Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Jarduketa anitzeko inprimagailuak: Lagin merkeena, denetan hoberenetako bat

Tinta kartutxoen prezio eta iraupenak, erabakigarri aukeratzeko unean

Tinta-zurrusteko inprimagailuak nagusi dira aspalditik etxean: beren aurrekoak baino askozaz isilagoak izaki, mota guztietako papera erabil dezakete (baita argazkitakoa ere) eta ertzik gabe ere inprimatzeko gauza dira, kolore bizi-bizietan eta argazkiari zor zaion kalitatearekin. Hori bai, dirudien baino askoz ere garestiagoak gertatzen dira, aparatuaren prezioagatik (izan ere gaur sekula baino merkeagoak daude) bainoago, jatorrizko kartutxoak kostatzen direnagatik. Horiek aintzat hartuta, azterketa honetan nabarmendu dena ez da ekipoak zenbat balio duen, etxean orri bat inprimatzea kostatzen dena baino.

Lan honetan azterturiko sei inprimagailuek, irudi eta testuak inprimatzeaz gainera, noski, beste zeregin batzuk ere betetzen dituzte: eskaneatzea (paperetik ordenagailura irudiak edo testuak igarotzea) eta fotokopiak egitea, alegia: horregatik derizte "zeregin anitzekoak". Laginen prezioetan ez dago alde handirik: 83 eurotik (Olivetti) 99 euroraino (Canon) doaz. Kostu horrek, ordea, ez du egia osoa aitortzen: tinta-ordezko bakar bat, batez beste, aparatu osoaren %63 kostatzen da. Horrenbestez, ekiporik merkeena zein den jakiteko, aparatu bakoitzarekin hamar orri inprimatzea zenbat kostatzen den ere neurtu zen. Brother lagina (2,33 euroko tinta-kostua hamar orriko) izan zen denetan merkeena, ondoren Olivetti (2,58 euro hamar orriko) zetorkiola. Denetan garestienak Epson (5,76 euro) eta HP (5,40 euro) gertatu ziren.

Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena Olivetti Any Way laginak ematen du: denetan merkeena da, wifi (haririk gabeko konexioa) duen bakarra, koloretako inprimatze-kalitaterik hoberenekoa eta tinta-kartutxorik errentagarrienetako batez hornitua dago (gehien irauten duten ontziak ditu). Hori bai, ekiporik handiena da berau.

Ezaugarri teknikoak

Inprimagailurik txikienak Lexmark (375x279x153 mm) eta Brother (373x345x135 mm) dira; bolumen handienekoa, aldiz, Olivetti eta Canon (txikienen halako bi, ia). Ekipo horiek, martxan, bonbilla tradizional baten erdia kontsumitzen dute. HP da denetan gutxien gastatzen duena: 12,4 W; Olivetti eta Epson laginek, berriz, 22 W.

Sei aparatuek dauzkate inprimatzea, eskaneatzea eta kopiatzea kudeatzeko programa informatikoak. HP, Epson eta Olivetti laginek, ordea, irudien tratamendu digitala egiteko softwarea dakar eta Brother-ek hizkuntza-itzultzailea. Kopiak denek egiten dituzte, dela tamaina berean, dela kopia handitu edo txikituta. Ekipook ordenagailuarekin konektatzeko USB (sistemarik hedatuena) baliatzen dute baina Olivetti wifi (hari gabe) bidez ere konektatzen da. Canon, Lexmark eta Brother laginek multimedia txartelen irakurgailua (kamera digitalek baliatzen dutena) ere bertan daukatenez, argazkiak inprima ditzakete ordenagailutik igaro gabe. Kamerak wifi badauka (hori ez dago oso hedatua) Olivetti-n zuzenean ere inprima daiteke.

Bereizmena: ez da hil edo biziko kontua

Bereizmenak adierazten du irudia osatzen duten kolore-puntuen gehieneko kopurua. Bereizmen handiagoa ez da beti aukera hoberena, puntu horiek zehatzak izan behar baitute (toki egokian "suertatu" behar dira), gehiegi izan gabe, orria ez blaitzeko. Inprimagailu hauen kalitatea ezin egokiagoa da, inprimatze domestikoez ari garela. Eskaneatzeko bereizmen hoberena (argazki bat osa dezaketen puntu kopurua: hau determinantea da, berez) HP laginarena da (1200x2400 ph edo puntu hazbeteko); ondotik Canon eta Olivetti datozkio (biak ere, 1200x1200 ph). Lexmark laginak ez du datu garrantzitsu hori eman.

Epson da koloretako lau kartutxo bereiz saltzen dituen bakarra. Gainerako inprimagailuetan aritzeko, beltza ez den kolore-kartutxoetako bat agortzen denean gainerako hiru koloreak (zian, magenta eta horia) dauzkan kartutxoa osorik erosi behar da. Lexmark laginarekin probetako asko ezin izan ziren egin, tintarik erostea ezinezkoa gertatu zelako, estatu espainiar osoko informatika-establezimendu nagusiak hainbat astetan bisitatu diren arren. Horrek argi uzten du nolako zailtasunak izango dituen erabiltzaileak lagin horretako tinta amaitutakoan.

Inprimatzearen karrera

Zein da denetan azkarrena? Zuri-beltzean eta koloretan hogeita bost orriko bi multzo inprimatu ondoren lagin azkarrenak Canon (5 orri minutuko ?om? zuri-beltzean eta 1,5 orri minutuko koloretan) eta HP (4,5 orri minutuko zuri-beltzean eta 1,5 orri minutuko koloretan). Gainerakoak, minutuko, lau orri inguruan dabil zuri-beltzean eta batetik gertu, koloretan. Lehen orriari inprimatzen hastea gehiago kostatzen zaio: Epson-ek martxan jartzeko 12 segundo baizik ez zuen eman; beste muturrean, Brother ikaragarri geroratzen da: 72 segundoraino.

Tinta-kartutxo batekin zenbat ori inprima zitekeen ere kalkulatu zen: Olivetti eta Brother dira errentagarrienak, 210 orri. HP laginaren kartutxoa, denetan txarrena, ez da gauza 75 orri zuri-beltzean edo 90 koloretan egiteko. Epson eta Canon laginen tintek ere erdipurdiko emaitzak erakutsi zituzten, zuri-beltzean, batik bat. Dena dela, horrenbeste ori inprimatzeko gauza badira ere, zuri-beltzeko inprimatzeak kalitatetik galtzen du 60. orritik aurrera HP laginean, eta 85.etik aurrera, Canon laginean.

Azterturiko ekipoak antzinako inprimagailu haien zarata jasanezinera iritsi gabe ere, higuingarriak dira eta, noski, horrek gaueko ordu batzuetan inprimatzea galarazi edo eragotzi egiten du: Lexmark 68 dezibelio (dB) inguruan eta bi isilenak (Epson eta Brother) 61dB dabiltza.

Erabiltzaileen iritzia

Jarduera anitzeko inprimagailu hauek ohituak dauden sei erabiltzailek probatu dituzte eta, ondoren, inprimatzeko, eskaneatzeko eta fotokopiatzeko gaitasunaren hainbat alderdi balioztatu dituzte. Inprimatze-probak zuri-beltzeko testuekin, logotipo ugariz josiriko dokumentuekin eta, paper fotografiko gaineko argazkiekin egin dira, kalitate handienean.

Ekipoak, oro har, erabiltzeko errazak dira eta hiru eginkizunetan ere asetzeko moduko kalitatea ematen dute. Denetan nabarmendu dira HP, bera baita hiru probetan hoberena, eta Olivetti (koloretako inprimatze-lanean kalitate hoberenekoa da: 10 punturik, 8,6). Lexmark laginak, berriz, 5 puntu baizik ez zuen erdietsi: aparatu honetan kartutxo bakarra sartzen denez (zuri-beltzekoa edo koloretakoa; ezin dira biak batera erabili), koloretakoa instalatua dagoenean kolore beltza tinta-nahaste bat eginez lortu behar da, baina beltzera inondik ere hurreratu gabe. Canon, Olivetti, Lexmark eta Brother laginek daukaten LCD pantaila baliagarritzat jo zuten erabiltzaileek.

Epson ekipoak daukan programa informatikoa izan da kalifikazio txarrena jaso duena: 5,2 puntu, 10etik. Gida-liburuak ere ez zuen puntuazio egokia jaso (4,8 puntu); Canon laginekoak, aldiz, 7 puntu eskuratu zituen. Brother laginaren USB konektorea karkasaren atzealdean ezkutaturik egotearren erabilera korapilatu egiten da.

Programa informatikoak kartutxoa agortu dela iragartzen duenean ?ez, ordea, tinta benetan agortu denean? Oliveti eta Brother inprimagailuek inprimatzeari uzten diote. Gainerakoek likidoa erabat ahitzeko aukera ematen dute (kalitatearen kaltean bada ere). Eskanerrak eta fotokopiak egiten txarrena Brother da: bi eginkizunetan 6,6 puntu lortu ditu, 10etik. Erabiltzaileen balorazio hoberena HP (7,4 puntu) eta Canon (7,3 puntu) laginek eraman dituzte; apalena, aldiz, Epson-ek (6,4 puntu).

Seguruak dira

Inprimagailu hauek seguruak dira, eginiko proba ugari zorrotzek frogatu duten legez: barneko parte mekanikoetara iristerik ez dago, elektrizitate-korronteetatik behar bezain ongi isolatuak daude, gehiegizko berotze-proba plastikoa urtu gabe gainditu dute eta, elikatze-iturriaren irteeran zirkuitulaburrik edo inprimagailuko motorraren blokeatzerik gertatzen bada, ez dute kalterik eragiten. Eskuliburuei dagokiela, denak ongi osatuak daude, beharrezko informazio guztiarekin. Berme-agiriekin, ostera, ez da beste horrenbeste gertatzen: legez eman beharreko bi urteak Brother laginarenak bakarrik jaso ditu. Olivetti laginak ezinbesteko agiri hori ere ez dauka eta gainerakoek urtebeteko bermea eskaintzen dute. Nolanahi ere, erabiltzaileak erosketa-txartela baldin badauka, bi urteko berme-aldia du.

Etxean ala laborategian?

Kontua argazkiak inprimatzea denean ez du merezi laborategiekin lehian aritzea: inprimagailua, paper fotografikoa eta tinta erosteko eta, nola ez, esfortzu pertsonal sekulakoak izaki, zaleturik porrokatuenak ere etsi egingo luke. Etxean inprimatzea bidezkoa da lana berehala egin behar denean edo, bestela, inolako kalitaterik eskatzen ez duten eginkizunetan. Dena den, numeroak eginez, oporraldietan harturiko argazki mordo hura paperean inprimatzerik merezi ez duela konturatuko gara: paper fotografikoak (inprimatu gabe) soilik laborategiko kopiak adina balio du: A4 orri bat, 10 x 5eko bi kopia ozta-ozta ateratzeko balio duena, 0,50 euro inguru kostatzen da. Horri tintaren kostua eta ekipoaren amortizazioa erantsiz gero, galera segurua. Laborategiko kalitatea, gainera, hoberena izango da beti eta, zerbait gaizki gertatuz gero, kontsumitzaileak erreklamazioa aurkezteko aukera izango du; etxean, aldiz, oker hartutako erabakiak ordaindu egiten dira: paperontzira doaz.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto