Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Ingurugiroa

Λ

Arnasten dugun airearen zikinkeriak

Munduko Osasun Erakundearen (MOE, OMS) aburuz, bi milioi lagun hiltzen dituzte urtero munduan aireak daukan kutsadurak, esekiduran dautzan partikulek eta ozonoak

 Arnas hartzen dugun bakoitzean, oxigeno eta nitrogenoz gainera, automobilek, industriak, etxegintzak eta giza jarduerekin loturiko beste hainbat iturritatik datozen substantzia eta partikulak doaz gure biriketara. Kutsagarri horiek airearen kalitatea hondatu eta, ingurugiroan ez ezik, gure osasunean ere eragin kaltegarriak dituzten arren, arazoari ez zaio eman behar bezalako arreta aresti arte. Interesa, dena dela, kontaminazio hori -"aholkaturiko gehieneko mailak dezente gainditzen dituzten hiriguneetakoa, bereziki-" murriztuko duten estrategiak diseinatzean gorpuzten da.

Hautsetatik azido sulfurikora

Kutsatzailerik txarrenak, Europar Batzordeak eginiko "Kutsadura Atmosferikoari buruzko Estrategia Tematikoa" txostenaren arabera, esekiduran dautzan partikulak (hauts xehea) eta troposferako ozonoa (atmosferako behereneko geruzetan, 0 - 17 kilometro artean, dagoena) dira. Kutsagarri horien aurreko esposizioak ekar ditzakeen ondorioak latzak dira, arnas aparatuan efektu arinetatik hasi eta behar baino lehenago hiltzeraino.

Ozonoa beste kutsagarri batzuen -"nitrogeno-oxidoak eta konposatu organiko lurrunkorrak (ehunka substantzia, hala nola metanoa, bentzenoa, formaldehidoa eta disolbagarriak, industriak eta automobilen igortzen dituztenak)-" erreakzioaren ondorioz sortzen da. Erreakzio fotokimiko bidez sortzen denez, ozono-kutsadura mailarik handienak egun eguzkitsuetan jasotzen dira.

Esekiduran dautzan partikula horiek, airean esekiduran dauden milioika partikula solido (hautsa, polen, kadmio, kedar...) eta ttantta (azido sulfuriko, petrolio, dioxinak, plagizidak...). Kutsadura-iturriren batetik datoz zuzenean (automobiletatik, etxegintzatik) edo, bestela, sufre dioxido, nitrogeno oxido, edota amoniako edo antzeko gasetatik datozen partikula sekundarioak dira.

Muga segururik ez da

  Fenomeno eta substantzia hauek aztertzean egin den aurkikuntza kezkagarrienetako bat, muga segururik ez dagoela egiaztatzea izan da eta, areago, kutsagarri horien aurreko esposizioa arina bada ere, substantziok osasunarentzat kaltegarriak dira. Horrenbestez, egungo estrategien jomuga da kutsagarri horien murrizketa "errealista" bat lortzea, hots, beraien eraginak arintzea eta ez zeharo ezabatzea. Horren lagin bat izan daiteke esekiduran dauden partikulen ondorioz 2020 urterako aurreikusia dagoen hilkortasun-tasa: Europar Batzordeak emaniko datuen arabera, airearen kalitatea hobetzea erdiesten bada ere, kutsadura horri atxikitako osasun-arazoengatik 76.000 pertsona hilko dira garaiz baino lehenago eta bizitzeko itxaropena orokorki urrituko da. Kutsadurak oraingo martxan segitzekotan, ordea, panorama dezente beltzagoa da: urtean 272.000 gizaki hilko dira garaiz baino lehenago.

Badira, dena dela, horiek baino estimazio pesimistagoak. Osasunaren Mundu Erakundearen txosten batek zioenez, 2006 urtearen kondarrean, planetan urtero bi milioi lagunetik gora hiltzen dira airearen kontaminazioak jota. Heriotza horiek erdiak, txostenaren arabera, herrialde garatuetan gertatzen ziren, ibilgailuen trafikoak eta industriak eraginiko gehiegizko kutsaduraren ondorioz.

Partikula arriskutsuenak

Orain dela urte gutxiz geroztik badakigu gizakiarengan eraginik larriena duten kutsagarriak, beste zeinahiren aurretik, esekiduran dautzan partikulak (PM) eta ozonoa dira. Horien arriskugarritasuna tamainaren arabera aldatzen da: zenbat eta txikiagoak izan orduan eta errazkiago sar daitezke giza organismoan. Esate baterako, 10 mikrometro (mikrometroa metroaren milioirena da) baino diametro txikiagoa daukaten partikulak (PM10 izenekoak) arnaste traktuaren goialdean sar daitezke eta 2,5 mikrometroko diametrodunak (PM2,5), berriz, biriketaraino irits daitezke: beraz, txiki hauek dira arriskutsuagoak.

Badakigu partikula horien aurreko esposizio kronikoak gaitz kardiobaskularrak eta arnasketa alorrekoak ez ezik, biriketako minbizia ere nozitzeko arriskua areagotzen duela. Atmosferaren behealdeko geruzetako ozonoak, berriz, arnasketa alorreko arazoak, asma krisiak, biriken funtzioaren moteltzea eta biriketako gaitzak sortaraz ditzake.

Osasunaren Mundu Erakundeak Airearen Kalitateaz emaniko arauek, airearen metro kubiko bakoitzeko PM2,5 partikuletatik gehienez ere 10 mikrogramo eta PM10etatik 20 mikrogramo onartzen ditu, batez beste, urtean. OME horrek zehaztu duen bezala, zifra horiek ez dira maila seguruak, kutsagarriek osasunean dituzten efektuak arintzea helburu, lortzeko eta onartzeko moduko helburuak baizik. Ozonoari dagokionez, gehienez ere 100 mikrogramo izatea aholkatzen du metro kubiko bakoitzeko.

Egoera Espainian

  Aipatutako arau horietatik biziki urruti dabil Espainia oraino. Partikulen kutsadura, metro kubikoko, 30 mikrogramo bazen ere 2005 urtean, Ingurugiroaren Ministerioak emaniko datuen arabera, urtearen buruan egun askotan goiko muga hori -"metro kubikoko 50 mikrogramo, partikulen kasuan-" aise gainditzen da.

Esate baterako, 2007ko otsailean, Madrilgo Udaleko Ingurunea Neurtzeko 25 Estazioetatik bik bakarrik jaso zuten 20 mikrogramo (hots, Osasunaren Mundu Erakundeak aholkatzen duena) hileko baino kutsadura arinagoa. Gainerakoetatik, bederatzik 20 ? 30 mikrogramo arteko balioak bildu zituzten eta beste 23 estazioek, berriz, 30 mikrogramo baino gehiago jaso zuten metro kubikoko. Areago, hiru estazioren datuek 40 mikrogramo baino gehiago adierazten dute, PM10 partikulez ari garela.

Etxe barneko eta kanpoko neurriak

Espazio itxietako airearen kalitate txarra arriskutsua da munduko populazioaren erdiarentzat, OMEren arabera. Giroa berotzeko biomasa edo ikatzezko erregaiak erabiltzen diren tokietan partikulen kontzentrazioak aholkatutakoa baino 10, 30 edo 50 aldiz handiagoak ere izan daitezke. Hori ohiko egoera denean arriskua ez da bat ere ñimiñoa.

partikula-iturri ohikoetako bat ibilgailua da. Espainiako Ikerkuntza Zientifikoen Goi Kontseiluak 2005 urtean eginiko azterketa batek jakinarazi zuenez, Espainiako hirietako partikulen %60raino trafikoak sortarazten ditu; izan ere, diesel motako motorrek gasolinakoek baino lau bider karbono partikula gehiago sortarazten dituzte. Aholkua, dena den, ez zen diesel motorrik ez erabiltzea (besteak baino eraginkorragoak baitira), partikulen %90 atxikiko dituzten iragazkiez hornitzea baizik.

Ibilgailuen trafikoa arintzea, garraio publikoa hobetzea, hirietan berdeguneak eta oinezkoentzako guneak ugaltzea, biodiesela gehiago baliatzea, errekuntza eta kutsagarrien igorpena eragiten duten kalefakzio sistemen ordez bestelako batzuk (garbiagoak) instalatzea eta beste neurri asko hartu beharko dira airearen kalitatea hobetuko bada.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto