Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elkarrizketa

Λ

Olga Gil Medrano, Espainiako Matematikaren Errege Elkarteko Presidentea a: "Matematika gabe manipulagarriagoak ginateke denok"

 Espainiako Matematikaren Errege Elkarteko lehen Presidente den Olga Gil Medrano (Burgos, 1956) zenbakien zientziaz, problema eta soluzioez mintzatzen denean, ezagutza eta optimismoa baturik agertzen ditu, sekulako ilusioaz biderkatuz, dramatismoa kentzen die eta bere diskurtsoa errealismoan eta esperantzan banatzen du, eta enegarren berreturan adierazten du. Valentziako Unibertsitateko Geometriako irakasle honen kalkuluen arabera, matematika giza jakituriaren %20 inguru bada ere, horrek alor sozialean duen garrantzia askoz ere handiagoa da. "matematika oso zaila dela dioen kanpaina horrek hezkuntza-sistematik at utz lezake; eta, noski, matematikarik gabe, manipulagarriagoak ginateke denok", ohartarazi du.

Google bilatzailean "arazoak matematikarekin" esaldia tekleatzen baduzu 11.000 erreferentzia agertuko zaizkizu espainieraz. Aldiz, "arazoak hizkuntzarekin" tekleatuz gero, erreferentziak 720 baino ez dira. Zeren ondorio izan liteke alde ikusgarri hori?

Benetan bitxia da, bai. Arrazoia, agian, matematikarekin dagoen arazoa detektatu egiten delako eta hizkuntzarekin dagoena, ez. Adibidez: Matematika karrerako lehen mailako ikasleekin dudan arazoa ni ez ulertzea da; kontua ez da matematika ez ulertzea, beraz. Arazoa, agian, bi esparruen arteko lokarriak izatean datza: hizkera ulertzea premiazkoa duzu eta, bestetik, kalkulatzeko eta ikuspen espazialean aritzeko trebezia ere beharrezkoa da. Hiru horiek konbinaturik, enuntziatua ulertu ezinez ezin gaindituzko zailtasuna bilatzen zuen pertsonak irtenbideak ikusiko ditu. "Problema bat egingo dugu" diogunean, karrerako lehen urteko ikasleek honela erantzuten dute: "Bai, enuntziatuduna ez izatekotan". Nolanahi ere, "matematika oso zaila" dela dioen kanpainak kezkatu egiten nau, horrek hezkuntza-sistematik at utz lezakeelako eta, matematikarik gabe, erabat manipulagarriak ginateke denok, beste publizitate kanpainaren beharrik ez genuke orduan. Pertsona batzuek ez lukete bereiziko hau hura baino handiago edo txikiagoa den, hori egia den ala astakeria galanta den...

Kazetariek zenbakiak nola darabiltzaten ikustean zer sentitzen duzu: beldurra, haserrean, ezin sinetsia...?

Ez, horrenbeste ez. Hasteko, egiari zor, kazetariek zenbakiak darabiltzate zientzialari ez diren beste batzuek eta zientzialari batzuek bezala. Estatistikak oker interpretatzea gauza erraza da, are eta soilagoa horiek maneiatzea. Baliteke esaldi bat zuzena ez izatea, esaldia edo estatistika, berdin dio. Dena den, zuzen ez dagoen esaldi baten aurrean pertsonak ez du sinesten; zenbakiz jositako estatistika plazaratzen bada, aldiz, inork ez du pentsatuko zenbaki horiek egiazkoak ez direla edo, egiazkoak izanik ere, manipulatuak zeudela, beste itxura bat emateko. Izan ere, denok pentsatu izan dugu: "Hori egiazkoagoa da, zenbakiak ezarri dizkiote-eta." Ez halakorik. Oso litekeena da zenbakiak okerrekoak izatea. Horregatik herritarrak jakin behar du, adibidez, lau daturekin ezin dela portzentajerik osatu, kultura matematikoa ezagutu behar du, gainetik bederen. Portzentajeak egiteko ehunetik gora joan behar duzu: ehun baino gutxiagorekin horrelako datuak emateak ez du hanka, ez buru.

Bideez ari garela, teknologia berriak zein gradutan izan daitezke matematikaren lagungarri?

Internetek laguntza handia, ez; ikaragarria eman diezaguke. Internetez baliatzea, ene ustez, kultura zientifikoaren alde aritzeko modu bat da, elkarreraginari ateak zabaltzen baitizkio. Zuk, halako gai batengatiko interesik baldin baduzu, esperimentatu egin behar duzu: horixe da zientzietan gauza behinenetako bat. Eta horretarako aukerak ematen dituzte www.divulgamat.es eta antzeko orriek; dibulgazioko elementu hori, hain zuzen, Espainiako Matematikaren Errege Elkarteak sortu du. Matematikarekin kirolarekin bezala gertatzen da: kirol horretan aritzeko arauak irakurtzen orduak eta orduak emango dituzu baina, jarri arte, ez duzu hobeki jokatuko eta, gainera, interesatu ere ez zaizu egingo.

Filologia Ingeleseko katedratikoak, adibidez, erro karratua egiten ez badaki, hezigabe edo oihesa al da?

Egun, erro karratua egiten oso jende gutxi ausartuko litzatekeenez, nik ez nuke esango gainerakoak hezigabeak direla, seguruenik zientzialari asko zulo horretantxe eroriko baikinateke. Garrantzitsuena ez da egun zaharkituak egon daitezkeen kalkulatzeko arauak gogoratzea -horrelakoak egiteko badirelako gaur bestelako bitartekoak, hala nola kalkulagailua-, baina badu garrantzia erro karratuak zer esan nahi duen eta nolako propietateak izan ditzakeen jakiteak.

Nola sinestaraz diezaiokegu katedratiko horri matematikak bizitzeko garrantzi handikoa dela?

Bitxia da, oso: nik beti jartzen dudan adibidea erabili duzu galdera egiteko, matematika eta hizkuntza konparatzen ditut nik beti. Hizkuntza bat ezagutzen ez baduzu, ez duzu gozamenik hartuko bertako literaturarekin, ez hizkuntza horretako ezerekin ere. Eta matematikaz gutxienekoa ezagun ez baduzu ere, ezingo duzu estatistika bat ulertu egunkaria irakurtzea, ekonomiaz hitz egiten dizutenean... eta hizkuntz hori ezagun ez baduzu erraz engaina zaitzakete matematika-hizkuntzaz. Horregatik, ene iritziz, egunero darabilgun hizkuntza den aldetik, zu dendara eta abarretara zoazenean, nolabaiteko trebeziaren jabe izan behar duzu hor ipini dituzten zenbaki horiek, deskontu horrek eta gainerakoek zer adierazten duten ulertzeko.

Ba ote dakigu, beraz, zer den %30eko deskontua?

Hala uste dugu. Baten parte bi ematen dituzten eskaintzak %30 eskaintzen dutenak baino hobeak direla balioztatzeko gauza al gara? Horrelako kalkuluak etengabe ari gara egiten, noiznahi. Ez gara arituko orain azpiko matematikaz baina, kultura orokorraz ari garela, ezagutza hori derrigorrezkoa da: bera gabe ezin uler baitaitezke, adibidez, iritziari buruzko inkestak. Zer esan nahi du, adibidez, "boto-intentzioak"?

Nola lortu liteke, behin betikoz, matematika eta kultura orokorra asimilatzea, identifikatzea?

Arazoa da, bai, baina geroz eta txikiagoa. Jabetzen ez bagara ere, eskolan ikasitakoak hortxe irauten du, euskarria egiten du, multzoa osatzen du. Ez dugu bereizten matematika dena fisika denetik. Zergatik ulertzen duzu autoak nola funtzionatzen duen? Ideia batzuk badituzu, adibidez, autoa autopropultsaturik dabilela, autopropultsio horrek gasolina edo beste erregairen bat duela elikagai... hori dena zuk badakizu, seguruenik, eskolan inoiz kontatu dizutelako, edo telesaio batean ikusi duzulako, etc., baina teknologia horrekin ez zara bizi, adibidez, zure aitona-amonak bizi diren edo bizi ziren modu berean. Telefonoak jo eta gu ez gara asaldatzen: ederki dakigu objektu horrek satelite bati esker funtzionatzen duela eta badakigu, gainera, satelite bat zer den. GPS aparatua darabilzunean ez duzu pentsatzen magia denik: zergatik? Horren atzean, zientzian oinarrituriko teknologia datzala badakizulako. Beraz, kultura egon badago.

Ikuspen biziki optimista, zurea.

Tira, askotan badira egiazko arazoak, hor aurrean ditugunak, milaka buelta ematen dizkiegunak, larriago bihurtu arte.

Zure ustez zergatik urrutiratu dira elkarrengandik kultura eta zenbakia?

Horren egiazkotasuna geroz eta urriagoa dela uste dut nik. Transmititzen dena hedabideetan jasotzen dena da. Horrekin zera esan nahi dut, kazetariek existitzea determinatu duten horrek bakarrik existitzen duela, onerako zein txarrerako. Dena den, zeinahi egunkari irakurtzen baduzu, konturatuko zara: ez da egia humanitateei zientziari baino garrantzi handiagoa aitortzen zaiola, hori mito hutsa da. Kontu ludikoei, berriz, bai: kirol, moda, txutxu-mutxu eta antzeko kontuak handietsi dituzte hedabideek. Baina gizartean humanitate baino zientzia gutxiagorik ez dagoela ikusten duzu, era berean: baliteke matematikari bat ospetsua ez izatea baina, inondik inora, latineko katedratikoa ere ez da famatua.

Lehen kalkulagailua aipatu duzu. Zer da aparatu hori, matematikaren aliatua ala etsaia?

 Aliatua. Unean-unean eskura daukatenaz baliatzen da matematika. Lehenago, matematikari izateko pertsonak arin, azkar kalkulatu behar zuen, lanabes lagungarririk ez baitzuen. Egun baditu horrelakoak eta, horrenbestez, kalkulatzeko trebezia horrek garrantzia galdu du. Matematikaren zentzua ez da kalkulatzeko trebezia hori edukitzea, problemak konpontzea baizik. Ene ustez, alderdi hori ez da ezaguna edo, bestela esateko, ez da behar bezala transmititzen. Eskolan zinenean, honela esaten zizuten: "Urliak horrenbeste dauzkala, banatu nahi baditu..." Horko parte matematikoa problemaz zuk egiten zenuen planteamendua zen, nola banatu karameluak, nola bete prozedura. Nolako konponbideari heldu, eskura dauzkazun baliabideen araberakoa da. Burua baizik ez badaukazu, buruz konpondu beharko duzu; arkatz eta paper muturra badauzkazu, horiez baliatuz; kalkulagailua edukiz gero, bera erabiliz...

Hortaz, kalkulagailua erabili ohi izatearen ondorioz, ingeniariak oinarrizko eragiketak egiten ez jakitea ez al da ikaratzen hasteko modukoa?

Beste galdera batez erantzungo dizut: zure iritziz, idazlea eleberria idazten ari denean ez ote dauka eskura hiztegia? Horixe baietz. Lagungarri baitu. Akademikoak hiztegia baliatzea ez da lotsagarria: akaso, horregatik da akademiko. Egun, erro karratua egiten ez jakitearren ez da deus gertatzen; lehenago, bazitekeen kontu larria izatea. Gauza bat esango dizut: badira garrantzi handiagoko kontuak, hala nola portzentaje batek zer adierazten duen jakitea, estatistikak egitea, etab. Matematikariak problemak planteatu eta konpondu egiten ditu eta konponbidea aurkitzeko metodoak aukeratu. Izan ere, triste xamarra da ingeniari batek kalkulu arin batzuk buruz ez jakitea, baina hori ez da funtsezkoa.

Nola jakin dezakegu pertsona bat matematiketan alfabetatua dagoela? Zer da pertsona horrek jakin behar duen gutxien-gutxienekoa?

Zaila da itauna. Hona soluzio bat, nahiz eta balitekeen zuzena ez izatea, baina esanguratsua bai: egunkaria irakurtzean, bertan agertzen diren datu numeriko guztiak ulertzeko gauza denean. Hori litzateke lehen hurrerapena, gutxienekoa. Kontu behinena, berriz, zentzudun izatea da, sen onaren jabe izatea: matematikarako lehen oinarria horrexek ematen digu.

Hiruko erregela jarriko dizut: ezagutza 100 baldin bada, zenbat da matematika?

Ehuneko hogei, eman dezagun.

Hona beste problema bat. A gehi B-ren batura X izaki, X hori matematikaren ezagutza orokorra bada, zer izan beharko lirateke A eta B?

Gure gizartean, 16 urte arteko eskolaratzea derrigorrezkoa izanik, adin horretara arte jasotzen den prestakuntza aski izan beharko litzateke, pertsonak aurrerantzean hizkera zein matematika arazo barik erabil dezaten. Eskolaratze horrek, era berean, ikasteko gaitasunaren euskarria izan beharko lukeela ere esango nizuke. Hori, tamalez, ez da errealitatean jazotzen dena.

Zer egin liteke, ordea?

Ene ustez, irakasleei laguntza eman lekieke, beraiek baitira giltza daukatenak. Familiak irakasleen alde ager daitezen, nola lagun dezaketen pentsa dezaten. Seme-alabek prestakuntzaren premia dutela ulertu behar dute: bizitzan zehar bere burua prestatzeko gauza ez badira, ordea, ez dira behin ere lanik segurantziaz egiteko gai izango. Eta hori etxean ere ikasten da. Gurasoek ere laguntzen dute ikasten. Hori ez dago familia guztien eskuetan, egia da: hor Estatuaren ardura handiagoa legoke, jakina.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto