Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
EROSKI CONSUMEReko kanalak
Loaren trastorno askoren oinarrian elikagai batzuen osaketa eta okerreko elikabideak dautza
Estatistikek diotenez, bost lagunetik batek ez du lo behar bezala egiten egunaren amaiera iritsitakoan pertsona gehienek irrikatzen duten atseden-garaian insomnioa nozitzen duelako, ongi lo egiten ez duelako edo behar bestekoa egiten ez duelako. Loaren alterazioak mila arrazoik proboka badezakete ere, elikabideak -egunero jaten dugun horrek, jateko baldintza eta gainerako gorabeherek- gure loaren baitan eragin handia duela egiaztatu da.
Dagoeneko badakigu neurotransmisore (neuronen arteko mezulari kimiko gisa diharduten substantziak) eta lo-zikloarekin loturiko hormona batzuen sintesia elikagaien nutriente jakin batzuen arabera ere alda daitekeela: horrek argi eta garbi erakusten digu dieta eta loaren artean badagoela lotura.
"Gaizki jateak" loaren alterazioa proboka lezakeen galdetuta, erantzuna baiezkoa litzateke eta arrazoiak bat baino gehiago: bizimoduak, elikatzeko azturak, janari motak? era batean edo bestean konbinaturik, izan daitezke arazoen sustraiak eta, ondo bidean, balizko konponbideak.
Lorik ez egitearen kausak eta trastorno horri aurre egiteko tratamenduak era askotakoak izan daitezke. Loaren alterazio hori sortarazi duen eragilea zein den identifikatu beharra dago orduan, herri-esaera eta aholku batzuk -eragin lasaigarria dutenez, lokartzea errazten edo laguntzen duten hainbat landare eta jangai hartzea, adibidez- hobeki ulertu eta baloratu ahal izateko. Baina hori ez da lagungarri edo mesedegarri, loaren trastornoaren jatorria nerbio alorrekoa ez denean. Berez "urduri" edo "artega" diren pertsona askok, adibidez, ez dute eskiaren eragin lasaigarria nabaritzen, beren urduritasunaren kausa nerbio-sistema orekatu beharko luketen nutrienteen (magnesioa, kaltzioa, B1 edo B6 bitaminak, etc.) gabezia baita.
Lo gauden bitartean hainbat hormonaren -prolaktina, testosterona, melatonina- eta neurotransmisoreren -serotonina, batik bat- sekrezioa areagotu egiten da. Substantzia horiek guztiek loaldi eta esna-aldiko faseen erregulazioan parte hartzen dute. Elikagai jakin batzuek, daukaten konposizio bereziagatik, kontsumitzen den kopuruaren arabera, nerbio-sisteman eta, ondorioz, loan izaten dute zuzeneko eragina. Nerbio-sistema zentraleko neurotransmisore eta hormona estimulatzaileen sintesia areagotzen duten nutrienteek -dopamina, adrenalina eta noradrenalina- lo egitea galarazten dute; erlaxazio-sentsazioarekin loturiko erregulatzaileen liberazioa eragiten edo laguntzen dutenek -melatonina, serotonina-, aitzitik, loa probokatzen dute.
| Ez lo egiteko kausa... | Aholku dietetikoa |
|---|---|
| Estresa denean |
|
| Afari ugaria denean |
|
| Elikagai jakinen aurreko intolerantzia denean | Amina biogeno ugariko elikagaiak: hirugiharra, saltxitxak, gazta, txokolatea, alberjinia, ziazerba, tomatea, kontserbak, hartzitutako jangaiak -ardo beltza, sagardoa, esnekiak, hestekiak-, arrain urdinak -atuna, hegaluzea, antxoa, sardina..., eta, batez ere, oso fresko ez daudenak. |
Nutrizio alorreko adituen iritziz, afaltzeko orduak berak ez du garrantzirik, gizakiaren adina eta sexua gorabehera. Bada salbuespenik, ordea: aurrenekoa, estresaren edo bizi-aztura okerren baten ondorioz jokabidearen trastornorik nozitzea da. Horrelakoetan, ordu jakin batean jan ohi izateak ordenua ezartzen eta, nola ez, lokartzen laguntzen du. Beste horrenbeste gertatzen da min akutu -baita kroniko- batengatik botikak hartzen direnean ere: ordu jakin batean afaldu ohi izateak dosien doiketarentzat mesedegarria da. Ordu hori arratsaldeko zazpiak izan edo ilunabarreko hamarrak izatea norberaren erosotasunak, faktore kulturalek, konbentzio sozialek edo norberaren energia-premiek hertsikiago baldintzatzen dute, prebentzio-neurriek edo bizi-kalitateak baino areago. Nolanahi ere, afaltzetik oheratu arte tarte bat egitea biziki komeni da: ordu eta erdi edo bi orduko tarte horretan organismoak digestioa egin beharko baitu.Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa