Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Gantzek, azukreek eta zapore intentsuek apetitua areagotu eta mendekotasuna sortzen dute. Hobe tentazioan ez erortzea, desoreka nutrizionalei saihets egiteko
Elikagaia ere pasio-eragile da: litxarreroak, pizza-irensleak, kafe kontuetan txanda-pasa bakar bat barkatzen ez dutenak, egunero freskagarri koladun bat gutxienez hartu behar dutenak? hamaika dira. Zergatik zaletasun horiek, zergatik pertsona batzuek ez omen dute hainbat produktu kontsumitzeari uzteko adorerik? Apetitua eta jaten duguna hautatzea baldintzatzen duten faktoreak era guztietakoak dira eta ez batak ez besteak ere, ez dute, inondik ere, eragin berdina pertsona denengan.
Arrazoi soziokultural, ekonomiko, fisiologiko eta psikikoak direla medio, elikagai batzuk besteak baino erakargarriago gertatzen zaizkigu. Eskuarki, hartu ohi dugun janari, bizitoki, familia, eta enparauekin lotura handia izaten du hautapenak, produktu horiek gure organismoan duten eragin fisiko eta emozionala aztertu gabe. Elikagaiak, izan ere, bi helburu betetzen ditu gure organismoan: funtsezko premia baten arabera gosea asetzea -jan behar ohi dugu, bizi ahal izateko- eta atseginaz gozatzea -gehien gustatzen zaigunetik gehiago kontsumitzeko joera dugu-.
Autore batzuen iritziz, "berariazko gosea", nutrizio-gabezia jakin baten aurrean gorputzak emaniko erantzun gisa, halako gai edo zaporeak lehenestea da. Hori zehazkiago uler dezagun: norbaitek aspalditik gatzik hartu ez badu, gauza gaziak atsegin gertatuko zaizkio; gatz gehiegi kontsumitu badu, aldiz, kontrakoa jazoko zaio.
Hori ez da egia osoa, ordea: gatz gutxiko elikabidea egiten duten pertsona batzuek zapore gaziegi desatsegina atzeman ohi baitiote etxetik kanpoko janariari. Dastamena hezi egiten da eta, hortaz, jangai gaziak jaten ohitua dagoenak erakarpen biziagoa nozituko du horrelakoetarako, gozotasunean ohitua dagoenak gozorantz joko duen modu berean. Gazi edo gozotasunaren aldeko erakarpena ez du determinatzen zaporeez dugun pertzepzioak bakarrik: zapore baten edo beste baten aldekotasuna, gizakiari laket handien eragiten diona dela ere kontuan izan behar dugu. Bost zentzumenak martxan jarrita jaten dugu, usaimena eta dastamena bereziki baliatuz: bi hauek garunarekin ez ezik, oroimenarekin eta emozioarekin ere lotura hertsia dute.
Laketezko egintza da jatea eta, halakotzat, gure nerbio sisteman eta gure endokrinoan eragina du. Jateak edo, areago, janariarekin pentsatze hutsak abiarazten dituen estimuluak gure nerbio-sistemara iritsi eta bizipen atseginekin loturiko neurotransmisoreen -organismoaren mezulari kimikoen- liberazioa eragiten dute. Horrekin frogatu dena argi dago: arrazoi fisiologiko batzuengatik, gantz eta azukre asko duten elikagaiak erakargarriago gertatzen zaizkigu bestelakoak baino. Neurotransmisore horietako hiru dopamina, serotonina eta noradrenalina dira.
Pertsona batzuek jaten dutenaren mugak ezarri eta betetzeko nozitzen duten zailtasuna endokrinoari eta nerbio sistemari dagozkion alterazioekin lotu izan ohi da. Eguneroko bizitzan "laketa bilatzearekin" zerikusi hertsia du horrek, laket hori beste bideetatik eskuratzea arras zail edo ezinezkoa izaki. Horrelakoetan jateak eskaintzen duen atseginezko bizipenak, jakina denez, dieta desorekatu eta, azkenean, osasunean eragin kaltegarria izan dezaketen elikagaien neurrigabeko kontsumitzea ondoriozta ditzake.
Jatearen atseginak ez du zerikusirik amaigabeko oturuntzekin, elikagai gantzatsuekin, gozoegiekin, errezeta sofistikatuekin. Osasunean kalterik eragin gabe, janariaren bitartez atsegina bizi nahi izanez gero kontuan hartu beharreko alderdi behinenak hauek dira: dietan era guztietako elikagaiak sartzea, behar bezala prestatzea eta gorputzak behar duen heinean kontsumitzea, ez gehiago, ez gutxiago.Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa