Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Arnasketa zuzen eta osoa egiteko, onuraz beteriko teknika soila ikasi behar
Gaitz askoren prebentzioak -endekapenezko gaixotasun kronikoenak, batik bat-, pixkanaka osasuna galarazten diguten ohitura auto-suntsitzaileak aldaraztea agintzen du. Ariketa egin dezagun, hobeki elika gaitezen eta beste hamaika aholkatzen digute baina oso gutxitan ematen digute aholkurik osasun ona mantentzeko funtsezkoa den aspektu bati dagokionez: egokiro arnasteaz, alegia. Luze bizi gaitezke jan gabe, egun batzuk edan gabe, baina arnasarik hartzeke minutu gutxi batzuk baizik ez. Oxigenoaren menpeko dugu bizitza.
Biriketan sartzen zaigun aireak oxigenoa dauka eta gas hori odolak atzematen du birika-albeolo derizten gelaxketan. Bertako odol kapilarretan gasen trukea egiten da: aireko oxigenoa hartu eta karbono-anhidridoa eta beste hainbat gas kanporatzen dira. Birika bakoitza, arnasketa-bideen, bronkioen eta bronkioloen amaiera diren milioika albeolok osatzen dute. Albeolo guztiak zabal-zabal hedatzerik bagenitu biriken azalera frontoi batekoaren parekoa litzateke. Gure biriken edukiera osoa baliatuko lukeen arnasketa egokiak ehunen oxigenazio egokia bermatuko luke.
Egungo gizarteen azturek, berriz, ez dute errazten arnasketa ona egitea; alderantziz, gure arnasketa azalekoa, azkarra eta osatu gabea ohi da. Biriken edukieraren parte bat baizik ez da baliatzen eta horrela ez da lortzen behar bezalako oxigenazioa egiterik. Gogoan izan oxigenazio egokia funtsezkoa dela metabolismo eta oxidazio prozesuak laguntzeko eta organismoko ehunak gazte eta egoera osasuntsuan mantentzeko.
Erretzaileen kasuan, adibidez, globulu gorrien hemoglobina -oxigenoa eroaten duena- tabakoaren monoxidoarekin hobeki konbinatzen da oxigenoarekin baino: horrela osatzen da karboxihemoglobina izenekoa, hots, ehunen oxigenazio eskasa ondorioztatzen duena.
Behar bezala arnasteak esan nahi du, besteak beste, arnasketa egiteko ditugun estruktura organikoak egokiro baliatzea. Arnastea sudurretik hasten da, ez ahotik. Sudurraren zeregina berebizikoa da: airea garbitu, berotu eta behe-arnasketa bideetara igarotzeko egokitzen du. Horretarako, sudurreko mukosek baskularizazio ona (horregatik gertatzen dira sudurreko odol jario ugariak) eta milioika zilio edo iletxo dituzte, airea iragazten dutenak.
Arnastean darabilgun mekanismoa bi faktoreren araberakoa da: batetik, biriken mugimendu elastikoak; bestetik, horien bizitokia den kaxa torazikoaren mugimenduak. Inspirazioa gertatzen da saihets arteko muskuluek saihetsei tiraka, hezur horiek elkarrengandik bereizten direnean, diafragma beherantz doala: horrek, kaxa torazikoaren barnean presio negatiboa sortarazten du: horren eraginez, birika zabaldu egiten da, zabaltzen ari diren arnasketa-bideetatik airea sartzen da eta horien albeoloak lasaitu egiten dira, airez betetzen direlarik, ur azpian dagoen belakia, guk askatzen dugunean, urez betetzen den modu berean.
Birikak husteko alderantziz jokatzen dugu: kaxa torazikoa mugiarazten duten muskuluak laxatzen dira, diafragma igo egiten da, toraxen barneko presioa areagotu egiten da eta birikak, konprimitzean, airez husten dira. Jaiotzetik hil arte ziklo hori hogei aldiz errepikatzen da, minutuko, eta arnasketa bakoitzean birika normal batek batez beste 500 zentimetro kubiko aire mugiarazten du.
Arnasketa oso eta zuzena egiteak esan nahi du aipaturiko estruktura guztiak ongi mugiaraztea baina hori, maiz, ez da horrela gertatzen. Ikus ditzagun gabezia horren hainbat aldaera:
Arnasketa egokia egitea eta okerreko azturak zuzentzea ez da batere zaila. Hasieran hoberena da egunean hainbat aldiz praktikatzea, ohitzen joateko. Minutu batzuk baizik ez digu kenduko ariketa horrek: etxean lanean, oinez goazela... noiznahi egin dezakegu edo, bestela, ondoren aurkezten dugun ariketa-saio bat praktikatuz.
Praktika pixka batez arnaste modu hau ia-ia automatikoki egingo duzu. Hastapenean, aurreneko saioetan, ispiluaren aurrean jardun dezakezu, esku bat sabelean eta bestea toraxean ipinita, mugimenduak ikusi eta sentitu ahal izateko: horrek izugarri erraztuko dizu arnasketa osoaren mekanismoa ulertzea eta gorputza hobeki ezagutzea.
Ariketak, noski, zuk nahi duzuna iraun dezake eta, areago egunean hainbatetan errepika dezakezu, beste zeinahi jarduerarekin elkartzeko edo uztartzeko modukoa baita. Badira arnaste-ariketa ugari: den-denak lasaitzen laguntzen dutenak eta insomnioari aurre egiteko ere baliatzen direnak, oheratu aurretik praktikatuz gero. Tentsioak eta estresak erasotzen digutenean ere biziki eraginak direla frogatzen dute, efektu lasaigarria eragiten digutelako.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa