Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Lege-asistentziako "tarifa lauan" ez ohi dira sartzen epaiketengatiko gastuak eta, gainera, ez dute bermatzen bezeroaren esanetara abokatu bat egongo denik
Arazoak sortzen direnean bakarrik gogoratzen gara horiekin baina, egiari zor, maiz samar jazotzen zaizkigu abokatuaren edo lege-aholkularitzako zerbitzuaren laguntza eskatzen duten arazoak. "Xehetasun juridiko eta legalez" arduratzeko astirik ez duen gizarte honek etxeko lege-aholkularitza geroz eta premiazkoa duela jabeturik, aspaldi honetan enpresa askok sortu dituzte, mugarik gabe eta moduko prezio finko batean, lege-aholkularitza familiari eskaintzeko zerbitzuak.
Zerbitzuon publizitatean esaten denez, abokatu baten kontratazio garestiaren ordezko aukera da hau. Nolanahi ere, prestazioak xehetasun osoz aztertzea komeni izaten da. Kontratuak arreta handiz irakurtzea eta lege-aholkularitza beharrezkoa izango dugun aferak ezagutzea behar-beharrezkoa da, horrelako zerbitzuen kontratazioan iruzurren biktima ez izateko eta ez sentitzeko. Dena den, ez dira nahasi behar lege-asistentzia zerbitzua eta defentsa juridikoko asegurua: bigarren hau askoz ere osatuago dago eta, noski, prezio handiagoa du.
Familiarentzako lege-aholkularitza alorreko produktu berri gehienen muina, orokorki, diru gutxiren truke kontsultak artatzea da. Lantokian, etxebizitzan, etxejabe-komunitatean eta antzekoetan arazoekin loturiko lege-aferetan jendea orientatzeko unean baliagarri gertatzen diren arren, kontuan hartu behar da, ezer baino lehenago, "tarifa lau" horiek izatea eta, gertatzen den arazo bakoitzean, abokatu bat gure aginduetara edukitzea ez dela gauza bera. Zerbitzu pertsonalizatuagoak (erreklamazio-eskutitzen, kontratuen edo bestelako lege-dokumentuen idazketa, adibidez) eskuratu nahi baditugu, ohiko zerbitzu horietatik gauza asko daude salbuetsiak.
Kontuan hartu beharreko beste alderdi bat: zehazki bereizi behar dira honelako lege-asistentzia zerbitzu hauek, batetik, eta defentsa juridikoko seguru tradizionalak, bestetik. Hauek, merkatuan bereiz kontrata daitezkeen arren, zenbaitetan etxebizitza- edo automobil-aseguruarekin loturik etortzen dira. Lege-asistentzia zerbitzuak ez bezala, produktu hauek aseguru-kontratuaren legeak arautuak daude eta epaiketako kostua ordaintzen dute.
Edonola ere, polizako letra txikia bereziki arretaz irakurtzea komeni da, hutsaldiari (sinatu ondoren, erabiltzaileak zerbitzuak ezin erabil ditzakeeneko epea), famili unitatearen estaldurari eta beste hainbat alderdiri dagokionez. Hitzartutakoaren mugak eta estaliko diren kopuruak ezagutzea ere komeni da, batzuetan behar adinekoak ez izatea suerta daiteke-eta.
Bi produktuen arteko aldeak, orobat, prezioen arteko aldea ondorioztatzen du. Lege-asistentzia zerbitzuak, batez beste, 30 eta 100 euro artean kostatzen dira, urtean eta, bertan, informazio alorreko lege-asistentzia eskaintzen da: zalantzak argitzeaz gainera, idazketa eta erreklamazio agiri batzuk sartzen dira bertan, baina epaiketako asistentzia eta gastuak salbuetsiak daude.
Defentsa juridikoko polizak, berriz, urtean 300 euro inguru kostatzen dira eta, abokatu, prokuradore, peritu eta horrelakoen gastu-mugen arabera, baliteke prima garestiagoa izatea. Prezioa, hortaz, orientazio modukoa da aseguru konpainiek bezeroen beharren araberako poliza pertsonalizatuak egiten dituztelako. Batzuetan, aseguru horiekin batera telefonozko lege-asistentzia zerbitzua ematen dute konpainiek eta, horri esker, bezeroak nahi dituen kontsulta guztiak egiteko aukera izaten du.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa