Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Erraz editatu eta banatu daitezkeenez, web orrietan oldea osatu dute bideoek
Internet harro agertu izan da beti multimedia izateaz: 1990ean weba asmatu zenetik, ikus-entzunezko informazioaren atzealdean bizi izan den hedabide berri honetan idatzizko informazioa izan da nagusia. Laurogeita hamargarrenetan baziren bideoak, konforme: baina konexioen mantsotasunak eta bideoak ikusi ahal izateko programa egokia aurkitu eta instalatzeko zailtasunak edonoren pazientzia agortzen zuten.
Horregatik, aparteko aplikaziorik baliatu gabe ikusten diren web orrien barneko bideoak agertzean alor honetara iraultza ekarri zuten. Dagoeneko ez da inolako programa arrarorik instalatu behar. Mugitzen diren irudiak erreproduzitzeko premiazkoa den flash erreproduzitzailea etxeko ordenagailu denetan ia-ia estandarra denez, "play" sakatu baizik ez da egin behar.
Youtube izeneko enpresa txiki batek 2005 urtean hasiera eman zion Interneteko bideoen uholdeari. Ez zen hura erabiltzaileari bideoak bertan utzi eta partekatzeko aukera ematen zien aurreneko orria; bai, ordea, arrakasta biziena bildu zuena. Jende askorentzat Interneteko bideoen egiazko estandar bilakatu zen eta gaur sekulako altxorra da, sekulako beste altxor baten (Google bilatzailearen) eskuetan. Haren arrakastak era guztietako alorretan izan du eragina, hala nola telebistan, kazetaritzan, publizitatean, politikan, etab. Areago, herrialde batzuetan (Marokkon, adibidez) debekatua dago, talde batzuek helburu politikoekin baliatzen dutelako. Albisteak, Youtube n barrena badoaz, azkarrago dabiltza.
"Flash" teknologiadun bideoak baliatzeko soiltasuna, ordea, hamaika arazo eta liskarren iturri izan da, fenomenoa hedatzeko erraz-erraza eta geldiarazteko edo kontrolatzeko zail-zaila baita. Kazetaritza esparruan, adibidez, irudi askok albistegietako berriei aurrea hartuta, telebistara iritsi direnerako ikusleak ezagunak zituen. Iaz horren eragina frogatu zen Espainian: Koala kantari eta musikariaren "Opá mi vi a jasé un corrá" kanta zeukan bideoak sekulako ospea bildu zuen Youtube n diskoa sustatu eta udako bira bat egitearren. Baina, nola ez, Espainian bertan, MTV-rentzat publizitate agentzia batek sortu zuen "Amo a Laura" bideokliparekin ere: honakoak, gazte-elkarte batek antolatuta, musikan diharduten telebista-katearen aurkako kanpaina zirudiela, bolbora bezala ibili zen e-mailez e-mail.
Beraiek grabaturiko bideoak ez ezik, bestelakoak ere partekatzen dituzte erabiltzaileek. Hainbat telebista-katek haserrea erakutsi dute erabiltzaileek, haien eskubideak kontuan izan gabe, programak Youtube n ezartzen dituztelako. Izan ere, Youtube n dauden milaka dokumentuk copyright babeslea badute ere, ikuslearentzat baliagarri daude, doan. Kiroletako ikus-entzunezko eskubideen gestorak ere erne daude, Interneten bideoak hartu duen martxa ikusita: futboleko golik ikusgarrienak Sarean barrena hedatzen dira, hizkuntzak edo lurraldeak muga izateke. Gola sartu Camp Nou edo Maracanan sartu da baina handik minutu batzuetara Pekinen edo Seulen ikusiko dira. Beste horrenbeste gertatzen da filmetako pasarte legendarioekin, pop musika egiten zuten taldeen emanaldi gogoangarriekin edota artxibo historikoetako irudiekin ere: hori dena on-line partekatzen da, inolako baimenik eskatu edo eman gabe.
Sistemak aurretiazko kontrolik oraino ez duenez, erabiltzaileek kargatu dituzten autore eskubidedun edukiak Saretik ken daitezen erreklamazioak elkarren atzetik edo trumilka iritsi dira, Googlek Youtube erosi zuenez geroztik. Sekulako eginkizuna da hori, berebizikoa, erreklamazioaren objektu diren eduki guztiak Googlek kentzen dituen arren, bertan sartzen diren edukien kopurua askozaz ere handiagoa baita.
Google Videos: Googlek Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa