Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elikadura

Λ

Elikagai bertsio erraldoiak: XXL anoak

Gantz, azukre eta kaloria gehiegiz moldatuak, zaporez nabarmen eta prezioz merke direnez, oso litekeena da kontsumitzaileak irrazionalki hartzea, osasunaren kaltetarako

 Gurea bezalako herrialde batean, patata tortilla tradizioz heldu eta gaztetxoen etxeko eta kaleko jaki behinena izan den Espainian XXL anoen fenomenoa agertu da, aresti arte estatubatuarren eta anglosaxoien bizimoduari bakar-bakarrik bazegokion ere. Aldatu egin da patroia, eredua. Prezio merkean prestaturiko produktuaren pusketa handiak merkaturatzea eta bezeroak geroz eta gusturago onartzea errealitatea da, errealitate kezkagarria sendagile, nutrizio alorreko aditu eta arduradun publikoentzat, gutxienez. Zergatia: gehien-gehienetan produktu horiek gantz, azukre eta kaloria gehiegi dauzkate eta, zaporez nabarmen eta prezioz merke direnez, oso litekeena da kontsumitzaileak irrazionalki hartzea, osasunaren kaltetarako.

Janari azkarreko establezimenduek bezeroarentzat eskuragarri dituzte beren produktu nagusi edo eredugarriak, pusketa erraldoietan. Beste aldetik, egunero kontsu7mitzen ditugu produktuen artean, bidezko tamaina gainditzen duten anoak geroz eta ohikoagoak dira. Neurriak aldatu egin dira: pertsona bakarrarentzako anoa, lehen normaltzat jotzen zena, orain "mini" bihurtu da eta, horrekin batera, tamaina erraldoikoak ugaldu dira.

Estatu Batuetan asmatu ziren janari azkarra eta elikagai-anoa itzelak. Egun, berriz, hori mundu osoan zehar hedatzen ari da. Izan ere, janari azkarrean diharduen multinazional handienetako batek (McDonalds) planetan dauzkan 30.000 establezimenduetan egunero 46 milioi pertsonak (Espainiako populazio osoaren parekoa, alegia) jaten dute zerbait. Espainian, Fehrcarem-ek (Errestaurazio Modernoan diharduten Enpresen Elkartea) emaniko datuen arabera eta egungo gizartean gertatu diren azturen aldaketa -famili bizitzan ordu gutxiago ematea, sukaldaritzaz gutxiago jakitea, jateko denbora gutxiago- aintzat hartuta, bost urtean janarien erdiak etxetik kanpo egingo direla aurreikusten da. Janari horietako asko eta asko, inolako dudarik gabe, janari azkarreko establezimenduetan zerbitzatuko dira.

Espainiako Osasun eta Kontsumo Ministeriopeko erakunde autonomoa den Elikadura eta Nutrizioaren Segurtasun Agentziak (AESAN), Ostalaritza eta Errestaurazioko Federazio Espainiarrak (FEHR) eta Fehrcarem-ek 2005eko urtarrilean sinatu zuten hitzarmenean anoa edo pusketa indibidual erraldoien kontsumoa ez sustatzeko konpromisoa hartu zuten. Itunak itun, 2006ko azaroan polemika piztu zen: Burger King kateak bere hanburgesa erraldoia iragarri zuen eta Espainiako Osasun eta Kontsumo Ministerioak, publizitate-kanpaina salatzeaz gainera, horrelako iragarkiek izaten dituzten ondorio kaltegarrien ohartarazpen publikoa egin zuen hedabideetan.

Bertsio erraldoiak

 Janari merkeak, zapore nabarmeneko produktu gutiziatsuak eta anoa handi-handiak dira janari azkarreko establezimenduek baliatzen dituzten lanabesak. Diru pixka baten truk jan ez ezik, gosea ase ere egin daiteke. Aukeratutako elikagaia, gainera, neurri-neurrira aurkezten dute: bezeroak eskura ditu anoa txiki, ertain, handi eta XXL tamainakoak.

Estatu Batuetan freskagarri txikia (200 ml) "mini" bihurtu da eta handia (250 ml) orain txikia da. Proportzio horretan, ertainak litro erdia dauka eta handiak litro osoa. Areago, badira bi litroko ontziak, eramatekoak. Eta anoa horiek Espainiara iristen hasiak dira, astungarri batez: kopurua handituz doan arren, prezioa ia-ia ez da aldatzen. Fenomenoa, noski, ez da freskagarriekin bakarrik gertatzen, hainbat produktutara hedatu da dagoeneko, hala nola patata frijituen paketetara: "mini" anoa 80 gramokoa da, etxean jango genukeena; ertaina 115 gramokoa eta erraldoiak 150 gramokoa. Beste horrenbeste gertatzen da hanburgesekin: hauen osagai guztiak bikoiztu egiten dira, hots, haragia ez ezik, gazta, hirugihar eta saltsa ere biko biderkatzen dira.

Ikusi batera, produktuok janari-estilo zehatz-zehatzari badagozkio ere -janarietatik kanpo hartzeko moduko aperitibo gisakoak dira, janari azkarraren parekoak-, bertsio erraldoien patroi hori geroz eta ohikoagoa da egunero kontsumitzen ditugun elikagaietan: jogurt, moldeko edo hanburgesako ogi, fruta-zuku, saltxitxa, txokolatezko gaileta eta beste hamaikatxotan.

"Betidaniko" erraldoiak

Asko jatea ez da atzo goizeko kontua. Gure kulturan ere sartu izan dira aspaldi otordu erraldoiak, are eguneroko azturetan ere: 200 edo 250 gramoko haragi pusketa jatea normaltzat jotzen den arren, adituek bidezkotzat hartzen duten 120 gramoko hori baino dezente gehiago da, Nutrizio Komunitarioko Elkarte Espainiarrak bere Elikadura Osasuntsuaren Gidan argitaratu duen bezala. Janari azkarreko katetatik at, "etxeko jana" edo eguneko otordua ematen duten jatetxeek ere bidezkoa ez den tamainako anoak saltzen dituzte. Entsaladaren ostean koilaraz hartzeko platera dator eta, ondoren, neurriz kanpoko arrain edo haragi pusketa galanta. Horren gainean, postre landua eta, denarekin, ogia ugari.

Horrenbeste janari ez da beharrezkoa, ezta osasuntsua ere. Entsaladarekin arroz platera hartzen badugu, ez dago zertan eltzekaririk, edo plantxan erretako arrainik ere hartu. Gorputzak ez du horren premia, ez etxean jaten dugunean, ez kanpoan ari garenean ere. Pasta, arroza edo lekaleak jan ondoren ez da beharrezkoa jakirik; haragia edo arraina hartzea erabakiz gero, sartzeko entsalada edo berdura aski da.

Administrazioa, bere paperean

Espainian, Elikadura eta Nutrizioaren Segurtasun Agentziak (AESAN protagonismo handia hartu du, obesitatearen aurkako borrokan aritzeko bizimodu osasuntsuen sustapenean. Bere konpromisoaren parte bat, Nutrizioa eta Ariketa Fisikoa Sustatu eta Obesitatea Prebenitzeko Estrategian (NAOS) gauzatu da: horren helburua hiritar guztien elikabidea hobetzea eta ohiko jarduera fisikoa sustatzea da, haurtzaroko prebentziora berebiziko arreta zuzenduz.

NAOS estrategiaren puntu nabarmenetako bat, elikagaien industriaren konpromisoa erdiestea da, bai elikagaien nutrizio-kalitatea hobetzeari, baita elikagai horien publizitatea erregulatzeari dagokionez. Adiera horretan, haurrei zuzentzen zaien elikagai eta edarien publizitatea produktu horiek hautatzearen arduradun bakarra dela egiazta dezakeen froga zientifikorik ez dagoela badakigun arren, haien dieta osatzen duten elikagaien aukeraketa eta jokabidea baldintzatzeko unean publizitateak daukan eragina onartu egiten da. Horregatik, 2005eko irailean sartu zen indarrean Elikagaien Publizitatea Auto-arautzeko Kodea (PAOS Kodea), Elikadura eta Edarien Industrien Federazio Espainiarraren (FIAB) kolaborazioari esker: konpromiso hori sinatu dute sektorean Espainian dauden 35 enpresari handienek, hots, publizitate-inbertsio guztiaren %75 baino gehiago biltzen dutenek. Nutrizioari buruzko informazio eta hezkuntzaz ari delarik, 23 artikuluan honela dio: "-elikagai edo edarien publizitate-mezuek ezingo dute sustatu edo aurkeztu osasuntsuak ez diren elikabide edo bizimoduak, hala nola neurri gabe, gehiegi edo konpultsioz edan edo jatea."

Ongi elikatzen ikastea

Eskuragarri dugun jan larregia eta egiten dugun elikagaien okerreko aukeraketa arriskutsu bilakatu dira, osasun onaz gozatzeaz ari garela. Ez da arinkeria horrela hartzea Ume potolotxoa dagoeneko ez da osasuntsua; sekulako oturuntza hartzea ez da inbidiatzeko moduko ezer; janaren gehiegikeria txalotzea gaur ez da meritu.

Osasuntsu jatea kontu erraza ez bada ere -jaten duguna aukeratzeak daukan osagai psikologiko, sozial eta ekonomikoagatik-, ongi elikatzen ikasteak garrantzi handia du. Pertsonak zer, non, noiz eta zenbatetan jango duen erabakitzeko eskubidea lehenesten dela kontuan hartuz, erabaki horren ondorioak ere onartu behar ditu. Areago, epe luzera begira hartzen ari den onuraz kontziente izan beharko du, elikadura bere ardurapean egunero hartzen duen erabakitzat jotzen badu. Estatistikek ez gaituzte engainatzen: azken hamar urteotan gehiegizko pisua duten eta obesitatea nozitzen duten pertsonen kopurua bikoiztu egin da eta geroz eta pertsona gazte gehiagok nozitzen du diabetes, hiperkolesterolemia, triglizerido ugariegi edota hiperurizemia.

XXL elikagaiak, orokorki, kaloria, gantz edota azukre gehiegi dauzkaten produktuak dira.

Zenbat kaloria behar ditugu?

 Dieta orekatuaren eguneko ekarpena 2.000 kaloriakoa dela estimatzen da. Horien erdiak (1.000 - 1.100) karbohidratoetatik ekarri behar ditugu (250-275 gramo karbohidrato, gramo batek lau kaloria dituela kontuan izaki). Horietatik, hobe omen da azukreen proportzioa %10 baino handiagoa ez izatea, hots, 100-110 kaloria edo 25-27,5 gramo azukre, egunean. Freskagarri ertaina edan dugun egunean aholkaturiko azukre-kopuruaren bikoa hartu dugula frogatu ahal izango dugu. Gantzen kaloria-ekarpenak 600-700 inguru izan beharko luke, hau da, 66 - 77 gramo gantz egunean (gantz gramo batek bederatzi kaloriaz hornitzen gaitu). Taula honetan ikusten denez, patata frijituen anoa ertain bat eta hanburgesa erraldoi bat kontsumitzean 75 gramo gantz irensten ditugu; beraz, egun osorako aholkatutakoa bera baino handiagoa da. Horri, egunean zehar kontsumitzen ditugun gainerako elikagaien gantzak erantsi beharko litzaizkieke -esne oso edo erdigaingabetua, gailetak, hestekidun ogitartekoa, elikagaiak prestatzeko olioa, etc.-. Bistan denez, nutrizio-alorrean egun bakar batez huts egiteak ez du ondorio larririk organismoan baina horrelako elikagaiak ordenurik gabe eta ohituraz hartzeak gure dietari oreka galarazten dio.

Kontsumo irrazionala

Baliteke, hanburgesa, freskagarria edo krispetarik handiak hautatzeko unean zuhurtziaz jardutea eta zentzutasun hori galtzea, eguneroko elikagaien bertsio erraldoiak aukeratzerakoan. Askotan, produktuaren balio ekonomikoak karga handiagoa dauka ("zentimoren bat gehiago ordainduta, handiena eros dezaket") hainbeste elikagai jaten ohitzeak osasunari dakarzkion ondorioek baino. Ontzia irekitakoan nekez utz diezaiokegu jateari: zaporeak zehazki nabarmenak dira, estekatu egiten gaituzte eta hura agortu arte edo gehiegizko gantzaren efektuak nozitu arte segituko genuke zizka-mizka. Bestetik, oparotasunaren loraldia bizi badugu ere, erositako janaria botatzea ez zaio inori atsegin. Ontzia irekitakoan, barrukoa bukatu egingo dugu.

Okerreko azturak

Paradoxazkoa bada ere, eguneroko bizitzan lanaldi eta aisialdia mantsotu, gelditu egin diren une honetan, elikagai anoak sekula baino handiagoak dira. Eguneroko jardueretan energia gutxiago xahutzen badugu, logikoa omen da gutxiago jatea. Orain, ordea, ez dugu jaten premia fisiologikoa betetzeko soilik: janariari balio emozional handiegia aitortzen diogu. Janariari balio osasungarria ematea da klabea, harekin dugun harremana osasun- eta zoriontasun-bide izan dakigun, epe luzera.

Umeak geroz eta sedentarioagoak dira: ikastetxera autoan edo autobusean doaz eta garatzen dituzten aisialdiko jarduera askok ez dute inongo ahalegin fisikorik eskatzen baina, halaz ere, ohiko irudia da umeak patata frijituak edo krispetak jan-eta-jan, telebista edo ordenagailuaren aurrean eserita. Erne, berriro, janarekiko harreman emozionalera. Umeek jasotzen dituzten mezuek diete "burger" bat jatea "guai" dela baina ez dituzte bonbardatzen, ordea, ogitartekoa hartzearen onurak errepikatuz.

Kaloria eta gantz gehiegi

Patata frijituak:

  •  mini (80 gramo)= 230 kaloria, 14 g gantz.
  • ertaina (115 g) = 330 kaloria, 20 g gantz.
  • handi edo erraldoia (150 g) = 430 kaloria, 25 g gantz.

Hanburgesak (*):

  • Burger King: Big King XXL= 854 kaloria, 55 g gantz
  • McDonalds: Big Mac = 495 kaloria, 25 g gantz; McRoyal Deluxe = 535 kaloria, 33 g gantz; McNifica Chicken Supreme Bacon = 705 kaloria, 39 g gantz

(*)Burger King eta McDonalds-etik ateratako nutrizio-informazioa.

Freskagarriak:

  • Botilatxoa (200 ml)= 80 kaloria, 20 g azukre (2 xorro azukre)
  • -lata (330 ml) = 130 kaloria, 33 g azukre (3 xorro azukre)
  • ertaina (400 ml) = 160 kaloria 40 g azukre (4 xorro azukre)
  • handia (500 ml) = 200 kaloria 50 g azukre (5 xorro azukre)

Snack (hartxo eta antzekoak)

  • indibiduala (25-35 g) = 125 kaloria, 8 g gantz
  • ertaina (60 g) = 300 kaloria, 20 g gantz
  • handia (125 g) = 625 kaloria, 43 g gantz
  • erraldoia (170-180 g) = 875 kaloria, 60 g gantz

Anoa osasuntsu eta zaporetsua:

Urdaiazpiko ondua ogitartekoan (80 g ogi -8 hatz, hor nonbait- eta bizpahiru xerra urdaiazpikok, 50 gramo), 300 kaloria eta10 gramo gantzez hornitzen gaituzte.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto