Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Tinta urdineko boligrafoak: Prezioetan eta iraupenean alde handiak

Material arriskutsurik baliatu gabe eginak daude eta berariazko froga zorrotzen aurrean erresistentzia handia erakutsi zuten

 Badirudi gure artean betidanik izan dugula bolaluma edo boligrafoa baina, egia esan, atzo goizeko asmakuntza da, joan den mendeko laugarren hamarkadakoa, hain zuzen. Laszlo Biro, Argentinan bizi zen kazetari hungariarrari otu zitzaion plastikozko hodi bat ixteko, bertan zegoen tintak alde egin ez zezan, papera ukitzean biratzen den metalezko bolatxo bat muturrean ipintzea. Era horretan, boligrafoa paper gainean ibili ahala tinta dosifikatu egiten da. Egun, eskola materialean ezinbesteko lanabesa eta merke-merkea da; horrela, bolaluma erosteko unean, gutxitan izaten du kontsumitzaileak aintzat zaletasun pertsonalez bestelako irizpiderik. Aldeak izan, ordea, badaude batetik bestera. Eta galantak.

Laborategian aztertu ondoren, erabilera-proba ezarri zaie tinta urdineko zortzi bolalumari; horien prezioak 24 zentimotik (Staedtler) 2,56 euroraino doaz (Stabilo). Baina denek tinta kopuru berbera ez daukatenez eta idaztean kopuru berbera gastatzen ez dutenez, bakoitzaren prezio erlatiboa kalkulatu da: kilometroko lerro bat idaztea zenbat kostatzen den, alegia. Emaitzak era askotakoak izan dira: 0,06 euro kostatzen da Staedtler laginarekin kilometro bat egitea eta 1,20 euro Bic Cristal Gel laginarekin.

Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena Staedtler laginak ematen du: bera da denetan merkeena eta kilometroko gutxien kostatzen dena. Erabiltzailea diseinu landuago eta lerro finago baten bila badabil, aukera polita izango du Pilot BL-VB5: aurrekoa baino dezente garestiagoa bada ere, erabilera proban gogokoena izan da.

Pisuak eta neurriak

Boligrafo astuna, azkenean, higuingarria da, orduak eta orduak idazten eman behar direnean, batik bat. Bic Cristal (6 gramo) denetan arinena da Stabilo (13 gramo) astunena. Diametro batetik bestera ere alde handiak daude 5,8 mm (Bic Cristal) eta 11,4 mm (Stabilo Bionic) dabiltza neurriok. Luzeran, berriz, antzekoak dira denak: laburrenak, Pilot markako biak (13 cm inguru) luzeena (Bic Cristal Gel) baino pare bat zentimetro motzagoak baizik ez dira. Lerro meheena Pilot markako biek (0,5 mm zabal) eta Staedtler laginak (0,56 mm) egiten dute; lodiena, aldiz, Bic Cristal Gel (0,74 mm) bolalumak.

Erresistentzia probetako bat hauxe izan zen: txanoa kenduta, bolalumei muturrez azalera gogor batean erorarazi zaizkie, mahaitik lurrera jausiz gero gerta litekeena simulatuz. Horren ostean berriro ere neurtu zen lerroaren lodiera; kasu denetan meheago bihurtu zen, bi kasutan izan ezik: Stabilo laginak aurrekoari eutsi zion (0,64 mm), eta Staedtler laginarena zabaldu egin zen (0,56 mm-tatik 0,62 mm-tara).

Tinta gehien daukatenak Pilot BL-VB5 eta Bic Cristal Gel dira: bina mililitro; gutxien daukana, Bic Cristal (0,33 mililitro). Dena den, tinta gehien daukatenak ez dira nahitaez metro gehien idazten dituztenak, laginek baliatzen dituzten tinten artean ere alde izugarriak baitaude.

Kilometroa idatziz

Bolalumek zenbat iraun dezaketen egiaztatzeko, laginetako bakoitzak zenbat metro idazten duen neurtzen duen dispositibo bat aplikatu zaie denei: aparatu horrek, boligrafoa atxikita, mugimendu ziklikoak egiten ditu abiadura iraunkorrean, 20 zentimetroko lerroak eginez eta aurretik idatziriko lerro baten gainetik igaro gabe. Datuok, bistan da, orientazio gisakoak dira, egiazko erabileran bolalumak gutxiago edo gehiago idatziko baitu. Gutxien idazten duten boligrafoak Bic Cristal Gel (510 metro baino ez) eta Inoxcrom (1,5 kilometro). Stabilo Bionic, gehien irauten duena, lau kilometrotik aurrera doa. Paper Mate laginaren iraupena ezin izan da neurtu tinta ez baita erregularki jariatzen, barne-paretei itsatsirik gelditzen da; beraz, ezin konpara daitezke honen emaitzak gainerakoekin.

Flexio frogan, elkarrengandik 7,5 cm-tara zeuden bi azaleren gainean boligrafoak ezarrita, geroz eta karga handiagoa aplikatu zitzaion bakoitzari, lagina hautsi arte. Inoxcrom laginak, erresistentzia handienekoa izaki, 29,7 kilogramo indar (kgi) jasan zuen; ondotik Staedtler (24,8 kgi) etorri zitzaion. Erresistentzia txikienekoa Paper Mate (6,4 kgi) izan zen.

Zapalkuntzaren aurreko erresistentzia neurtzeko, elkarrengana hurbilduz zihoazen bi xaflaren artean eduki ziren laginak, puskatu arte. Paper Mate eta Pilot markako biak ez ziren hautsi 2.000 kgi (gehien aplikatu ahal izan zena) jasanik ere. Ondotik etorri ziren Inoxcrom eta Stabilo (540 kgi). Bic markako bi laginak izan ziren ahulenak (73 kgi).

Ez ziren lehertu

Bolalumak sentiarazten duen beldurrik ohikoenetako bat, beroaren eraginez "lehertzea" eta, ondorioz, arropa tintaz zikintzea da. Zortzi laginak, zutik, estufa batean sartu ziren 40ºC-tara bi egunez. Giro-tenperaturara ostera etorritakoan, lagin bakoitzarekin 200 metro idatzi zen baina haietako bakar bat ere ez zen lehertu.

Boligrafoaren goialdea jende askok zupatzen edo hozkatzen du. Horregatik neurtu zen bolalumaren materialen bat kontsumitzailearen ahora migratzeko aukera. Horretarako, haurraren listua simulatzen zuen likidoa (0,07 N azido klorhidrikoaren soluzioa, 37ºC-tan) zeukan probeta batean boligrafo zatiak ordubetez eduki ziren. Likidoa hoztu, iragazi eta aztertu egin zen, bertan produktu kutsagarririk (antimonio, artseniko, bario, kadmio, kromo, berun, merkurio eta selenioa bilatu ziren) ba ote zegoen bilatzeko: bakar bat ere ez zen agertu.

Industriako tintak jariakorrago bihurtzeko baliatzen den bentzeno disolbagarria biziki ahaltsua da baina, era berean, oso toxikoa: horregatik arauak ez du baimentzen, kiloko, 5 mg baino gehiago erabiltzea. Tinta guztiak bi orduz berotu dira 120ºC-tako tenperaturan, gasen kromatografia egin ahal izateko. Proba honek egiaztatu duenez, tinta bakar batek ez du, kiloko, miligramo bat baino bentzeno gehiago.

Tapoia irentsi duen haurrak asfixiarik nozi ez dezan, bolalumek ere segurtasun neurri zorrotzak bete behar dituzte, hamalau urtez beherako gaztetxoek erabiltzekoak badira. Arauak argi eta garbi adierazten du dimentsioak eta eguraste sistemak nolakoak behar diren (diametro jakin bateko txulo bat edo gehiago). Lagin guztiak seguruak dira, sudurretik edo ahotik irenstekotan, asfixiari saihets egiteko behar adina aire igarotzea ahalbideratzen dutelako. Paper Mate laginari, txanorik ez daukanez, arau zorrotz hau ez zaio aplikagarri.

Kontsumitzailearen iritzia

Sei gizonezkok eta sei emakumek laginak erabili eta 1etik 10era kalifikatu dituzte. Kontsumitzaileen erdiaren aburuz, gauza ona da barruan geratzen den tinta ikusi ahal izatea; horregatik esan zuten estruktura gardena nahiago zutela, erabiltzaileen herenak opakua nahiago bazuen ere (gainerakoei alderdi hori ez zitzaien axola). Hamarretik ia seik estalkiduna (eta ez sakagailukoa) dute nahiena, era horretan tinta babestuagoa egonik, bolaluma poltsikoan dagoela, irtetea zailagoa dela uste dutelako. Forma borobileko (eta ez hexagonala, Bic lagina bezala) gorputza atseginago gertatzen zaie erabiltzaileei. Gorputz laua modernotzat jo dute, eskuari atsegina. Eta boligrafoa lotzeko mekanismoa hautatzean, erabiltzaileek estalkiaren muturretik (ez oinarritik) irteten den klip handi bat dute nahiena.

Gehien gustatu zaien diseinua Stabilo Bionic da (7,1 puntu, 10etik), laranja kolore, forma eta ukituagatik eta "egungoa" eta "berritzailea" izatearren. "Idazkeran" Pilot markakoak gustatu zaizkie, zazpi puntuz gainetik ibili diren bakarra: lerro mehea, idazkera homogeneoa eta fidagarritasuna dituzte bertute nagusiak. Stabilo Bionic laginak ez du proba gainditu (4,9 puntu) lerroa lodiegi eta kolore biziegian egiten duelako. Inoxcrom, Bic Cristal eta Staedtler (hirurek ere, 4,8na puntuz) "idazkera" gainditzeke utzi dute. Stabilo Bionic, Pilot BL-VB5 eta Bic Cristal Gel laginek ere ez dute gainditu (4 puntu, 10etik) paperean tinta hedatzeko erraztasuna dela medio.

Garrantzizkoena, ordea: erabiltzaileei parametro guztiak kontuan harturik, nahiena duten boligrafoa aukera dezaten eskatzen zaienean, Pilot BL-VB5 aukeratu dute; ondotik Inoxcrom, Pilot BX-V5, Stabilo, Paper Mate, Bic Cristal, Bic Cristal Gel eta, azkenik, Staedtler etorri dira.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto