Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Osasuna

Λ

Kristalezko meniskoak

Belaunak jasotzen duen kargaren %40 inguru meniskoek hartzen dute; kartilago hauek denboraren joana eta kirol-praktika intentsua biziki nozitzen dituzte

 Higadura urteek aurrera egin ahala eta traumatismoak, kirola praktikatzearen ondorioz, gazteen artean. Bizitzako gorabeherak belaunek orokorki eta hauetako funtsezko elementu diren meniskoek, bereziki, nozitzen dituzte beste ezerk baino areago. Horien egoera onak gure egonkortasuna eta ibileraren kalitate ona baldintzatzen ditu. Horra hor, hankabiko izatearren ordaindu behar dugun prezioetako bat.

Gizakiak dituen ezaugarrietan bereizgarrienetako bat den zut ibiltzeak hamaika abantaila ematen dizkio, eboluzio-azterketa askotan frogatu izan den legez. Abantaila horietako bat -berarekin lotzen da, hein batean, garunaren bilakaera- beso eta zangoak libre edukitzea izaki, horrek hamaika trebezia garatzeko aukera eman digu. Bestetik, ordea, gorputzak nozituriko eraldaketengatik tentsioan bizi behar izatea ondorioztatu du; tentsio horrek eraginiko indar-banaketaren ondorez, mugikortasun eta malgutasunez gozatzeko aukera ematen diguten atalen (junturen) gaitzak etorri dira: belauna da nagusietako bat, berealdiko egonkortasun eta higikortasuna ematen dizkiguna, luzaturik dagoenean bereziki.

Hezur eta giharren propietateak egokitzen dituen eta belauna bere ezaugarriez janzten dituen pieza meniskoa da, juntura barruan dagoen ilargi erdi itxurako kartilago txikia. Horren egiturak tibiaren goialde ia erabat lau horren sakonera areagotzen du, egonkortasunaren mesedetan. Meniskorik gabe, ordea, femurraren zati biribila tibiaren azalera lauan labaindu egingo litzateke.

Belaunak dauzkan bi meniskoek (kanpoaldekoak eta barrualdekoak) femur eta tibiaren arteko kojineteen eginkizuna betetzen dute, gorputzaren pisuak eraginiko indarra arinduz, eta transmitituriko indarrak belaunaren bitartez banantzen dituzte, junturak hartzen duen kargaren %40 jasoaz. Horren egiturak, hiru geruzakoak, indar-multzoa arindu eta gehiegizko higadura saihesteko aukera ematen du. Meniskorik izango ez balitz, hezurren azalerak kaltetu egingo lirateke, ehunaren endekapena ondorioztatuz.

Horregatik meniskoak erabat erauzteak artrosiaren agerpena "erakartzen" duen faktorea da: femur eta tibiaren juntura aldeko azalerek elkarrekin jotzeak kartilagoaren etengabeko erosioa probokatzen duenez, horrek hezurra babesik gabe, agerian utz dezake. Meniskoa, horregatik, ez da erabat kentzen gaur egun.

Lesioak eta higadura

 Meniskoaren lesioak dira belaunak nozitzen dituenetan ohikoenak, ia beti jatorri traumatikokoak. Pertsona gazteen traumatismo gehientsuenak kirol praktikan gertatu dira: futbolean eta eskian, batik bat. Bi kirol mota horiek dira denetan arriskutsuenak, belauna tolesturik praktikatzen baitira. Lesioak, jakina, belauna tolesturik egiten diren beste hainbat kirol eta jokotan ere jazo daitezke.

Futbolean, pixka bat tolesturik dagoela eta oina lurrean finko, belauna hausten den horixe da egoera ezin hobea meniskoak hausteko. Trauma oso bortitza baldin bada, oso litekeena da lotailuak ere lesionatzea, eskian gertatzen den bezalatsu. Alboetako lotailuen lesioek, era berean, meniskoetan eragina izan dezakete, batzuk eta besteak hertsiki lotuak baitaude.

Urteetan aurrera joan ahala, meniskoak malgutasunetik galtzen duenez, hauskorrago gertatzen da eta, noski, hutsaren pareko traumatismoak lesionatu egin dezake. Ibilian oztopo bat gainditzea, lur irregularretan ibiltzea, jauzi egitea edota eskaileretatik jaistea adineko pertsonen belaunetako lesio-bide izan daitezke.

Diagnostikoa eta tratamendua

Meniskoan lesio bat identifikatzea ez ohi da kontu zaila: lesioa nola gertatu zen atzemateak, sintomek eta miaketa fisikoak diagnostikoa orientatzen dute. Erresonantzia magnetiko nuklearra (RMN) beharrezkoa izan daiteke, lesioa berretsi eta kokatzeko eta bestelako lesioak (lotailu, hezur, kartilago, tendoi eta muskuluenak) baztertzeko. Erradiografia konbentzionalak, berriz, lesio horrekin loturiko beste baldintzarik ba ote dagoen determinatzeko bakarrik balio du, inola ere ez hautsitako meniskoa baloratzeko. RMN minik eragiten ez duen proba da eta, gainera, artikulazioaren egoera baloratzeko, ez da kontrasterik txertatu behar.

Zenbaitetan metodo diagnostiko modura artroskopia ere (junturetan arazoak ikusi eta tratatzeko baliatzen den prozedura kirurgikoa) egiten da ebakuntza-gelan, anestesia (orokorra, bizkarrezurrekoa edo lokala, juntura edota konpondu beharreko arazoaren araberakoa) emanik. Belauneko junturan eginiko ebaki txiki batetik sartzen den zuntz optikoko kamera txiki-txikiak barrualdea ikusteko, barne egiturak zuzenean baloratzeko eta, beste ebaki txiki bat eginez (hemendik sartuko dira meniskoaren parte hondatua konpondu edo erauzteko beharrezkoak diren lanabes kirurgiko bereziak), lesioak tratatzeko aukera ematen digu.

Zenbaitetan, menisko-urradurak eskuilatze eta sutura bidez konpondu izan dira, baina horrela konpontzea ez da beti posible. Paziente gazteen menisko hautsi berria da konpontzeko aukerarik hoberena; adin handiko pazienteen ahuldade eta higiduragatiko hausturak, endekaturiko oinarria dutenak, ordea, soluzio zailekoak dira.

Lesionaturiko meniskoaren amaiera ez da beti ebakuntza: lesioa oso hedatua ez dagoenean eta minik eta blokeorik probokatzen ez duenean, badago geroratzea. Aditu batzuen iritziz, hala ere, meniskoaren lesioak, txiki-txikia bada ere, junturako kartilagoa honda dezake. Meniskoa, irrigazio urriko estruktura denez, nekez orbaintzen da berez. Nolanahi ere, ez dirudi ebakuntza nozitu ez duen menisko hautsi batekin artrosia garatzeko aukera handiegia denik. Hautsitako menisko zati bat erauzten denean, ordea, zenbat eta zati handiagoa kendu, orduan eta karga astunagoa hartuko du junturak eta artrosia nozitzeko aukera ere handiagoa da.

Ebakuntza egiten denean ebakiak egun gutxitan orbaintzen dira eta bendak 24 ordutara kentzen da. Junturako mina hutsaren hurrena izaki, esteroide ez diren antiinflamatorioekin tratatzen da eta aste gutxiren buruan arazoa konpondu da. Berariazko errehabilitazio-programa egiteak garrantzi handia du, junturak bere funtzionaltasun osoa (edo gehiena) berreskura dezan.

Mina arintzne laguntzeko

  • Aurreneko 48 ? 72 orduetan, lesionaturiko tokian ipini hotza, 15 minutuko saioetan, egunean hiru ordu baino gehiago egin gabe. Tenperatura hotzaren eraginez erredurarik gerta ez dadin, hobe da izotzak larruazala zuzenean ez ukitzea.
  • Juntura ez da mugitu behar 24 edo 48 ordutan.
  • Hanka goian eduki behar da egun batzuetan.
  • Benda elastiko bilgarria ezarri behar da, asko estutu gabe.

Meniskoaren lesioa gertatzean...

  • Traumatismoa gertatzean baliteke klaska antzeko bat nozitzea.
  • Berehala dator sekulako mina lesionatutako alderdian: kanpo-meniskoa denean, belaunaren kanpoaldean; barne-meniskoa lesionatzean, barrualdean.
  • Belauna luzatu eta tolestean klaskak senti daitezke.
  • Belaunaren luzatze eta biltze mugimenduak mugaturik daude, eskaileretatik igo eta jaistean, makurtzean eta belauniko jartzean hautematen den bezala; intentsitate aldakorreko mina ere sentitzen da horrelakoetan.
  • Sintoma klasikoena, belauna blokeatzea da: hautsitako zatia bisagra-mekanismoan geratzen denean juntura erabat luzatzea ez da posible izaten.
  • Junturan, garrantzi apaleko sinobia-likidoa isur daiteke.


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto