Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Teknologia Berriak

Λ

Inprimagailua hautatzea: Tinta kontua

Tinta-kartutxoak garesti-garestiak direnez, argi eta garbi jakin behar dugu zertarako nahi dugun inprimagailua, tinta-zurrusta edo laserraren alde egin aurretik

Etxeko zuloaren erosotasunean argazkiak eta dokumentuak inprimatzearen osoko kostua kalkulatzean, parametro ugarietako bat -ez, noski, garrantzitsuena- inprimagailuaren prezioa da. Inprimagailuaren erabilera eta, batez ere, tintaren prezioa larria dira inprimatzeko teknologia hautatzean kontuan hartu beharreko alderdi nagusietako bi. Gastua, bestela, ikaragarria izan liteke.

Koloretan inprimatzeko

  Koloretako argazkiak eta bestelako irudiak inprimatzeko aukera egokiena tinta-zurrustadun inprimagailuak dira. Teknologia honen funtsa, paper azaleraren kontra ahalik eta tinta gutxien jaurtitzea da (pikolitrotan neurtzen da bolumena: pikolitro bat litroaren bilioiena da). Bi sistema dira hemen: termikoa eta piezoelektrikoa. Lehenak berotasuna baliatzen du eta bigarrenak bulkada elektriko batek eragiten dituen presio-aldaketak. Bataren zein bestearen helburua, tinta ttantta batek papera orbantzea da. Metodo termikoak eskatzen du injektoreak tinta daukan kartutxoan integraturik egotea, sistema honek biziki zikintzen baititu. Emaitza hobeak ematen dituen arren, ordezko pieza garestitu egiten du. Markaren arabera, injektore integratuak dauzkaten (edo ez dauzkaten) kartutxoak baliatu beharko dira. Lexmark eta HP markek, adibidez, horrelakoak baliatzen dituzte.

Canon, Epson eta beste hainbat markak sistema piezoelektrikoa darabilte: horietan kartutxoa tinta-edukiontzia baizik ez izateari esker, kartutxo "ofizialak" merkexeagoak gerta daitezke Baina sistema honek inprimagailuko injektoreak aldian behin garbitzea agintzen du; prozesu automatiko horrek tinta-kopuru izugarria kontsumitzen du eta, gogoan izan dezagun, tinta da, hain zuzen, mundu osoko likidorik garestienetako bat.

Petrolioa bera baino garestiago

  Prezioa ikusirik eta kartutxo bakoitzean gehienez ere bost mililitro tinta sartzen direla jakinik, tinta "ofizialaren" prezioa 4.000 euro dela ondoriozta dezakegu. Kartutxo "ofiziala" 16 - 23 euro kostatzen da, tinta beltza denean, eta 30 eurotik gora, koloretakoa denean (hauxe da erabiltzaile askok gehien baliatzen dutena).

Tinten prezio horiek harrigarri gertatzen dira, inpresorenak nolakoak diren kontuan izaki: hauek urterik urte beheraka doaz eta orain, adibidez, 40 eurora gabeko inprimagailuak ere badira salgai, aparatu domestikoen batez besteko prezioak 100 euro inguru badabiltza ere. Aditu batzek negozio-mota horri "bizar-xaflen" sistema deritzote: kirtena oparitzen zaio erabiltzaileari baina xaflak dira benetako diru-iturria. Kontuak kontu, lehen urtearen buruan gastaturiko tintaren kostua aparatu berriarenaren hirukoa ere izan daiteke.

Ez du merezi tinta-zurrustadun inprimagailua erostea, jakina, dokumentuak inprimatzeko bakar-bakarrik ezta testua eta irudiak tartekatzeko ere. Horrelako inprimagailuen arazo larriena ezaguna da: inprimatze-lan luzeak (aldi bakar batean 30 orri inprimatzea, adibidez) ez dituzte ongi pairatzen, buruak zikindu egiten direlako eta papera eroaten duen danbor motako mekanikak ere ondo asko nozitzen du esfortzua. Tintak, bere aldetik, lehortzeko joera agertzen duenez, inprimagailua maiz erabiltzen ez bada lehorturiko tintak injektoreak blokeatu egiten ditu.

Laser, bulegoetan ez ezik?

Laser bitarteko inprimagailuena zeharo bestelako mundua da: likidodun kartutxo txikiak baliatu ordez sistema honekin funtzionatzen duten makinek toner izeneko tinta lehorra daukaten edukiontzi handiak darabiltzate. Laserrak, berotasunari esker, tonerra paperean atxikitzen du. Teknika hau bestea baino askozaz ere azkarrago, garbiago eta eraginkorragoa da. Tinta lehorrez osaturiko lamak eraginkortasun handiagoz dosifika daitezke eta edukiontziak edukiera handiagoa dauka: izan ere, horrelako bakar bat erabiliz bizpahiru mila ori inprima daitezke.

Tinta lehorrak, bestetik, inguruneko baldintzen aurrean erresistentzia hobea agertzen duenez, kartutxo batek urte batzuk iraun dezake. Bulegoko dokumentu eta testuak inprimatzeko makina nahi bada, izan ere, hauxe da aukera egokiena, erresistentzia eta inprimatze kalitate handiengatik. Laser bidezko inprimagailuak, hastapenean garesti-garestiak baziren ere, egun arras merkatu dira: badira merkatuan salgai 100 eurotik gora, zuri-beltzean bakarrik inprimatzen dutenak; koloretan inprimatzen duen makinaren prezioa ere izugarri bizia da, ez da gertatuko errentagarri etxe gehien-gehienetan.

Tinta edukiontziaren prezioa garestia bada ere -60 - 90 euro inguru-, kartutxo horrekin inprima daitekeen orri-kopurua kontuan izaki (makinaren kostua aintzat hartu gabe) inprimaturiko orriaren prezioa tinta likidoz eginikoarena baino dezente merkeagoa da, hara: 0,03 euro laserrez eginikoa eta 0,09 euro tinta likidoz inprimatutakoa. Kontsumagarrien (tinten) gastua urtean behin edo bi urtez behin bakarrik egin beharko denez, erabiltzaile askorentzat konponbide egokia etxean laser inpresora baliatzea da, dokumentuak paperean ezartzeko, eta argazki digitalak dendan errebelatzea (bertan eginez gero, kopiaren prezioa antzekoa edo merkeagoa izango da baina argazkiaren azken kalitatea etxean lor daitekeena baino askoz hobea).

Kartutxo generikoak

Marka denek fabrikatu eta aholkatzen dituzten kartutxo "ofizialez" beste aldera, kartutxo generikoak -askoz ere merkeagoak- kargatu, birziklatu eta, areago, fabrikatzen dituen merkatua sortu da. Kartutxo generiko baten prezioa, eskuarki, "ofizialarena" baina bizpahiru aldiz txikiagoa izaten da eta izen handikoek generikoek baino hobeki funtzionatzen dutenik ezerk ere ez du adierazten.  Bestelako kontua da kartutxoak kargatu eta ostera erabiltzeko fabrikatzaile batzuek saltzen dituzten "kit" horiek: metodo hori kartutxo generikoena baino ere merke eta ekologikoagoa da, kartutxoak berrerabili egiten dituelako, zakarrontzira bideratu ordez. Dena den, ohiko kontua omen da kargatzeko mekanismo horiek bitan erabiliz gero arazoak sortzea.


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto