Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elikadura

Λ

Argaltzera begira jatea

Kiloak gainetik kentzeko ere, beste zeinahi sasoi bezain egokia da uda, iristeko pisua lorgarri eta metodoa osasuntsu direnean

  Elkarren kontrako bi kontzeptu horiek "jatea eta argaltzea" gutxitan uztartu dira helburu bera erdiestea tarteko: kontua da pisua galdu nahi duenaren osasuna arriskutan ez jartzea. Argaltzea bada kontua, jatea posible ez ezik, komenigarria ere bada. Horri esker, amestutako zenbakian baskula gelditzeko desioa obsesio ez bihurtzea eta, bide batez, ongizatea bigarren mailara ez erortzea lortuko dugu. Horixe da argaldu nahi duen pertsonak errebote edo yo-yo efektu beldurgarria "jaitsitako maila horri eusteko ezintasuna eta ezabatuak zeuden kiloen osterako etorrera" nozituko ez duela bermatzeko modurik hoberena.

Kaloria gutxiago hartzea ez baita aski: argaltzen ikasi beharra dago, gizentzera garamatzaten edo argaltzea oztopatzen duten jokabideak suntsitu behar ditugu. Gogoan izan dezagun, gaur nagusi dugun bizi-estilo ero horretan irauteko, azturak hartu behar ditugula epe ertain eta luzera begira: horra hor, pisua galtzea deliberatu duten pertsona askoren giltza. Argaldu ahal izateko, elikatzeko eta bizitzeko estiloak aldatu behar dira, elikatze-aztura berrian hasi garen egun edo aste horretatik haratago; bestela esateko, "bikini operazioa" edo "bi hilabetez dieta egitea" huts horiek baino jokabide iraunkorragoari heldu behar zaio. Uda, hain zuzen, garai kritikoa da "argaltzeko jatea" delako apustua sendotzeko. Horretarako, noski, udako eguneroko errutinan ere arauak ezarri behar dira: zer jan, nola jan, noiz jan.

  •  Zer jan: udako fruta eta barazki tipikoek ezaugarri berberak dituzte: ur eta zuntz asko daukatenez, berehala betetzen gaituzte; horien azukre urriek gozotasuna eta kaloria gutxi ematen dizkigute. Horiez gainera, kaloria gutxiko freskagarri eta izozkiak ere har ditzakegu. Haragia, arraina eta arrautzak afaritarako utz daitezke, eguerdian landarezkoak nagusi diren proteina gutxiko plater konbinatuak kontsumituz. Esate baterako, klase askotako barazkiez eta arrautza egoki batez osaturiko pastadun entsalada; sarrera gisa gazpatxoa eta ondoren paella bat; tomate bat entsaladan, gazta fresko eta oreganoz lagundua eta horren ostean lekale eta arrozdun platerkada. Postrerako, infusioa edo kafe azukre gabea. Gero, janari artean kontsumitzeko, fruta ale bat edo jogurt gaingabetua ere hartu ahal izango dugu.
  • Nola jan: poliki, ongi-ongi murtxikatuz. Horrela gutxiago jango dugu, asetasun-sentsazioa dela medio.
  • Noiz jan: janari batetik bestera lau ordu baino gehiago igaro badira, ongi dago baraua haustea. Era horretan, goseak eragiten duen ondoeza eta "jatea ezinezkoa izatearen" ondoriozko antsietatea arindu egiten dira. Elikagai azukredunak hartzean neurriko izateak eta janari berean denak ez metatzeak gluzemia egonkor mantentzen lagunduko gaituenez, gure organismoak sobratutako azukreetatik ez ditu gantz desegokiak ekoitziko. Beti-beti goxoenari uko egin ordez, sen onez jarduteari esker erosoago eta lasaiago ibiliko gara geure elikabidean.

Azken txanpa: bolumena galtzea

Bai, hilabete batzuetan dieta egin ondoren, azken tartea betetzen ari direnek, bai bide horretan hasi berriak direnek, azken txanpan gorputz bolumena jaisteko hiru dieta-aldaketa eraginkor hartu behar dituzte gogoan: dieta hiposodikoa, behar adinako hidratazioa eta zuntz eta elikagai haizetsu gutxiago hartzea.

  • Dieta hiposodikoa:
    • Janariari erantsi ohi zaion gatzaren ordez, bestelako gehigarriak gaineratuko dizkiogu, hala nola belar usaintsuak.
    • Elikagai fresko gehiago kontsumitu eta prozesatuei saihets egitea, hauek gatz gehiegi ohi dutelako.
    • Ez hartu olibak, aurrez prestatutako jakiak, saltsak, patata frijitu eta antzekoak, hestekiak, kontserbak, gailetak eta gosaritako laboreak.
  • Behar adinako hidratazioa: Egunean bi litro ur edatea eta, gainera, infusio, kazkabar, zuku eta salda naturalak hartzea: horrela giltzurrunek organismotik zikinkeriak aterako dituzte eta likidoen atxikipenari saihets egingo diogu.
  • Zuntz eta elikagai haizetsu gutxiago. Zuntza asko daukaten elikagai integral gutxiago eta, behin-behingoz barazki haizetsuen (orburuak, piperrak, tipulak, pepinoak, letxuga entsaladan) kontsumoa jaitsi edo etetea komeni da. Dieta-planen oreka epe luzera ez hausteko, ongi neurtuta egin behar dira aldaketa horiek; izan ere, aipatutako barazkiek gasak sortarazten dituztenez, hauek sabela deserosoki hanpatzen dute.
Zailtasunen gainetik
Arazoa hau denean Hauxe egin behar da:
Gorputzak zerbait gozoa eskatzen dit Dasta itzazu berez azukrea daukaten elikagaiak: frutak, zukuak, fruta irabiakiak eta esne edo jogurt gaingabetuak. Aukera itzazu light freskagarriak, azukrerik eta fruktosarik gabeko elikagaiak eta balia ezazu sakarina edo bestelako edulkoratzaile bat, kaloriarik gabekoa. Hauta ezazu gutxienez %80 kakao daukan txokolatea, horrek azukre gutxiago (eta kaloria gutxiago) daukalako. Melisa edo erregalizdun infusio gozoek gozotasunaren irrika arintzen, moteltzen dute.
Jan egiten dut, baina ez naiz betetzen Otordu tarteetan har itzazu zuntz disolbagarri ugari daukaten elikagaiak, hala nola frutak, eskutada bat fruitu lehor edo olozko gailetak. Zuntz hori urdailean hanpatu egiten da eta asetasuna eragiten digu, hots, otordu hasieran fruta hartzean dugun sentsazio berbera. Zuntzezko produktu komertzialak hartu aurretik espezialistarekin kontsultatu behar da: bera dugu pertsona egokiena nolako produktua, zenbat eta noiz hartu behar den aholkatzeko.
Lagunekin zerbait hartzera joaten naiz Zerbait solido eskatu aurretik edan ezazu baso bat ur, handia; horrela urdaila hanpatu eta gosea baretuko zaizu. Aukera itzazu elikagai hipokalorikoak: kaloriarik gabeko edariak, hala nola ura, infusioak, kafe edo te azukrerik gabeak, light freskagarriak, gaseosa; edo, bestela, kaloria gutxiko edariak: fruta zukuak, tomate zukua, salda, hortxata edota alkoholik gabeko garagardoa. Eduki eskura azukre gabeko karamelu eta txikleak. Zizka-mizka aritzean, hauta itzazu olibak ez diren tankerakoak: pepinillo, tipuletak, maionesa gutxiko landaredun pintxoak, edo atun eta arrautzadun banderillak.

Gehiegizko pisuaz

 

Espainiako Osasun eta Kontsumo Ministerioak 2007ko apirilean plazaratu duen Inkesta Nazionalak agertzen duenez, 18 urtetik gorako gizonezkoen %44,4k eta emakumeen %30,3k gehiegizko pisua dute. Horrez gainera, gizonezkoen 15,5en eta emakumeen %15en (Espainiako helduen populazioaren herena, kasik), gorputz-masaren indizea (GMI) obesitatekotzat jotzen da. Bestetik, azterlanak dioenez, gizasemeen %8,8k eta emakumeen %12,5ek nolabaiteko dieta berezia egiten dute.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto