Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Osasuna

Λ

Gorputz arrotzak: higuingarri baino areago, kanpotar

Objektuak ustekabean begi, sudur, belarri eta arnaste-bideetan sartzea, umeetan batik bat, ohiko arazoa izanik, konponbide egokiena larrialdiko kontsultan du

 Gure inguruko mundua objektu txikiz josia dago. Hortxe dabil giza gorputza, zuloz betea, ustekabean objektu horiek harrapatzeko prest. Begiak, sudurra, belarriak eta arnaste-bideak dira gorputz arrotzak maizen babesten dituztenak, bai haurren kasuan, baita helduenean ere. Gehienetan horiek ateratzea kontu erraza da, barru-barruraino sartuak ez daudelako baina, bestetan, larrialdi zerbitzura jo behar izaten da, lehenbailehen jo ere. Objektua ateratzen saiatzeko maniobrarik ez da inola ere egin behar, barrurago sartu, ehunen batean barneratu edo ezin konpon daitezkeen kalteak gertatzeko arriskua dagoelako. Ezbehar horiek jazotzen direnean egokiena larrialdi zerbitzura jotzea da; salbuespen gisa bakarrik aplikatu ahal izango da etxeko konponbideren bat.

Gorputz arrotzak begian

 Begi-globoa eta kanpo-egiturak biziki sentikorrak dira: begiari arotz zaion zeinahi gorputzak, txikiena izanik ere, higuina, mina, malko-isuria eta gorritzea sortarazten ditu berehala. Helduetan ohiko gorputz horiek metalezko printzak, kristal pusketa txiki-txikiak (trafiko istripuetan) edo hondar aleak dira: hauek biolentziaz jotzen dute begia eta ehunean sartzen dira edo, areago, begia zulatu eta barruan geratzen dira. Haurren begietan lur edo hondar aleak sartu ohi dira eta, orokorki, ez zaizkio ehunari itsasten. Malko-isuria, betazalak klikatzea eta begi-globoaren mugimenduak (begia bera inola ere igurtzi gabe) kanpo aldera eraman ohi dituzte gorputz horiek eta aise erauzten dira bertatik.

Gorputz arrotz bereziak dira produktu kimikoen tantoak. Begia kalte dezaketen eta etxe barnean dauden produktuen zerrenda izugarri luzea da. Azidoak eta alkaliak bereziki arriskutsuak dira, ezin konponduzko kalteak eragin ditzakete-eta. Horrexegatik ezbeharra gertatu eta berehala jardun behar da: lehen-lehenik, uretan (ur epeletan, ahal dela) garbitzea da aurrena. Ur-txorro azpian edo xiringa batekin, begia sakon garbitu behar da, produktu guztia edo gehiena ekar dezan kanpora eta, ondoren, gaza esteril batez estaliko dugu. Orduan larrialdi zerbitzura joango gara, bertan lesioa aztertu eta tratamendua ipin dezaten.

Gorputz arrotzak belarrietan

Jolasean dabiltzala, oso litekeena da haurrek belarrian gauza txikiak sartzea. Horrelakorik gertatu bada, honela jardun behar da:

  •  Ez ahalegindu ateratzen inolako tresnarekin, objektua barrurago sartzeko eta, horrela, tinpanoa eta erdiko belarria kaltetzeko arriskua baitago.
  • Kalteturiko belarrirantz burua inklinatzea eta bortizkeriarik gabe astintzea, objektua grabitatez eror dadin laguntzeko.
  • Batzuetan, objektua gutxi sartu denean, bistan agertzen da; malgua edo samurra bada, depilatzeko pintzetik atzematen eta kontu handiz ateratzen saia gaitezke
  • Erraz ateratzerik ez badago, egokiena larrialdi zerbitzura jotzea da.

Intsektu bat sartu denean, ordea, honela jokatu behar da:

  • Burua, kalteturiko belarria gora begira jartzea.
  • Olio tanta batzuk sartzea, intsektua hil eta zuloan ager dadin, likidoaren azaleran.
  • Burua beste aldera okertzea, olioa irtetean intsektua eraman dezan.
  • Emaitza ona eman ohi du honek baina, halaz ere, kale egingo bagenu edo, intsektua irtenik ere, minak edo buxadura-sentsazioak edo ongi ez aditzearen sentsazioak bere horretan irauten badu, sendagilearengana joan behar da.

Gorputz arrotzak sudurrean

Gorputz arrotza sudurrean sartzen bada, belarrian sartu denean bezalatsu jokatu behar da. Ez da ahalegindu behar inolako tresnarekin ateratzen ezta gogor inhalatzen ere, horrela are eta gehiago sar daitekeelako. Objektua sudurrean dagoela ahotik arnastea komeni izaten da eta, libre dagoen sudurzuloa estalita, zintz egitea, kanporatzerik ba ote dagoen saiatzeko. Kanporatzen lortu ezean, egokiena larrialdi zerbitzura jotzea da.

Gorputz arrotzak arnaste-bideetan

Hona hemen gerta daitekeen egoera larriena: objektua zein tamainatakoa den eta arnaste-bideetan nola kokatu den, oso litekeena da bideak erabat edo partzialki buxatzea, ixtea. Gorputz arrotza trakean edo bronkioetan badago asfixia eragin dezakeenez, buxadura lehenbailehen ireki beharra dago.

Horrelakoetan pazienteari lehenbailehen Heimlich-en maniobra egin behar zaie, hots: eragindakoaren atzean kokaturik, ukabila zilborraren gainean ipini, ukabila beste eskuarekin hartu, toraxa inguraturik, eta ukabila gora eta barrura bortizki bultzatzea. Horrela arnaste-bideetan aire-korronte bizia (eztul artifizialaren antzeko zerbait) eragingo dugu: askotan, gorputz arrotza kanporatzeko aski izaten da hori. Maniobra horri esker bizi asko salbatu dira. Asfixiarik nozitu ez baina arnaste-bideetan gorputz arrotza sartu ote den zalantza badugu, larrialdi zerbitzura joan beharra dago. Baliteke objektua arnaste-arbolaren beste alde batean egotea: hori arrisku potentziala den heinean, egokiro diagnostikatu eta tratatu behar da.

Gorputz arrotzak digestio-bideetan

 Irenstea nahita edo nahi izan gabe egin daiteke. Askotan, ahoan daukaguna konturatu gabe irensten dugu: objektu hori txiklea edo karamelua denean, helduarentzat horrek ez du garrantzirik. Hori irentsi duena umea bada, ordea, ezbehar larria izan daiteke. Haurrek esku artean darabilten guztia ahora eraman ohi dute: harri ñimiñoak, pila txikiak, fruitu lehorrak oskol eta guzti, borragomak, txanponak, botoiak, fruta hezurrak, denetik.

Normalean, helduen kasuan bereziki, objektuek heste osoa zeharkatzen dute arazorik eragin gabe, forma edo tamaina dela medio, buxaturik geratu ez bada. Digestio-hodiak eragiten duen defentsazko mekanismo batek ederki funtzionatzen du normalean: hesteen mugikortasunari esker, gorputz arrotza heste osoan zehar doa eta, sabelustean, arazorik gabe kanporatzen da, are objektu zorrotza denean ere. Zenbaitetan, ordea, tamaina handi-handikoa bada, baliteke hestegorrian geratu eta organoa buxatzea; kasu bakanen batean hestean gelditzen da objektua, larria izan daitekeen heste-buxadura eraginez. Horregatik, gorputz arrotza irentsi duen pertsonak listu asko egiten badu, sabelean mina nozitzen badu, goragalea edo ondoezaren beste zeinahi sintoma baldin badu, sendagilearengana joan behar du.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto