Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Sentimendurik ohikoen eta kaltekorrenetako baten atzean dauden konplexu eta frustrazioak gainditu egin daitezke, inguruan ditugun pertsonak eta gauzak gehiago balioztatuz
Sentimendu unibertsal bezain kaltekorra da bekaizkeria: hein handi edo txikiago batean, bederen, gizaki guztiek nozitu dugu inoiz bestearekin lehian aritzeko irrika itogarria, beti-beti galtzea egokitu zaigun lehian. Horrelakoetan gure ondamuaren gune den pertsona goialdean kokatzen dugu, ongizate handiaren jabe ikusten dugula. Hirugarrengoa den edo daukan horren gorespenaren ondorez inpotentzia, frustrazioa eta bera baino gutxiago garela sinesteko jaidura sortzen da gure baitan. Hirak eta amorruak osaturiko uztarriak eramango du bizipen hori, bekaiztia bekaiztuaren menpeko bizi dadin. Horixe da Harry Snack Sullivan psikoanalista itzaltsuak, ondamu edo bekaizkeriaren definizioa ematen duenean: "Geu izan edo geuk eduki beharko genukeen zerbait beste inor dela edo daukala deskubritzeak ondorioztatzen du deserosotasun latzeko sentimendu hau".
Lortu ahal izateko borrokan diharduenekoaz ari dela, bekaiztiaren diskurtsoa errepikakor, monotono eta konpultsiboa da beti. Inbidia dion horixe abiagune harturik ikusiko ditugu bekaiztiaren gabeziak. Bekaizkeriaren objektua ez da beti pertsona jakin bat; baliteke, era berean, jarraibide gisa erakusten zaigun eta balioz apaintzen duten "ereduzko zerbait" izatea.
Bekaiztiaren bizitza ez dabil bere buruaren errealitatearen inguruan, erdietsi nahiko lukeen baina oraingoz falta duen beste horrenean baizik. Ezin asea eta hutsa, bere egiazko bizitza gozatzea galarazten dion ezaugarri iraunkorra du bekaiztiak. Tristezia eta pesimismoak berezkotasun eta alaitasunez bizitzea ukatzen diote. Ez daki bere buruaz barre egiten, ez eta besteekin ere. Gainerakoak mespretxatuz eta trufatuz bakarrik dihardu irribarre kontuetan ere.
Portaera honek, besteak beste, antsietate jeneralizatua , apetituaren eta loaren trastornoak eta beste hainbat alterazio sortarazten ditu, pertsona batetik bestera aldeak badira ere. Bekaiztiak bizitzarekiko duen jarreran ere izango du eragina: besteekiko elkarbizitza-forma jakin batzuk eratuko dizkio: beti-beti bere burua biktimatzat agertzetik etengabe defentsiban jokatzeraino. Jarrera hori agertzeko era askotako baliabideak erakutsiko ditu: ironia, laineza, hoztasuna, urruntasuna, jarrera oldarkorrak, mespretxua, kritika negatiboa...
Bekaiztiak ez du aitortu nahi izaten bere ondamurik: hala dela ikustarazteak baino min handiagoa ez dio ezerk ere egiten. Kontuan izan dezagun bekaizkeriaren gibelean hauek dautzala:
Den-denok inoiz nozitu dugun eta gorabehera mikatzen, atsekaberen eta erresuminen bat ekarri digun besteren ongia ez onartzearen ondoriozko sufrikarioa negatiboa da beti. "Bekaizkeria osasungarririk" ez dago: nozitzen ditugun sentimenduetako bat dela onartu behar dugu, besterik gabe. Kezka gero etorriko da, bekaizkeria gaitz patologiko bihurturik, pertsonaren bizitza eragozten, oztopatzen duenean, sentimendu hori gizakiaz jabetzen denean, bere auto-estimazioa urritzen duenean, bizimodu osasuntsua egitea galarazten dionean.
Zeinahi sentimendu ero edo kaltekorrekin jazotzen den bezala, prebentziozko jarrera agertzea komeni izaten da, ondamuaren eraginak obsesioz jasan ez ditzagun. Bekaizkeriaren aurrean, prebentzio egokiaren xedeak lirateke:
Bekaizkeria kudeatu eta gainditzeko, funtsezko printzipio batzuk ostera planteatu beharko dizkiogu geure buruari: horiexek dira oreka hobeaz gozatzen eta bizimodu zoriontsuago eta bareagoa izaten lagunduko gaituztenak:
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa