Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Praktikoena > Aholkuak

Λ

Bankuko aurrezkia: Kontu korronte abandonatu baten bizitza baliagarria

Kontu korrontea bankuan abandonatzen bada, erakundeak titularrari erreklamazioa egin diezaioke, mantenuagatiko komisioak ordain ditzan

  Kontu korronteak abandonatu edo ahazteak egokiera anekdotiko eta hutsalak badirudi ere, uste baino maizago gertatzen da eta ustekabe latz askotxoren eragile izan daiteke. Titularra horrekin gogoratzen ez bada ere, baliogabetzen ez den bitartean, finantza erakundeak ederki daki mugimendurik jasotzen ez duten kontuak dauzkatela bezero batzuek. Horrelakoei tratamendu berezia ematen zaie, eskuarki: kontu korronte batek inolako eragiketarik erregistratu gabe hiru urte eman dituenean, banku eta aurrezki kutxek bezeroen lista berezietan sartu eta hainbat komisio aplikatzen dizkiete. Normalena, Espainiako Bankuan argitara emaniko mantenuagatiko gehieneko komisioak kobratzea da (urtean, 36 eurirainokoak). Praktika horrek denbora gutxian kontuko saldoa hutsean edo, areago, zenbaki gorritan utziko du.

Horrela gertatzen denean erakundeak bezeroari dei egiten dio, metaturiko mantenuagatiko komisioengatik zor zaion dirutza erreklamatuz, bezeroaren ustekaberako. Guraso askok, ume jaio berriari kontua ireki eta diru kopuru txikiak sartu dizkiote urtetan (20 euro, adibidez). Halako batean bankuak deitu egin die, mantenuagatiko komisioak ordain diezazkioten, kontuan zegoen dirua ez baita aski zorra kitatzeko. Bezeroaren aldeko 20 euro haiek, sei bat urtean, kontrako 100 euro bihur daiteke, esate baterako.

Zeharo ahantzitako balizko mantenuagatiko zerbitzu horrengatik zerbait ordaindu behar ote du bezeroak? Gehieneko komisio horiek kobratzea zilegi ote du bankuak?

Bankuek eta aurrezki kutxek ustez beraiena dena eskatzeko obligazioa dute. Abandonatuak omen dauden kontuetan komisio handiagoak aplikatze hori legezkoa da, finantza produktuei erakundeek aplika diezazkieketen komisioek mugarik ez baitute.

Nolanahi ere, erakundeek ez diote presioa eragiten bezeroari, egiaz abandonatua zegoen eta, izan ere, bankuan ahantzirik geratu zenean saldo eskasa zeukan kontu batengatiko gastuak ordain ditzan. Gehienetan, zorra kobratzeko hainbat saiakera egin ondoren, erakundeek etsi eta kontua itxi egiten dute, besterik gabe. Izan ere, kontu batek mugimendurik jaso ez badu eta izan zezakeen saldo urri-urria erakundeak komisio kontzeptuan "irentsia" badu, Espainiako Bankuaren iritziz, mantenuagatik bederen erakundeak ez luke diru gehiago eskatu beharko.

Kontu abandonatua, deuseztatua ala "zero saldoa"?

  Gogora dezagun, nolanahi ere, kontu bat ahazteak edo bankuan zero saldoarekin uzteak gastuak eragiten segitzen duela, erakundearekiko kontratu bidezko harremanak bizirik eta zabalik irauten baitu. Oso bestelako kontua litzateke, hortaz, bereizi beharrekoa, kontua deuseztatu edo baliogabetzea: horrelakoetan, kontu korrontea ixten bada, kontratua amaitu egiten da.

Horrez gainera, bankuko bezeroek jakin behar dute maiz erakundeek mantenuagatiko komisio altuak aplikatzen dituztela kontu korrontearen batez besteko saldoa kopuru batetik behera dabilenean -muga hori erakunde batetik bestera aldatu egiten da-. Horrela bada, diru kopuru txikiekin abandonatu diren kontuetan ohikoena, hortik urte gutxiren buruan, banku edo aurrezki kutxaren aldeko zor txiki bat metatzea da. Mantenuagatiko komisioa urtean behin edo bitan kobratu ohi da eta horren munta biziki aldatzen da, erakunde batetik bestera, urteko 36 euroraino.

Komisioen legezko kobrantzaz ari garela, legeak gauza bakarra dio: kreditu erakundeak beren tarifa eta komisioak finkatzeko libre direla, egindako gastuen edo emaniko zerbitzuen ondoriozkoak badira; kontu korronteei dagokiela, berriz, mantenuagatiko komisioa kobratzea legeak bete-betean justifikatzen du. Erakundeek, beren produktuei aplikatzen dizkieten tarifa eta komisio altuenak jasotzen dituen orritxoa Espainiako Bankura igortzea aski dute, prezio horiek praktikan ezarri baino hamabost egun lehenago. Horien berri emanik, moneta erakundearen partetik eragozpenik ez badago, aplikatzen has daiteke banku edo aurrezki kutxa. Beste baldintza bat bete behar dute hauek, dena dela: gehieneko tarifa horiek web orrietan eta sukurtsal fisikoetan, agerian ipintzea, alegia.

Zergatik kontu bat abandonatu?

  Ahaztea, etxez aldatzea, norbait hiltzea... kontua abandonatzearen kausak hamaika dira. Kontu bat horrela uzteko motibo behinena ahaztea omen da, uneko konpromisoari (hipoteka bat kontratatu ahal izateko, adibidez, erakundeak kontua edukitzea exijitu zuelako) aurre egiteko edo ume baten jaiotza ospatzeko (familia askok irekitzen diete kontua haur jaio berriei) ireki zela gogoan ez izatea. Banku batzuk aitortzen dutenez, badakite bezero batzuek ez dutela bera finantza erakunde nagusi eta, horregatik, berariazko arrazoiren batengatik ireki zuten kontua oraino zabalik dagoela ahaztea normala dela.

Ahazteaz gainera, beste hainbat motibok ere zuritzen dute finantza erakundeetan kontu korronteak abandonatuak izatea, hala nola erakundeari jakinarazi gabe etxez aldatzea, herederorik utzi gabe hiltzea, etc.

Zer da abandonatutako kontu korrontea?

  Azken hiru edo bost urteetan eragiketarik jaso ez duten kontuei erakundeek aspaldi honetan bestelako tratamendua ematen dieten arren, banku-lanabes hori "abandonaturiko kontu korrontetzat" jo daitekeela adierazten du legeak, azken hogei urteetan mugimendurik izan ez badu. Kontu bitxia, ordea: mugimendurik izan gabe 20 urteko epea bete bada eta titularrak horien gaineko jabetza-eskubidea egikaritu ez badu, legeak xedatua duenez, ondasun horiek Estatuaren jabetzako bihurtzen dira. Horrelaxe arautu zuen urtarrilaren 24ko 01/1928 Errege Dekretu-Legeak, geroztik hainbat ministro-aginduk antolatu eta zabaldu zutelarik.

Noiz jabetzen da Estatua diru horretaz?

Abandonaturiko kontu korronte horietako dirutza Estatuko kutxan sartu ahal izateko, legeak xedaturiko baldintzak hitzez hitz bete behar dituzte finantza erakundeek. Lehen-lehenik, banku edo kutxak beren bezero-baseetan abandonaturiko kontuak dauzkatela berresten dutenean, Estatu espainiarreko Aldizkari Ofizialean (BOE) eta tirada estataleko egunkarietako batean gutxienez dei egin behar diete titularrei edo kontu horien herederoei. Iragarki horiei esker, kontuen ustezko titularrak, horien senideak edo ezagunak abandonatutako kontua daukatela konturatzea lortu nahi da, geratzen zaien dirua erreklamatu ahal izan dezaten.

Horrelako iragarkietan, erakundeek titular denaren izena edo arrazoi soziala (kontuak juridikoak, enpresenak, baldin badira), onuradunak (horrelakorik balitz), kontua osatu zeneko herria eta erakundearen izena argitaratzen dituzte. Ohikoa da, era berean, kontuan dagoen diru kopurua ere argitara ematea.

Iragarkia BOE aldizkarian argitaratzea doanekoa da baina egunkariek hori publizitate kontzeptu gisa kobratzen dutenez, kasuan kasuko tarifaren arabera ordaindu behar izaten dira plazaratze horiek, kontuan dagoen dirutik. Kostua ordaintzeko bezainbesteko saldorik egon ezean, erakundeak ez du horrelako iragarkiak ezartzeko obligaziorik.

BOE eta egunkarietan iragarkiak plazaratu diren datatik urtebetea dute titularrek eta herederoek erreklamazioak aurkezteko. Epe hori amaiturik, egiaz abandonaturiko ondasunak diren tokian tokiko Ogasun Delegazioek deliberatuko dute. Horrela izatekotan, erakundeek 15 eguneko epea dute dirutza Altxor Publikoan sartzeko. Epe horretan banku edo kutxek diru sarrera egiten ez badute, sartu gabeko diru-kopuruaren pareko zigor ekonomikoa ezarriko zaie, kopuru horri interesak erantsiko zaizkielarik.

Ahaztearren, 100 euroko zigorra

  Helburu zehatz-zehatza (ohiko helbidea dugun herrialdetik irten eta beste nonbait dirua atera behar izatea, adibidez) betetzeko kontu bat irekitzea, zenbaitetan, motiboa izaten da hura itxi behar zuela ahaztu eta erabili gabe mantentzeko motiboetako bat izan daiteke. Duela hogei urte Cuencako familia batek Santiago Bidea egitea erabaki zuen. Artean hainbat finantza erakunde hedatzen hasiak ez zeudenez, beren jatorriko lurraldeetatik kanpo ez zeukaten sukurtsalik edo kutxazain automatikorik, esku-dirua ateratzeko.

Horrenbestez, Santiago Bide osoan sukurtsalak zeuzkan Galiziako erakunde batean kontua irekitzea deliberatu zuen Cuencako familiak: era hartan, gainean diru askorik eraman behar izateke, oporraldietan diru gabeziari konponbidea emango zion. Oporraldiak amaituta, kontuan 5.000 pezeta zeuden baina familia hartaz ahaztu egin zen. Handik zortzi urtera, Cuencako familiari erakundeak 37,86 euro eskatu dio, kontua eragiketarik jaso gabe egon den epe horretan metaturiko mantenuagatiko komisioak ordaintzeko (batez besteko komisio hori, urtean, 6,17 euro izan zen). Bezeroak kontua oso-oso helburu zehatza betetzeko ireki zuela eta tarte horretan inolako eragiketarik egin ez zuela frogatu ondoren, erakundeak etsipenak eman eta kontua baliogabetu eta itxi egin zuen, besterik gabe.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto