Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Ingurugiroa

Λ

"Arrarotasuna", animali espezieen mehatxu

Prezioak prezio, animalia bakanak eduki eta aparteko gauzak kontsumitzeko grinak desagertzeko mehatxupean bizi diren animalien arriskua larriagotu du

  Desagertzeko arriskuan dauden edo bestelako mehatxupean bizi diren animali espezieek badute orain beste etsairik, habitaten galera eta espezie lehiakideez gainera. Animalien baitan gizakien hainbat jarduerak eragiten duten arriskua salatu du ikertzaile talde batek: bilduma egitea, trofeoak harrapatzea, delicatessen kontsumitzea, maskota exotikoen merkataritza, ekoturismoa eta medikuntza tradizionala, horietan animalien bakantasuna eta prezioen gorakada kontsumitzaile eta merkatarien pizgarri baitira.

Zenbat eta bakanagoa, orduan eta prezio biziagoa

Animali espezieak tokiko legeek nahiz nazioarte mailako itunek babesteak ez du bermatzen horien harrapaketa eta esplotaziorik eza; alderantziz, espeziea zenbat eta bakanagoa izan, orduan eta balio handiagoa hartuko du eta erakargarriago bihurtuko da legez kanpoko trafiko-sareetan. Espezie bat "bakan" edota "suntsitzeko arriskuan" izendatzeak ondorioztatzen duen eragin maltzurra da hori, Paris Hegoaldeko Unibertsitateko frantziar ekologoek PLoS Biology aldizkarian oraindik orain argitara emaniko azterketa batean berretsi dutenez.

  Ekonomia tradizionalak onetsia du: produktu bat erdiesten zaila denean bere kostua igo egiten da, bera esplotatzea ekonomikoki errentagarri ez izan arte. Horrek, teorian bederen, animali espezieak neurrigabeko esplotaziotik babestu egin beharko lituzke, buru gutxi baizik ez direnean geratzen. Gertatzen dena, aitzitik, kontrakoa da: espezieak zenbat eta bakanagoak izan, orduan eta balio handiagoa hartzen dute, bildumagilearen zigiluek edota txanponek legez.

Presio erantsi horrek animali espezieak "suntsipen-arranpa" izenekora azkarrago iristea eragin dezake: horretara ezkero, animali buru gutxi-gutxi geratzen direnez, espeziea desagertu egiten da, ezinbestean. Bakantasunak eraginiko faktore ekonomikoa aintzat hartuta, espezie jakin batzuen gainbehera aurreikusten duen sistema matematikoa garatu dutelarik, ikertzaile horiek salatzen dutena, berriz, aurrera begirakoa da: animalia horiek babesteko forma berriak bilatu eta orain ateko jarduera horiek galarazi behar dira, alegia.

Maskoten legez kontrako trafikoa

Bildumagileen jarduna da adibiderik argienetako bat. La Época Boliviako egunkariak 2004 urtean argitaratu eta Biodibertsitateari Buruzko Erreportajeen Nazioarteko Saria irabazi zuen artikulu batean, herrialde hartatik tximeletak atera eta, Interneten saltzeko, merkatariei eskaintzen zizkieten trafikariak salatu zituen. Boliviako tximeleta bakan-bakana (Prepona xenagoras izenekoa) Internet salgai dago 450 - 2.000 dolarretan.

Ez-legezko trafikoa maskoten merkatura ere hedatzen da. Espainian, joan den urtearen kondarrean, Guardia Zibilaren Natura Babesteko Zerbitzuak hegazti exotikoen trafikoan zebilen sarea desantolatu zuen: milioi bat euro balio omen zuten 400 hegazti exotikoren trafiko ilegala egiten zuen, nonbait, zazpi lurraldetan.

Aurtengo urtarrilean, Castello-ko Desert de les Palmes izeneko natura-gunetik ehun dortoka mediterraneo ebatsi zituzten: espezie hori ere, suntsitzeko zorian dagoela, biziki errentagarria da trafikarientzat: merkatu beltzean 300 euro ordaintzen da, buruko.

Delicatessen eta medikuntza tradizionala

Animali espezieentzat hagitz arriskutsuak diren jardueren zerrenda luzea da, ordea, delicatessen izenekoek eta medikuntza tradizionalak ere badutelako ardurarik horretan. Gaizkata arraina desagertzeko zorian egoteak ez du eragotzi bere arraben (kabiarraren) kontsumoa; alderantziz, elikagai glamourtsu horren prezioa geroz eta gorago doa, arrainaren presentzia urritu ahala: 1.850 eta 3.500 euro ordaintzen da, kiloko.

Medikuntza tradizionalak ere adibide eskandaluzkoak eman ohi ditu egun ere. Bahaba txinatar (Bahaba taipingensis) izeneko arraina Txinako medikuntza tradizionalean abortuen prebentzioan baliatu izan da. Haren igeri-maskuriari txinatar arrantzaleek "urre samurra" deritzote: horren prezioa ikaragarri igo da, urrearena baino zazpi aldiz handiago bihurtzeraino. Estatu Batuetan bahaba baten igeri-maskuria saldu zen 1980 urtean 64.000 dolarretan. Orain, arrain hori suntsitutzat jotzen da.

Ekoturismoa eta safariak

  Espezieen suntsipena ekoturismoak -printzipioz, inongo susmorik harrotzen ez duen arren- ere azkartu egin dezake. Ekoturistek gehienetan praktikatzen duten animalien behapenak espezieen baitan estres-faktorea eragin lezake.

Hona indarrean dagoen moda bat: Alaskan barrena itsas bidaiak antolatzen dira, Ozeano barean, baleak behatu ahal izateko. Txalupa motordunek baleak aztoratu egiten dituzte eta, ezpalarta-populazioetan egiaztatu denez, aurten animalia horiengana itsasontzi gehiago gerturatzeak datorren urtean horrelako zetazeo gutxiago etortzea ondorioztatuko duela.

Balea urritzea, ordea, ez da operadoreentzat eragozpenik. Alderantziz, Washingtongo Unibertsitateak eginiko azterlan batek frogatu omen duenez, baleen populazioa murriztu edo bakandu ahala baleontzien kopurua ugalduz doa.

Hona beste adibide bat: safariak. Interneten bidez 2006 urterako hainbat operadorek eskaintzen zituzten trofeo handien ehiza-prezioak konparatu zituzten ikerlariek. Emaitza hau ere, biziki kezkagarria: harrapatu nahi den espeziearen arrisku-larritasunaren arabera igotzen da prezioa, hots, espezie horretatik zenbat eta buru gutxiago geratu orduan eta kopuru handiagoak ordaintzen dira.

Zer egin dezakegun

Ikusi dugunez eta paradoxakoa bada ere, animali espezieentzat arriskutsu gertatzen diren jardueretako batzuk naturan interesik dutenek egiten dituzte. Adituen iritziz, praktika horri aurka egiteko modu behinenetako bat, naturazale horiek jabearaztea beren zaletasunek eragiten dituzten ondorioez. Bestetik, mehatxupean dauden espezieak ezagututa, animali espezieak kaltetzen dituzten jarduera ekonomiko horiek arbuiatu eta salatu egin beharko lituzke herritarrak.

Beste bide bat -kontsumitzailearen esku ez dagoena, ordea-, espezie bakanen eta, nola ez, mehatxupean dauden espezieen edukitze edo harrapatzea gorestean oinarritzen den merkataritza arautzeko modu berriak bilatzea. Arazoa luze-zabal jorratu beharra dago, zientzialarien iritziz.

  Gizarteak, bere aldetik, arriskutan dauden espezieez informazioa ematea zein gradutan den mesedegarria planteatu beharko luke. Agian espezie horien kokapen geografikoa ez litzateke jakinarazi beharko, ezta arriskutan zein animalia dauden ere.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto