Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Ur mineral natural ontziratuak: Osasuntsu eta seguruak

Mineralizazio-gradu desberdinekoak badira ere, bederatzi ur mineralak kontsumitzeko modukoak dira eta kontsumitzaileari ematen dioten informazioa egiazkoa da

  Ura, egarria hobekien kentzen duen edari freskagarria ez ezik, gure organismoak zuzen funtzionatuko badu ezinbestekoa dugu: horren froga, pertsona heldu sedentario batek egunean bi litro ur hartu behar ditu. Egunero hainbat baso ur edatea aztura osasuntsua izango da, beraz. Etxeko iturriko ura noiznahi edan dezakegun arren, azterketa honetan ur mineral ontziratuez arituko gara.

Udan eta kirola praktikatzen denean ur gehiago edan behar dugu, egarriak eskatu aurretik ere. Gantz eta proteina ugariko dietek ere, hondakin metabolikoak suntsitzeko likido gehiagoren premia dute. Era berean, giltzurrunetan harri nahiz hondarrak dauzkatenek edota gernu-aparatuko infekzioa nozitzen dutenek ere, horrelako arazorik ez duen pertsona bati aholkatzen zaiona baino likido gehiago hartu behar izaten du.

Ur minerala naturaz berez dauden edo gizakiak sortarazitako iturrietatik ateratzen da lur azalera, eskuarki, horretarako eginiko zuloetatik. Ur mineralak eta gainerako edangarriak bereizten dituena, horien izaera mineral eta jatorrizko purutasuna da: lurpeko akuiferoetatik datorrenez, urak ez du nozitu kimika nahiz bakterioen bidezko kutsadurarik. Ur mineral naturala honela definitzen da: bakteriologikoki osasungarriak diren urak, lurpeko hobietatik jalgi eta berez irekiak zeuden edo zulatuak izan diren gune bat edo gehiagotatik irteten direnak. Legeriak ur mineralari bi prozesu aplikatzea baizik ez du onartzen, biak ere haren kalitatea hobetzeko xedez, hasierako osaketa funtsez aldatu gabe: batetik, konposatu natural egongaitzak suntsitzea, hala nola burdina eta sufrea (kolore, usain edo zapore ez atseginak desagertzeko) eta, bestetik, gas karboniko kopurua gehitu edo urritzea, ur gasdunak erdiesteko.

Uretan disolbaturik dauden substantzien mota eta kopuruak aldatu egiten dira, ura irteniko iturriaren inguruetako ezaugarri geologikoen arabera. Sakoneko geruzetatik, adibidez, mineral eta karbonato ugaridun urak irteten dira. Hortik kanporako bidean, ura kareharrian barrena iragazten bada, ur gogorra azalduko da (kaltzio eta magnesiozko gatz ugarikoa); hondar konpaktuan zehar iragaten bada, berriz, ura erdi gogorra izango da; eta granito eta basaltotik pasatzen bada, ur samurra azaleratuko da. Substantzia disolbagarri horiek uraren zaporea ere baldintzatuko dute: sodio eta kloruro ugari dituztenak gazi samarrak izaten dira; kaltzio eta magnesiozko gatzek zapore gogor eta lurkara ematen diote urari; sulfatoek, azkenik, teko mikatz samarraz janzten dute ura.

Ur etiketa ulertzeko

Salmenta izendapenak "ur mineral naturala" izan behar du. Ondoren, iturriaren izena eta ustiakuntza non egiten den agertuko da; baita uraren osaketa analitikoa eta, bidezkoa bada, nolako prozesuak aplikatu zaizkion. Beharrezkoa denean, populazio-sektore batzuentzat urak izan ditzakeen kontraindikazioez ohartaraziko du. Horiek horrela, debekatuta dago gaixotasun edo gaitzak prebenitu edo sendatzeko propietateen aipamenik egitea. Debekatua dago, era berean, derrigorrez agertu beharreko datuak tapoian, zigiluan edo ontzia irekitzean hondatzen diren ataletan ezartzea. Etiketan ager daitezke, nahi izanez gero, irteera gunean urak duen tenperatura, iturri hori mineral natural edo baliagarritasun publikokoa izendatu zuten data eta uraren azalpen bat (mineralen sorako edukiei begira,adibidez), hala nola:

  • Oso mineralizazio txikiko ura: hondakin lehorra (guztirako minerala) 50 mg/l artekoa
  • Mineralizazio txikikoa: hondakin lehorra (guztirako minerala) 500 mg/l artekoa.
  • Mineralizazio handikoa: hondakin lehorra (guztirako minerala) 1500 mg/l baino handiagoa
  • Ur bikarbonatodunak: 600 mg/l baino bikarbonato gehiago dutenak
  • Ur sulfatatuak: 200 mg/l baino sulfato gehiago dutenak
  • Kloruratuak: 200 mg/l baino kloruro gehiago dutenak
  • Kaltzikoak: 150 mg/l baino kaltzio gehiago.
  • Magnesikoak: 50 mg/l baino magnesio gehiago dutenak
  • Fluoratuak: 1 mg/l baino fluoruro gehiago dutenak
  • Burdintsuak: 1 mg/l baino burdina dibalente gehiago dutenak
  • Karboniko, gasdun edo azidulatuak: 250 mg/l baino CO2 aske gehiago dutenak
  • Sodikoak: 200 mg/l baino sodio gehiago dutenak
  • Dieta hiposodiko edo sodio urrikoetarako egokiak: 20 mg/l sodio arte dutenak.

Bederatzi laginek ematen dute arauak agintzen duen informazio osoa baina Alzola markakoak osaketa analitikoa euskaraz bakarrik adierazten du, espainolez ere adierazi behar duen arren. Solán de Cabras eta Font Vella laginetan, lotea eta kontsumo-data egokia (ontzietan trokelatuak) nekez irakur daitezke. Solán de Cabras, Alzola, Insalus eta Solares laginek beren burua ur minero-medizinaltzat jotzen dute. Horretarako, Espainiako Osasun Ministerioak alde eginiko txostena edukitzeaz gainera, erkidegoko agintaritzak gainbegiratuta, kontrol kimiko eta biologikoak gainditu behar dituzte.

Bestetik, laginen etiketetan hainbat adierazpen agertzen dira baina, hori bai, Espainiako legeriak xedatutakoa betetzen dute denek. "Haurrentzako elikagaiak prestatzeko egokia" eta "Diuretikoa izan daiteke" esakuneak onartuak daude baina bete beharreko baldintzarik ez da ezarri. Ontzi guztietan agertzen dira kontserbatzeko argibide edo aholkuak: toki garbi, fresko eta lehorrean gorde behar da, usain oldarkorretatik (ontzia usainak iragaten uzten baititu) eta eguzki argitatik at. Ur ontziratua ez da esteril, jatorritik flora naturala dakar eta hori, tenperatura egokian, ugaldu egin liteke. Solán de Cabras lagineko ontzia urdina da eta ura argitatik babesten duela dio.

Azterketak jakinarazi duena

Azterketa kimikoek bederatzi uretako mineral-edukian aldeak hauteman dituzte, lagin batetik bestera. Hondakin lehorra, litroko, 37 miligramotatik 569taraino doa. Urak, guztira, daukan mineral edukiaren berri ematen duen datu honek adierazten du Bezoya dela oso mineralizazio ahuleko ur bakarra (37 mg/l); Evian (317 mg/l), Solán de Cabras (254 mg/l), Aquabona (264 mg/l), Alzola (312 mg/l), Lanjarón (162 mg/l) eta Font Vella (211 mg/l), litroko 500 mg baino hondakin lehor gutxiago daukatela, mineralizazio txikikoak dira, Insalus (569 mg/l) eta Solares (506 mg/l) bezala, litroko 500 mg gaindituta baina, mineralizazio handikoa izateko gutxieneko mugatzat jotzen den 1500 mg-tara ez baitira iristen. Kontua da laborategian atzemaniko edukiak eta etiketan adierazitakoa bat datozela.

Bestetik, pH faktoreak uraren izaera azido edo alkalinoa adierazten du. Gasik gabeko urari arauak gutxienez 4,5 pH faktorea exijitzen dio. Bederatzi uren batez besteko pH-a 7,5 izan zen: alkalino samarrak dira, beraz. Denetan apalena Lanjarón laginak dauka (6,2), hots, gainerakoak baino azidoxeagoa da.

Uraren guztirako gogortasuna bere mineralizazioaren ondore da. Mineralizazioa, berriz, uretan ugarien dabiltzalarik, kaltzio eta magnesioaren presentziak baldintzatzen du. Denetan gogorrena Insalus da (42 GHF) eta beste muturrean Bezoya agertzen da (1,7 GHF). Bikarbonatoen edukia nabarmena dute Evian (362 mg/l), Solán de Cabras (284 mg/l) eta Aquabona (275 mg/l) laginek eta apal-apala, aldiz, Bezoya-k (16 mg/l). Ur hauek ezin har dezakete beren burua bikarbonatatutzat, horretarako, litroko, 600 mg bikarbonato eduki beharko luketelako. Ura sodio gutxikoa baldin eta gai horretatik, litroko, 20 mg baino gutxiago badauzka; sodio ugarikoa, berriz, 200 gramo baino gehiago izatekotan. Ur sodikoak haur txikiei eta giltzurrunetako arazoak dituztenei hartzea ez zaie komeni. Solares (92 mg/l) eta Alzola (46 mg/l) ez dira sodio gutxiko dieta hartzen ari direnentzako egokiak. Potasioa ez da lagin bakar batean 2 mg litroko; areago, Bezoya laginean ez da hauteman. Honelako urek gehien daukaten mineralak kaltzioa eta magnesioa dira, alkalino-terreoak, alegia; horrelakoak zenbat eta gehiago eduki, orduan eta gogorragoa da ura. Insalus (139 mg/l) eta Aquabona (91 mg/l) dira kaltzio ugarienekoak eta Evian eta Solán de Cabras (biek, 26 mg/l) magnesio ugarienekoak. Halaz ere, lagin hauek ezin dute beren burua "kaltziodun" edo "magnesiko"-tzat jo, litroko 150 mg kaltzio edo 50 mg magnesio ez dauzkatelako. Kloruroek, ugari dautzala, urari zapore ezatsegina ematen diote baina lagin hauen kloruroen edukia apala da: 32 mg/l batez beste; halaz ere, Solares (144 mg/l) eta Alzola (68 mg/l) nabarmendu dira atal honetan. Lagin bakar batek, litroko, 200 mg kloro baino gehiago ez duenez, ez dira ur kloratuak. Kloro urrienekoa, Bezoya. Sulfatoez ari garela, Insalus-ek bere burua sulfatatutzat ager dezake, litroko 270 mg baititu, baina ez du horrela egiten. Bezoya-k ez du sulfato aztarnarik. Fluor eduki txiki batek kariesa prebeni dezakeen arren, ur fluoratuak (litroko miligramo bat fluor baino gehiago) ez dira aholkagarriak ume txikientzat: mineral hau hezurretan metatzen da eta fluorosia proboka dezake. Hiru laginek bakarrik dauzkate fluoruroak, kopuru ñimiñotan. Bi urek baizik ez daukate burdina, gutxi-gutxi, eta Solares soilik dauka aluminioa, baina arauak xedatutako mugaz dezente azpitik. Manganesoa lau laginetan hauteman zen, arauak onartutako kopuruan.

Higiene arazorik ez, kutsagarri migraturik ez

PET-zko (petroliotik eratorritako plastiko) botiletan merkaturatzen dira bederatzi laginak; baliteke material horrek konposatu kaltegarririk edukitzea, hala nola antimonioa (metal astuna) eta horietakoren bat uretara migratzea. Metal hori lagin denetan hauteman bazen ere, edukiak hutsaren hurrena dira, ez dira inondik ere kaltegarriak osasunarentzat; batez bestekoa (0,16 µg/l), arauak onartzen duena baino 26 bider txikiagoa zen. PET-en fabrikazioan baliatzen diren gehigarri eta koloratzaileetako batzuk (ftalatoak, besteak beste) ontzitik uretara migra litezke. Lau ftalato-mota detektatzeko azterketak eginik, bakar baten (dietil ftalato) presentzia atzeman zen baina horretarako arauak ez du mugarik xedatua. Nolanahi ere, edukiak apal-apalak ziren (ez zen atzeman arrastorik Evian eta Font Vella laginetan).

Ur mineral naturala purua da baina oso litekeena da lur azalean mikrobio eta konposatu kimikoek eraginiko kutsadurarik izatea; horregatik edukitzen du irtengunean ur mineralak florarik. Beraz, uraren jatorriko kalitate bakteriologikoa bermatuko duten baldintzetan jaso behar izaten da. Bilketa, beste aldetik, kontserbazioa bermatuko duten baldintzetan egin behar da eta ontziak eguzki argitatik eta usain oldarkorretatik at gorde behar dira, toki fresko lehorrean. Azterketa mikrobiologikoak frogatu zuenez, bederatzi laginak egoera higieniko-sanitario onean zeuden.

Kutsagarriak ere aztertu ziren

Artsenikoa, barioa, boroa, kadmioa, kobrea beruna, nikela, selenioa eta hidrokarburo polizikliko aromatikoak substantzia higuingarritzat jotzen dira edo, gutxienez, legeak onarturiko mugez gainetik horien presentzia ez da egokia. Aipatutako hidrokarburoak ez dira hauteman eta metalak, berriz, lagin bakarren batean azaldu dira, arauak xedatutako mugen barnean, beti ere.

Bederatzi laginetan hauteman zen nitratoen presentzia baina arauak xedatua duen 50 mg/l horren azpitik. Batez bestekoa, litroko, 4 mg izan zen. Nitritoak nitratoen erredukzioz ager daitezkeenez, kopuru txikitan onartzen dira, baina azterturiko uretan ez zen arrastorik atzeman.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto