Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Babarrun prestatu ontziratuak: Ohiko jaki bihurtzea baino hobe pasadizotik irteteko soilik hartzea

Lekaleak oso kalorikoak ez badira ere, haragizkoek gantz saturatu ugari eta gatz asko dauzkate

 Analisi honetan azterturiko fabada eta antzeko kontserba batzuei esker, kontsumitzaileak minutu gutxitan (berotzea kostatzen den une hori baizik ez) eta inolako esfortzurik egin gabe bazkariko jakia aurrean dauka. Janari horiek nutrizio alorreko propietate guztiak eta ezaugarri organoleptikoak hilabetetan mantentzen dituzte, hotzetan gordetzeko premiarik gabe, eta gainera bidezko prezioa dute: azterturiko sei laginak (bost fabada eta bat, babarrunak txorizoarekin), kiloko 2 eurotik 5,6 euro artean kostatzen dira. Dena ez da abantaila, ordea: haragizko pusketak direla medio, gantz asko daukate (%6tik %11 arte) eta horren parte handi bat saturatua da (osasunari mesede gutxien egiten diona), gatza ere, dezente; eta, horiek ez ezik, errezeta tradizionalak baliatzen ez zituen gehigarri batzuk ere. Kontsumitzaileen dastatze-probetan bildutako emaitzak ez dira bikainak, inondik ere: lagin bakar bat ere hurbildu zen 7 puntuetara, 9tik.

Zer daukaten

  Babarrunez gainera -batez beste, edukiaren %80 betetzen dute lekaleok, baina lagin batetik bestera alde handiak daude: %69tik (Campanal) %88ra arte (Gallina Blanca)- hornikuntza bat daukate; horren osagai ohikoenak txorizoa, odolkia, hirugiharra eta urdaia dira (horixe da Litoral, Louriño eta Gallina Blanca laginen errezeta). Orlando (ez da komertzializatzen "fabada asturiar" gisa, "babarrunak txorizoarekin" izendapenarekin baizik) formaturik oinarrizkoena da: babarrun (87%), txorizo (6%) eta urdai (6%). Albo-k urdaiaren ordez hirugiharra ipini du (guztiaren ia %9). Campanal laginaren errezetan (hauxe da azterketako laginik garestiena) goarnizio ugariago sartzen da: babarrunak produktu guztiaren %69 baizik ez dira; odolkia (%11) eta txorizo (%9) gehien daukana eta lakoia (%5) ezarri duen bakarra da. Gallina Blancak (bigarren lagin garestiena) babarrun gehien (%88) eta okelazko gutxien sartu duena da. Babarrun, okela, ur, gatz eta olioaz gainera, lagin batzuek espeziak (ereinotza, baratxuria, piperrauts gorria) edota barazkiak (tipula eta porrua) ipintzen dituzte. Osagai zerrendetan gehigarriak ere agertzen dira: aromak, koloratzaileak, zapore-indartzaileak, oxidazioaren kontrakoak, kontserbatzaileak eta egonkortzaileak. Lagin batzuek horiek denak erabiltzen ez dituztenez, kontsumitzaileak datu hau gogoan izan dezake marka bat edo bestea aukeratzeko unean. Osagaiak ugarienetik urrienera agertzen dira beti zerrendan (ugariena zerrendaburu eta urriena, atzena).

Laborategian, nutrizio alorrekoak

Honelako kontserbetan uraren presentzia handia da %68tik (Campanal, okela gehien eta babarrun gutxien dauzkana) %74era (Orlando eta Gallina Blanca, lekale gehien dauzkatenak). Babarrunak izaki, normal-normala da karbohidratoak izatea presentzia handieneko makronutrientea: produktuaren %12raino iristen da, batez bestekoan. Babarrunek, praktikan, ia gantzik bat ere ez daukaten arren, jaki hauek produktuaren batez besteko %8,6 daukate. Gantz eta kolesterol eduki handi hori okelazkoak (odolkia, txorizo, urdai eta hirugiharra) erabiltzearen ondorio da. Gantz ugariagatik nabarmentzen dira Campanal eta Louriño (edukiaren %11); koipe gutxienekoa, aldiz, Albo da (%6 baino gutxiago).

Kontserba hauen gantzen profila kontuan hartu beharrekoa da: gantzaren ia %38 saturatua da, ohikoetan kaltegarriena. Orlando bakarrik dabil hortik urrun: gantzaren %32 bakarrik da saturatua baina beste hiru laginek %40rainoko gantz saturatuak dauzkate. Zehatz dezagun, hala ere: produktuaren gantz profila osasuntsurik ez bada ere (gantz saturatuaren proportzio altua), gantz-edukia txikia bada, saturatuen edukia ere apala izango da. Analisi honetan, Campanal markako fabada lata batek (425 gramo) 17 gramo gantz saturatu dauka, Litoral laginak adina eta Gallina Blanca eta Louriño laginek (19 gramo gantz saturatu) baino gutxixeago. Gainerako bietan gantz saturatuen edukia askoz txikiagoa da: 8 gramo eskas Orlando laginean eta 9 gramo Albo markakoan. Aldeak nabariak dira, sei laginen pisuak berdintsuak direlako: 400 eta 435 gramo tartean dabiltza. Horregatik, produktua aukeratzerakoan (maiz kontsumitzen bada, batik bat) gantz saturatuari dagokion irizpidea aintzat jo daiteke.

Lagin proteikoenak Albo eta Campanal dira (%7,3) eta proteina gutxienekoak Litoral (%5) eta Gallina Blanca (%5,2). Louriño eta Orlando laginetan proteina %6tik gora dabil. Nutriente horien presentziak, prestaturiko babarrun horiek kaloria gehiegiko jaki bihur ditzake baina, egiari zor, ez da horrenbesteraino. Energetikoenak Campanal dira (179 kaloria 100 gramoko); beste muturrean Orlando dabil (128 kaloria). Gainerakoak 133 eta 168 kaloria bitartean daude. Kalori ekarpen hori ez da gehiegizkoa, prestaturiko babarrunok jakitzat hartzen badira, zerbait arinaren ondotik (entsalada edo barazkiak patatekin, adibidez). Zuntz ugari dauka babarrunak eta, hortaz, hesteetako trantsitua erregulatzen laguntzen du..

Gatza eta gehigarriak

  Produktu honen guztirako gatz-edukia %1,2etik (Orlando) %0,5era (Louriño eta Gallina Blanca) doa. Gatz gutxikoak dira, era berean, Albo (%0,6) eta Litoral (%0,7). Gatz-eduki larregitzat jotzen da %1,8tik gorakoa. Babarrun, okelazko, gatz eta gehigarriez gainera (kontserbatzaileak, aromak, koloratzaileak eta bestelakoak) jaki prestatu hauei beste hainbat gauza ere eranstea baimendua dago, hala nola zapore-indartzaileak (glutamato monosodiko ezaguna, adibidez: etiketan E-621 klabe gisa dator eta alferrikakoa da hau gehitzea honelako zapore biziko jaki bati. Elikagaiari zapore biziagoa ematen dio eta, gehienez ere, milioiko 10.000 zatitan erabiltzea legezkoa da. Glutamatoa lagin guztietan neurtu zuen laborategiak: baliaturiko kopuruak legeak baimentzen duenez dezente behetik zeuden denak; presentzia handiena Gallina Blanca (570 zm) eta Louriño (350 zm) laginek erakutsi zuten; bi hauek dira osagaien zerrendan osagai hori adierazten duten bakarrak. Gainerako laginetan glutamatoaren presentzia urriagoa izan zen: 90 zm (Litoral) eta 140 zm (Orlando eta Campanal) ziren muturrekoak. Gehigarri hau ipini izana adierazi ez duten lagin horietako hutsaren hurrengo eduki hori, seguru aski, beraiek baliaturiko okelazkoek azido glutamikoa edukitzearen ondorio da, fabrikatzaileek berariaz baliatzeari gabe.

Osasunaz ari garela...

Lekalea elikagai egoki-egokia bada ere -zuntz-hornitzaile bikaina baita, besteak beste- komeni baino gutxiago kontsumitzen da. Adituek diotenez lekaleak astean bitan hartu beharko genituzke gutxienez, baina hobe genuke hiruzpalautan ere kontsumituko bagenitu. Prestaturiko babarrun horien kontsumoa, beraz, aholku nutrizional hori betetzeko balio lezakeela uste genezakeen arren, errealitatea bestelakoa da: horiek ohiko dietan hartzeak gure organismoan gantz saturatu eta gatz kopuru handiak sartzea litzateke. Gehiegizko pisua duten pertsonek, digestio astuna nozitzen dutenek edo urdaila delikatu daukatenek (jakia gantzatsua eta astuna baita), zeliakoek eta behi-esnearen proteinari alergia diotenek eta sodio urriko dieta egiten dutenek murriztu edo zeharo baztertu beharko dituzte honelako jakiak.

Prestaturiko babarrun hauek kontsumitu arte sukaldeko tenperaturan baldintza higieniko-sanitario bikainetan iraun dezaten, produktua ontziratutakoan esterilizatze-tratamendu termikoa aplikatzen zaio: horrek, elikagaiak izan litzakeen mikroorganismo patogenoen lorratzak suntsituko ditu. CONSUMER EROSKI-k sei laginei azterketa mikrobiologikoa egin zien eta adierazitako parametro denetako emaitzak onak izan ziren: produktuak esteril eta egoera higieniko onean zeudela egiaztatu zen, beraz.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto