Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Espainian aspaldi-aspalditik ohikoa izan den abere ustiakuntza-sistema den transhumantziak, garai bateko testigantzatik askozaz ere haratago doan balioa eta hiri handietako presa eta itolarrietatik urrun dagoen bizimodua eskaintzen ditu. Mestaren pasabidea biodibertsitatea babesteko eta abelbideak -korridore ekologiko, fauna eta floraren babesleku izaten segi dezaten- iraunarazteko modu eraginkorra dela ikusi dugu. Horrez gainera, landak eskaintzen dituen bitartekoez baliatzeko sistema naturala eta, klimaren aurka borrokatzen ahalegindu gabe, berari egokitzeko modurik egokiena da. Urtero-urtero, ekaina amaitzear dagoela, hasten da txangoa; itzulera, azaroan. Horren agerpen ederrenetako bat Avilako lurraldean ikus daiteke, Gredos Mendilerroko bihotzean.
Bertako lauzak zanpatzen dituen aziendarentzat uda negutik bereizten duen harrizko galtzada horrek mende asko bete ditu. Udaberriaren kondarrean, artzainen gidaritzapean milaka abelburu ihes doaz Extremadurako angioetako bero erretik eta, udazkena bukatzear dagoela, Avilako mendikateko larreak utziko dituzte berriro. Transhumantziari esker, uztailetik azarora arte goi-mendiko larreak baliagarri daude eta abendutik ekainera bitartean, berriz, behealdekoak.
Sei hilabete lehenago utzi zuten tokira itzultzeko bete behar duen 300 kilometroak egiteko ia bi aste behar ditu artaldeak. Ardiek egunean batez beste 25 kilometro egin beharko dituzte eta, bidaia eraginkorra izan dadin abeltzainek, elkar harturik, artaldeen pasa-datak beraien artean antolatzen dituzte. Segida horietako batzuk 300 abelburu baino gehiagok osatzen dute.
Transhumantzia esan eta termino horrek eramaten gaitu hauts harrotuz beteriko bideekin pentsatzera baina, egun, artaldeak lekuz aldatzeko trena eta kamioiak ere baliatzen dira. Hiru sistemak elkarrekin bizi diren arren, geroz eta ozenago aditzen dira abelbide tradizionalak babestearen aldeko ahotsak: "Cañada Real Leonesa Occidental" "Zilarreko Bidea", "Cañada Real Soriana Occidental" eta Tornavacas Mendateko gailurreraino iristen den "Cordel del Valle", besteak beste. Horrela, 1990 urtean galtzada horiek egin zituzten 46.000 abelburu haietatik, 31.000 oinez igaro ziren; handik hamabost urtera, ordea, 30.000 buru kamioiak eraman zituen eta 18.000 ardi bidez bide heldu ziren larre berrietara.
Adituek iragarri dutenez, pasabideko ganadua duten eskualdeek antzinako ustiakuntza-sistemak ostera erabiltzearen alde egingo dute, teknologia berrietara egokiturik, hori bai. Zaila da, ordea, egun ganadua gidatzeko gai diren artzainak bilatzea. Behinolako lanbide baliotsua da, inondik ere, baina lan-baldintza gogorrek estuturik, langilerik gabe geratzen ari da, zurtz. Artzaintzak egun bizi duen atzerapenaren berri zehatz-mehatz ematen digu artzainen batez besteko adinak: 50,5 urte, alegia. Bideak geroz eta endekatuagoak daudela ere aise hautematen da baina dudarik ez dago: larreen sasoiko eta txandakako erabilera, artzaintzari esker larre horiek egiten duten suteen kontrako prebentzioa, espazioa errentagarriagoa bihurtzera behartzen duten ganaduaren gaineko kargak eta kalitate-bereizgarrien sorrera ez dira dagoeneko publizitatezko errebindikazioak. Gizarteak geroz eta kalitate handiagoa exijitzen die produktuei. Eta kalitate hori azken emaitzarekin ez ezik, jatorriarekin, ingurugiroarekiko errespetuarekin eta biodibertsitatearekin ere lotzen da, geroz eta estukiago.
Transhumantziaren praktika, era berean, mendialdeko larretan hedatzen diren eta, askotan, udalen jabetzakoak diren lurralde komunalen aprobetxamenduekin dago lotua eta, hori, jabetza partekatuen adibidea baldin bada ere, maiz artzainak negualdeko angioa alogerean hartu behar izaten du, mendialdera itzuli aurretik. Itzulera joaneko bidaia bezain garrantzitsua da. Sasoiz kanpoko larreetan geratzea ez da posible. Ganaduzaleak ezin jasan dezake eta ganaduak, berriz, ur eskasia nozitzen du. Mendialdeko udalekuetara garaiz iritsi beharra dago.
Gerezia: fruitu bat baino gehiago
Salgaiak hegan
Hitza oinarri
Goi mendietako eski egokitua: zuriz jantzitako erronka
Elektrizitatearen bidea
Zorion nahiaren bidaia
Musika-ikasketak: lau mugimendu eta sinfonia bat
Garraio-hiri bat ur gainean
Mina izango ote da?
Pirinioen bihotzean zizelkatutako gozokia
Arrosa-landaketak: paisaiarik inpresionistena
Itsasoko laborariak
Nola birziklatzen dira gailu elektrikoak?
Bizi txokoak
Betiereko gaztetasuna
Argitasunak itsututa
Irudimenaren gozoa!
Ilunari argi
Azaletik mamia
Hezeguneen gainbehera eta susperraldia
Suak itzaltzen baino gehiagotan
Ilerik gabeeeee
Itsasoa kaiolan
Artea zorroan, ibili munduan
Eski egun bat: inprobisazio gutxi, eta lan asko
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa