarmendu zirelarik.

Erosotasuna "neurtzeko" funtsezko irizpidea denez, zolaren malgutasuna ere egiaztatu zen: horretarako, laginak 90º-ko angeluraino 30.000 aldiz tolesten dituen makinak ezarri ziren. Emaitza politak erakutsi zituzten saio honetan ere denek, bakar batek ere kalterik ez baitzuen agertu. Zenbaterainoko indarra aplikatu behar da, ordea, zola botatik bereizteko? Izan ere, 6 N/mm baino gutxiago aplikatuz askatzea ez da onesten. Bi botak bakarrik gainditu zuten honakoa: Kappa (honen zola bereizteko 6,6 N/mm-ko indarra eragin behar izan zen) eta, batez ere, Joma (8,9 N/mm). Umbro eta Diadora (3,8 N/mm) eta Adidas (5,4 N/mm) markakoek gainditu gabe utzi zuten proba hau; bestetik, Nike (5,8 N/mm) eta Puma (5,5 N/mm) laginek ere proba gainditzeke utzi zuten arren, "erdipurdi" apalean geratu ziren.

Joma eta Lotto marketako laginetan, zola botari josita dagoenez, proba honetako emaitzak ezin dira zuzenean aintzat hartu. Joma laginarena izan zen erresistentzia handienekoa eta Lotto laginak kalifikazio eskasa eraman zuen: 3 N/mm baizik ez, zola eta azpialdea josteko puntada gutxiegi eman zirelako, agian.

Izerdia, arazo

Erabiltzailearen oinari darion izerdia bi eratara suntsitzen ditu bota batek: oinetakoaren goialdean barrena likidoa lurrunduz edo, bestela, materialek -barne-zolak, bereziki- izerdia xurgatuz. Oin-bularraldeak izerdia kanporatzeko zuen ahalmena kalkulatzeko, ur lurrunarekiko irazkortasuna neurtu zen: oinetakoaren goialdeko materialaren pusketa bat (20.000 flexio eginarazi ostean) baliatu zen: horrek, orduko 1 mg/cm2 ur lurrun kanporatu behar zuen, gutxienez. Azterturiko laginen erdiek bakarrik gainditu zuten proba. Txarrena Nike izan zen: eskatzen zen balioa baino hamar aldiz txikiagoa baizik ez zuen erdietsi: orduko 0,1 mg/cm2 lurrun baino ez zuen kanporatu. Puma laginak ere emaitza eskasa lortu zuen (0,2 mg/cm2); Joma markakoa (0,7 mg/cm2) eskatutako mailara gehiago hurbildu zen eta Kappa (0,9 mg/cm2) ia-ia lortu zuen. Ur lurruna hobekien kanporatu zuen lagina Adidas izan zen (2,5 mg/cm2) proba honetan "egokia" nota irabazi zuen bakarra. Gainerako hirurak "zuzen" soilean geratu ziren.

Bota hauen izerdiaren kudeaketa aztertzeko beste froga bat ere ezarri zitzaien laginei: barne-zolak xurgatzen duen ur kopurua eta, hortik tarte batera, galtzen duena kalkulatu behar zen. Alderdi hori laborategian neurtzeko barne-zolak behin eta berriro tolestu ziren (urratsak simulatuz) heze mantentzen den gaza baten gainean. Ondoren, 17 orduz utzi ziren 23ºC-ko tenperatura eta %50-eko hezetasun erlatiboan, ura gal zezaten. Emaitzek egiaztatu zutenez, xurgaturiko ura ongi galtzen dute zortzi laginek; beste zerbait ere ikusi zen saio honetan, baina: ura modu egokian ez ezik, zuzen-zuzen Diadora laginak bakarrik xurgatzen duela. Gainerakoek gainditzeke utzi zuten froga, teknikariek ezarritako gutxieneko xurgapen-mailatik dezente beherago ibili baitziren.

Labainketa saihestea

Ibiltze edo lasterka arinetik esprinterako trantsizioa bizi-bizi egiten bada, futbolaria lerratu edo labaintzeko arriskuan dago, bistan da. Horrelako egokieretan ere lagin hauek nola jokatzen duten aztertu da. Futbol zelaietan maiz erabilia izaten den belar mota (Bermuda 419) baten gainean eginiko frogan egiaztatu zenez, belarretan trakzio handiena eragiten duten botak (labainketarik gerta ez dadin eraginkorrenak, alegia) Joma eta Puma dira; ondotik Nike eta Adidas datozkie. Kappa, Diadora, Umbro eta Lotto laginek heltze ahula erakutsi zutenez, oski hauekin korrika hastean laprast egiteko aukera handiagoa da.

Pisua ere garrantzi handiko alderdia da: oinetako hauek zenbat eta arinagoak izan, orduan eta ahalegin gutxiago egin beharko da alde batetik bestera eramateko eta, hitz batez, kirola praktikatzeko. Bota arinenak Puma markakoak dira (480 gramo) eta astunenak, aldiz, Umbro markakoak (646 gramo).

Tindua, irmo, finko

Futbola, normalean, aire zabalean praktikatzen denez, botak eguzkitan egoten dira kirola praktikatzean. Saio honetan, oin-bularraldeak eguzki-irradiazioetara era estandarizatuan ipini ondoren, emaitza denak zuzenak izan ziren; halaz ere, pittin bat horitu ziren Joma markakoaren xingola zuriak (urdinak ez bezala).

Bestetik, botaren barnealdea galtzerdiarekin (maiz, izerditan blai) behin eta berriro, etengabe, igurzte horrek botari tindua galarazi eta horrek, azkenean, galtzerdia zikindu egiten du. Honakoa ere egiaztatu zen laborategian, pH basiko samarreko izerdi-disoluzio batean bota-forruak artile, akriliko, poliester, poliamida, kotoi eta diazetatozko laginetan (hauek baitira irolean aritzeko galtzerdi baten ehun ohikoenak) murgilduz. Material horiek 37ºC-tan zegoen plaka baten gainean ipini ziren eta giza gorputzaren tenperaturan zegoen beste batekin zanpatu ziren. Osotasun hori labean hiru orduz eduki zuten, tenperatura berean. Nike eta Lotto botetako forruek emaitza bikainak agertu zituzten ehun guztietan; denetan txarrenak, aldiz, Umbro eta Puma markakoak izan ziren, poliamida, kotoi eta diazetatozko oihaltxoak nabarmen koloreztatu baitziren (Umbro markakoaren saioan, baita poliesterrezkoa ere).

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto