Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Zoritxar eta ezbeharrean jaio eta bizi izanik ere, pertsona batzuk psikologikoki osasuntsu garatu eta, areago, indarberriturik jalgitzen dira: erresilientzia deritzo fenomeno horri
Psikologiak eta materialen ingeniaritzak, bestelakorik badirudi arren, badute ezaugarri komunik: erresilientzia, hain zuzen. Hitz horrek adierazten duen fenomenoa ezaguna da: itxuraldatu dien presioa kendutakoan, erresilientziari esker gorputz batzuek aurreko forma hartzen dute. Kontzeptu hori psikologiari aplikatu zaio, miserian bizi diren haurrak edo muturreko egokierak jasaten dituzten pertsona helduak, zailtasunak gainditzeko ez ezik, horietatik indarberriturik jalgitzeko ere gauza direla adierazteko; pertsona horiek eutsi, iraun eta, bai beren buruentzat, bai gizartearentzat, esker oneko den bizitzara heltzea lortzen dute.
Eguneroko bizitzan era askotako gertakari latzak jazotzen dira: maite genuen norbaiten heriotza, gaixotasun luze edo larriak, lan-bizipen zailak, bikotekidearekiko harremanetan arazoak, bakardadea, isolamendu soziala, halako lanpostu hura okupatzeko lehia, langabezia, estualdi ekonomikoak... Egoera horien aurrean pertsonek erreakzio desberdinak agertzen dituzte, norberaren erresilientzia graduaren arabera.
Trebezia hori zenbait ezaugarrik indartzen dute, hara:
Erresilientziak sustatzen dituen faktoreak eta trebeziak hainbat gorabeherarekin agertzen dira nortasun-mota desberdinetan baina nork bere burua gainditzeko gaitasun horretaz gozatzera garamatzaten ezaugarriak indartzeko lana egin daiteke. Hobekuntza horren bila goazenean topatzen dugun eragozpen larriena, aldatzeko gauza ez garela onartzea da: "horrelakoxea naiz ni", "bakoitza den bezala da", "ene adinean ez dago ezer aldatzerik" eta antzeko esakuneak hartzen ditugu aitzakia: horra hor akats nagusia. Norberak nahi eta ahal izanez gero, adin guztiak dira egokiak aldatzeko.
Jokaeraz aldatzeko behin ere ez da berantegi, pertsona pentsamendua aldarazteko tekniketan trebatzen bada, gertaerak bestela interpretatzen ikasten badu, bere buruaz gogoeta egiteko gaitasuna berreskuratzen badu, bere nortasunaren balorazioa lantzen badu, asertibitatea eta antzeko trebezia sozialez jabetzen bada, positiboki mintzatzen ikasten badu, etc. Horretarako badago psikologiako profesionalen laguntza eskatzea: krisialdi emozional edo psikopatologiak nozitzen ditugunean ez ezik, bizitzako gertaera bakoitza egokiro bizitzeko entrenatu nahi dugunean ere jo dezakegu psikologoarengana.
Erresilientzia, bizitzari buru egin eta amildegian lur jota ez geratzeko, zulotik adorez irteteko gaitasuna ere ikasi egiten da.
Geure buruaren baitan ere susta dezakegu erresilientzia, baita guk eragina dugun jendearen -haurren, batez ere- hezkuntzaren bitartez.
Ezaugarri pertsonal batzuek lotura hertsia dute herentzia-faktoreekin, dudarik gabe, baina nortasuna hezi egiten da. Seme-alabak ez dira inprobisazioaren emaitza. Akats handia da "ume honen jenio tzarra aitarena bera da" edo "neskato horren aiurria amonarenaren igual-iguala da", amona ezagutu ez badu ere. Marjinaltasun egoeran bizi diren haurrak, erresilientzia aldetik aberatsak direnean, honakoa ez dute "herentzian" jaso gurasoen genetatik. Bizitzak, inguruneak, gorabeherek hezi dituzte.
Garrantzitsua da, beraz, nork bere burua hez dezakeela, erresilientzian hobe daitekeela: bakoitzak bere buruan ez ezik, beste gainerakoen baitan ere aldaraz ditzake hainbat jarrera edo jokabide.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa