Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Egiaz informatzea, lagun egitea, mina arintzea eta zaintzailea zaintzea: horra hor, biztanleria etengabe zahartuz joatearen ondorioz, ugaltzen ari zaizkigun paziente terminalen kasuetarako klabeak
Bizi itxaropenaren luzapen ikusgarria eta berorrek gizarte, ekonomia, eta areago, famili giroan izan duen eragina dira egun mendebaldeko gizarteek dituzten erronketako batzuk. Gaur-gaurkoz, bizi itxaropena 78,3 urtekoa da Europan eta 79,7 urtekoa Espainia. Espainia zen, duela 12 urte, pertsona zahar gehien zituen Europar Batasuneko herrialdeetako bat; Espainiaren aurretik Italia, Belgika, Erresuma Batua eta Grezia bakarrik agertzen ziren. Handik hamar urtera, Italia eta Alemania soilik zeuden espainiar bataz bestekoaren gainetik. Orain, 2050 urterako, Europako populazio zahartuena espainiarra izatea espero dute: populazioaren %36k, hots, hiru biztanletik batek 65 urte baino gehiago izango ditu.
Populazio zahartuetan endakatze prozesuak -arterioesklerosia, minbizia, etc.-ohikoagoak dira. Medikuntzaren aurrerapausoei eta bizi-baldintzak hobetzeari esker, gainera, dagoeneko kasu asko-askotan horiek ez dakarte heriotza; aitzitik, kroniko bilakatu dira. Bestela esateko, osasun alorreko arazoak bizia amaitu arte ditugu bidelagun.
Horregatik, geroz eta ohikoagoa da behin ere sendatuko ez den gaixotasun progresiboa nozitzen duen pertsona zahar bat familian edukitzea, zaintza eta laguntza berezien premia duena: kontua da pertsona horri ahalik eta bizi-kalitaterik eta ongizate-gradurik hoberena eskaintzea. Gaixo terminalaren zaintza ez da eginkizun errazik. Bizitzaren azkeneko fasea oso etapa delikatua da: egoera hori bizi duenak, bere egokieraz hein batean edo bestean kontziente izaki, bere burua fisiko eta emozionalki isolaturik ikusten du. Aurrera etengabe doan endekapenak pazientearen izaera sozialean, trebezia fisikoetan, autonomian eta ohiko erreferentzietan aldaketak eragiten ditu eta egoeraren bestelakotze horrek gaixoari sortarazten dizkio artegatasuna, itxaropen gabezia, auto-estimuaren eta existentzia-zentzuaren galera. Horrelako pazienteak artatzea, beraz, arras eginkizun delikatua da.
Gaixotasunaz egia esan behar zaio. Kasu askotan, informazio zuzena ematea, egoki eta komenigarria ez ezik, beharrezkoa ere izan daiteke. Gaixo guztiek ez dute modu berean erreakzionatzen, ordea: maiz, osasun alorreko profesionalak berak ere ez daki seguru, pazienteak galdera egiten dionean, egia jakiteko asmo finko eta zintzoa duen. Pixkanaka joatea, naturaltasunez, eta ezker eskuaz baliatzea jasangarriago gertatuko zaio eriari. "Heriotza ona" zer den galdeturik, inkestetan jende gehienak identifikatzen du sintoma higuingarririk ezarekin, baretasunarekin, bat-batekoa izatearekin, pazientea lo dagoela. Ezaugarri horiek, ordea, ez dira den-denetan agertzen. Ohikoagoa da prozesu luze samar baten ostean jazotzen dena, bere min, egonezin eta gainerakoak lagun dituela. Mina arintzeko zaintzetan espezialista direnen iritziz, heriotza baketsua dator pazienteak egia dakienean, onartzen duenean, sintomen kontrol egokia, senitartekoen laguntza eta aldamenean konfiantzako norbait daukanean.Ez ahantzi inola ere gaixo terminalari bere prozesua bi baliabide edo lanabesen bidez kontrolatzeko eskubidea zor zaiola. Hona biak:
Bizi-testamentua: honi esker, gaixotasun larririk gertatzekotan, pazienteak bere prozesuaren amaiera kontrolatu ahal izango du; dokumentu horrek bizitza mantentzeko neurriak hartze, mantentze eta kentzea erregulatzen ditu.Legezko bi lanabes hauek populazioak oraino arras ezagunak ez dituen arren, berebiziko garrantzia dute bizitzako azken etapara begira.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa