Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Asma edo arnasketa-arazorik nozitzen direnen tokietan landare-zuntzezkoak ipintzea aholkatzen da, honelakoek hauts gutxiago biltzen baitute
Etxetresna elektrikoak, besaulkia edo ohea bezalako elementu behinena izan gabe ere, alfonbrak protagonismoa hartzen du etxean altxari gehienak ipinitakoan: orduan nabari da alfonbrak betetzen duen zeregina, gurean, alor funtzionalekoa baino areago estetikoari dagokiola. Hori ere ez da den-denetan gertatzen: ume txikiak -beti lurrean jolasean eta etxean barrena oinutsik dabiltzanak- eta edadeko pertsonak -hozberagoak, ohiz- bizi diren familietan alfonbrak etxeko berotasuna gordetzen eta irristaketa arriskugarriak saihesten laguntzen du.
Artilezko alfonbra klasikoak eta akrilikoak oraino ere nagusi diren arren, aspaldi honetan merkatuak bilakaera polita nozitu du lehengai, kolore, tamaina eta diseinuetan; denetik dago salgai bertan: larruz bilbaturiko ertzak dituzten landare-zuntzezko alfonbrak, klasiko pertsiarrak, zuntz sintetikoz osaturikoak, etc.
Materiala hautatzea funtsezkoa da senitartekoren batek asma edo arnasketa arazorik duenean. Alfonbretan hautsa metatzeak pertsona horien egoera okertu egiten du baina, halaz ere, Alfonbra eta Moketen Fabrikatzaileen Elkarte Nazional espainiarrak ohartarazi duenez, horiek ez dute inolako arriskurik baldin eta kalitate oneko lehengaiekin eginak badira eta behar bezala garbitu eta mantentzen badira. Arnasketa arazorik pairatzekotan, landare-zuntzezko alfonbrak ipini behar dira: zuntz naturalezkoak (artilezkoak) baino merkeago eta orbanen aurrean erresistentzia ahulagokoak badira ere, emaitza hobea agertzen dute luzera.
Alfonbrak zuntz natural, landarezko edo sintetikoekin egin daitezke. Batzuk eta besteen arteko aldea prezioan, iraunkortasunean eta orbanen aurreko erresistentzian dautza.
Ohikoena da alfonbra jarri berriari biloa ateratzea; hori, aurreneko 15 ? 20 egunetan, egunero garbitu behar izaten da, erratz leun batekin, ileak agindu norabidean. Ondoren erauzgailua baliatu eta urtean behin edo bitan sakoneko garbiketa egin daiteke, zikinkeriak eskatu ahala. Alfonbra ez da behin ere astindu egin behar, kolpe bortitzak behin eta berriro emanez higatu edo haria hautsi egin daitekeelako. Udan alfonbra kendu nahi izanez gero, felpa barrura begira bildu behar da, horizontal, muturretan zilindro simetrikoak osatuz, kargak beheko muturra endeka ez dezan.
Orbanak, likidoak badira, lehortu aurretik garbitu behar dira; solidoak direnean, arraspatu eta eskuilatu egin behar dira. Produktu garbigarria izkina batean probatu behar da lehenik, kolorea aldarazten ez duela egiaztatzeko. Ondoren, belaki batez ur epela eman eta, igurtzi gabe, zanpatu egin behar da. Orbana zeukan zona ondo-ondo lehortu eta gozo eskuilatzeak garrantzi handia du. Bizkarraldea latex edo gomazkoa daukaten alfonbrak ez dira disolbagarriekin garbitu behar, azaleko orban txikiak direnean izan ezik.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa