Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Aperitiboko produktuak: zizaretxo eta lastotxoak: Hobe inoiz edo behin bakarrik kontsumitzea

Gatz eta kaloria ugarikoak. Aztertu diren zortzi laginetako bitan gantz saturatuen (kaltegarrienen) proportzioa altua da. Produktuok, haurrei apetitua kentzeaz gainera, zapore biziegi eta artifizial samarrak hartzeko joera sortarazten diete

 Elikagaien industrial fabrikatzen dituen snack edo aperitibo gazien ezaugarriak ezagunak dira: tamaina txikikoak dira, arinak, maneiatzeko eta "areago" jateko errazak, zaporetsuak eta kontsumitzaileari gose sentsazioa une batez kentzen diote. Norbaitek agian pentsa lezake beste ezaugarri bat produktuon prezio merkea dela baina alderdi hori arretaz jorratu beharko litzateke: CONSUMER EROSKI-k azterturiko zortzi aperitiboetatik (artozko zizaretxoak eta patatazko lastotxoak) hiruren prezioa 20 eurotik gora doa, kiloko, batena 15 euro eta beste birena 9 euro inguruan dabil. Gainerako bien prezioak, kiloko beti, 7 eta 4 euro dira. Merketik deus gutxi, beraz.

Snack horiek kontsumitzaileari hamaikatxo itxuratan aurkezten zaizkio: batzuk labean eginikoak dira, beste batzuk frijitutakoak, kakaotan bilduak, etc., eta klase guztietako usain eta zaporeak izan ditzakete: gurina, barbakoa, urdaiazpikoa, ketchup, antxoa, gazta? Bereizgarri dituzten zapore eta aroma bizi-biziak direla medio, makina bat kontsumitzaileri benetan tentagarri gertatzen zaizkio: snack kraskatsuez beteriko zorro ireki baten aurrean jende asko ez da muzin egiteko gauza.

Oraingo honetan zizaretxo eta lastotxo naturalak (erantsitako zaporerik gabekoak) aztertu dira, hots, haurrek gehien kontsumitzen dituzten bi aperitiboak. Osagai ugarienak laboreen semola edo irina (artoa, garia, patata fekula) eta gantza (hazi-olioa, landarezkoen gantza edo landarezko gantz hidrogenatua) dauzkate, ur, gatz eta gehigarriez (koloratzaile, zapore-indartzaile eta kontserbatzaileak) gainera.

Zer daukaten zizaretxoek eta lastotxoek

 Laborategian zortzi lagin aztertu ziren: bost zizaretxo (labean eginiko aperitiboa) eta hiru patatazko lastotxo (frijituriko produktu aperitiboa). Neurketek agerian utzi zuten lehendabiziko egiaztapena: snack horiek kaloria ugari-ugariko elikagaiak dira (ehun gramoko, 450 - 540 kaloria artean), ur gutxi edukitzeaz gainera (eduki osoaren %1,3 - %4,3 artean dabil ur kopurua) osagai nagusiak horrelakoxeak direlako: artoa edo patata, biak ere karbohidrato ugarikoak, eta horiek erretzeko edo frijitzeko baliatzen den gantza. Arauak xedatua duenez, aperitibo erako elikagaien hezetasun graduak ez du %5 baino handiagorik izan behar, eta hori lagin guztiak zorrozki betetzen dute. Karbohidratoak produktu osoaren %64 eta %75 artean dabiltza zizaretxoetan eta %59 eta %67 artean, lastotxoetan. Proteinak, landarezko jatorridunak (artoa edo patata) uri-urri agertzen dira: zizaretxoen %5 - %6,5 eta lastotxoen %1,4 - %3,2 baizik ez dira.

Zizaretxoak artoz moldatzen dira: artoari olioa edo landare gantza eta gatza erantsi behar zaizkio; lastotxoak, berriz, frijituko den patatazko masa bat dute osagai bakarra. Frijitzean, zer esanik ez, produktuak gantza hartuko duenez, zizaretxoek baino gantz gehiago lastotxoek daukate (hauetan, produktuaren %27 - %32 gantza da; batez bestekoa %29 inguru dabil); zizaretxoetan batez besteko gantz kopurua %19 da (%14 eta %24 artean). Aztertu diren lagin denetan gantz gutxien daukaten aperitiboak, gainerakoetatik urrun, Rufinos (gantza: %14) eta Jojitos (%15) markako zizaretxoak; zerrendako beste muturrean, gantzatsuenak, Facundo markako lastotxoak (produktuaren %32).

Landare gantz guztiak ez dira berdinak

Kontua ez da bakarrik aperitiboek (edo elikagaiek, oro har) daukaten gantz kopurua; nolako gantz mota den ere begiratu beharra dago (saturatuak, jakina, osasunarentzat kaltegarrienak dira). Zenbaitetan, ordea, erabili den gantzari buruzko informazioa ez zaio eskaintzen kontsumitzaileari behar den era egokian. Azterketa honetan, Risi eta Facundo marketako lastotxoen eta Rufinos markako zizaretxoen etiketek "landarezko gantza" baizik ez du adierazten; kontuan hartu beharra dago, lehen bi kasuetan palmondo gantza dela eta soja, hirugarrenean. Laborategiak, zortzi laginetan fabrikatzaileek baliaturiko gantz mota aztertu ondoren, etiketetan adierazitakoa egia dela ondorioztatu du: denek landare olioak baliatu dituztenez, kolesterolik ez daukate snackek. Zehazkiago esateko, Risi, Jojitos, Jumpers eta Aspitos marketako zizaretxoak eta La Iscariense lastotxoak egiteko ekilore olioa erabili dute; Rufinos markakoak fabrikatzeko, berriz, soja olioa; Risi eta Facundo lastotxoak ekoiztean, berriz, palmondo gantza maneatu dute. Horrelako gantza erabiltzeak badu garrantzirik: gantz azido asegabeen (kolesterolaren kontrolean eragin mesedegarria dutenen) proportzioa, ekilore olioa daukaten aperitiboetan guztirako gantzaren %88 da eta soja olioa daukatenetan, %82. Palmondo gantza daukaten bietan, ostera, (Risi eta Facundo lastotxoetan) asegabeen proportzioa %53 baizik ez da.

Bestela adierazteko, gantz saturatuaren (osasunarentzat kaltegarriena) kopurua askozaz ere handiagoa da palmondo gantzarekin eginiko aperitiboetan. Kontu hori aspaldikoa da: edonork daki hazi-olioak (ekilore, soja, etc.) baliatzeak gantz asegabeen agerpena areagotzen duela, saturatuenaren kaltetan; palmondoko gantza edo landarezko gantz hidrogenatua baliatzen bada, aldiz, osasunarentzat kaltegarriagoak diren gantz saturatuen agerpena biziki ugaltzen da. Gantz saturatu asko kontsumitzeak odoletako kolesterol (arrisku kardiobaskularreko faktorea) maila altxaraziko du.

"Trans" motako gantzen edukia ere aztertu da laborategian: olio likido horiei hidrogenatze partzialeko prozesua aplikatu zaie, produktuaren bizitza baliagarria luzatzeko eta bere ezaugarri organoleptikoak indartzeko. Horrelako gantzei, odoletako kolesterol kaltegarriaren (LDL kolesterola, alegia, arteria koronarioetan metatzen dena, kardiopatia koronarioa nozitzeko arriskua larriagotuz) kopurua areagotzeko ez ezik, kolesterol mesedegarria (HDL) urritzeko ahalmena ere egozten zaie. Trans gantz horiek, beraz, saturatuak baino kaltegarriagoak dira. Dena den, zortzi laginetan atzemaniko trans gantzen kopurua txiki-txikia da: kasu bakar batean ere ez zen iritsi gantz guztiaren %1era. Onarturiko trans gantzen kopuruaz ez dago ezer legislaturik Espainian baina, erreferentzia gisara besterik ez bada ere, Danimarkako arauteriak elikagaietan gehienez onartzen duena, gantz guztiaren %2 baino ez da.

Lastotxoek kaloria gehiago dauzkate: ehun gramo zizaretxok, batez beste, 477 kaloria dauzkate (450 kaloria baino gehixeago Jojitos eta Rufinos markakoek eta 500 kaloria, Risi markakoek); lastotxoek, berriz, 521 kaloria dituzte ehun gramoko (510 kaloria La Iscariense eta Risi marketakoek eta 540 kaloria, Facundo markakoek).

Gatz gehiegi

 Honelako produktuei dagokienez, legeriak onartzen duen gehieneko gatz kopurua %5 da, substantzia lehorrarekiko (ura erauzi ondorengo pisua). Zortzi laginek atal hori zorrotz betetzen duten arren, lagin batetik besterako aldeak nabarmenak dira: %0,7tik (Rufinos markako zizaretxoak) %3,2raino baitoaz (Risi lastotxoak). Adituek aholkatzen dutenez, 1 eta 3 urte bitarteko haurrek egunean 2 gramo gatz har dezakete gehienez, 4 eta 6 urte artekoek, 3 gramo gehienez eta 7 eta 10 urte bitartekoak, 5 gramo gatz egunean. Aholkuok aintzat harturik, snack horietako askok gatz gehiegi daukate: Risi markako lastotxo zorro batek (20 gramo) 0,63 gramo gatz dauka, hots, haur txikienei aholkatzen zaien eguneko gehieneko kontsumoaren herena; Jojitos markako zizaretxo zorro batek (36 gramo) 0,42 gramo gatz dauka. Kontuan izan dezagun aperitibo horiek ez direla haurraren dietan gatz-iturri bakarra.

Zortzi laginetatik bostetan, gainera, glutamatoa atzeman da: E-621 zenbakiaz identifikatzen den zapore-indartzaile ezagun hau onartua dagoen arren (milioiko 10.000 zati baino gehiago ez badu), alferrikakoa da kalitate oneko produktuetan. Lagin batetik bestera glutamato edukiak oso desberdinak badira ere, bakar batek ere ez du legezko muga gainditu. Eduki handiena Jumpers zizaretxoak daukate (7.940 zm). Facundo lastotxoek (395 zm) etiketan horrelakorik adierazten ez dutenez, araua urratu egiten dute. Bestetik, bitxia bada ere, Rufinos markako zizaretxoetan glutamatorik ez da atzeman, etiketak kontrakoa dion arren.

Laborategian beste bi gehigarri bilatu dira, biak ere oxidazioa saihesteko ahalmeneko kontserbatzaileak: BHA (butilhidroxianisola) izenekoak gantzak zaharmintzea galarazten du eta BHT (butilhidroxitoluenoa) gehigarria aurrekoarekin konbinazioan baliatzen da, haren eraginak indartzen dituelako. Produktu aperitiboetan BHA eranstea baimendua dago (guztirako gantzaren 200 zm muga izaki) baina masa egiteko erabiltzen den olioari bata zein bestea erants dakizkioke. Lau laginek (hiru lastotxoek eta zizaretxoetako batek, Rufinos markakoak) ez dauzkate gehigarri horiek. Lagin bakar batean (Jumpers zizaretxoak) atzeman dira bi substantziak (BHA, 63 zm eta BHT, 8 zm); BHA soilik Jojitos (26 zm) eta Aspitos (3 zm) zizaretxoek daukate; BHT bakarrik, Risi zizaretxoek (0,5 zm). Antioxidatzaile horien kopurua oso-oso txikia da eta ezin esan daiteke BHT daukaten bi laginek araua urratzen dutela: substantzia horren agerpena elikagaiari berari edo erabilitako olioari erantsi izanaren ondorio izan daiteke.

Zortzi laginetako bi arauz kanpora, etiketa zuzen ez egotearren

Zortzi aperitibo hauen etiketen azterketak irregulartasunak erakutsi ditu bi laginetan (biak ere, patatazko lastotxoak: Facundo eta La Iscariense) eta, ondorioz, arauz kanpokotzat jo behar dira. La Iscariense markako laginaren izendapena ("lastotxo mehea") ez dago aintzat hartua arautegian; horren ordez, "produktu aperitibo frijitua" behar luke. Bestetik ere araua urratzen du, enpresari (eta ez elikagaiari) dagokion kalitate-zigilua erakusten baitu, onartua ez dagoen arren. Facundo markakoak osagai zerrendan landarezko gantz "jangarria" idatzi du eta hori ere ez dago baimendua, jangarri ez den inongo gantzekin elikagairik egitea ez baita legezko. Hona Facundo markako lastotxoen beste arau-urratze bat: etiketan horrelakorik ez badio ere, azido glutamiko izeneko gehigarri zapore-indartzailea dauka (395 zm, laborategian atzemanik). Gainerako sei aperitiboen etiketek araua ongi betetzen dute, eskaturiko informazio guztia jasotzen dutelako, irregulartasunik izan gabe. Dena den, Rufinos zizaretxoen eta Risi lastotxoen etiketa hobetu egingo lirateke, baliatutako gantz mota zehaztuko balute ("landarezko gantza" baizik ez dute adierazten), gainerako laginek egin duten bezala; izan ere, landarezko olio batetik bestera alde handia dago, elikadura eta nutrizioa edo osasuna lotzen dituen ikuspegitik: kasu honetan, ekilore edo soja olioak gantz osasungarriagoak dira Facundo eta Risi marketako lastotxoetan baliatutako palmondo olioa baino, honen gantz saturatuaren proportzioa dezente handiagoa baita.

Biziki produktu kaloriko, gantzatsu eta gazia denez, fabrikatzaileak etiketan nutrizio alorreko informazioa eman beharko luke, arauak horretara behartzen ez badio ere; dena den, azterturiko zortzi laginetatik lauk (Risi markako bi laginek eta Aperitivos Extrusionados faktoriako Jojitos eta Super Aspitos zizaretxoek) bakarrik egin dute horrela; hauek, 100 gramoko anoari dagozkion datuak ez ezik, zorroko edukiari dagozkionak ere eman dituzte.

Zortzi laginetako hirutan, kalitate higienikoa eskas

 Laborategiko mikrobiologia-areak zortzi laginen egoera higieniko sanitarioa aztertu zuen. Produktu aperitiboen arautegiak enterobakterio, staphylococcus aureus, salmonella eta enterococus-ik ez izatea agintzen du. Parametro denetan emaitzak negatiboak izan ziren, enterobakterioei dagokienean izan ezik: hauen agerpena atzeman zen Jumpers zizaretxoetan eta La Iscariense eta Risi marketako lastotxoetan, hots, azterturiko zortzi laginetatik hirutan. Kopuruak txiki-txikiak izan ziren (hiru kasuetan ere, 10 ufc/g ?unitate kolonia-eratzaileak gramoko? baino txikiagoak) baina hiru produktu horiek araua urratzen dute, horrelako bakterioen presentziarik ez baitu onartzen elikagaian. Itxura guztien arabera, hiru kasuetan ere, kontsumitzailearen osasunari kaltegarri ez den enterobakterioen tamalezko agerpen hori produktuaren prozesatuan izaniko higiene-hutsune arin baten ondorio izan daiteke.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto