Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Eguzkitatik larruazala babesteko 15 faktoredun zortzi produktu aztertu dira: Horietako bat ez da gutxienekora iristen

Prezioetan sekulako aldeak agertzen dituztela, kremetako hiruk adierazitakoa baino babes-faktore dezente handiagoa dute eta bik ez dute beren osagai alergenoen berri ematen

 Behar bezalako babesik izan gabe eguzkitan egotea ausarkeria da. Beltzarandutako larruazalak irudi osasuntsu moda-modakoa igortzen du baina eguzkitan luze edo maiz egotea larrutik ordaintzen da, euskaraz diogun bezala: larruazala goiz zahartzen da, orban, zimur eta orezta edo orinak agertzen dira eta areago, larruazaleko minbizi beldurgarriaren sortzaile izan liteke. Horren aurrean zuhurtziazko jokabidea da larruazal-mota bakoitzari (zenbat eta zuriagoa izan, orduan eta faktore handiagoa) berariaz dagokion produktu babeslea aplikatzea eta, bereziki, eguzki-dosia mugatzea. Beltzaran jartzea, funtsez, gure organismoaren defentsazko erreakzioa baizik ez da-eta.

Oraingoan, eguzki argitatik larruazala babesten duten 15 faktoreko zortzi produktu (horietako hiru sprayak dira eta gainerako bostak, kremak) aztertu eta frogatu dira; prezioetan alda handiak daude: litroko 30 eurotik (Delial Ambre Garnier) 159 euroraino (Lancome). Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena L'oreal laginak ematen du: bigarren merkeena izaki (43 euro litroko), laborategian kalitate hoberenekoa, etiketan adierazitako babes-faktorea (15) ematen duen bakarra eta kontsumitzaileen erdia baino gehiagori gustatu zaiena da. Lancome, denetan garestiena (L'oreal laginaren prezioa bider lau) kalitate on-onekoa da baina, prezioak prezio, kontsumitzaileen erdiek ez lukete erosiko. Emaitzek frogatzen omen dutenez, spraya nahiago du kontsumitzaileak oro har: erosteko interes biziena piztu zuten lau produktuetatik hiruk sistema hori baliatzen dute substantzia aplikatzeko.

Krema edo produktu babesle batek ez du kaltera eragin behar, maiz-maiz erabilita ere, eguzkitan egotearren ez du alteraziorik nozitu behar (horri egonkortasun fotokimikoa deritzo) eta, jakina, eguzki argitasunaren eragin kaltegarrietatik epidermiseko zelulak babestu behar ditu. Bere eginkizuna betetzeko bi motatako substantziez baliatzen da: eguzki-argia islatzen dutenak eta xurgatzen dutenak. Lehenak, eguzki-erradiazio guztiak islatzeko gauza diren hauts inorganiko inerteek osaturiko pantaila fisikoak dira. Eragozpen bakarra dute: azalean maskara zuri antiestetiko samarra uzten dutenez, produktuaren %5eko proportzioan baliatzen da osagai hori gehienez ere, babes-maila handiagoa ematen duten produktuetan, batik bat.

  Erradiazioak xurgatzen dituzten iragazkiei goazkiela, erradiazioetako batzuk berotasun (ezin atzemanezkoa) bihurtzen duten sintesizko substantzia kimikoak dira. Iragazki biologikoak (A, E eta C bitaminak, erabilienak), erradiazio ultramoreen gaitasun oxidatzailea (eguzkiak probokatzen duen larruazalaren zahartzea, alegia) murrizten dutenez, gainerako iragazkien osagarri egokiak dira. Erradikal aske beldurgarriak osatzea galarazteaz gainera, larruazaleko sistema immunologikoa indartzen dute. Eguzkiaren kontrako krema babesle gehientsuek horrelako iragazkietatik batzuk dauzkate. Den-denek B izpi ultramoreen (UVB) aurkako eta A izpi ultramoreen (UVA) aurkako berariazko iragazki bana, behintzat, denek daukate. UVA / UVB izpien kontrako iragazki konbinatua ez daukaten bakarra Isdin eta Chen Yu dira. UVB eta UVA izpien arteko aldea uhin-longitudea da: UVB izpiena laburragoa da eta, horrenbestez, larruazalean dituen eraginak kaltegarriagoak dira. UVA izpiek, berriz, kalte gutxiago eragiten dute baina, halaz ere, horien intzidentzia ahultzeko neurriak hartzea komeni izaten da, UVB izpien eragina indartzen baitute.

Nivea Sun (produktuaren %15, iragazki organikoak dira), Chen Yu (%14) eta Biotherm (%14) laginek iragazki organiko gehiago dauzkate eta Piz Buin (%6), Delial (%8) eta Lancome (%9) markakoek, berriz, askozaz ere gutxiago. Dena den, substantzia aktibo gehiago edo ugariagoak izateak ez du esan no produktuak hobeki edo gehiago babesten duenik. Produktu hobetzat hartzen da baldin eta, iragazki gutxiago baliatuz, eguzkiaren kontrako babes-indize berbera erdiesten badu. Chen Yu da glizerinarik (substantzia honek dauzkan propietate hidratagarriak direla medio biziki preziatua da) ez daukan babesle bakarra baina badu kernel oil leungarri eta samurgarria. Isdin da pantenola daukan bakarra (pantenolak propietate lasaitzaile eta sendatzaileak ditu).

Nolako babesa?

Eguzkiaren kontrako babes-faktoreak (SPF, ingelesezko siglen arabera) eritema edo eguzki-argiak eraginiko erreduren aurka larruazalak berez defendatzeko duen gaitasuna foto-babesleak zenbat aldiz biderkatzen duen adierazten du. Hortaz, UVB izpien aurreko babesa jakiteko bakarrik balio du baina ez du babesten gainerako erradiazio kaltegarrietatik. Kontsumitzaile bakoitzak bere larruazalaren izaerari egokitzen zaion eguzki-babesle berariazkoa aukeratu beharko du; honetaz ari garela, substantzia hori, hein handi batean, bere larruazalaren fototipoak (hots, eguzkitan bere larruazalak egiten duen erreakzioak) determinatuko du. Larruazal-motaren araberako babes-faktorea duen produktua hautatzea garrantzitsua bada ere, are eta funtsezkoagoa da faktore hori egia-egiazkoa izatea: okerreko SPF batek erabiltzaileari eguzkitan behar baino luzeago egoteko bide eman liezaioke (ongi babestua dagoelakoan); horrela, bere larruazala eta bere osasuna larriki kalteturik gerta litezke.

  Azterturiko produktuon babes-maila ezagutzeko jomugaz, hiru froga egin zitzaizkien: izpi ultramoreen aurrean duten eginkizuna, UVA izpiak galarazteko duten gaitasuna eta argiaren aurreko egonkortasuna. Eguzki-babesle batek ematen duen babes-maila jakiteko metodo zehatz eta eraginkorrena COLIPA izenekoa (Sun Protection Factor Test Method) honela egiten da: osasun oneko hainbat boluntariori larruazalean produktua zabalduta, izpi ultramoreen erradiazio estandar bat noziarazten zaie. CONSUMER EROSKI-k froga hori ez egitea erabaki du, metodo hori inori ez noziarazteko; horren ordez, behar bezain fidagarria den in vitro azterketa hutsa egin du.

Diffey eta Robson protokoloaren arabera egin dira frogak: produktua polimetil metakrilatozko plaka batean zabaldurik, ultramorez eta argitasun ikusgarriz bonbardatzen da, haren xurgatze-maila neurtu ahal izateko. L'oreal da iragarritako (SPF 15) babes-faktorea doi-doi eman duen lagin bakarra. Era berean, Chen Yu (SPF 18), Piz Buin (SPF 16), eta Lancome (SPF 17) laginen emaitzak ere zuzen daudela esan daiteke. Delial lagina adierazitako mailara iritsi ez denez (SPF 12 apalean geratu da), iragartzen duena baino gutxiago babesten du; horrek esan nahi du erabiltzailearentzat arriskutsua gerta daitekeela, honek bere burua babestuagotzat jotzen baitu. Kontrako arazoa gehiegizko babesa da: Nivea (SPF 41), Biotherm (SPF 33) eta Isdin (SPF 22) laginak adierazten dutena baino dezente babesleagoak dira. Printzipioz, bederen, gehiegizko babes horrek erabiltzaileari beltzarantzea gehiago kostatuko zaiola baizik esan nahi ez duenez, hori ez da berehalako arriskurik. Epe ertain edo luzera, ordea, arazo-bide bihur liteke: horrelako produktuekin ohitutako erabiltzaileak "hori" 15 babes dela ikasiko balu, oso litekeena da babes-maila hori benetan ematen duen krema bat baliatzean erredura nozitzea, larruazalak maila handiagokoa behar duelako.

Garrantzi handia du produktu hauen eraginkortasuna ez endekatzeak eguzkitan uztearren. Produktu babesle bakoitza in vitro irradiatu eta beroa aplikatu zitzaion, ondoren babes-faktorea ostera ere neurtzeko. Frogaren ondoren, argitara denak egonkor direla eta eraginkortasunik galtzen ez dutela frogatu da. UVA izpien aurrean, Nivea Sun, Delial, Biotherm, L'oreal eta Lancome laginek babes ona ematen dute. Piz Buin eta Isdin emaitza ertainak agertu dituzte eta Chen Yu laginak eraginkortasun ahul-ahula erakutsi du.

Kontsumitzaileen iritzia

Zortzi laginak 18 eta 65 urte bitarteko hogeita hamar gizon-emakumek beren hanka eta besoetan frogatu ondoren, produktuen ukitu, perfume, kolore, zabaltzeko erraztasun, gantz-efektu, itsaskortasun-sentsazio eta distira-efektuei zer zeritzeten azaldu zuten (horien iritziak "Banan-banan" atalean jaso ditugu). Ondoren, prezioak prezio eta markaren berri izan gabe, produktu bakoitza erosiko zuketen galdetu zitzaien. Gehien gustatu zitzaizkien lau produktuetatik hiru sprayen merkaturatzeak, produktu hori horrela tradiziozko krema gisa baino nahiago dutela adierazten du. Chen Yu (erosteko asmoa %90 izaki) eta Nivea Sun eta Delial (%80) dira gehien gustatu zaizkienak; ondoren Biotherm (%70) eta L'oreal (%60) datgozkie. Lancome, berriz, kontsumitzaileen %50ek baizik ez luke erosiko (honen prezioa merkeenarena baino bost aldiz handiagoa da). Gutxien gustatu direnak Isdin (inkestari erantzun dioten erabiltzaileen %20k baizik ez luke erosiko) eta Piz Buin dira (%10).

Alergikoak, erne!

Espainian indarrean dagoen arauteriak etiketan adierazi behar diren 26 substantzia potentzialki alergenoak banan-banan xedatuak ditu, hauen presentzia 10 zati milioiko baino handiagoa denean (produktuaren %0,001, alegia). Horrela, kontsumitzaile alergikoak jakin ahal izango du nolako produktua aukeratu behar duen, arazorik ez izateko. Substantzia horiek gainerako gizakientzat arriskutsuak ez direnez (beren eginkizuna produktua usain onaz apaintzea baita), behar bezala adierazita badago, horrelakoen presentzia berez ez da kaltegarria. Laborategiak 26 substantzia horiek bilatuz gero, emaitzak harrigarriak izan ziren: Isdin laginak ez ditu osagaien zerrendan adierazi zortzi substantzia alergeniko: alkohol bentzilikoa (45 zm), bentziliko-salizilatoa (54 zm), alkohol zinamilikoa (50 zm), geraniola (35 zm), 7-hidroxizitronellala (170 zm), zitronellola (51 zm), linalolz (33 zm) eta alfa-zetona (21 zm). Delial laginak ere araua urratzen du eta, gainera, kontsumitzailearentzat arriskutsua izan daiteke lyrala (280 zm, hots, legeak gehienez ere onartzen dituen 10 zm horietatik urrun) daukanik ez baitu adierazten. Gainerakoek froga gainditu egin zuten, dela horrelako substantzien presentzia adierazia zutelako, dela osaketan horrelakorik sartu ez dutelako (hala nola Piz Buin: lagin honek 26 substantzia horietatik bakarra dauka eta, gainera, hutsaren pareko proportzioan).

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto