Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elkarrizketa

Λ

Toti Martínez de Lezea, idazlea: "Prentsa arrosa baino nahiago dut Corín Tellado-ren nobelak irakurtzea"

  Toti Martínez de Lezea (Gasteiz, 1949) idazlearen bizitza elkarrengandik arras urruti dauden bi gune geografikoren biran dabil: lan eta lo egiteko Bizkaiko Larrabetzu herri txikian du; Pekinen, berriz, alaba, suhia eta zazpi urteko iloba pertxenta eleanitza (euskaraz, arabieraz, ingelesez, espainieraz mintzatzen da eta txineraz ikasten ari da); teknologia berriei esker, umetxoa egunero ikusi eta berarekin solasean jarduten du. Bizitegi duen aspaldiko etxe dotorea betetzen duten argazki ugarietako batzuk erakustean harrotasun izpia agertzen da amonaren aurpegian, bere bestelako umeez (Espainiako milaka zaletuk irakurri eta irakurtzen dituzten hamabost eleberriez, alegia) aritzen denean baino ere gehiago.

Entzulea lekuz kanpo utz dezaketen kemen eta irekitasunez, hausnarketa egin du Totik txantxa-giroan bere lehenaldiaz (trokeleriako gidaliburuen itzultzaile, txotxongilo-egilea, haurrentzako telesaioen gidoilari eta zuzendaria?) eta nobelagile gisa bizi duen orainaldiaz: lanbide honetara jaiduraz eta "apustu baten erruz" iritsi zen, ia 50 urte zituela. Etxean dihardu lanean: lau mende bete dituen eraikin hori senarrak eta biek zaharberritu eta konpondu dute (igeltserotza, elektrizitatea, baita iturgintzatik zerbait ere) eta orain hamaika liburuz eta era guztietako gauzez josirik dago, berdegune lasai baten alboan: ?Benetako lorategi botanikoa da baina, adreiluaren izurriteak jota, suntsitzeko arriskuan dago orain", diosku emakumeak haserre.

Eleberri historikoari esker Historia ikas ahal daiteke?

Historia saiakera historikoak irakurriz. Jakina, eleberriaren xedea ez da Historia irakastea, narratzea baizik. Zuk narrazio hori garai batean edo beste batean kokatzea bigarren mailako kontua da.

Hortaz, eleberri historikoa irakurtzearren, ongi pasatzeaz gainera, Historiatik zerbait ikasiko duela sinesten duena oker dabil.

Segun, idazlearen arabera.

Zer gertatzen da zeure kasuan?

Ene eleberriak irakurtzen dituztenek Historiatik zerbait ikasteko aukera dute. Ni ez nintzateke gauza gai bat hautatu-eta, bera andeatzeko. Baina beste batzuek hala egiten dute; hori nik ederki dakit, besteren historiak irakurtzen baititut.

Izenik eman ahal zenezake?

Eman nezake, baina ez zait atsegin gainerakoak larrutzea. Irakurlea ohartaraztea komeni da: eleberri historikoaren zakuan horrelakorik ez diren obrak sartu ohi dira: biografia nobelatua, dokumentazio gehiegik ezkutaturiko gertakizun historikoen eleberria eta gezurrez josiriko zaborra. Tenplario, kataro, masoi eta antzekoez argitaratzen ari diren ergelkeria horiek ez dira eleberri historikoak, fikzio-historiakoak baizik, baina ez dira bata bestearekin nahasi behar.

Generoa aipatuta, nola erreakzionatzen duzu kritikari literarioek eleberri historikoa genero txikitzat jotzen dutenean?

Ez dut erreakzionatzen. Kritika onartu egiten dut berdinetik berdinera egin eta ene burua defendatzeko aukera ematen bazait. Kritikoa egiazko profesionala baldin bada, liburua irakurritakoan bere ikuspegia idazlearekin jorratzea da logikoena; halaz ere, oraino eragozpenik baldin badu, argitara azaltzea du bidea. Baina logikoa gauza bat da eta ohikoa beste bat. Ene eleberrietako bat historiaren ikuspegitik ez zela zehatza, zorrotza, esan didate niri Historia zer den ez dakiten pertsona batzuek, lasai asko esan ere, zorroztasunik eza non datzan adierazi gabe. Bestetik, historiagile batzuek ere kritikatu egin naute. Eleberri historikoari kritika asko egiten zaizkio, izan ere. Horiez gainera idazleak ditugu ("kideak", zerbait esatearren): horietako batzuek literatura egiten ez duzula diote, sortzen ez duzula.

Ego-fabrika da literatura.

Literatura ez ezik, beste zernahi ere: medikuntza, zinema, antzertia? gauzak oso ongi egiteaz gainera, besteek baino hobeto egiten ditugulakoan gaude beti.

Nola kalifikatuko zenuke, beraz, kritika literarioek sortarazten dizuten erreakzioa: ezaxola, haserrea, adikzioa??

Irakurri egiten ditut, horixe irakurtzen ditudala, etsaiak nolako iritzia duen jakiteko. Non zapaltzen ari zaren jakin beharra dago; bestela, larrutu egin zaituen horri muxu pare bat emango dizkiozu, agian.

Horrelakorik gertatu zaizu inoiz?

Literatur mundu honetan sartu nintzenean sekulakoa iruditu zitzaidan. Neu irakurle izanik, liburu azalean ene izena agertzea... hara!, hodeian bizi izan nintzen, tarte batez. Hastapenean dena irribarre zen, ?amona hau?!? zioten baina, amonak gora egin ahala, irribarreak ezabatuz zihoazen. Ene lagun idazleak benetako adiskideak dira, asko ez diren arren, eta, bitxia bada ere, nik lantzen dudan generoan dihardute, literaturan berandu sartu dira, lehenago beste ogibide batean aritu dira, literaturan atsegin hutsez dabiltza.

Zeri egozten diozu zeure eleberriek bildutako arrakasta?

Jendeak irakur dezakeen, irakurri nahi duen, gustura irakurriko duen zerbait idazten saiatzen naiz. Noski, inortxok ere irakurriko ez lukeen artelana idaztea ere? biblioteka handietan agertuko da hori baina helburu nagusia bete gabe, inork ere irakurriko ez duelako. Eta, egiari zor, obra batzuk ez dituzte autoreen amek ere irakurtzen.

Hori ere zuk badakizu.

Bai, baina ama horiek nirea irakurtzen dute (barrez).

Zertatik du zure obrak gehiago, inspiraziotik ala transpiraziotik?

Seguruenik %80 ADN da eta gainerako %20, ikaskuntza eta lana. Zera esan nahi dut, pertsona batzuek sortzaile hobeak dira gainerakoak baino, ni betidanik izan naiz berritsua, beti ibili naiz istorioak asmatzen. Talenturik ezean, lan handia eginagatik ere? alferrik ari zara, zerbait txukuna lortuko duzu, gehienez ere.

Zure eleberrietako askoren pertsonaiak aro berean bizi eta hiltzen dira, Erdi Aroaren amaiera eta Errenazimenduaren hastapenean: zer dela-eta aldi hori hautatzea?

Inperio Erromatarraren ostean aro ilun-iluna etorri zen, gauza asko bertan behera utzi ziren orduan: eraikuntza, hezkuntza, higienea? idazteaz ere ahaztu egin ziren. Erdi Aroaren bukaera eta Errenazimenduaren hasiera horretara heltzean, behinola loratu baina galdua zegoen kultura hasi zen berpizten. Mugimendu handiko aldia izan zen. Leinuak ez ziren leinu izango aurrerantzean, estatu edo erresuma baizik, gremioak sortu ziren, hiriak osatzeari ekin zitzaion, garrantzia hartu zuten? liluragarria izan zen, hitz batez!

Arrakasta gehien bildu duten zure obretako batzuen protagonistak emakumeak dira, hala nola Abadesa, Belar-biltzailea edo Komunera. Emakumeak, alta, aldi horretan ez zeukan posizio zoragarria gizartean. Zergatik protagonismo femenino hori?

Bi motiborengatik. Batetik, badirudi emakumea Historiatik desagertu egin zela baina hori ez da egia: betidanik izan dira emakumeak hor, lanean, borrokan eta, batez ere, umeak erditzen. Emakumea literaturan den-denetan ez da bere buruaren jabe gisa agertu, beste norbaiten andre, maitale, alaba, andre sakrifikatu, emazte gaizto edo antzeko modura baizik. Literaturan emakumerik independente izaten eta bere bizimodua moldatzen ahalegindu denean, hala nola Madame Bovary, Kamelietako Dama edota Ana Karenina, adibidez? nolako bukaera izan dute? Bere buruaz beste egin behar izan dute, jakina, bekatari baitziren, azken finean.

Eleberri historikoak bizi duen arrakasta jeneralizatua gorabehera, irakurketa-indizeak negargarriak dira.

Are eta negargarriago ziren orain dela 30 urte eta askoz ere gehiago duela 50 urte.

Edalontzia erdi beterik ikustea nahiago duzu, beraz.

Noski, irakurle kupoa ugaldu da baina argitaratzen diren liburuena are eta gehiago handitu da. Plazaratzen den guztia irakur dezakeenik ez da sortu.

Haurrentzako telesaio batzuen gidoilari eta zuzendari izan zara. ?Kutxa ergela", zure ustez, liburuaren arerio al da?

Jakina, inertzia sortarazten du-eta. Lantokitik etxera zatoz ilunabarrean, aparatua piztu, zapping egiten hasten zara? horixe da errazena.

Ba al da telebistarik zure etxean?

Bai, baina tarteka baizik ez da pizten: albisteak ikusi eta, ondoren, film on bat ematen badute, huraxe ikustera geratuko naiz.

Telebista eta liburuak harmonian bizi ahal daitezke?

Bai, noski, beste aparatu bat da hori, arropa-ikuzgailua den bezala.

Zer esan behar duzu Internetez?

Baliatu egiten dut nik, materiala bilatzeko unean batik bat, hori lehenago entziklopedietan bilatu behar izaten bainuen.

Hori ez ote da liburua geroz eta gutxiago erabiltzen dela erakusten duen adibide bat?

Ez, Internetek liburuak bezainbesteko informazioa ere ez baitizu eskaintzen baina, hori bai, bilaketa erraztu egiten dizu.

Haurrekin hamaika lanetan jardun izan zara. Zer egin ote daiteke orain txikiak literaturara gertura daitezen?

Seme-alabek liburuak irakur ditzaten gurasoen interesak bizirik iraunez gero, baliteke aldi batean umeek, irakurri ordez, makinatxoekin aritzea nahiago izatea, baina orain edo geroago irakurtzera joko dute ostera. Irakur dezaten animatu behar zaie, etsi gabe baina, noski, zeuk ere irakurtzen duzula ikusi behar dute.

Hortaz, liburua ez omen dago arriskutan...

Ez. Nik, adibidez, ezin dezaket Interneten libururik irakurri, beste zerbait izan behar dut liburuarekin, kontaktu fisikoa, ene gustuko bazter bat, manta bat hanken gainean edo eguzkia hondartzan? Zaletasun kontua da eta, ene kasuan bezala, tamaina hartu badiozu, ez duzu alde egiten utziko.

Irakurtzea da kontua edo irakurtzen denak du garrantzia?

Ez, horrek ez du axola.

Ezta "bihotzeko prentsa" bada ere?

Prentsa arrosa baino nahiago dut Corín Tellado-ren nobelak irakurtzea, prentsa horrek hau edo bestea norekin oheratu den baizik kontatzen ez dizulako. Umetan denetik irakurtzen nuen: maitagarrien ipuinak, komikiak, bakeroen eleberriak, maitasunezko eleberriak, denetik; pixkanaka-pixkanaka, irakurri ahala, geroz eta gehiago eskatzen duzu. Dena den, exijentzi maila horretara iristen ez bazara, irakur ezazu nahi duzuna, baina irakurri. Corín Tellado, adibidez, espainieraz gehien irakurtzen den autorea da eta literatur munduan mespretxatu egiten dute denek. Nik irakurri nuen emakume horren biografia batek txunditu egin ninduen, Francoren garaietan beste inor ausartu ez zen gauzak idatzi zituelako. Eleberri arrosa aitzakia hartuta, emakumearen askapena aldarrikatzen zuen, den-dena arrosa koloreko zelofanean bilduta, baina emakume espainiarraren alderdi hori kontatzen zuen bakarra zen Tellado.

Kontsumoko literatura eta artelanetako literatura bereiz daitezke?

Ongi idatzitako eta gaizki idatzitako liburuak bereiz ditzakezu, pittin bat irakurri baldin baduzu? Dena den, norbaitek on-ona dela esan duelako, autoreak berak on-ona dela esan duelako edota gizarteak euskarri dotore baten gainean ezarri duelako liburu bat aldarean jartzea barregarria da. Baditugu kontsumoko galtzak edo kontsumoko zapatilak baina kontsumoko libururik? Inoiz edo behin eleberri batek merkatua astintzen du, ospea biltzen du, hala nola Da Vinci Kodea, eta milioika pertsonak erosten du irakurri nahi duelako edo irakurri duela esan nahi duelako. Hori ez da ohiko kontua, dena den.

Prezioak ez du liburua masibo bihurtuko, noski.

Lagun batek dioenez, "literaturan egintza sakratu bakarra, irakurleak liburua erosi eta kutxan ordaintzea da". Konparazioak egiten hasita, futbolerako sarrera bat garestiagoa da liburua baino.

Literaturatik bizi al zara zu?

Aspaldi honetan, bai. Ez naiz kexatzen. Horrek idazten segitzeko aukera ematen dit. Baina ene obrarik inork irakurriko ez balu ere, inoiz edo behin ipuintxoren bat idatziko nuke. Egunean zortzi orduz lan egiten dudanez, etekinik ematen ez badit, bertan behera utzi egingo dut. Neuk zoragarri eta bikaina naizela uste badut ere, inork irakurtzen ez badit, jai dago. Ene ustez, horregatik idazten du emakumeak gutxiago gizonezkoak baino.

Zergatik?

Emakumeok praktikoago garelako

Gizonak erromantikoagoak ote?

Alderdi horretatik, bai: zertarako denbora alferrik galtzea!

Beraz, literaturatik bizi bai baina aberastea ezinezkoa da.

Aberastu, bakarren bat, bai. Baina gutxi.

Liburuko zenbat diru jasotzen du autoreak?

Editorialarekin hitzartutakoaren arabera: printzipioz, prezioaren %8 eta %12 artean, BEZ kanpo. Eta editorialari sinetsi behar diozu horrenbeste ale saldu direla esaten dizunean, zeuk liburuen salmenta ezin kontrola dezakezu-eta.

Autorea babesgabetua dago, zure iritziz?

Sistema horrela da. Autorea da editorialeko lehengaia, merke-merkea, izan ere: ez Gizarte Segurantzarik, ez oporraldirik, ez erretirorik... eta saldu denetik urtebetera kobratzen du, saldutako aleen arabera. Autore batzuek milioi askoko aurrerakinak jasotzen dituzte eta, horrela, zerbait bermatua daukate. Hor ere tranpa dago, dena den: saldutakoak aurrerakin hori estaltzen ez badu, editorialak ez du autorea berriro kontratatuko.

Alfaguara, Planeta edo sari "eskuzabal" horietako bat irabaztea gustatuko litzaizuke?

Horretarako aurkeztea ezinezkoa da eta nik horretarako asmorik ez dut.

Zer dela-eta?

Hainbat sari-mota daude: batzuk autorearekin aurretiaz adostuak daude baina esklabo bihurtzen dute, autorea editorialaren ondasun bihurtzen dutelako eta, gehienetan, epe batez, editorial horrentzat idaztera behartzen dutelako. Bestetik "instituzional" dei ditzakegun sariak daude: horietako batzuk interesgarriak dira baina azpian, ezkutuan, itsaskia dabil? Nire ustez, sari garrantzitsu bakarra, zure liburuak irakurtzen dituen jendeak ematen dizuna da.

Planeta edota Alfaguara sariek bermatzen dutena, berriz, horixe da, saritutako liburua irakurri egingo dela.

Hori bai, baina zure etorkizuna ez.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto