Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.
Haurraren interesak, zaletasunak, trebeziak, prestakizun fisikoa eta heldutasuna aintzat hartu behar dituzte gurasoek, olgeta eta heziketa-zentro horietako batera bidali aurretik
Ikasturtearen amaierarekin batera lehertzen dira Espainiako eskola eta era guztietako ikastegietan alaitasun irrintzi eta poztasun oihuak. Hortik aurrera, udako hilabeteetan haurrak zaindu, dibertitu eta hezten segitzeko zama osoa gurasoek soilik eroango dute. Ikusi batera erraz bete daitekeen eginkizun hori frustrazio-bide bihurtuko da familia askotan, laneko ordutegia eta seme-alabena egokiro uztartzea lortzen ez badute.
Arrazoi ekonomikoak, konfiantzarik eza edo ordutegi bateraezinak oztopo, hilabeteotan haurrak zaintzeko pertsona bat kontratatzea askotan ezinezkoa denez, geroz eta ohikoago bilakatzen ari da guraso biek oporraldiak txandaka hartzea, seme-alabek gurasoetako bat gutxienez erreferente izan dezaten. Hona beste aukera bat, erakargarri eta arrakastatsuagoa: gaztetxoei ingelesez ikasteko Pirinioetan, surfean aritzeko Kantauri itsasoan, abenturak bizitzeko Gaztelako mendilerroan, antzerkia egiteko Bilbon, magian trebatzeko Katalunian eta beste hamaika gauza mila tokitan egiteko aukera emango dieten udaleku eta kolonien eskaintza, egundoko indarrez hazten ari dena.
Aukeren eskaintzak ez du mugarik: hiriko kalean, mendian, baserrian, hondartzan, atzerrian? udalak, ikastetxeak, ludotekak, enpresa pribatuek, finantza erakundeek, museoek edota kirol elkarteek antolatuak, jolastea edo heztea jomuga duten udaleku, kolonia eta etxalde-eskolek uda partean haur eta gaztetxoei olgeta ez ezik, heziketa ere eskaintzen die. Uda-pasa atsegina egiteaz gainera, gurasoek irtenbidea aurkitu diote aspaldiko dilemari, hots, lantokiko oporraldiak (eskolakoak baino askozaz ere laburragoak) iritsi bitartean zer egin seme-alabekin.
Umeen adina eta zaletasunak kontuan izaki, hizkuntzak, magia tailerrak eta abenturazko kirolak tartekatzen dituzten ekimenak, ingurugiro alorreko jarduerak edo, bestela, biolin eskola eta globoan txangoak uztartzen dituzten eskaintzen artean hautatzeko aukera dago egun. Astebete edo hamabost eguneko iraupeneko ikastaro gisa egituratuak daude eskaintza gehienak eta prezioak ere patrika guztien araberakoak dira: 35 eurotatik hasi eta 1.570 eurotaraino. Prezio batetik besterako alde ikaragarri horren eragilea, batik bat, lojamendua da: haurraren helbidea izan daiteke edo, beste muturrean, lauzpabost izarreko hotela; tartean, aterpe, bungalow, ikastetxe, kanpaina denda, baserria edo, zergatik ez, udalek eta antzeko erakundeek antolatzen dituzten doako udalekuak.
Pribatuak izan, publikoak izan, baliaturiko metodologia gorabehera, udaleku, kanpamendu eta etxaldeek haurrak ikasturtean zehar eskolan hartzen duen prestakuntza-prozesu arautua biribilduko dute. Aldi berean, gazte eta gaztetxoak beren adineko beste neskato-mutikoekin bizi eta sormena eraginez, parte hartuz eta era aberasgarrian astialdiaz goza daitezen espazio egokitzat jotzen dira.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa