Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Presio psikologikoak, konpondu gabeko matxurak, argindar-mozketak eta higiene eta mantenu falta aitzakia hartutako etxe-utzarazteak ugalduz doaz. Beste aldetik, legez kanpoko metodo hauek galarazteko lege-neurriak geroz eta ugariago dira
Higiezinen mobbing fenomenoa urterik urte handituz doa espekulazioaren eskutik eta, bereziki, aspaldiko errentadun (kasu askotan, hilean 100 euro baino gutxiago) higiezinetan bizi diren adin handiko pertsonengan du eragina. Merkatuaren hazkuntza eta honelako etxebizitzen erakarpen ekonomiko eskasa direla medio, "zomorrodun" etxebizitzen (izendapen peioratibo horrekin bataiatu da maizterra negozio honetako ohiko argotean) salmenta ere handitu da. Erostuna, onen-onenean, epe ertain edo luzerako errentagarritasun zukutsuaren zain egongo den bankua izango da; txarren-txarrenean, erosteko interesa duena higiezinaren mobbinga praktikatzeko egoki "jantzita" dagoen espekulatzailea da.
Mobbing mota hau ez da berria ez Espainian, ez Espainiatik kanpo ere. Cadizeko Udalak, 1998 urtean Bandoa eman zuen, herritarrak horrelako praktikez ohartarazteko. Handik bost urtera, Bartzelonako Udalak Fiskaltzara jotzea erabaki zuen, higiezinen mobbingaren aurka egiteko.
Bere etxetik -erositakoa edo alogerean hartua, berdin dio- alde egin dezan helburuz, eraso eta gehiegikeriazko gizartez kontrako praktika-multzoa dela esan dezakegu. Pikareska eta amarruak era guztietakoak dira: eraikinean okupa edo auzo aztoratzaileei bertan sar daitezen erraztasunak ematea, jabeak errenta kobratzeari uko egitea, etxebizitzan edo eraikinean mantenurik ez egitea, higiene falta, argindar eta ura moztea, etab. Helburua, beti, legezkotasunaren itxura emanez, maizterra bertatik bidaltzea, etxebizitza berak utz dezan konbentzitzea, bere pazientzia eta zintzotasun moralaren kontra azpijokoz aritzea? praktika horiek guztiak iruzur eta delituzkoak dira.
Aurri-adierazpena eginarazteko eraikina utzaraztea eta maizterrak ordaindu beharreko errenta kobratzeari uko egitea dira aspaldiko errentadun maizter despistatua kaleratzeko baliatzen diren taktika ohikoenak. Legezkotasuna eta delituaren arteko muga lauso duten metodo bi horiez gainera bestelakoak ere praktikatzen dira, hala nola mehatxuak, derrigortzeak, egoitzaren bortxatzeak, kalteak, irain eta laidoak? horiek denak Kode Penalean delitutzat jasoak daude. Nolanahi ere, joan den udan proposatu zen lege-erreformak horrelako gehiegikeriak bereziki zigortzen zituen, erasoak pertsonaren osotasun morala urratzen baitu, eta osotasun hori Espainian eskubide konstituzionala da.
Horrelako jokabideak lege-ikuspegitik aintzat hartzean egin zen lehendabiziko aurrerapausoetako bat, higiezinen mobbingagatiko lehen kereila Espainian berrirekitzea izan zen. Maizterrak (1936az geroztik alokairu-kontratua zuena eta hilean 40 euroko errenta ordaintzen zuen 75 urteko emakume alargun bat) 2003 urtean aurkeztu zuelarik, ezetsia izan zen eta, geroago (2004an) Bartzelonako Entzutegiak berriro ireki zuen. Bere terrazaz okupa batzuk jabetuak zeuden eta etxebizitza zartatu edo arraildua, arratoi eta labezomorroz josia zegoen eta oinarrizko zerbitzuen hornikuntzan arazoak nozitzen zituen, eraikina mantentzeko jabeak ezertxo ere egiten ez zuelarik.
Ildo horretakoa da Getxoko (Bizkaia) auzo baten jarduera: enpresariak higiezin baten hiru solairuetako bat erosi zuen arren, eraikin osoa hartu nahi zuen. Lehen solairukoek saldu nahi ez zutela entzunik, enpresariak bere jabetzakoa familia ugari liskartsu bati "alokatu" zion, hilean euro bakar baten truk, eraso-plan oso baten barnean. Azkenean, Getxoko Instrukzio Epaitegiak enpresariaren eta maizterren aurka kautelazko neurriak eman zituen: errudunak higiezinetik eta herritik kanpora bidali zituen, "kalteturikoak beren herrian bizimodu normala egin ahal izatea ezinbestekoa zelako, erasotzaileekin topo egiteko beldurrik gabe".
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa