Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Praktikoena > Aholkuak

Λ

Bigarren etxebizitza landa-gunean eraikitzea: Oroimenez josiriko inbertsioak

Lurraren prezioa hirian baino merkeago dagoen arren, hainbat kontu ordaindu behar dira: tasa urbanistikoak, arkitektoaren proiektua, etab.

Bizitoki erakargarri eta eroso den aldetik, hiriaren xarma begi-bistakoa da. Bertako estresak bultzaturik, ordea, geroz eta espainiar gehiagok hiria utzi eta herri txikietara -sorterrira, askotan- egiten dute, bertan bigarren etxebizitza eraiki edo eskuratzeko asmoz. Prezio merkeagoak, bizi-mailaren hobetze orokorra eta zarata eta jendetzari ihes egiteko aukera geroz eta arrakasta handiagoa hartzen ari dira espainiar gizartearen baitan. Amets hori errealitate bihur dadin, dena den, bete behar izaten diren tramite luze eta korapilatsu horiek denbora dezente ez ezik dirua franko kendu eta ahaleginetan aritzea agintzen digute, hainbat baldintza beteko baditugu: etxearen proiektua edota tasa urbanistikoak ordaintzea, dokumentu ofizialak dagokion udalean aurkeztea, bizigarritasun baimena eskuratzea, etc).

Eraikitzerik ez dagoen tokiak

  Herrian etxe txiki baten zimenduak ezartzeko lehen pausoa lursail egokia bilatzea da. Askotan aukera hau aintzat hartzen duten familiek badute etxean non egina: herentziaz jasotako orubea, aurri egoeran dagoen etxe zaharra... Kontuan izan, nolanahi ere, nonahi ez dagoela etxea eraikitzerik. Uholde, ibai eta errekek gainezka egin, hiri-segurtasunean izaniko akats, ingurugiroaren endekapen eta bestelako arrazoiak medio, herri eta hirietako gune batzuk bereziki babestuak daude. Ur lats eten edo jarraituen ubideek, orokorki, "lurzoru ez urbanizagarri" izaera dute. Era berean, ur bideen ertzetan, 100 metroko zabalerako zerrendan ere ezin da etxerik altxa. Laku, urmael eta urtegietako ur-maila gorenetik 200 metroko zabaleran dauden lursailetan ere galarazita daude etxegintzarako. Ezin eraiki daiteke etxerik arboladi trinkoetan, bertako dentsitatea, 30 metro karratuko, arbola bat edo gehiagokoa denean.

Behetik gorakoan

  Lursaila aukeratuz gero, etxebizitza kokatu nahi den zoruaren gaineko azterketa geoteknikoa eskatu behar da. Aparejadore pribatuak egiaztatu beharko du zorua eta zimenduak egokiak direla, bertan eraikin bat altxatzeko. Azterketa geotekniko horregatik, esandako aparejadore edo enpresari mila euro inguru ordaindu beharko zaizkio.

Aparejadore hori bera lagungarri gerta daiteke hurrengo tramitea egiteko unean: eraikuntza proiektua aurkeztea; dokumentua, izan ere, aparejadoreak eta arkitektoak izenpetu beharko dute. Proiektuak etxearen banaketa jasoko du: gela kopurua, estantzia bakoitzeko azalera, etab. Atal horretan jabeak iritziak eta iradokizunak eman ditzakeen arren, bezeroaren ideiak arkitektoak onetsi edo baztertuko ditu, bere irizpide profesionala aintzat izaki. Proiektuaren kostua, jakina, altxa nahi den azaleraren eta konplexutasunaren arabera aldatuko da.

Titularrak makinatxo bat udal tramite bete behar ditu, hala nola azterketa geoteknikoa aurkeztea, obra-baimena eskatzea eta, lanak amaiturik, bizigarritasun-lizentzia eskatzea

Hurrengo fasera igarotzeko, proiektu hori Arkitekto eta Aparejadoreen Lurraldeko Kolegioan aurkeztu eta bertan onespena eman beharko diote, bidezko tasak ordaindutakoan (100 euro inguru).

Proiektu hori eskutan, obra-baimena eskuratu behar da. Kontu hori erabakiko du herriko alkateak zuzenean edo delegatutako organismo batek: udal arkitektoa, idazkaria, etc.

Beharrezko dokumentazioa aurkezturik (obraren memoria eta aurrekontua), kontzesio-epea gutxienez hamar egunekoa da, alkateak proiektuari eragozpenik aurkitu ez diolako baimena eman baldin badu. Horrezkero, arkitekto eta aparejadoreari loturiko igeltsero-taldea lanean hasteko egokieran egongo da. Lanak amaiturik, notarioaren aurrean obra bukatu dela sinatu beharko da eta horixe dioen dokumentua Arkitektoen Kolegiora igorri. Dokumentu horren bitartez, era berean, obra amaitu dela udalean ere jakinarazi beharko da. Alkateak udal arkitektoari helaraziko dio, honek oniritzia eman diezaion eta, onespen hau jasotakoan bakar-bakarrik, jabeak bizigarritasun-lizentzia erdietsiko du: baimen hori eskuan, ur, gas, argindar eta gainerako oinarrizko zerbitzuak kontratatu ahal izango ditu, etxe horretan bizitzeko.

Bete beharreko tramiteak

  • Azterketa geoteknikoetan espezializaturiko aparejadorea kontratatzea: etxea altxatuko den zoruaren ezaugarri eta propietateak aztertuko ditu, egin beharreko zimendu-mota determinatzeko.
  • Proiektua aurkeztea: obraren proiektua arkitektoak eta aparejadoreak sinatu eta lurraldeko Arkitektoen Kolegio Ofizialean aurkeztu beharko dute.
  • Udalan obra-baimena eskuratzea.
  • Notarioaren aurrean, obra berriaren adierazpena sinatzea.
  • Obra hori Jabegoaren Erregistroan alta ematea.
  • Kontrol teknikoko bulego baten zerbitzuak kontratatzea, zimendua berme osokoa dela aztertzeko ardura bereganatuko du.
  • Obra garatzea: igeltsero-taldean lanean hasiko da, arkitektoaren aginduetara beti ere.
  • Obra bukaeraren sinadura: Arkitektoen Kolegioak emaniko dokumentu horrekin Udalera joan behar da; erakundeak udal arkitektoa bidaliko du obrara.
  • Udal arkitektoak obrari oniritzia eman beharko dio, bizigarritasun baimena emateko, hori ezinbestekoa baita oinarrizko zerbitzuen alta emateko (argindarra, gasa, ura).
  • Notarioarengana itzuli eta, ondoren, Jabegoaren Erregistrora joatea, obra amaituaren adierazpena egitera.

Kasu praktikoa: zenbat kostatzen da herrian etxea eraikitzea?

Familiak Toledoko (Espainia) herri bateko orubean 300 metro karratuko etxea hiru oinetan altxatzea erabaki du. Etxebizitzak bost logela, hiru bainugela, sukalde zabala, egongela-jantokia eta azken solairu argia izango ditu. Hona egin beharreko gastuak:

Zenbat kostatzen da herrian etxea eraikitzea?
Kontzeptua Nori pagatzen zaion Kopurua (euro) Zerga (%) Zergaren zenbatekoa (euro) Guztira (euro)
Etxebizitza proiektua Arkitektoari 4.212,00 16,00 673,92 4.885,92
Etxebizitza proiektua Aparejadoreari 1.263,55 16,00 202,17 1.465,72
Etxebizitza proiektua Aparejadoreari 60,10 16,00 9,62 69,72
Azterketa geoteknikoa Aparejadore espezializatuen enpresari 847,57 16,00 135,61 983,18
Kontrol Teknikoko Organismoa (KTO) Enpresa pribatuari 676,14 16,00 108,18 784,32
Obra-baimena Herriko Udalari 2.459,83 0,00 0,00 2.459,83
Eraikuntzaren aseguruak Eraikuntza- aseguruak egiten dituen konpainiari 172,13 6,00 10,33 182,46
Obra berriaren adierazpena Notarioari 1,98 0,00 0,00 1,98
Obra berriaren adierazpena Notarioari 292,98 16,00 46,88 339,86
Obra berriaren erregistroa Jabegoaren Erregistroari 409,98 0,00 0,00 409,98
Obra berriaren erregistroa, lansariak Jabegoaren Erregistroari 138,13 16,00 22,10 160,23
Etxebizitzaren proiektua Aparejadore - Kolegioari 541,52 16,00 86,64 628,16
Etxebizitzaren proiektua Aparejadore - Kolegioari 1.805,00 16,00 288,80 2.093,80
Gastuak 14.465,16
Obra egitearen kostua 70.000
Obraren kostua, guztira 84.465,16

Hiri eta herrien artean, alde handiak

 Espainiako Etxebizitza Ministerioak argitara emaniko azken datuek berretsi dutenez, etxebizitzaren garestitzea mantsotzeaz gainera, prezioen beherakada ere atzematen hasia dago hainbat eskualdetan: Granada, Zamora, Bizkaia eta Alacant dira jaitsiera orokor horiek erakutsi dituzten hiriburuetako batzuk. Nolanahi ere, hiri-eskualdeetan bizitegiaren kostua biziki garestia da oraino ere. Har dezagun Bilbo lagin gisa: bertan etxebizitza askearen batez besteko prezioa 2.968 euro inguru dabil. Prezio dezente merkeagoak aurkitzeko baserri-guneraino irten behar da. Datu ofizialak 25.000 biztanle baino gehiago dituzten udalerriei buruzkoak soilik diren arren, oro har, zenbat eta biztanle gutxiago eta hiri handietatik urrutiago, hainbat eta prezio merkeagoak ikusiko ditugu. Ontinyent-en (Valentzia), adibidez, metro karratuaren batez besteko prezioa 826 euro da. Ondotik datozkio Almendralejo (Badajoz) eta Hellín (Albacete), 841 eta 935 eurorekin, metro karratuko.


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto