Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Teknologia Berriak

Λ

Barra-kode berriak (RFID): Jende-ilararik gabeko etorkizuna prestatzen

Maskotak identifikatzeko txipetan edota sarrera-txarteletan ohiko den teknologia honi esker erosteko modua biziki aldatuko da

Orain edo geroago, baina azkenean, bai: dendako kutxaren aurreko, zinemako txarteldegiko, diskotekako segurtasun kontroleko edo jendetza handiarentzako kontzertuan sartzeko jende-ilararenak egin du. Gakoa RFID siglek daukate: horri esker, erabiltzaileak kutxatik igaro gabe ordaindu ahal izango du edo, bestela, bere burua identifikatuko du chip irakurgailura hurreratu hutsarekin.

  Irrati-frekuentzia bidezko identifikazio sistema da RFID ("Radio Frequency Identification" esakunearen akronimoa da) eta hainbat informazio-datu dauzkan chip bat asko gerturatu gabe irakur dezake. Irakurgailuak miatze-seinalea igortzen da eta, chipa topatutakoan, honek irrati-uhina errebotatu egiten du, hainbat datu daramatzala. Objektu edo animalia bati atxikita egoteko eratu zen chipa: Espainiako legeak, esate baterako, maskotei larru azpian RFID motako chipa edukitzeko obligazioa ezarri die: chip horretan agertzen dira animaliaren eta nagusiaren izenak, helbidea eta telefonoa (galtzen bada, berreskuratzeko aukera emateko eta, bide batez, animalia abandonatzea eragozteko). RFID sistema beste askotan ere erabiltzen da: erabiltzailea klub jakin bateko bazkidetzat identifikatzen duen txartelean (Ingalaterrako futbol klub zenbaitek horixe baliatzen dute aspalditik), kotxeetan, gidariak autopistako bidesaria ordaintzeko ibilgailua gelditu beharrik ez izateko eta, bide batez, trafikoa arintzeko, etc. Aukera horiek, dena den, barra-kode tradizionalaren aldean hobekuntza txikiak baizik ez dira: urrutitik irakurtzea, alegia. RFID sistemaren potentzial osoa ez dute, inondik ere, ustiatzen.

Barra-kodearen ordezko

RFID sistemak erosotasun handia ekar lezake dendara, bertan "betidaniko" barra-kodearen ordezko izan liteke-eta. Produktu-ale bakoitzeko (eta ez, ordea, produktu-mota bakoitzeko, gaur den bezala) bakarra den etiketa elektroniko horrek, haren prezioa, kontsumitzeko data-muga, marka, modeloa, pisua eta gainerakoak jakinaraziko dizkio horretarako gaiturik dagoen irakurgailuari. Horrez gainera, chip hori irrati-frekuentziaz irakurtzen denez, ez da zertan produktu bakoitza argi-sorta baten aurretik pasatu, egun bezala; arku batean antolaturiko dispositiboak karroan dauden produktu guztiak identifikatu (eta kobratu) egin litzake, gauza denak banan-banan atera eta sartzen ibili beharrik izan gabe. Teknologia ondo heldu arte itxaron beharko da, ordea, egungo RFID irakurgailuek produktu bakarra ezagutzen baitute aldi bakoitzeko.

Etorkizuneko erabilerek zientzia-fikzio alorrekoak dirudite orain: RFID sistemaz hornituriko hozkailuak, adibidez, elikagai bat kontsumitzeko data-muga gerturatzean horren berri eman lezake. Dispositibo horiek gorde dezaketen informazioa handia denez, oso litekeena da eskain ditzakeen aukera guztien parte ñimiño bat baizik kontuan hartu ez izana, oraingoz.

Zergatik ez dira dendara iritsi oraino?

Sistema hedatzeak daukan eragozpen behinena unitate bakoitzaren kostua da. RFID chip merke bat 20 zentimo kostatzen da: hori, ikusi batera, ez da asko. Baina kontuan har dezagun dispositiboa ale guzti-guztiei aplikatu behar zaiela, kalean har dezakeen prezioa gorabehera. Egun duen prezioan, adibidez, etiketa jogurta baino garestiagoa litzateke: horrelakorik ezin onets dezake industriak. Oraingoz, behintzat, chip horren erabilera prezio handiagoko produktuetara bakarrik irits daiteke: arropa, oinetakoak, etxetresna elektrikoak, etab. Garraio industrian palet askok daukate etiketa hori, kudeaketa automatizatua biziki errazten duelako. Nolanahi ere, aurki chip horien prezioa izugarri merkatuko da: 2010 urterako produktu merkeenetan ere teknologia hori sartu ahal izango dela aurreikusten dute adituek.

Segurtasuna, auzitan

  Irakurgailu "legezko" batek zerbait urrutitik irakur dezakeen modu berean, "asmo txarreko" batek ere egin lezake: horra hor, kopiak galarazteko sistemek eta babesak hausteko mekanismoek betidanik izan duten borroka; zeresanik ez, den-denetan bigarrenek irabazi dute. Eskubide zibilen aldeko talde askok, Estatu Batuetan bereziki, etiketa horien erabilera mugatu egin nahi dute, sistema horiek kontsumitzailearen baitan gehiegizko kontrola eragin lezakete-eta. Komertzio batean sartzean, esate baterako, sistemak kontsumitzaile bakoitzaren fitxa osoa egin lezake: nolako arropa duen, patriketan zer daukan (produktuak "etiketadun" diren heinean, jakina) eta nondik nora dabilen. Areago, bada Orwellen ereduaren araberako gizartea aurreikusia duena: bertan, inguruan atzemaniko etiketen araberakoak izango lirateke markesinetako iragarkiak.

Gehien-gehienetan, ordea, arazoa bestelakoa da: urrutitik, poltsa itxi batean zer dagoen norbaitek jakin ahal izatea, alegia. Hori dela eta, teknologia horri mugak ezarri nahi dizkiotenak paranoikotzat jotzen dituzte batzuek. Kasu batzuetan, dena den, mehatxua dezente larriagoa da: aurreikusia dagoen legez, Estatu Batuetako pasaporteei RFID ezartzen bazaie, adibidez, atzerrian dauden eta beren jatorria ezkutatu nahi duten hiritar estatubatuarrek, behar bezalako bitarteko teknologikoak dauzkanarentzat hori ez litzateke sekretua. Arrisku gorria, beraz, egungo panoraman.

Arazo horiek denak saihestu egin daitezke, establezimendutik etiketak desaktiba daitezen agintzen badu legeak. Bien bitartean, norbaitek asmatu eta Interneten bidez irakasten du etiketa horiek baliogabetzeko modu erraz, bitxi eta eraginkorra: mikrouhin labean sartzea.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto