Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Praktikoena > Aholkuak

Λ

Interes tasen igoera: Agur, diru modukoari

Diruaren prezioak gora egin izanak kontsumoan, aurrezkian eta etxebizitza merkatuan izango du eragina, aldez edo moldez

  Euro zonako interes tasak -horrenbestez, Espainiako aurreztaileengan eragina dutenak-azken bi urteotan mailari apalenetan egon dira, joan den mendearen bosgarren hamarkadaz geroztik: 2003ko apiriletik 2005eko abendura arte %2an geratu ziren. Baina azken urte honetan Europako Banku Zentralak xedatu dituen bost igoera horiek dagoeneko diru merkerik ez dagoela frogatzen digute. Euro zonako interes tasa ofizialak egun %3,5ean daude. Interes tasak gora egiteak dirua garestitzea esan nahi du. Nolako eragina du horrek gure patrikan, ordea? Diruaren prezioak gora egiteak kontsumoan, aurrezkian eta etxebizitza merkatuan izango du eragina, aldez edo moldez.

ERAGIN MESEDEGARRIAK

Banku gordailu eta kontuak

Interes tasen igoera baten eragin mesedegarri behinena banka aurrezkiko produktu nagusietan -epe finkoko gordailuak eta kontuak, batik bat- atzematen da. Tasak igotzen direnean errentagarritasun erakargarriagoak eskaintzeko tarte handiagoa dute erakundeek. Izan ere, 2005eko abenduaz geroztik gordailuek eta kontu korronteek eskaintzen dituzten interes tasak nabarmen igo dira. Espainiako bankuak emaniko datuen arabera, 2005eko ekitaldia itxi zenean urtebetetik beherako gordailuen batez besteko interesa %2,30 zen; egun, berriz, tasa hori %2,95 da.

Urtebete eta bi urte bitarteko gordailuen batez besteko interesa %2,01 zelarik, egun %2,88 da. Eta bi urtetik gorako gordailuetan aurrezkia, egun, batez beste %2,71ko interesean dabil, duela urtebete agertzen zuen %2,02 hartatik urruti samar, alegia. Nolanahi ere, datu horiek batez besteko interesari dagozkion kalkuluak dira, Espainian operatzen duten finantza erakunde guztietako (banku eta aurrezki kutxak) datuak kontuan hartuta. Aspaldi honetan, dena dela, merkatuan sartu den lege berriko gordailu berri ugariek, asko-askotan, interes garaiagoak eskaintzen dituzte. Online diharduten erakunde batzuek urtebeterako gordailuak %4ko interesean eskaintzen dituzte. Horrek esan nahi du aurreztaileak horrelako gordailu batera 10.000 euro bideratzen baditu, epe-mugan -interesak kobratu ohi direnean, alegia- 10.400 euro jasoko dituela.

Ikusterako kontuetan 2005eko ekitaldia ixtean eskainitako batez besteko interesa %0,41 zelarik, orain %0,49ko errentagarritasuna ekoizten dute. Dena den, merkatuan badira tasa dezente erakargarriagoak eskaintzen dituzten produktuak. Konturik hoberenek -Internet bidez diharduten erakundeetan kontrata daitezkeenak, alegia- %2,65eko interesa eskaintzen dute (duela urtebete %2,25eko tasa zuten).

Datorren urtean ere interes tasek euro zonan gorako joerarekin segituko omen dutenez (aditu batzuen iritziz, %4raino irisi arte), kontuek eta gordailuek eskaintzen duten errentagarritasunak ere gora egingo duela pentsa dezakegu: hori, berez, albiste ona da aurreztailearentzat. Banku produktu hauek, oro har, interesak altxatzean erakargarriago bihurtzen dira eta, noski, interesa galtzen dute Europako Banku Zentralak (euro zonako merkatuan dabilen diru-kopurua erregulatzeko ardura daukan organismoa) diruaren prezioa jaistea erabakitzen duenean.

Zor Publikoa

Estatuak jaulkiriko aktiboek (Letrak, Bonoak, Obligazioak) osatutako Zor Publikoa ere erakargarriago bihurtzen da interes tasak igotzen hasten direnean. Urtebeterako Altxorreko Letrek Espainian, esate baterako, 2005 urteko ekitaldia ixtean batez beste %2,53ko interesa ematen zuten. Errentagarritasun horren kontrastea hautematen da, adibidez, 2006ko urriko azken enkantean eskaini zen Letrengatiko batez besteko interesa: %3,578, hain zuzen. Bost urterako bonoen eta hamar urterako obligazioen batez besteko interesa %3,02 eta %3,475 zelarik, 3,692 eta 3,992 bilakatu dira.

ERAGIN KALTEGARRIAK

Hipotekak

  Interes tasen igoeraren eragin kaltegarri nagusia hipoteken garestitzean agertzen da beti. Tasak altxatzean, tasa aldagarrien (Espainian, kontrataturiko guztien %90 baino gehiago) arabera hipoteketan ordaindu behar diren hileko kuotak ere garestitu egiten dira Interes tasa ofizialak altxatzen hastean, euriborra ere (hauxe baita interes tasa aldakorra duten hipoteka gehienak lotzen dituen adierazlea) goraka abiatzen da. Adierazle hori 2005eko abenduan %2,783 zelarik, 2006ko hirugarren hiruhilekoa ixtean %3,924 bihurtu da, Hipoteka-Elkarte espainiarrak emaniko datuen arabera. Interes horri kopuruen arabera aldatzen den diferentzial bat gehitu behar zaio, batez beste %0,5ekoa izan ohi dena. Horrek esan nahi du, 2006ko irailean berrikusi diren hipoteken prezioa urtean 850 eurotan gehitu direla, hots, lehen baino hilean 70 euro garestiago daudela egun. Hipoteka-Elkarte espainiarrak kalkulatu duenez, datozen sei urteotan hipoteken hileroko kuotak 78 - 204 euroz garestituko dira urterik urte.

Nolanahi ere, interes tasen igoeraren eragina horren bortitza izan ez dadin, finantza erakundeek hipoteken amortizazio epea luzatzea deliberatu dute. Egun, adibidez, 50 urterainoko hipoteka-maileguak eskaintzen dira merkatuan.

Enpresa alorrean ere, interes tasen igoeraren eragin larriena nozitzen uden sektorea higiezinena da. Izan ere, salmentan hautematen hasiak dira ahitzearen lehen adierazleak prezioetan (Espainiako zona zenbaitetan beherako bideari ekin diote) eta saldu arte igarotzen den denboran.

Dena dela, aspalditik hipoteka sinatua duten eta arestian interes tasen igoeren ondoriozko itolarria pairatzen duten horiek zer egin ote dezakete? Hauta daitekeen konponbideetako bat bankuarekin hipotekaren finantza-baldintzak ostera eta bestela negoziatzea da. Horrek, aplikaturiko interes tasaren jaitsiera eta epeen luzapena ekar litzake eta, horri esker, bezeroak kuota txikiagoa ordainduko luke (kuota txikiagoa bai, baino kuota gehiago eta, azkenean, diru kopuru handiagoa ere bai). Horrek esan nahi du bankuak, kalteturik gertatu ordez, etekin handiagoa aterako lukeela aldaketari esker.

Bigarrenik, etxebizitza erosteko interesa duenak hipoteka mistoa kontratatzeko aukera ere azter dezake. Horrelako maileguetan interes tasa finko eta aldakorrak uztartzen dira, bezeroak aukeratutako epeetan. Baldintzen malgutasunari esker, neurri-neurriko kuotak (hautaturiko epean finko mantenduko direnak) ordainduz finantzatu ahal izango du bezeroak bere etxebizitza. Produktu horretan interes tasen igoeraren aurkako babesa ere kontratatzen da. Bezeroak, adibidez, lehen 20 urteetan tasa finkoa eta hurrengo 20 urteetan tasa aldakorra ordaintzeko hipoteka mistoa sinatzea aukeratu ahal izango du. Lehen 20 urte horietan interes tasen igoerak ez du inongo eraginik izango bezero horren hipotekan, kuota berbera izango baita, tasak igo edo jaisten badira ere.

Hona beste konponketa bat, hipotekaz gainera bestelako mailegu pertsonalak ere dituzten familientzat: kreditu guztiekin hipoteka mailegu bakar bat osatzea, alegia, bermea etxebizitza izango delarik. Eragiketa horri esker bezeroak hilean gutxiago ordainduko du baina, hori bai, denbora luzeagoan eta interes tasa handiagoak nozituz. Eragozpenak eragozpen, konponbide onargarria izan daiteke hori egun itota sentitzen diren eta, ondorioz, horrenbesteko zor-presiopetik irteteko premian gertatzen diren familientzat.

Burtsa

Burtsak ere interes tasen igoeraren eragin kaltegarria nozitu ohi du. Tasak igotzen badira, oro har, errenta finkoko produktuak (hala nola goian aipaturiko Altxorreko Letrak edota Bonoak) erakargarriago bihurtzen dira, errenta aldakorrekoen kaltetan. Arrisku gutxiago duten eta errentagarritasuna irabazten ari diren aukerak ere eskura badirenez, Burtsari ihes egiten diote inbertsiogile askok. Egun, dena dela, merkatuan sekulako likidezia dagoenez, igoerak ez du eraginik izan errenta aldakorreko sektorean; izan ere, higiezinen salmentatik zetorren diru asko Burtsan sartu da. Nolanahi ere, interes tasa handiagoak gertatuko balira merkatu horrek krisia nozitu eta, ondorioz, beheraka has litekeela izan behar dugu kontuan.

Kontsumoa

Kontsumoak ere nozitzen ahal ditu tasen igoeraren eraginak, familien zorpetze handia medio: diruaren prezioa garestitzen bada, familiek ahalegin handiagoa egin behar dute egungo kontsumo-maila altuari eutsi ahal izateko. Interes tasa handiagoek, inflazio handiak eta higiezinen aberastasunaren gehitze apalagoak karga latza eragiten dute familien errenta eskuragarriaren eta, horrenbestez, kontsumoaren baitan. Aspaldi honetan kontsumoa urteko %4 baino tasa handiagotan hazi da; oso litekeena da ehuneko horiek %3raino jaistea hurrengo ekitaldietan.

INTERES TASAK ESTATU BATUETAN

  Estatu Batuetakoa, mundu zabaleko ekonomietan aurrena, izan zen interes tasak igotzeari ekin zion lehena. Erreserba Federalak (AEB-etako banku zentrala, "Fed" izenez ezaguna) tasa ofizialak %6,5etik (maila horretan baitzeuden 2000 urtean) %1eraino ekarri zituen (2033 urtearen erdialdetik 2004aren erdialdera arte indarrean). Eta 204ko ekainetik Fedek gorako diru-politikari ekin zion. Egun, Estatu Batuetako tasa ofizialak %5,25ean daude. Europako Banku Zentralak interes tasak igotzeak euro zonan ondorioztatu dituen eragin mesedegarri eta kaltegarri berberak gertatu dira AEB-etakoan ere. Halaz ere, amerikarren kasuan eragina latzagoa izan da (tasa ofizialen igoera izan den hein berean).

OINARRIZKO HIZTEGIA, GALDURIK EZ IBILTZEKO

 
  • Interesa: dirua baliatzearren ordaintzen den prezioa. Eskuarki, emaniko diru-kopuruaren gaineko hileko ehunekotan adierazten den arren, portzentaje hori epe laburragokotan (hilabeterako edo astebeterako, adibidez) ere eman daiteke. Esandako ehuneko horri interes tasa deritzo. Ikuspegi makroekonomikotik, interes tasa diruaren eskari-eskaintzak determinatzen du. Diru eskaintza banku zentralek egiten dituzten jaulkipenen araberakoa denez, erakunde horiek, gorabeheren arabera, interes tasa hein batean aldaraz dezakete (hots, diruaren prezioa garestitu edo merkatu).
  • Euriborra: Europe Interbank Offered Rate esakunearen (euskaraz, banku arteko eskaintza-tasa europarra) akronimoa da. Bestela adierazteko, Europako bankuen arteko eragiketei aplikatzen zaien interes tasa da, hots, banku batek ordaintzen duen portzentajea, beste batek dirua uzten dionean. Hipoteketan, berriz, bezeroari dirua uztearren bankuak kobratuko dion ehunekoa da. Tasa hauek urtean behin edo bitan ikusten dira, kontratatutakoaren arabera.
  • Banku zentrala: herrialde bat edo batzuen banka-sistemaren erakunde-ardatza; honen helburua finantza-erakunde guztiak kontrolatu eta zuzentzea da. Horrez gainera, moneta komuna jaulki eta hedarazteko ez ezik, bestelako dibisen aurrean bertakoaren balioa zaintzeko arduraduna da.
  • Europako Banku Zentrala: euro zonako moneta politika zuzentzen duen organismoa.
  • Erreserba Federala: Estatu Batuetako banku zentrala.


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto